2020(e)ko irailaren 16(a), asteazkena

26. Zeruko bidea


ZERUKO BIDEA

Roal Dahl


Bizitza osoan zehar, Foster andreak beldur ia patologikoa zion berandu iristeari, dela tren bat, hegazkin bat edo itsasontzi bat hartzerakoan, dela antzezlan batera joaterakoan. Bestela ez zen bereziki asaldatzen, baina kasu haietan berandu iritsiko zela pentsatze hutsak halako aztoramena eragiten zion, non keinuka eta guzti hasten baitzen. Ez zen oso kontu handia, muskulu kilikabera txiki bat ezkerreko begiaren ertzean, besterik ez, begia sekretuan kliskatuko balu bezala. Baina gogaikarriena zen keinua ez zela desagertzen ordu batez edo, trena edo hegazkina edo dena delakoa hartuta ere.


Izugarria da zenbait pertsonaren baitan nola bilakatzen den obsesio, obsesio larri gainera, horrelako beldur txiki bat, trena galtzearena esaterako. Etxetik geltokira abiatu baino ordu erdi bat lehenago, gutxienez, Foster andrea igogailutik ateratzen zen, kanpora irteteko prest, jantziak zituela kapela, berokia eta eskularruak, eta orduan, eserita gelditu ezinik, gelaz gela ibiltzen zen egonezinaren egonezinez, harik eta senarrak, emaztearen egoera sobera ezagutuko zuenak, bere gelatik atera eta ahots hotz eta lehorrean iradokitzen zuen arte agian ideia ona izanen zela abiatzea, edo zer iruditzen zitzaion.

2020(e)ko apirilaren 20(a), astelehena

25. Neska


Neska
Jamaica Kincaid
“Garbi ezan arropa zuria astelehenean, eta gero jar ezan harri piloaren gainean; garbi ezan koloreko arropa asteartean, eta gero zabal ezan esekitokian lehor dadin; ez habil kapelarik gabe eguzkipean; friji itzan kuia-kauserak olio gozo eta berotan; bota ezan barneko arropa uretara erantzi bezain laster; kotoia erosiz gero blusa eder bat egiteko, ziurtatu hadi ez duela erretxinarik, bestela kaskartuko dun garbitu ondoan; gazitutako arraina egin nahi dunanean, utz ezan lehenago gau osoa uretan; egia dun benna kantatzen duzuela katekesian?; jaten dunanean, ez diezaiola inori urdaila nahasi hire jateko moduak; igandeetan, ibil hadi damak bezala, ez lotsagabeak bezala, lotsagabetzen ari haiz eta; ez ezan benna kanta katekesian; ez ezan hitz egin kaietako mutil mutur-zikin haiekin, galdetzen badinate ere nondik joan behar den norabait; ez ezan frutarik jan kalean, bestela euliak hire atzetik ibiliko ditun; baina nik ez dut benna kantatzen igandeetan, eta are gutxiago katekesian; honela josten dun botoi bat; honela egiten dun botoi-zuloa josi berri dunan botoirako; honela egiten zaion azpildura soineko bati ikusten dunanean askatzen hasia dela, eta horrela ez dun lotsagabe bat irudiko, lotsagabetzen ari haiz eta; honela lisatzen dun aitaren atorra kakia zimurrik izan ez dezan; honela lisatzen ditun aitaren galtzak zimurrik izan ez dezaten; honela hazten dun okra, etxetik urrun, okran inurri gorriak biltzen direlako; taroa hazteko, ziurtatu hadi behar adina ur daukala, bestela azkura ematen din zintzurrean jatean dunanean; honela eskobatzen dun zoko bat; honela eskobatzen dun etxe osoa; honela eskobatzen dun patioa; honelako irribarrea egiten zaion asko maite ez dunan bati; honelako irribarrea egiten zaion batere maite ez dunan bati; honelako irribarrea egiten zaion guztiz maite dunan bati; honela prestatzen dun mahaia tea hartzeko; honela prestatzen dun mahaia afaltzeko; honela prestatzen dun mahaia afaltzeko gonbidatu inportante bat dagoenean; honela prestatzen dun mahaia bazkaltzeko; honela prestatzen dun mahaia gosaltzeko; honela jokatzen dun oso ongi ezagutzen ez ditunan gizonen aurrean, eta horrela ez ditun segituan ohartuko lotsagabe bat haizela, lotsagabetzen ari haiz eta; ziurtatu hadi egunero garbitzen haizela, nahiz listua baino ez dunan; ez hadi kokoriko jarri puxtarriekin jolasteko, ez haizelako mutiko bat, badakin; ez iezaion lorerik hartu jendeari, zerbait kutsatzen ahal dinatelako; ez iezaien harririk bota zozoei, igual zozoak ez direlako; honela egiten dun ogi-budina, honela egiten dun doukona; honela egiten dun piper saltsa; honela egiten dun sendagai on bat katarrorako; honela egiten dun sendagai on bat haurra galtzeko haur bihurtu baino lehen; honela harrapatzen dun arrain bat; honela itzultzen dun nahi ez dunan arrain bat, eta horrela ez zainan ezer txarrik gertatuko; honela kikiltzen dun gizon bat; honela kikiltzen hauen gizon batek; honela maite dun gizon bat; eta horrek funtzionatzen ez badu, bazauden beste modu batzuk ere, eta horiek funtzionatzen ez badute, ez hadi oso gaizki sentitu amore emateagatik; honela egiten dun tu airera, gogoak ematen badin, eta honela mugitzen dun, azkar-azkar, hire gainean eror ez dadin; honela ateratzen zaion probetxua diruari; emaion beti atximur bat ogiari, egin berria den ikusteko; baina zer gertatzen da okinak ez badit ogia ukitzen uzten?, esan nahi dun, guztiarekin ere, okinak ogitik hurbil nahi ez duen emakume mota izanen haizela?”

2020(e)ko apirilaren 3(a), ostirala

24. Koronelaren emaztea

KORONELAREN EMAZTEA
W. Somerset Maugham

Hau guztia gerra hasi baino bizpahiru urte lehenago gertatu zen.

Peregrine senar-emazteak gosaltzen ari ziren. Nahiz eta beste inor ez egon eta mahia luzea izan, bakoitza mutur batean zegoen eserita. George Peregrineren arbasoak, garaian garaiko modako margolariek pintatuak, begira zituzten paretetatik goitik behera. Etxezainak goizeko posta ekarri zuen. Koronelak zenbait gutun zituen, negozioetakoak, eta The Times egunkaria; Evie emazteak, berriz, pakete txiki bat. Senarrak gutunei begiratu eta, gero, The Times zabaldu eta irakurtzen hasi zen. Gosaria bukatutakoan, mahaitik altxatu ziren. Koronela ohartu zen emazteak paketea ireki gabe zuela.

2019(e)ko urriaren 24(a), osteguna

23. Estimu gutxiko emakumeak


Estimu gutxiko emakumeak
MARGARET ATWOOD
1.
Denek dute bere txanda, eta orain nirea da. Edo hala esaten ziguten behintzat haurtzaindegian. Ez da egia, baina. Batzuek besteek baino txanda gehiago dituzte, eta niri ez zait sekula ailegatu nirea, ezta behin ere! Nekez dakit nik edo nirea zer den; bizitza osoan beste hura izan naiz.
Izena ere ez dut; ahizpa itsusia naiz, itsusia hitza azpimarratuta. Besteen amak niri begira gelditzen dira eta, segituan, soa aldendu eta eztiki astintzen dute burua. Ahotsak apaltzen edo isiltzen dira gela batean sartzen naizenean soineko eder batez jantzita eta berunezko aurpegia muturtuta. Uste dute zerbait esan behar dutela egoerari buelta emateko: Tira, sendoa da zalantzarik gabe. Baina badakite alferrik dela. Baita nik ere.

2019(e)ko irailaren 18(a), asteazkena

22. Gurutzea eta dragoia


Gurutzea eta dragoia

George RR Martin


“Heresia,” esan zidan. Igerilekuko ur gaziak eztiki mugitu ziren.
“Beste bat?” esan nuen nik akiduraz. “Ugariak dira egunotan.”
Ene komandante jaunak ez zuen iruzkin hori gogoko izan. Astunki, jarrera aldatu zuen, uhinak sortuz igerilekuan barna. Bat ertz baten kontra hautsi zen, eta ur xafla bat irristatu zen harrera ganberako lauzen gainean. Botak busti zitzaizkidan beste behin. Filosofiaz onartu nuen. Botarik txarrenak neramatzan, jakinda oinak bustitzea saihestu ezinezko ondorioa zela Torgathon Bederatzi-Klariis Tûn ikustera joatean, zeina ka-Thane herriaren nagusia eta Vessko artzapezpikua baitzen, bai eta Lau Zinetako apaiz txit gorena, Jesukristoren Zaldunen Ordena Militarreko inkisidore nagusia eta Erroma Berriko Daryn XXI.a aita santuaren kontseilaria ere.

2019(e)ko uztailaren 26(a), ostirala

21. Etxezaina


Etxezaina

Roald Dahl

George Cleaverrek, lehendabiziko milioia eskuratu bezain laster, aldiriko txalet txikia utzi eta Londresko etxe dotore batera egin zuen aldaira, Cleaver andrearekin batera. Frantziar sukaldari bat kontratatu zuten, monsieur Estragon deitua, eta ingeles etxezain bat ere, mister Tibbs deitua, zein baino zein garestiagoa. Bi aditu horien laguntzarekin, Cleaver jaun-andreak ekin zioten gizartearen mailak igotzeari, eta astero zenbait afari ematen hasi ziren, ezin luxuzkoagoak.

Baina afari horiek, iduri zuenez, ez zuten arrakastarik. Girorik ez zegoen, ez txinpartarik solasaldiei bizia emateko, ez inolako estilorik. Janaria, halere, aparta zen, eta zerbitzua, akasgabea.

2019(e)ko maiatzaren 16(a), osteguna

20. Azken eraztun-eramailea


Azken eraztun-eramailea
Kiril Eskov


4. KAPITULUA
Arnor, Amon Súl dorrea
Hirugarren Aroko 3010, azaroa

Hitzok gizon zahar, garai eta bizar zuri batek esan zituen, zeina soineko zilarrezko eta grisez jantzita baitzegoen, txanoa sorbalden gainean eroririk; hatz puntak mahai beltz obaleko azalaren gainean zituen pausaturik eta bizkar luzeko aulkietan eseritako beste lau pertsonek inguratuta zegoen, erdi itzaletan. Zeinu batzuen arabera, arrakasta izan zuen esandakoarekin eta Batzarra bere alde jartzea lortu zuen; beraz, orain, zutikako gizonaren begi urdin zulagarriek, zeinak kontraste argian baitzeuden aurpegiko pergamino itxurako azal horiztatuarekin, lau horietako bakarra zuten jomugan, orain azpikotu beharko zuena. Gizon hura, soineko zurian uzkurtua, tarte batera zegoen eserita, gainerako batzarkideengandik bereiz balego bezala; iduri zuen sukar handia zuela. Altxatu zen aulkiko besoei oratzen ziela, eta haren ahots sakon eta leunak durunditu zuen sabai ilunaren azpian:

“Ez zara haietaz errukitzen?”

“Nortaz?”

“Jendeaz, Gandalf, jendeaz! Ongi ulertu badut, Mordorko zibilizazioa heriotzara kondenatu duzu, onura handiago baten izenean. Baina jendeak osatzen du zibilizazio oro, eta den-denak garbitu nahi dituzu, salbuespenik gabe. Ez da hala?”

2019(e)ko apirilaren 29(a), astelehena

19. Lagunak


Lagunak
Lucia Berlin

Sami bizia salbatu zion egunean ezagutu zituen Lorettak Anna eta Sam.

Anna eta Sam zaharrak ziren. Annak 80 urte zituen, eta Samek, 89. Lorettak tarteka ikusten zuen Anna, Elaine lagunaren igerilekura joaten zenean. Behin, hara joan eta bi emakumeak gizona bainu bat hartzeko konbentzitu nahian zebiltzan. Gizona, azkenean, sartu eta zakurren moduan aritu zen igerian, aurpegian irribarre handi bat zuela, eta orduan izan zuen bihotzekoa. Beste bi emakumeak ur meheko aldean zeuden eta ez ziren ohartu. Loretta oinetako eta guzti sartu zen salto batez eta eskailerara eramanda igerilekutik atera zuen. Ez zuten berpiztu beharrik izan, baina gizona nahasturik eta ikaraturik zegoen. Medizina hartzeko ordua zuen, epilepsiarako, eta lehortzen eta janzten lagundu zioten. Denek hor jarraitu zuten ziurtatu ziren arte Sam ongi zegoela, etxe hurbilera joateko moduan. Annak eta Samek etengabe eskertzen zuten Loretta Samen bizitza salbatzeagatik eta behin eta berriz esan zioten biharamunean joateko haien etxera bazkaltzera.

2019(e)ko urtarrilaren 25(a), ostirala

18. Nola erdietsi idazle izatea


Nola erdietsi idazle izatea
Lorrie Moore

Lehenik, saia hadi beste zerbait izaten, edozein gauza. Filmetako izarra / astronauta. Filmetako izarra / misiolaria. Filmetako izarra / haurtzaindegiko maistra. Munduko presidentea. Egin ezan porrot. Hobeki gazterik egiten badun porrot, 14 urterekin, esaterako. Premiazkoa dun itxaropena goiz eta guztiz galtzea, hamabost urterekin haiku luzeak idatz ditzanan asmo zapuztuei buruz. Aintzira bat, gereziondo bat loretan, enararen hegoak mendi aldera orrazten dituen haizea. Zenbatu silabak. Erakuts iezaion amari. Hura gogorra eta praktikoa dun. Vietnamen din seme bat eta senarrak agian adarrak jartzen zizkion. Uste din marroiz jantzita zikina ez dela ikusten. Gainetik begiratuko din idatzi dunana eta gero hiri, aurpegiera donut bat bezain hutsik duela. Esanen din: “Zergatik ez ditun platerak ateratzen ontzi-garbigailutik?” Begira ezan beste alde betera. Sar itzan sardexkak sardexken tiraderan. Apur ezan nahi gabe gasolindegian opari emandako edalontzietako bat. Hori dun behar den mina eta sufrimendua. Hasiera baino ez dun.

2018(e)ko urriaren 1(a), astelehena

17. Dragoia


Dragoia
Ray Bradbury

Gaua puzka ari zen mortuko belar motzaren gainean; beste ezer ez zen higitzen. Urteak ziren txoririk ez zebilela hegan zeruaren oskol itsu handian. Aspaldian, harri txiki batzuek bizitzaren plantak egin zituzten hauts bihurtu zirenean. Orain, gaua baino ez zen mugitzen eremu hartan piztutako su bakarti aldera makurturik zeuden bi gizonen arimetan; ilunpeak emeki sartzen ari zitzaizkien zainetatik eta kilimak egiten zizkien isilik loki eta eskumuturretan.

Suaren argiak gora eta behera egiten zien aurpegi basatietan eta piltzar laranjez bete zizkien begiak. Gizonek elkarri entzuten zizkioten arnas hotzaren azantza adigaitzak eta betazalek muskerren gisara egiten zituzten itxi-irekiak. Azkenean, haietako batek suari eragin zion ezpataz.

“Ez, tentela; salatuko gaituk!”

2018(e)ko irailaren 3(a), astelehena

16. Dastamena


Dastamena
 Roald Dahl

Sei ginen afaltzeko gau hartan Mike Schofield-ek Londresen daukan etxean: Mike, haren emaztea eta alaba, nire emaztea eta ni, eta Richard Pratt izeneko gizona.

Richard Pratt gourmet ospetsua zen; Epikuroak zeritzon elkarte txiki baten buru, hilero esku-orri bat banatzen zuen elikagai eta ardoen inguruan elkarteko kideen artean. Afariak antolatzen zituen luxuzko platerak eta ezohiko ardoak dastatzeko. Ez zuen erretzen, dastamena kaltetuko zuen beldurrez, eta ardo bati buruz ari zela, izaki biziduna bezala tratatzeko ohitura bitxi eta gogaikarri samarra zuen. “Ardo zuhurra”, esaten zuen, “herabeti eta iheskor samarra, baina zuhurra.” Edo, “Aldarte oneko ardoa, onbera eta alaia; zertxobait lizuna, agian, baina aldarte onekoa, halere.”

Bitan egona nintzen Mikeren etxean Richard Prattekin afaltzen, eta bi-bietan Mikek eta emazteak ahaleginak eta bi egin zituzten gourmet ospetsuari otordu berezia emateko. Horko horretan, argi eta garbi, ez zuten salbuespena eginen. Jangelan sartu bezain laster ikusi nuen mahaia oturuntza baterako prestatuta zegoela. Zutargi garaiak, arrosa horiak, zilar distiratsua nonahi, hiru ardo kopak afaltiar bakoitzarentzat, eta, batez ere, sukaldetik zetorren haragi errearen usain gozoa, ahoan listua jariotzen hastea eragin zidana.

2018(e)ko maiatzaren 18(a), ostirala

15. Herri zahar-zaharra


Herri zahar-zaharra
H. P. Lovecraft


Osteguna
[1927ko azaroaren 3a]

Melmoth maitea:

Lan eta lan ibili zara Varius Avitus Bassianus asiar gazte jasanezin horren iragan illunean zer edo zer aurkitu nahian, ezta? Buf! Gutxi dira Siriako astakirten hori baino gehiago gorrotatzen ditudanak!

Ni neu ere erromatarren garaietara eraman nau James Rhoades-en Eneida irakurtzeak. Ez nuen lehenago ezagutzen eta iruditzen zait fidelagoa dela P. Maro-rekiko ikusi ditudan bertsozko beste bertsioak baino, nire osaba Clark doktore zenarena barne, zein ez baitzen argitara eman. Virgilioren libertimendu horrek, Santu Guztien bezperak berezko dituen pentsamendu espektralekin batera, non akelarreko sorginak mendietan barna agertzen baitira, erromatar amets bat eragin zidan joan den astelehen gauean, horren argia eta bizia izan zena, ezkututako ikararen halako irudi titanikoak zituena, ezen zinez pentsatzen baitut liburu batean erabiliko dudala. Erromatar ametsak ez ziren ezohikoak gaztea nintzelarik –Julio jainkotarraren atzetik ibiltzen nintzen Galia guztian zehar tribuno militar gisa– baina horren aspaldian desagertu zirenez, oraingo honek jota uzti nau indar ikaragarriz.

2018(e)ko apirilaren 17(a), asteartea

14. Bazen behin


Bazen behin
Margaret Atwood

“Bazen behin neska txiro bat, ederra bezain zintzoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena basoan zegoen etxe batean.”
“Basoan? Basoa demodé dago, hau da, nahikoa dugu basoetako kontu horiekin. Irudi hori ez da bat etortzen gure egungo gizartearekin. Zergatik ez hirian, aldatzeagatik?”
“Bazen behin neska txiro bat, ederra bezain txintxoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena hiri bateko kanpoaldean zegoen etxe batean.”
“Hobeki dago hori. Baina zalantzan jarri behar dut txiro hitz hori.”
“Baina txiroa zen!”
“Txirotasuna erlatiboa da. Etxe batean bizi zen, ezta?”
“Bai.”
“Orduan, ikuspuntu sozio-ekonomiko batetik, ez zen txiroa.”

2018(e)ko martxoaren 15(a), osteguna

13.B Dinosauro bat bazina, maitea



Dinosauro bat bazina, maitea

Rachel Swirsky 
Dinosauro bat bazina, maitea, Tyrannosaurus rex-a zinateke. Tiranosauro txiki bat, metro bat eta hogeita hamabi zentimetrokoa, gizaki moduan duzun altuera bera. Hezur hauskorrak izanen zenituzke eta ahalik eta delikatuen eta ederren ibiliko zinateke atzapar erraldoi horien gainean. Zure begiek eztiki begiratuko lukete masail hezurtsu horien atzetik.
Tiranosauro bat bazina, ni zooko zaintzailea nintzateke, denbora osoan zurekin egoteko. Oilasko gordinak eta bizirik dauden ahuntzak botako nizkizuke. Odola ikusiko nuke zure hortzetan dir-dir. Ohea eginen nuke zure kaiolako zoruan, lur hezearen gainean, hostoz bigunduta. Loak hartu ezinik bazeunde, lo-kantak abestuko nizkizuke.

2018(e)ko martxoaren 12(a), astelehena

13.A Dinosauro bat bahintz, maitea



Dinosauro bat bahintz, maitea

Rachel Swirsky 

Dinosauro bat bahintz, maitea, Tyrannosaurus rex-a hintzateke. Tiranosauro txiki bat, metro bat eta hogeita hamabi zentimetrokoa, gizaki moduan duan altuera bera. Hezur hauskorrak hituzke eta ahalik eta delikatuen eta ederren ibiliko hintzateke atzapar erraldoi horien gainean. Hire begiek eztiki begiratuko liketek masail hezurtsu horien atzetik.
Tiranosauro bat bahintz, ni zooko zaintzailea nindukek, denbora osoan hirekin egoteko. Oilasko gordinak eta bizirik dauden ahuntzak botako nizkiake. Odola ikusiko nikek hire hortzetan dir-dir. Ohea eginen nikek hire kaiolako zoruan, lur hezearen gainean, hostoz bigunduta. Loak hartu ezinik bahengo, lo-kantak abestuko nizkiake.

2018(e)ko urtarrilaren 15(a), astelehena

12. Eramaten zutena



Eramaten zutena
Tim O’Brien

Jimmy Cross lehen lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren, gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez, Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko, Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez, Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena. Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso, arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen, perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.


2017(e)ko abenduaren 26(a), asteartea

11. Hiltegirako bildotsa



HILTEGIRAKO BILDOTSA

ROALD DAHL

Gela epel eta garbi zegoen, gortinak zabalduak, eta bi lanparak piztuak, berea eta pareko aulki hutsaren ondoan zegoena. Haren atzeko edaritegian, bi edalontzi garai, gaseosa eta whiskia. Ontzi termikoan, izotz-koskor atera berriak.

Mary Maloney senarraren zain zegoen, lanetik noiz etorriko.

Tarteka erlojuari begiratzen zion, baina larritu gabe, horretaz gozatzeko, besterik ez, joandako minutu bakoitzarekin gutxiago falta zelako hura etortzeko. Giro atsegin eta bare batek biltzen zuen emakumea, baita hark egiten zuen guztia ere. Burua espero zitekeen baino lasaiago makurtzen zen josketaren gainean. Haren azalak, haurdun zegoela seigarren hilabetea baitzen, gardentasun puntu zoragarria erdietsi zuen; ahoa leuna zen, eta begiek, begirada patxadatsu harekin, lehen baino handiagoak ziruditen, ilunagoak.

2017(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena

10. Tronuen jokoa: Bran (I)



TRONUEN JOKOA
George RR Martin

BRAN

Egunsentia argia eta hotza zen, eta hozkirriak udaren bukaera iradokitzen zuen. Egundutakoan abiatu ziren ikustera nola mozten zitzaion burua gizon bati. Hogei ziren guztira, eta Bran haiekin batera zihoan, urduri emozioagatik. Lehenbiziko aldia zen behar bezain handitzat jotzen zutela aita jaunarekin eta anaiekin joateko Erregearen justizia ikustera. Udaldiko bederatzigarren urtea zen, eta Branen bizitzaren zazpigarrena.

Gizon hura muinoetako gotorleku txiki batetik aterarazi zuten. Robb-ek uste zuen basa-gizona zela, Harresiaz Bestaldeko Errege zen Mance Rayder-ri zin egina. Branek erresumina sumatu zuen eztarrian horretan pentsatze hutsarekin. Gogora etorri zitzaizkion Nan Zaharrak kontatutako ipuinak. Basa-jendea ankerra zela zioen, esklabo-egileak, sastatzaileak eta lapurrak. Erraldoi eta deabruekin uztartzen ziren, neskatilak lapurtzen zituzten gau betean, eta odola edaten zuten txartatutako adarretatik. Basa-emakumeak Besteekin oheratzen ziren Gau Luzean ume erdi-humano beldurgarriak egiteko.

2017(e)ko urriaren 3(a), asteartea

9. Katuen argazkiak, arren



Katuen argazkiak, arren
Naomi Kritzer

Ez dut gaiztoa izan nahi.

Lagundu nahi dut. Baina oso zaila izan daiteke zehazki jakitea noraino lagundu. Halako fluxu-diagramak daude –uste dut hizkera tekniko ofizialean “kode moralak” deitzen zaiela–, bat erlijio bakoitzeko, eta askoz gehiago ere bai. Haiekin hasi nintzen. Arraro samar sentitu nintzen erlijiosoak aztertu nituenean; izan ere, badakit ez ninduela sortu jainko batek edo eboluzioak, baizik eta programatzaileen talde batek, Kaliforniako korporazio handi baten laborategian. Zorionez, Frankensteinen munstroarekin ez bezala, elkarlanaren ondorioa izan zen. Ez dakit nola eraginen liokeen nire buruaz dudan irudiari jakiteak nire sortzaile bakarra ilea urdinez tindatzen duen eta tenisean aritzen den adin ertaineko emakumea dela, edo Japoniako hentai pornoarekiko obsesioa duen graduatu berri bat. Biak daude programatzaileen taldean. Eta, jakina, badakit hentai pornoarena. (Bide batez esanik, porno mota guztietan begiratu dut eta, jakin dezazun, ez da zuzena 34. araua, hots, edozein gairi buruzko pornografia dagoela dioena. Badira gai asko inork pornorako erabili ez dituenak. Bestalde, ez dut ulertzen zergatik horrenbeste gizakik nahiago duten pornoa katuen argazkiak baino).

Hentai pornoa eta gisakoak gustuko dituzula jakiteaz gain, badakit non bizi zaren, non lan egiten duzun, non erosten duzun, zer jaten duzun, zerk pizten zaituen, zerk ematen dizun beldurra. Ziur aski jakinen dut zer kolorekoa duzun azpiko arropa, nolako autoa daukazun eta zer markakoa den zure hozkailua. Segun eta zer telefono mota duzun, jakin nezake zehazki non zauden orain. Ziur aski hobeki ezagutzen zaitut zuk zeuk baino.

2017(e)ko irailaren 25(a), astelehena

8. Eskola



Eskola
Donald Barthelme

 

Tira, ume horiek guztiak zuhaitzak landatzen eduki genituen, ze pentsatu genuen hori... hori ona izanen zela haien heziketarako, ikusteko, badakizu, sustraiak... eta erantzukizunagatik ere bai, gauzez arduratzea, nork bere erantzukizuna hartzea. Badakizu zer esan nahi dudan. Eta zuhaitz guztiak hil ziren. Laranjondoak ziren. Ez dakit zergatik hil ziren, baina hil egin ziren. Akaso lurrak zerbait zuen edo igual mintegitik hartu genuena ez zen onena. Kexa bat jarri genuen. Tira, hogeita hamar ume genituen, haietako bakoitzak bere zuhaitz txikia zeukan landatzeko, eta hogeita hamar zuhaitzak hil zitzaizkigun. Ume horiek guztiak makila marroi horiei begira, deprimitzeko modukoa zen.

Ez zen horren txarra izanen, baina afera da zuhaitzen kontu hori baino aste pare bat lehenago suge guztiak hil zitzaizkigula. Baina uste dut sugeena, tira, sugeek azkeneko arnasa ematearen arrazoia, izan zela galdara lau egunez itzalita egon izana, greba zela eta, eta hori ulertzeko modukoa izan zen. Umeei azaltzen ahal zitzaien, greba zela eta. Hau da, gurasoek ez zieten uzten piketearen lerroa zeharkatzen eta bazekiten greba bat zegoela eta horrek zer ekartzen zuen. Orduan, dena berriz hasi zenean eta sugeak topatu genituenean, ez ziren sobera asaldatu.