2017(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena

10. Tronuen jokoa: Bran (I)



TRONUEN JOKOA
George RR Martin

BRAN

Egunsentia argia eta hotza zen, eta hozkirriak udaren bukaera iradokitzen zuen. Egundutakoan abiatu ziren ikustera nola mozten zitzaion burua gizon bati. Hogei ziren guztira, eta Bran haiekin batera zihoan, urduri emozioagatik. Lehenbiziko aldia zen behar bezain handitzat jotzen zutela aita jaunarekin eta anaiekin joateko Erregearen justizia ikustera. Udaldiko bederatzigarren urtea zen, eta Branen bizitzaren zazpigarrena.

Gizon hura muinoetako gotorleku txiki batetik aterarazi zuten. Robb-ek uste zuen basa-gizona zela, Harresiaz Bestaldeko Errege zen Mance Rayder-ri zin egina. Branek erresumina sumatu zuen eztarrian horretan pentsatze hutsarekin. Gogora etorri zitzaizkion Nan Zaharrak kontatutako ipuinak. Basa-jendea ankerra zela zioen, esklabo-egileak, sastatzaileak eta lapurrak. Erraldoi eta deabruekin uztartzen ziren, neskatilak lapurtzen zituzten gau betean, eta odola edaten zuten txartatutako adarretatik. Basa-emakumeak Besteekin oheratzen ziren Gau Luzean ume erdi-humano beldurgarriak egiteko.


Baina zaharra eta mengela zen, gotorlekuko murrura eskuetatik eta oinetatik lotuta, Erregearen justiziaren zain topatu zuten gizona, ez Robb baino askoz altuagoa. Bi belarriak eta hatz bat izotzak janak zituen, eta beltz soilez zegoen jantzita, Gaueko Guardiako anaien modura, baina beztimenda urraturik eta koipeztaturik zeraman.

Gizonen eta zaldien hatsen lurrunak nahastu ziren goiz hotzeko airean, Branen aita jaunak gizona murrutik askarazi eta bere aurrera eramanarazi zuenean. Robbek eta Jonek garai eta geldi zirauten zaldi gainetan, eta Branek, haien artean poni batean, zazpi urte baino gehiago zituelako eta hori dena ikusia zuelako plantak egiten zituen. Haize pixka bat sartu zen gotorlekuko atetik. Haien gainean, Winterfell-go Stark-en oihalak dantzan zebiltzan: izu-otso gris bat, atzean zuena izotzaren zuriko eremu bat.

Branen aita solemnitatez zegoen eserita zaldian, haizeak ile gaztainkara luzea nahasten ziola. Bizarrean zuriuneak agertzen zitzaizkion, eta, hortaz, irudi zuen hogeita hamabost urte baino gehiago zituela. Egun hartan itxura iluna zekarren begi grisetan; ez zuen ematen gauetan, su aurrean, heroien garaiari eta Oihaneko Umeei buruz leunkiro mintzatzen zen gizon bera. Aitaren aurpegia erantzi eta Winterfellgo Stark jaunarena hartu zuela pentsatu zuen Branek.

Galderak eta erantzunak egin ziren goizaldeko hotz hartan, baina Branek ezin zuen gogoratu zer esan zen. Azkenean, aita jaunak manu bat eman zuen, eta bere guardiako bi gizonek plaza erdian zegoen zuhaitz ipurdi batera eraman zuten beztimenda urratuko gizona. Burua egur beltzaren kontra jarrarazi zioten. Lord Eddard Stark zalditik jaitsi zen eta Theon Greyjoy zaintzapekoak “Izotza” izeneko ezpata ekarri zion. Gizon baten eskua bezain zabala zen, eta Robb baino garaiagoa. Ahoa Valyriako altzaria zen, magiaz forjatua eta kea bezain beltza. Deus ez zen Valyriako altzaria baino zorrotzagoa.

Aitak eskularruak erantzi eta Jory Cassel-i eman zizkion, etxeko guardiako kapitainari. Izotza bi eskuekin hartuta, honela mintzo zen: “Baratheon etxeko Robert-en izenean, zein Bere Izeneko Lehena baita, eta Andalen, Rhoynarren eta Lehen Gizonen Erregea eta Zazpi Erresumetako Jauna eta Babeslea, Stark etxeko Eddarden epaiaz, zein Winterfellgo Jauna eta Iparraldeko Zaintzailea baita, hiltzera kondenatzen zaitut”. Ezpata gora altxatu zuen, buru gainetik.

Jon Elurra, Branen anaia bastarta, harengana hurbildu zen. “Eutsi gogor poniari”, xuxurlatu zion. “Eta ez urrundu begirada, bestela aita jabetuko duk eta.”

Branek gogor eutsi zion poniari eta ez zuen begirada urrundu.

Aitak kolpe batez kendu zion burua gizonari. Odolak elurra zipriztindu zuen udako ardoaren kolorearekin. Zaldietako bat zutitu zen, eta bridetatik heldu behar izan zioten ihesik ez egiteko. Branek ezin zuen begirada odoletik aldendu. Zuhaitz ipurdiaren ondoko elurrak gogoz edan zuen odola eta gorriago bihurtu zen Branen begien azpian.

Burua erro lodi baten kontra jo eta biraka atera zen. Greyjoyren oinetatik hurbil gelditu zen. Theon hemeretzi urteko gazte mehea eta iluna zen, dena jostagarritzat hartzen zuena. Barrezka, bota buru gainean jarri eta ostiko bat eman zion.

“Ergela,” xuxurlatu zuen Jonek, Greyjoyek ez aditzeko moduan. Eskua Branen sorbalda gainean jarri zuen, eta horrek anaia bastartari begiratu zion. “Ongi jokatu duk,” esan zion Jonek solemnitatez. Jonek hamalau urte zituen, eskarmentu handia beraz, justizia kontuetan.

Hotzagoa zirudien orain Winterfellera itzultzeko bide luzeak, nahiz eta haizea ematua zen ordurako eta eguzkia gorago zegoen zeruan. Bran anaiekin zihoan, talde nagusiaren aurretik, eta ponia ahaleginak eta bi egiten ari zen zaldien erritmoa mantentzeko.

“Desertorea ausardiaz hil duk,” esan zuen Robbek. Handia eta zabala zen, eta egunero ari zen hazten. Amaren kolorea zuen, bai eta azal argia, ile gaztainkara eta begi urdinak ere, Riverrun-go Tullytarren antzera. “Kuraia izan zian, behintzat”.

“Ez,” esan zuen Jon Elurrak apal. “Ez zuan kuraia. Beldurrak akabatzen zegoan. Begietan antzematen zitzaioan, Stark.” Jonen begiak grisak ziren, horrenbeste ia beltzak irudi baitzuten, baina gutxi eskapatzen zitzaien. Robben adina zuen, baina ez ziren berdinak. Jon segaila zen, Robb, berriz, sendoa; lehena iluna, bestea argia; Jon lerdena eta arina, eta anaia erdia, indartsua eta azkarra.

Robb ez zen inpresionatu. “Besteek begiak ken diezazkiotela,” egin zuen birao. “Ongi hil zuan. Lasterketa bat zubiraino?”

“Bai,” esan zuen Jonek zaldia akuilatzen zuela. Robbek maldizio bat bota eta atzetik jarraitu zion. Bidean behera joan ziren lauhazka, Robb barrez eta uluka, Jon isil eta adi. Zaldien apatxek elurra astintzen zuten aurrera egin ahala.

Bran ez zen saiatu haiekin lehiatzen. Poniak ezin zien zaldiei eutsi. Hura ere ohartua zen beztimenda urratuko gizonaren begiez, eta haietan ari zen pentsatzen. Handik gutxira, Robben barrea aienatu zen, eta isiltasuna nagusitu zen basoan berriz.

Hain bilduta zegoen bere pentsamenduetan, aita bere ondora ailegatu arte ez zuen aditu segizioaren gainerakoa. “Ongi hago, Bran?” galdetu zuen, ez atsegintasunik gabe.

“Bai, aita,” erantzun zion Branek. Gora begiratu zuen. Larruz jantzita gerra zaldi handi haren gainean, aita jauna erraldoi baten gisara agertzen zen. “Robbek dio gizona ausardiaz hil zela, baina Jonek, berriz, beldurra zuela.”

“Hik zer uste duk?” galdetu zion aitak.

Branek pentsatu zuen. “Ausarta izan daiteke gizon bat beldurra badu?”

“Halakoetan baino ezin duk ausarta izan,” esan zion aitak. “Ulertzen duk zergatik egin nuen?”

“Basa-gizona zen,” erantzun zuen Branek. “Emakumeak bahitu eta Besteei saltzen dizkiete.”

Aita jaunak irribarre egin zuen. “Nan Zaharrak kondaira asko kontatu dizkik. Baina egia duk, ordea, zina hautsi zuela gizon hark; Gaueko Guardia utzi zian. Ez zegok hori baino arrisku handiagorik. Desertoreak bazekik bizia galdua duela atzemanez gero, eta, beraz, ez duk kikiltzen krimenik doilorrenak ere egiterakoan. Baina ez didak ongi ulertu. Galdera ez zuan zergatik hil behar zuen gizonak, baizik eta zergatik zen nire egitekoa.”

Branek ez zuen erantzunik. “Robert erregeak borrero bat dauka”, esan zuen segurtasunik gabe.

“Hala duk,” onartu zuen aitak. “Baita Targaryen erregeek ere haren aurretik. Baina guk lehengo moduan egiten diagu. Lehenengo Gizonen odola ditek zainetan Starkek oraindik, eta gure ustez epaia ematen duenak hartu behar dik ezpata. Gizon bati bizitza kentzekoa bahaiz, zor diok begietara begiratzea eta haren azken hitzak entzutea. Eta hori ezin baduk jasan, bada, beharbada, gizonak ez dik heriotza merezi.”

“Egun batean, Bran, Robben zutoihalduna izanen haiz, dorre bat izanen duk anaiaren eta erregearen menpe, eta justizia egin beharko duk. Egun hori ailegatzen denean, ez duk atseginik hartu behar lan horretan, baina ezin duk beste aldera begiratu. Soldatapeko exekutatzaileen atzetik ezkutatzen den agintariak berehala ahazten dik zer den heriotza.”

Orduan agertu zen berriz Jon muinoaren gainean. Eskua higitu eta oihukatu zien. “Aita, Bran, etor zaitezte agudo ikustera zer aurkitu duen Robbek!” Eta alde egin zuen beste behin.

Jory haiengana joan zen. “Arazorik, ene jauna?”

“Zalantza izpirik ere ez,” esan zuen Stark jaunak. “Goazen, ikus dezagun zer aldrebeskeria egin duten orain nire semeek.” Trostan hasi zen. Jory, Brian eta besteak atzetik joan zitzaizkion.

Robb ibai ertzean topatu zuten, zubitik iparrera, Jon haren ondoan zuela, oraindik zaldi gainean. Uda amaierako elurra ugaria izan zen ilargi aldaketan. Robb belaunaldiraino zegoen sartuta elurtzan; txanoa kenduta zuen, eta eguzkiak dir-dir egiten zion ilean. Zerbait zeraman besoetan eta anaiordearekin xuxurlaka ari zen, urduri.

Zaldizkoak kontuz mugitu ziren elur piloen artean, euskarri sendoa lortu nahian ezkutuko lurzoru gorabeheratsuan. Jory Cassel eta Theon Greyjoy lehenak izan ziren mutilengana ailegatzen. Greyjoy barrezka eta adar joka zebilen. Branek aditu zuen nola galdu zuen arnasa. “Jainkoak!” oihukatu zuen, zaldiari eusten ahalegintzen zela ezpatari heltzen zion bitartean.

Joryk ezpata kanpoan zuen ordurako. “Robb, urrundu hadi!” esan zuen zaldiak atzera egiten zuela.

Robbek irribarrez begiratu zion beso arteko fardeletik. “Ezin dizu minik egin,” esan zion. “Hilda dago, Jory.”

Bran jakin-minez amorratzen zegoen. Poniz joan nahi izan zuen, azkarrago, baina aitak jaitsarazi zituen zubi ondoan, oinez joan zitezen. Bran jauzi egin eta lasterka hasi zen.

Ordurako, Jon, Jory eta Theon Greyjoy ere bazeuden zalditik jaitsiak. “Zazpi infernuak! Zer da hau?” esan zuen Greyjoyk.

“Otso bat”, esan zion Robbek.

“Munstro bat”, esan zuen Greyjoyk. “Begira zer handia den.”

Brani bihotzak taup-taup egiten zion bular barnean, gerrirainoko elur-pilo bat zeharkatzen zuela anaiarengana iristeko.

Erdi ehortzita elur odoleztatuan, hilik zetzan gauza beltz erraldoi bat. Lantzurda zuen larru grisean, eta ustel-usain ahula zerion, emakume baten lurrinaren gisara. Branek haren begi itzaliak begiztatu zituen, orain harrek hartuak, baita aho zabala ere, hortz horituz betea. Baina animaliaren tamaina zen denetan harrigarriena. Branen ponia baino handiagoa zen, bere aitaren zakurrik handiena halako bi.

“Ez da munstro bat”, esan zuen Jonek bare. “Izu-otsoa da. Besteak baino handiagoak dira.”

Theon Greyjoyk esan zuen: “Berrehun urtean ez duk izu-otsorik izan Harresitik hegoaldera.”

“Bada, nik bat ikusten diat orain,” erantzun zion Jonek.

Branek begirada urrundu zuen munstrotik. Orduan ohartu zen Robbek besoetan zuen fardelaz. Oihutxo bat atera zitzaion poztasunez eta hurbildu zen. Kumea ile gris eta beltzeko bolatxo bat zen, begiak oraindik itxiak zituena. Robben bularraren kontra ari zen muturka itsuan, esne bila larru haien artean, eta hots goibel bat egin zuen, zinkurin baten moduan. Branek eskua luzatu zuen dudaz. “Tira,” esan zion Robbek. “Uki ezak beldurrik gabe”.

Branek laztan urduri eta labur bat eman zion, eta biratu zen Jonek “Hemen duk” esan zionean. Anaia erdiak bigarren kume bat eman zion. “Bost dituk.” Branek, elurretan eserita, otsokumea besarkatu zuen. Haren ile leuna eta epela sumatu zuen masailaren kontra.

“Izu-otsoak aske gure lurretan, horrenbeste urteren ondoren,” esan zuen marmarka Hullen-ek, zaldien maisuak. “Ez zait gustatzen.”

“Seinale bat da”, esan zuen Joryk.

Aitak kopeta belztu zuen. “Hilda dagoen animalia bat duk, Jory, besterik ez,” esan zuen. Baina arduratuta zirudien. Gorpuaren inguruan mugitzen zela, elurrak karraska egiten zuen bere bota azpian. “Badakigu zerk hil zuen?”

“Zerbait dauka eztarrian” esan zion Robbek, harro erantzuna aurkitu zuelako aitak galdetu aurretik ere. “Hor, baraila azpian.”

Aitak belaunikatu eta piztiaren buruaren azpian haztatu zuen. Tiraka ateratakoa denek ikusteko moduan altxatu zuen. Orein-adar baten zatia zen, arrabetekoa, puntarik gabe eta odoletan.

Isiltasuna nagusitu zen taldean. Gizonek artega begiratzen zioten adarrari eta inor ez zen ausartu mintzatzera. Bran ere jabetu zen beldurraz, nahiz eta ez zuen ulertu zergatik.

Aitak adarra bota eta eskuak garbitu zituen elurrean. “Harrigarria da erditu arte bizi izana,” esan zuen. Hitz horiekin isilaldia amaitu zen.

“Agian ez zen hala izan,” esan zuen Joryk. “Kondairak entzun ditut... Igual animalia hilda zegoen kumeak jaio zirenerako.”

“Heriotzarekin jaiotzea,” esan zuen beste batek. “Zorte txarra.”

“Ez du axola,” esan zuen Hullenek. “Haiek ere hilda egonen dira aurki.”

Branek oihu egin zuen hitzik gabe, atsekabez.

“Zenbat eta lehenago, hobeki,” esan zuen Theon Greyjoyk, harekin bat eginez. Ezpata zorrotik atera zuen. “Emadak basapiztia hori, Bran.”

Txikitxoa kiribildu zen haren kontra, aditu eta ulertu balu bezala. “Ez!” oihukatu zuen Branek amorruz. “Nirea duk.”

“Jaitsi ezak ezpata hori, Greyjoy,” esan zuen Robbek. Une batean irudi zuen aitak adinako agintea zuela, egunen batean jaun bihurtuta eduki beharko zuena. “Kume hauek guretzat izanen dituk.”

“Ezin duk hori egin, mutiko,” esan zuen Harwin-ek, Hullenen semeak.

“Mesede duk hiltzea,” esan zuen Hullenek.

Branek aita jaunari begiratu zion laguntza eske, baina horrek kopeta ilundu eta zimurtu zuen. “Hullenek egia ziok, seme. Hobe duk bat-batean hiltzea hotzak eta goseak akabera luzea ekartzea baino.”

“Ez!” Nabaritu nuen malkoz betetzen zitzaizkiola begiak, eta beste alde batera begiratu zuen. Ez zuen aitaren aurrean negarrik egin nahi.

Robbek bereari eutsi zion temoso. “Ser Rodrik-en zakur-eme gorria joan den astean erditu zen,” esan zuen. “Kumaldi txikia izan zen, bi baizik ez baitira bizi. Behar adina esne izanen du.”

“Kumeak txikituko ditik titia hartzera joaten direnean.”

“Stark jauna,” esan zuen Jonek. Bitxia zen hark aitari hala deitzea, horren formal. Branek etsia hartutako itxaropenez begiratu zion. “Bost kume dira,” esan zion Aitari. “Hiru ar eta bi eme.”

“Zer esan nahi duk, Jon?”

“Bost seme-alaba bidezko dituzu,” esan zuen Jonek. “Hiru seme eta bi alaba. Izu-otsoa zure Etxearen ikurra da. Zure seme-alaben halabeharra da kume horiek hartzea, ene jauna.”

Branek ikusi zuen aitaren aurpegiera aldatzen zela eta beste gizonek begiradak trukatzen zituztela. Jon bihotz-bihotzez maitatu zuen une hartan. Zazpi urte izanik ere, Branek ulertu zuen anaiak egindakoa. Kontua ongi ateratzeko, Jonek bere burua baztertu zuen. Neskak aintzat hartu zituen, baita Rickon jaioberria ere, baina ez Elurra abizena zeraman bastarta, izen hori ezartzen baitzaie Iparraldean berezko izenik gabe jaiotzeko zorigaitza dutenei.

Aitak ere ulertu zuen. “Ez duk kumerik hiretzat nahi, Jon?” galdetu zuen leuntasunez.

“Izu-otsoa Stark etxeko ikurra da,” adierazi zuen Jonek. “Ni ez naiz Stark bat, aita.”

Aita pentsakor gelditu zen Joni so. Robbek hitza hartu zuen ondoko isiltasunean. “Neronek emanen diot esnea, aita,” agindu zuen. “Zapi bat esnetan busti eta hortik emanen diot hurrupatzeko.”

“Nik ere bai!” berretsi zuen Branek.

Jaunak tentuz eta patxadaz aztertu zituen semeak begiradarekin. “Erraz esaten da, baina zailagoa da betetzea. Mirabeek ez dute astirik galduko kontu honekin. Kumeak nahi badituzue, zuek zeuek eman behar diezue jaten. Ulertzen duzue?”

Branek grinaz eman zuen baiezkoa buruz. Kumea biribilkatu zitzaion eskuan eta aurpegia milikatu zion mingain beroarekin.

“Hezi ere hezi behar dituzue,” esan zuen aitak. “Zuen lana izanen da. Zakurren maisuak ez du ikustekorik izanen munstro horiekin, noski. Eta jainkoek lagun zaitzatetela ardurarik gabe, ankerkeriaz edo oker jokatzen baduzue. Animalia hauek ez dira txakurrak, ez zaizkizue eskean etorriko eta ez dute alde eginen ostiko batekin. Izu-otsoak beso bat kentzen ahal dio pertsona bati zakurrak sagua hiltzen duen bezain erraz. Seguru zaudete hori nahi duzuela?”

“Bai, aita,” esan zuen Branek.

“Bai,” esan zuen Robbek, ados.

“Agian kumeak hilko zaizkizue, ahaleginak ahalegin.”

“Ez dira hilko,” esan zuen Robbek. “Guk galaraziko dugu.”

“Har itzazue, orduan. Jory, Desmond, bil itzazue beste kumeak. Winterfellera itzuli beharra dugu.”

Harik eta berriz zaldira igo eta itzultzeko bidea hartu zuten arte, Branek ez zion bere buruari utzi garaipenarekin gozatzen. Ordurako, kumetxoa jantzi barrenetan zeraman, kuzkur eta epel bere kontra, babesturik bueltako bide luzerako. Bran izen baten bila zebilen.

Zubiaren erdian, Jon gelditu zen supituki.

“Zer duk, Jon?” galdetu zion aita jaunak.

“Ez duzue aditzen?”

Branek haizea entzun zuen zuhaitzetan, baita apatxen hotsa egurrezko oholen kontra eta kume gosetuaren auhena ere, baina Jonek beste zerbait aditu zuen.

“Bazekiat,” esan zuen Jonek. Zaldia birarazi eta atzera egin zuen. Ikusi zuten zalditik jaisten zela izu-otsoa elur gainean zetzan tokian eta makurtzen zela. Une bat geroago, haiengana itzultzen ari zen, irribarretsu.

“Besteengandik ihes egina zegoen,” esan zuen Jonek.

“Edo ihes eginarazi zitian,” esan zuen aitak, seigarren kumeari begiratzen ziola. Ilaje zuria zuen, gainerakoek, berriz, grisa. Begi gorriak zituen, goiz hartan hil zen beztimenda urratuko gizonaren odola bezain gorriak. Branek pentsatu zuen bitxia zela kume horrek begiak zabalik izatea eta gainerakoek ez.

“Albino bat,” esan zuen Theon Greyjoyk poztasun maltzurrez. “Hau besteak baino agudoago hilko duk.”

Jon Elurrak luze eta hotz begiratu zion aitaren zaintzapekoari. “Ez diat uste, Greyjoy,” esan zuen. “Hau nirea duk eta.”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina