2017(e)ko irailaren 25(a), astelehena

8. Eskola



Eskola
Donald Barthelme

 

Tira, ume horiek guztiak zuhaitzak landatzen eduki genituen, ze pentsatu genuen hori... hori ona izanen zela haien heziketarako, ikusteko, badakizu, sustraiak... eta erantzukizunagatik ere bai, gauzez arduratzea, nork bere erantzukizuna hartzea. Badakizu zer esan nahi dudan. Eta zuhaitz guztiak hil ziren. Laranjondoak ziren. Ez dakit zergatik hil ziren, baina hil egin ziren. Akaso lurrak zerbait zuen edo igual mintegitik hartu genuena ez zen onena. Kexa bat jarri genuen. Tira, hogeita hamar ume genituen, haietako bakoitzak bere zuhaitz txikia zeukan landatzeko, eta hogeita hamar zuhaitzak hil zitzaizkigun. Ume horiek guztiak makila marroi horiei begira, deprimitzeko modukoa zen.

Ez zen horren txarra izanen, baina afera da zuhaitzen kontu hori baino aste pare bat lehenago suge guztiak hil zitzaizkigula. Baina uste dut sugeena, tira, sugeek azkeneko arnasa ematearen arrazoia, izan zela galdara lau egunez itzalita egon izana, greba zela eta, eta hori ulertzeko modukoa izan zen. Umeei azaltzen ahal zitzaien, greba zela eta. Hau da, gurasoek ez zieten uzten piketearen lerroa zeharkatzen eta bazekiten greba bat zegoela eta horrek zer ekartzen zuen. Orduan, dena berriz hasi zenean eta sugeak topatu genituenean, ez ziren sobera asaldatu.

2017(e)ko irailaren 22(a), ostirala

7. Sabana



Sabana
Ray Bradbury

“George, bota begiratu bat haurren jolastokian, mesedez.”
“Zer gertatzen da?”
“Ez dakit.”
“Oso ongi, bada.”
Begiratu bat bota dezazun, besterik ez dut nahi, edo deitu psikologo bati, berak begira dezan.”
“Zertarako behar da psikologo bat haurren jolastokian?”
“Oso ongi dakizu zertarako behar den.” Emaztea sukaldearen erdian gelditu zen, bere baitarako burrunban zebilen sutegi batera begira, zeina laurentzako afaria prestatzen ari baitzen.
“Kontua da jolastokia desberdina dela orain, besterik ez.”
“Tira, goazen ikustera.”