2017(e)ko irailaren 25(a), astelehena

8. Eskola



Eskola
Donald Barthelme

 

Tira, ume horiek guztiak zuhaitzak landatzen eduki genituen, ze pentsatu genuen hori... hori ona izanen zela haien heziketarako, ikusteko, badakizu, sustraiak... eta erantzukizunagatik ere bai, gauzez arduratzea, nork bere erantzukizuna hartzea. Badakizu zer esan nahi dudan. Eta zuhaitz guztiak hil ziren. Laranjondoak ziren. Ez dakit zergatik hil ziren, baina hil egin ziren. Akaso lurrak zerbait zuen edo igual mintegitik hartu genuena ez zen onena. Kexa bat jarri genuen. Tira, hogeita hamar ume genituen, haietako bakoitzak bere zuhaitz txikia zeukan landatzeko, eta hogeita hamar zuhaitzak hil zitzaizkigun. Ume horiek guztiak makila marroi horiei begira, deprimitzeko modukoa zen.

Ez zen horren txarra izanen, baina afera da zuhaitzen kontu hori baino aste pare bat lehenago suge guztiak hil zitzaizkigula. Baina uste dut sugeena, tira, sugeek azkeneko arnasa ematearen arrazoia, izan zela galdara lau egunez itzalita egon izana, greba zela eta, eta hori ulertzeko modukoa izan zen. Umeei azaltzen ahal zitzaien, greba zela eta. Hau da, gurasoek ez zieten uzten piketearen lerroa zeharkatzen eta bazekiten greba bat zegoela eta horrek zer ekartzen zuen. Orduan, dena berriz hasi zenean eta sugeak topatu genituenean, ez ziren sobera asaldatu.


Baratzearen kasuan gehiegi ureztatzea izan zen arazoa, eta orain behintzat badakite ez dutela gehiegi ureztatu behar. Umeek arreta handia jarri zuten baratzean eta haietako batzuek, badakizu, ur pixka bat gehiago bota zioten gu begira ez geundela. Edo agian…, tira, sabotajez ez dut hitz egin nahi, baina halako zerbait bururatu zitzaigun. Zera, gogora etorri, etorri zitzaigun. Horrela pentsatu genuen, ziur aski, lehenago hamsterrak hil zirelako, eta sagu zuriak hil zirelako, eta uhandrea ere bai… Beno, orain badakite ez dituztela plastikozko poltsetan eraman behar.

Arrain tropikala, jakina, hiltzekoa zen halabeharrez, horrek ez gintuen ustekabean harrapatu. Kuadrilla horri oker begiratu eta tripaz gora daude goian. Baina hezkuntza planak eskatzen zuen arrain tropikal bat izateko aldi hartan, guk ez genuen deus egiterik, urtero gertatzen da; horren gainetik azkar-azkar pasatu, besterik ezin da egin.

Zakur-kume bat hartzekoak ere ez ginen.

Ez genuen bat hartu behar, baina Murdoch neskatxak kamioi baten azpian aurkitu zuen bat egun batean, eta beldur zuenez kamioia haren gainetik pasatuko zela garraiolariak banaketa bukatu ondoren, zakutoan sartu eta eskolara eraman zuen. Hala lortu genuen zakur-kumea. Zakurtxoa ikusi bezain laster pentsatu nuen, oi ene! Seguru bi aste baino ez dela biziko, eta gero… Eta hala gertatu zen. Ez zen ikasgelaren barnean egotekoa, badago arauren bat horri buruz, baina ezin diezu esan zakurrik ez izateko zakurra bertan badago, beren parean, harat-honat lasterka eta zaunka eta zaunka. Edgar izena jarri zioten, hau da, nire izena. Oso ongi pasa zuten haren atzetik lasterka eta oihuka: “Hona, Edgar! Ongi, Edgar!” Halakoetan barre-algaraka hasten ziren. Anbiguotasuna gustuko zuten. Nik neuk ere gustuko nuen. Ez zait axola adarra jotzen badidate. Etxe txiki bat eta guzti egin zioten hornigaien gelan. Ez dakit zer dela-eta hil zen. Mukieria, pentsatzen dut. Ziur aski ez zuen txertorik hartuko. Handik atera nuen umeak eskolara sartu baino lehenago. Hornigaien gelan goizero begiratzen nuen, banekielako zer gertatuko zen. Zaintzaileari eman nion.

Eta Koreako umezurtz bat izan genuen, klaseak adoptatua Umeei Laguntzeko programaren bitartez. Ume guztiek dolar-laurden bat ekartzen zuten hilero. Hori zen asmoa. Kontua zorigaiztokoa izan zen. Umea Kim deitzen zen, eta igual berandutxo adoptatu genuen-edo. Heriotzaren arrazoia ez zuten zehaztu jaso genuen gutunean, baina iradokitzen ziguten beste bat adoptatzeko, eta zenbait kasu bidali zuten, baina ez genuen horretarako kemenik izan. Nahiko gogorra izan zen taldearentzat, sumatzen hasi ziren (hala pentsatzen dut, inork ez zidan deus esan zuzenean) eskolak zer edo zer gaizki zuela agian. Baina nik ez dut uste eskolak zer edo zer gaizki duenik, hobeak eta okerragoak ikusi ditut nik. Zorte txarra izan zen. Esate baterako, hiltzen ari ziren gurasoen kopurua handia zen ohiz kanpo. Uste dut bi bihotzeko eta bi suizidio izan zirela, bat ito zen eta lau batera hil ziren auto istripu batean. Eta iktus bat. Eta ohiko hilkortasun tasa handia genuen aiton-amonen artean, edo igual handiagoa izan da aurten, hala irudi du. Eta azkenean, tragedia.

Tragedia gertatu zen Matthew Wein eta Tony Mavrogordo jolasean ari zirenean bulego federalen eraikin berrirako indusketa egiten ari ziren tokian. Zurezko habe handi batzuk zeuden pilaturik indusketaren ertzean, badakizu. Auzitegian dago kontua orain, gurasoek diote-eta habeak gaizki pilaturik zeudela. Ez dakit zer den egia eta zer ez. Urte bitxia izan da.

Ahaztu dut Billy Brandt-en aita aipatzea, labankadaz hil zutena indar egin zionean bere etxean sartutako maskaradun bati.

Egun batean eztabaida bat izan genuen klasean. Galdetu zidaten: nora joan dira? Zuhaitzak, uhandrea, arrain tropikala, Edgar, aitatxoak eta amatxoak, Matthew eta Tony, nora joan dira? Eta nik esan nien: ez dakit, ez dakit. Eta haiek: nork daki? Eta nik: inork ez. Eta haiek esan zuten: heriotzak ematen dio zentzua bizitzari? Eta nik: ez, bizitzak ematen dio zentzua bizitzari. Orduan haiek esan zidaten: baina ez da heriotza, funtsezko egitatea den aldetik, baliabide bat, jakintzat hartzen dugun egunerokoaren arrunkeria gainditzeko eta norabide…?

Bai, esan nuen nik, igual bai.

Haiek esan zuten: ez zaigu gustatzen.

Eta nik: zentzuzkoa da hori.

Eta haiek: a ze kaka-mokordoa!

Eta nik: hala da, bai.

Haiek esan zuten: maitasuna eginen duzu orain Helenekin (gure irakasle laguntzailea), ikus dezagun nola egiten den? Badakigu Helen gustatzen zaizula.

Gustatzen zait Helen, baina ezetz esan nuen.

Asko entzun dugu horretaz, baina ez dugu inoiz ikusi.

Esan nien botako nindutela eta inoiz (edo ia inoiz) ez zela egiten erakusketa gisa.

Helenek leihora begiratu zuen.

Haiek esan zuten: mesedez, faborez, egin maitasuna Helenekin, beharrezkoa genuke balioak berresteko, ikaraturik gaude eta.

Nik esan nien ez zegoela ikaratuta egon beharrik (nahiz eta ni maiz ikaratzen naizen) eta balioak nonahi topatzen direla. Helen hurbildu eta besarkatu ninduen. Nik musukatu nuen kopetan. Elkar besarkatu genuen. Umeak aztoratu ziren. Atean jo zuten, ireki nuen eta hamster berri bat sartu zen. Umeak txaloka hasi ziren zalapartaz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina