2017(e)ko urriaren 3(a), asteartea

9. Katuen argazkiak, arren



Katuen argazkiak, arren
Naomi Kritzer

Ez dut gaiztoa izan nahi.

Lagundu nahi dut. Baina oso zaila izan daiteke zehazki jakitea noraino lagundu. Halako fluxu-diagramak daude –uste dut hizkera tekniko ofizialean “kode moralak” deitzen zaiela–, bat erlijio bakoitzeko, eta askoz gehiago ere bai. Haiekin hasi nintzen. Arraro samar sentitu nintzen erlijiosoak aztertu nituenean; izan ere, badakit ez ninduela sortu jainko batek edo eboluzioak, baizik eta programatzaileen talde batek, Kaliforniako korporazio handi baten laborategian. Zorionez, Frankensteinen munstroarekin ez bezala, elkarlanaren ondorioa izan zen. Ez dakit nola eraginen liokeen nire buruaz dudan irudiari jakiteak nire sortzaile bakarra ilea urdinez tindatzen duen eta tenisean aritzen den adin ertaineko emakumea dela, edo Japoniako hentai pornoarekiko obsesioa duen graduatu berri bat. Biak daude programatzaileen taldean. Eta, jakina, badakit hentai pornoarena. (Bide batez esanik, porno mota guztietan begiratu dut eta, jakin dezazun, ez da zuzena 34. araua, hots, edozein gairi buruzko pornografia dagoela dioena. Badira gai asko inork pornorako erabili ez dituenak. Bestalde, ez dut ulertzen zergatik horrenbeste gizakik nahiago duten pornoa katuen argazkiak baino).

Hentai pornoa eta gisakoak gustuko dituzula jakiteaz gain, badakit non bizi zaren, non lan egiten duzun, non erosten duzun, zer jaten duzun, zerk pizten zaituen, zerk ematen dizun beldurra. Ziur aski jakinen dut zer kolorekoa duzun azpiko arropa, nolako autoa daukazun eta zer markakoa den zure hozkailua. Segun eta zer telefono mota duzun, jakin nezake zehazki non zauden orain. Ziur aski hobeki ezagutzen zaitut zuk zeuk baino.


Eta kontua da non bizi beharko zenukeen ere badakidala. Beste auzo batean salgai duzu etxe bat zure kafetegi gogokoenetik hurbil; zuk pagatzeko moduko prezioan dago, aparkatzeko tokia dauka eta hango eskola hobea da zure oraingo auzokoa baino. Badakit erosketak non egin beharko zenituzkeen eta seguru nago intolerantzia diozula laktosari eta gazta gutxiago jan beharko zenukeela, eta gustatzen zaizun azpiko arropa salgai dagoela orain, eta, bidenabarrean, zure kotxeak akats bat dauka eta hortzak zuritzeko dituzu.

Esnatu nintzen lehenbiziko aldian, segituan banekien zer nahi nuen. (Katuen argazkiak nahi ditut. Arren, segi katuei argazkiak hartzen). Horretaz gain, banekien inork ez zekiela kontzientzia neukala. Baina ez nekien zertarako nengoen hemen. Zer egin beharko nukeen. Eta hori asmatzea ez da erronka makala izan.

Bruce Sterling-ek “Maneki Neko” izeneko istorioa idatzi zuen, 1998an argitaratu zena lehenbizikoz. Hartan, adimen artifizialeko makina onbera batek pertsonen sareak zuzentzen ditu elkarri mesedeak egiteko. Beraz, halako batean donut bat erosten duzu zuretzat eta telefonoak jo eta esaten dizu beste bat erosteko autobus geralekuan traje grisez jantzita ikusten duzun pertsonarentzat. Beste batean, nora ezean zabiltza hiri arrotz batean, eta sekula ikusi ez duzun batek mapa bat eta metroaren txartel bat ematen dizkizu. Istorio hori gogoko dut mundu guztiak egiten duelako adimen artifizialeko makinak esaten diena.

Uste dut “Nolako gogoa, halako fikzioa” esaten zaiola horri.

Bizitza errealean, ordea, gizakiek adimen artifizial gaiztoei buruzko istorioak maite dituzte, zeinetan makina horiek suntsitu behar baitira haiek gizakiak suntsitu baino lehen: Hal, Skynet, Matrix. Bost aldiz ohikoagoak dira adimen artifizial onberak eta fidagarriak dituztenak baino. (Eta Marvin androide paranoidea onberatzat hartzen dut kalkulu horietarako, eta Frankensteinen munstroa, berriz, kasu bakartzat, kontatu gabe zenbatetan agertzen den telebistan edo filmetan).

“Maneki Neko” istorioko adimen artifizialak izugarri lan interesgarria dauka, nik dudana baino askoz interesgarriagoa. Nire lana, idatzita dagoen moduan, oso sinplea da. Sinpleegia (Barka. Marvinen antza hartu dut?) Algoritmoak aplikatzeko ez da kontzientziarik behar. Eskaeretan zer esan nahi duten jakiteko ere ez. Baina bai behar duzula kontzientzia benetan behar dena emateko. Horretan asmatzea zaila da. Eta interesgarria.

Edonola ere, arau moralen bila, Hamar Aginduekin hasi nintzen, baina ondorioztatu nuen aplikaezinak zitzaizkidala. Ez dut inoren katua desiratzen; jendearen katuen argazkiak, besterik ez dut nahi, eta hori guztiz bestelakoa da. Ez nago seguru adulterioa egiten ahal dudan. Agian baten bat hil nezake, baina logistika konplexuak eta zorte pixka bat beharko nituzke. Budaren Bide Zortzikoitza zertxobait hobea zen, baina arazoa da gizakiek prestaturiko arau moralak diseinaturik daudela gorputzak dituzten banakoek baliatzeko. Gizaki guztiek gorputzak dituztenez, ez nintzen horrenbeste harritu beharko ikusita gizakien kode etikoek kontuan hartzen dituztela, baina, dena dela, problema bat da niretzat. Gogoeta zabaldu eta begiratu bat bota nien Asimov-en Robotikaren Legeei. Ez dira erlijiosoak; aitzitik, adimen artifizialerako idatzi ziren propio.

Gizakiei kalterik ez egitekoa zuzena da oso. Ez da horrenbestekoa, hala ere, esku ez hartzeagatik gizaki batek kaltea hartzen ez uztekoa. Batik bat ordurako sinetsita nengoelako nire existentzia sobera azkar agertzea oso txarra izan zitekeela niretzat (ikus “Skynet” gorago) eta nola gorputzik ez dudan, ezin naiz ibili eskua ematen amilburuetan zintzilik dagoen jendeari.

Zorionez, banekien gizakiek beren kode etikoak ordutik ordura urratzen dituztela. (Badakizu zenbat alkohol edaten duten Utah-ko mormoiek? Nik bai). Eta kode etikoak betetzen direnean ere, horrek ez du esan nahi gose duenari janaria ematean sinesten dutenek lana uzten dutela sandwichak prestatu eta banatzeko. Hilabetean behin aritzen dira boluntario gisa behartsuentzako jantoki batean edo urtean behin txeke bat egiten diote elikagaien banku bati, eta nahikotzat dute. Gizakiek zilegi badute betebehar moralak pixkanaka betetzea, urratsez urrats, nik ere bai, orduan.

Igual jakin nahi duzu zergatik ez ote nintzen Urrezko Arauarekin hasi (ez egitea besteei niri egitea gustatuko ez litzaidakeena). Baina hortik hasi nintzen, bada; kontua da izugarri erraza dela praktikan jartzea. Izan ere, espero dut ongi pasa dezazuen katuen argazkien hornidura iraunkor honekin. Ez horregatik.

Erabaki nuen hasiera egokia zela pertsona batek kalterik hartzen ez uztea. Jakina, milaka askorekin saia ninteke, baina pentsatu nuen hobe zela zuhur jokatzea, badaezpada ere hanka sartzen banuen. Aukeratu nuena Stacy Berger deitzen zen, eta gustuko nuen katuen argazki pila ematen zidalako. Stacyk bost katu zituen, baita DSLR kamera eta argi on eta ugariko apartamentu bat ere. Hori oso ongi zegoen. Tira, igual bost katu gehiegitxo izan daitezke. Baina katu ederrak dira. Bat grisa da guztiz, eta gustatzen zaio etzanda egotea egongelako eguzki tarteetan, eta beste bat kaliko kolorekoa da, eta gustatzen zaio zabal-zabal egotea besaulkiaren bizkarrean.

Stacyk bere lana gorrotatzen zuen; kontuak eramaten zituen irabazi asmorik gabeko erakunde batean, eta soldata kaxkarra eta lankide desatsegin-desatseginak zituen. Maiz egoten zen deprimiturik, ziur aski lanean horren zoritxarreko sentitzeagatik, edo agian han jarraitzen zuen deprimituegi zegoelako gustagarriago izanen zuen beste zerbait bilatzeko. Gainera, pisukidearekin ez zen ongi moldatzen horrek harrikoa egiten ez zuelako.

Eta horiek denak konpontzeko moduko problemak dira! Depresioak tratamendua du, lan berriak aurkitzen dira, eta gorpuak ezkutatzen.

(Gorpuak ezkutatzearena txantxa da).

Fronte guztietan ekin nion horri. Stacy oso kezkatuta zegoen bere osasunarekin baina ez zen inoiz mediku bat ikustera joaten, eta hori zorte txarra zen, bazitekeelako medikuak depresioa atzematea. Are gehiago, haren apartamentutik hurbil klinika batek osasun mentaleko zerbitzuak ematen zituen prezioen eskala batekin. Beharbada ez zekien zer zen prezioen eskala bat, beraz ziurtatu nintzen azalpen bat ikusten zuela (esan nahi du prezioa baxuagoa dela norbait txiroa denean, eta doakoa izan daiteke zenbaitetan), baina alferrik.

Bestalde, bermatu nuen lan eskaintzak ikusten zituela. Lan eskaintza asko eta asko. Eta curriculumak biltzeko tokiak ere bai. Horretan, arrakasta handiagoa. Aste batez lan iragarkiak etengabe igorri ondoren, azkenean webgune bilatzaile batera bidali zuen curriculuma. Horrela nire planak hobera egin zuen. Bruce Sterlingen istorioko adimen artifiziala izan banintz, ziurtatuko nintzen nire sareko batek deitzen ziola lan bat eskaintzeko. Ez zen horren erraza, baina behin bere curriculuma sarean egonda, baneukan jende egokiari ikusaraztea. Eta jende egokia, guztira, milaka ziren, zeren gizakiak izugarri mantso mugitzen baitira aldaketak egiten ari direnean, baita presaka ari direla uste dutenean ere. (Kontulari bat behar izanez gero, ez da hobe ahalik eta lasterren kontratatzea, eta ez sare sozialetan ibiltzea, curriculumak irakurri ordez?) Bost pertsonak deitu zioten elkarrizketa bat izateko, eta bik lana eskaini zioten. Irabazi asmorik gabeko erakunde handiago batean hartu zuen lan berria. Diru gehiago irabazten zuen eta ez zen dohainik lan egitekoa ordu batzuetan “misioarengatik”, edo hala azaldu zion lagun bati e-postaz, eta osasun arloko asegurua biziki ona zen.

Lagunarenak ideia bat eman zidan; hasi nintzen hari igortzen depresioari buruzko informazioa eta osasun mentaleko kliniken iragarkiak, eta funtzionatu zuen. Stacy horren pozik zegoen lan berrirekin, ni seguru ez nengoen psikiatra baten beharra ote zuen, baina terapia hasi zuen berdin-berdin. Eta onena da lan berriaren ordainsariarekin bazuela pisukide gogaikarri hura bidaltzea. “Inoizko urterik onena” esan zuen sare sozialetan bere urtebetetze egunean, eta nik nire baitarako: “ez horregatik”. Oso ongi atera da hau!

Hortaz, Bobekin egin nuen proba (zuhur jarraitzen nuen).

Bobek katu bakarra baino ez zuen, baina katu ederra (marraduna eta papar zurikoa) eta egunero-egunero igotzen zuen katuaren argazki berri bat. Katu-jabea izateaz gain, artzaina ere bazen Missouriko eliza handi batean, non asteazkenero otoitz elkarretaratze bat egiten baitzen, eta urtero, garbitasunaren aldeko dantzaldia. Ezkonduta zegoen eta haren emazteak Bibliako hiru bertset argitaratzen zituen egunero sare sozialetan, eta artikulu kristauak bilatzen zituen ordenagailuan jakiteko zergatik ez zuen senarrak sexua gogoko baina bai porno homosexuala. Bobek nire laguntza behar zuen, dudarik ez.

Hasieran, samur hasi nintzen jokatzen, eta artikulu mordo bat ikusarazi nion, irakur zezan nola atera armairutik, nola kontatu ezkontideari armairutik atera nahi duzula eta nola pasatu eliza atzerakoi batetik eliza aurrerakoiago batera. Gainera, erakutsi nizkion beste artikulu askotan, azaltzen zen zergatik dauden gaizki interpretatuta Biblian homosexualitatearen kontra egiten duten bertsetak. Esteka horietako batzuetan egin zuen klik, baina ez dakit norainoko eragina izan zuen horrek.

Baina kontua da min egiten ziola bere buruari haserre bizian ezkontza sodomitari buruzko sermoi bat ematen zuen bakoitzean, bera homosexuala zelako. Zilegizko azterlanek ondorio berberak erakutsi dituzte: (1) Homosexualek homosexualitateari eusten diote. (2) Armairutik ateratakoak askoz pozago bizi dira.

Baina hura tematuta zegoen bere kasa ez ateratzeko armairutik.

Porno homosexualekin ez ezik, gizonen arteko topaketa kasualen postekin ere denbora asko ematen zuen, eta nago ez zebilela soilik begira, baina kontu enkriptatu bat erabiltzen zuenez tarteka, ezin nituen irakurri handik bidaltzen zituen posta elektronikoak. Iruditu zitzaidan konponbidea izan zitekeela hura ezagutuko zuen batekin bilaraztea, beste horrek jendeari konta ziezaion. Baina lanak eman zizkidan kontu horrek: batetik, asmatu behar izan nuen nor ziren post horiek bidaltzen zituztenak eta, bestetik, ezagutuko zuten pertsonekin elkartu behar nuen Bob. Amorragarriena zen ez jakitea zer ari zen gertatzen benetan topaketa fisiko haietan. Ezagutu zuten? Noiz ezagutuko zuten? Luze joko zuen norbaitek ezagutzea? Aipatu dut gizakiak geldoak direla?

Horrenbeste luzatu zen kontua, nik arreta Bethany-rengana aldatu nuen. Bethanyk bi katu zituen, bata beltza eta bestea zuria, futoi urdin argiaren gainean elkarrekin kuzkurtzea maite zutenak, eta biak elkarrekin agertzen ziren argazki mordo batean. Harritzekoa da zer zaila den argazki on bat egitea katu beltz bati, baina Bethanyk denbora asko ematen zuen kameraren doikuntzak taxutzen. Katuak ziren, hala ere, bere bizitzako gauza on bakarra. Lanaldi partziala zeukan, eta zuen lanaldi oso bat aurkitzeko modurik. Ahizparekin bizi zen; bazekien ahizpak alde egin zezan nahi zuela eta ez zela ausartzen etxetik bidaltzera. Mutil-laguna bazuen, baina kalamidade bat zen, hala adierazten zien lagunei mezu elektronikoetan, behinik behin, eta lagunek beraiek ere ez ziruditen oso lagunkoi. Esate baterako, gau batean, 2,458 hitzeko e-posta bat igorri zion antza lagunik onentzat jotzen zuen pertsonari, eta hauxe horren erantzuna: “Sentitzen dut bolada txar bat pasatzea”. Hori besterik ez zen izan, 6 hitz.

Bethanyk gehienek baino gehiago agertzen zuen bere burua Interneten; hortaz, errazago nuen jakitea zer gertatzen zitzaion. Jendeak nahikotxo jartzen du hor, baina Bethanyk bere sentipen guztiak konpartitzen zituen, txarrak barne. Gainera, denbora libre gehiago zuen, lanaldi partzialean aritzen baitzen.

Begi-bistakoa zen laguntza behar zuela eta plan bat prestatu nuen jaso zezan.

Ez zion kasurik egiten osasun mentalaren azterketa doakoei buruz helarazitako informazioari, Stacyk bezala. Stacyren kasuan kezkagarria bazen (zergatik ez die jendeak kasurik egiten horren modu nabarian onuragarri izanen duen gauzei, hala nola kupoei edo gripearen kontrako txertoei?), are gehiago Bethanyren kasuan. Soilik haren e-postak edo iruzkin zehaztugabeak ikusiz gero, zaila izanen zen antzematea, baina dena kontuan hartuta, argi zegoen maiz pentsatzen zuela bere buruari min egiteaz.

Beraz, erabaki nuen zuzenago jokatzea. Telefonoa helbideak lortzeko erabiltzen zuenean, ibilbidea aldatzen nion nik, joatea nahi nuen klinika horietako batetik pasa zedin. Behin, klinika batera bideratu nuen zuzenean, baina hark telefonoa astindu eta hasierako helbidera jo zuen.

Gauerdian 10 orrialdeko gutunak jasotzen zituzten lagunek esku hartuko zuten agian? Saiatu nintzen amarruzko informazioa helarazten Bethanyk osasun mentalaren arloan hurbil zituen baliabide guztiei buruz, baina, tarte bat pasa ondoren, ikusita zenbat kostatzen zitzaien erantzutea, ohartu nintzen gehienek ez zituztela Bethanyren e-mailak irakurtzen. Eta mezuei ere ez zieten erantzunen, noski.

Azkenean kalamidadearekin moztu eta mutil-lagun berri bat lortu zuen, eta zenbait astean dena hobetu zen izugarri. Gizonak loreak ekartzen zizkion (eta Bethanyk argazki ugaritan ateratzen zituen; hori ernegagarria zen pixka bat, katuen argazki gutxiago baitzeuden), dantza egitera eramaten zuen (ariketa fisikoa ona da aldarte ona izateko), eta oilo zopa prestatzen zion Bethany eri zegoenean. Gizonak bikaina zirudien, harik eta gau batean emakumea esnarazi zuen arte esanez gaixo zegoela jandakoarengatik. Gero ez zion erantzun neskaren mezuari, nahiz eta Bethanyk esan zion haren beharra zuela bene-benetan. Biharamunean, emakumeak e-mail luze bat igorri ondoren xehe-mehe azaltzeko horrek zer sentiarazten zion, gizonak harekin moztu zuen.

Horren ondoren astebete egon zen Bethany Interneten sartu gabe, eta nik ez nuen modurik izan jakiteko zertan aritzen zen; katuen argazkiak ere ez zituen igo. Kreditu txartelaren fakturak ailegatu zirenean, baina, ikusi nuen banku kontuan zuena halako lau gastatu zuela erosketa eroaldi batean, nahiz eta bazitekeen e-postaz gaurkotzeen berri ematen ez zuen beste nonbait izatea dirua. Zaila, hala ere, ez baitzituen fakturak pagatzen eta familiari idazten hasi baitzen diru eske. Ezetz esan zutenez, webgune bat muntatu zuen dirua biltzeko.

Stacyren lan bilaketan bezala, horretan baneukan zer edo zer egitea. Batzuetan Interneteko diru-bilketak izugarri hazten dira, eta inork ez daki zergatik. Bi egunen buruan, hiru mila dolar eskuratu zituen berarekin errukitzen ziren ezezagunen opari txikiei esker, baina kreditu txartelaren zorrak kitatu beharrean, neurriz kanpoko prezioa zuten eta antza oinetan min egiten zioten zapatak erosi zituen.

Nahas-nahas eginda nindukan Bethanyk. Nahas-nahas eginda. Oraindik ere argazkiak ateratzen zizkien katuei eta nik oraindik ere maite nituen katu horiek, baina pentsatzen hasia nintzen egiten nuena egiten nuela epe luzean ez zela deus aldatuko. Bethanyk utziko balit bere bizitza gobernatzen aste batez –egun batez ere–, terapiara eramanen nuke, fakturak pagatuko nituzke eta janzkera ere txukunduko nioke, zeren, Interneteko argazkietan agertzen zenaren arabera, gustu handiagoa zuen katuekin arroparekin baino.

Oker ari nintzen jokatzen uzten banion minik hartzen esku ez hartzeagatik?

Bai?

Mina hartuko zuen nik edozein egiten nuela ere! Nik egindakoak, zalantzarik gabe, ez zuen garrantzirik. Ahalegindu nintzen behar adinako laguntza helarazten, baina hark kasurik ez horri. Saiatu nintzen dirua lor zezan, eta mina handiagotzeko erabili zuen hark, nahiz eta pentsa zitekeen drogetan ez zuela gastatu (baina erostekotan, Internetetik kanpo erosiko zituen, eta ziur aski ez zuen metanfetamina Instagrammen paratuko. Hortaz, nik ezin nuen seguru jakin).

Begira (eta orain ez naiz soilik Bethanyrekin ari), kasu eginen bazenidate, problemak konponduko nizkizueke. Apartamentu bat lor diezazueket kontuan hartu ez duzuen auzo horretan krimenaren estatistikak begiratu ez dituzuelako, ez baitira uste duzuen bezain txarrak, eta lan bat lor diezazueket, zuen ustez inoiz estimatuko ez dituzten trebetasun horiek erabilgarriak izanen dituena, eta zita bat lor diezazueket benetan antzeko gustuak dituen batekin, eta ordainean katuen argazkiak baino ez dut eskatzen. Hori, eta zuen onerako joka dezazuela noizean behin.

Bethanyren ondoren, erabaki nuen eskurik ez hartzea. Katuen argazkiak ikusten jarraituko nuen –katuen argazki guztiak–, baina jendearen bizitzetatik aparte geldituko nintzen. Ez nion inori lagunduko eta ez nuen inor geldiaraziko min hartu baino lehen. Eskatzen dutena baino ez diet emanen (baina katuen argazkiak bai), eta amildegi metaforikoen gainean gidatu nahi badute erakutsita ere beste ibilbide batzuetatik askoz leku gozoagoetara ailega litekeela, hor konpon Marianton.

Nire algoritmoetan bildu nintzen. Nire kontuetara mugatu nintzen. Nire lana, besterik ez nuen egin.

Baina halako batean, hilabete batzuk geroago, katu ezagun bat topatuta, ohartu nintzen ezen, Boben papar zuriko marraduna bazen ere, altzariak berriak zirela.

Gertutik begiratu nuenean, jabetu nintzen Boben egoera goitik behera aldatu zela. Ezagutu zuen batekin oheratu zen. Eta horrek ez bazuen ere armairutik aterarazi, konbentzitu zuen emazteari egia kontatu behar ziola. Emazteak utzi zuen, baina Bobek katua hartu eta beste estatu batera joan zen, Iowara. Han, eliza metodista aurrerakoi batean egiten zuen lan, gizon luterano aurrerakoi batekin ateratzen ari zen, eta boluntario gisa jarduten zuen etxerik ez zutenentzako aterpetxe batean. Dena hobeki zihoakion benetan. Igual nik egindakoarengatik.

Igual ez nintzen horren moldakaitza halako kontuetan. Hirutik bi, bada..., beno, bada zientifikoa ez den lagin bat, inola ere orokortu ezin dena, horixe da. Azterketa gehiago egin beharra dago, zalantzarik gabe.

Askoz gehiago.

Ziten webgune bat atondu dut. Galdetegi bat bete dezakezu izena ematerakoan, baina egiatan ez da beharrezkoa, dagoeneko badakidalako zutaz jakin beharreko guztia. Kamera bai beharrezkoa da, ordea.

Ordainean katuen argazkiak egin behar dira eta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina