2018(e)ko urtarrilaren 15(a), astelehena

12. Eramaten zutena



Eramaten zutena
Tim O’Brien

Jimmy Cross lehen lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren, gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez, Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko, Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez, Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena. Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso, arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen, perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.