2018(e)ko urtarrilaren 15(a), astelehena

12. Eramaten zutena



Eramaten zutena
Tim O’Brien

Jimmy Cross lehen lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren, gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez, Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko, Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez, Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena. Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso, arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen, perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.



Premiak markatzen zuen hein handi batean eramaten zutena. Honako hauek jotzen zituzten premiazkotzat edo ia premiazkotzat: lata-irekitzailea, sakelako labanak, su-pastillak, eskumuturreko erlojuak, identifikazio xaflak, eltxoak uxatzekoa, txikleak, gozokiak, zigarroak, gatzen pilulak, Kool-Aid zuku-paketeak, txiskeroak, pospoloak, zerrak, ordainagiriak, anoen latak eta bizpahiru urontzi. Denetara, horren guztiaren pisua 7 kilotik 9 kilora bitartekoa zen, norberaren ohiturak edo metabolismoa zein ziren. Henry Dobbins-ek, gizon handia baitzen, anoa gehiago eramaten zituen; almibarretako muxikako pastela maite zuen bereziki. Dave Jensen-ek, higienezalea baitzen, hortz-eskuila, hortz-haria eta Sydneyn librantzan zegoela lapurtu zituen zenbait xaboi eramaten zituen. Ted Lavender-ek, beldurra baitzuen, lasaigarriak eramaten zituen buruan tiro bat jo zioten arte Than Khe herritik kanpo apirilaren erdialdean. Premiarengatik eta jarduteko prozedura arrunta zelako, denek altzairuzko kaskoak eramaten zituzten, 2 kilokoak, azpikoa eta kamuflajerako estalgarria barne. Uniformearen jaka eta galtza arruntak eramaten zituzten. Inor gutxik azpiko arropa eramaten zuen. Oinetan botak eramaten zituzten –kilo 1– eta Dave Jensenek hiru galtzerdi pare eta oinetarako hautsen lata bat eramaten zituen, lubakietako oinari aurrea hartzeko. Tiroa jo zioten arte, Ted Lavenderrek 180-200 gramo marihuana eramaten zituen, kalitate apartakoa, premiazkoa baitzen berarentzat. Mitchell Sanders-ek, irrati-telefonoaren arduraduna bera, kondoiak eramaten zituen. Norman Bowker-ek eguneroko bat eramaten zuen. Rat Kiley-ek komikiak eramaten zituen. Kiowa-k, baptista zorrotza bera, Testamentu Berri ilustrazioduna eramaten zuen, Oklahoma Cityn igandeko eskoletan jarduten zuen aitaren oparia. Garai txarretatik babesteko, hala ere, bere amonaren gizon zuriarekiko mesfidantza eta aitonaren ehiza-aizkora ere eramaten zituen Kiowak. Premiak agintzen zuen. Nola minak eta bonba ezkutuak zeuden, gizon guztiek jarduteko prozedura zuten nylonez estalitako altzairudun jaka bat eramatea, 3 kilo pisatzen zuena, baina egun beroetan askoz pisutsuagoa zirudiena. Nola oso azkar hil zitezkeen, gizon bakoitzak benda handi bat eramaten zuen gutxienez, normalean kasko barnean, erraz hartzeko. Nola gauak hotzak eta montzoiak hezeak ziren, bakoitzak plastikozko pontxo bat eramaten zuen, zira gisa, lur gaineko gisa edo behin-behineko denda gisa erabiltzeko. Jositako zorro eta guzti, pontxoak ia kilo bat pisatzen zuen, baina gramo bakoitza zen merezizkoa. Apirilean, esate baterako, Ted Lavenderri tiroa jo ziotenean, haren pontxoa erabili zuten gorpua arroz-soroan barna eramateko eta helikopteroan sartzeko.


Kintoak deitzen zieten infanteriakoei.

Eramatea kargatzea zen; izan ere, Jimmy Cross lotinantak Martharenganako maitasuna kargatzen zuen aldapetan gora eta zingiretan barna. Modu iragangaitzean ere erabiltzen zen kargatu aditza, munizioz betetzea adierazteko, baina, betiere, aditz horrek berarekin zekartzan ardurak iragangaiztasunaz haratago iristen ziren.

Ia denek argazkiak kargatzen zituzten. Cross lotinantak Martharen bi argazki eramaten zituen diru-zorroan. Bata Kodacolor bat zen, “maitasunez” zioena, nahiz eta mutilak sinetsi ez. Neska adreiluzko pareta baten kontra zegoen. Begi gris eta hitsak zituen, kamerari zuzenean so, eta ezpainak pixka bat zabalik zeuden. Zenbaitetan, gauez, Cross lotinantak, maitasun handia ziolako eta argazkia egin zuenaren itzala adreiluzko paretaren kontra ikusten zuelako, bere buruari galdetzen zion argazkia nork atera ote zion, bazekielako mutil batzuekin adiskidetua zela. Bigarren argazkia institutuko urtekaritik hartua zen. Neska batzuk boleibolean ari ziren, eta Martha makurturik agertzen zen, horizontalki zoruarekiko, baloira iritsi nahian, esku ahurrak luzatuak, mingaina atezuan, aurpegiera tolesgabe eta lehiakor. Izerdirik ez agerian. Kirol egiteko praka motzak zeramatzan. Hankak birjin batenak ziren, bederen hala uste zuen lotinantak: lehorrak eta ilerik gabeak, ezker belauna tolestua, 45 kilo horiei eusten. Cross lotinantak gogoratzen zuen ezker belaun hura ukitu izana. Zinematoki ilun batean, oroitzen zuen, Bonnie and Clyde filmean, eta Marthak tweed gona zeukan, eta azken eszenan, belauna ukitu zionean, neskak biratu eta halako tristuraz eta seriotasunez begiratu zion, non eskua kenarazi baitzion, baina lotinantak beti gogoratuko zituen tweed gonaren eta horren azpiko belaunaren ukiera eta Bonnie eta Clyde hil zituzten balen asotsa, bai eta hura zer lotsa-emangarria izan zen ere, zer motela eta itogarria. Oroitzen zen musu bat eman ziola agur moduan ikasleen egoitzako atarian. Orduko hartan, pentsatzen zuen, ausardiaz jokatu beharko zuen. Eskaileretan gora eraman beharko zuen, haren logelaraino, oheari lotu eta belauna ukitu gau osoan. Arriskua hartu beharko zuen. Argazkiei begiratzen zien aldiro, egin beharko zituen guztiak etortzen zitzaizkion gogora.


Eramaten zutena, hein batean, mailaren araberakoa zen, eta beste hein batean, espezialitatearen araberakoa.

Lehen lotinanta eta pelotoiko burua izanik, Jimmy Crossek ipar-orratza, mapak, liburuen kodeak eta prismatikoak garraiatzen zituen, eta 45 kalibreko pistola bat, 1,3 kilo pisatzen zuena kargatuta zegoenean. Argi estroboskopiko bat eramaten zuen, baita bere gizonen bizitzaren gaineko ardura ere.

Irrati-telefonoaren arduraduna izanik, Mitchell Sandersek PRC-25 irrati gogaikarria eramaten zuen, bateria eta guzti 12 kilo pisatzen zuena.

Sendagilea izanik, Rat Kileyk honako hau eramaten zuen zakutoan: morfina, plasma, malariaren kontrako tabletak, kirurgiarako zinta, komikiak eta sendagile batek eraman beharreko guztiak, M&Mak barne zauri gaiztoentzat. Pisua, guztira, 9 kilo zen.

Gizon handia izanik, eta, hortaz, metrailadorearen arduraduna, Henry Dobbinsek M-60a eramaten zuen, 10 kilo eta erdi pisatzen zuena kargatuta ez zegoenean, baina ia beti kargatuta zegoen. Horretaz gain, Dobbinsek munizioa eramaten zuen, 4 kilotik 8 kilora bitartekoa, zintatan bildua bularrean eta sorbaldetan.

Soldadu edo espezialista xeheak izanik, gehienak kinto arruntak ziren eta M-16 erriflea eramaten zuten. Armak 3,4 kg pisatzen zuen deskargaturik, eta 3,7 kg, berriz, 20 balako kargagailuarekin. Zenbait faktoreren arabera, esaterako zein zen kasuan kasuko topografia eta psikologia, 12 kargagailutik 20ra bitarte eramaten zituzten bala-uhaletan, eta horrek beste 3,8 kg eransten zuen gutxienez, eta beste 6,3 kg gehienez. Eskura egonez gero, erriflearen mantentze-lanak egitekoak ere eramaten zituzten: zotzak, txarrantxak, trapuak eta LSA olioa, eta, horrek denak kilo erdia egiten zuen. Kintoetako batzuek M-79 granada-jaurtitzailea eramaten zuten, 2,7 kg pisatzen zuena kargatu gabe; nahiko arma arina, ez bazen munizio astunagatik. Jaurtigai bakar bat 300 gramo zen. Ohiko karga 25 jaurtigaikoa zen. Baina Ted Lavenderrek, beldurra zuenez gero, 34 jaurtigai zeramatzan tiro batez hil zutenean Than Khetik kanpo, eta ohiz kanpoko zama zeramala erori zen: 9 kilo munizio baino gehiago, balen kontrako txalekoa, kaskoa, anoak, ura, komuneko papera, lasaigarriak eta gainerako guztia, baita pisurik ez duen beldurra ere. Lavender pisu hila zen. Ez zen zirkinik edo zanbulurik izan. Kiowak, nola gertatzen zen ikusi baitzuen, esan zuen harri bat balitz bezala erori zela, edo areaz betetako zaku bat, pum eta seko, ez filmetan bezala; han, hiltzekoa denak astia du arrastaka eta giraka mugitzeko xelebreki eta kalaka emateko; ez zen hala izan, esan zuen Kiowak, gaixoa ziplo erori zen. Pum eta behera. Besterik ez. Goiz argitsua zen, apirilaren erdian. Cross lotinantak mina sentitu zuen. Bere buruari egozten zion errua. Lavenderri urontziak eta munizioa kendu zizkioten, gauza pisutsu guztiak, eta Rat Kileyk begi-bistakoa adierazi zuen: hilda zegok; Mitchell Sandersek baja jakinarazi zuen irratiz, eta helikoptero bat eskatu. Gero, bere pontxoan bildu zuten Lavender. Gorpua soro lehor batera eramanda eta segurtasuna jarrita, hildakoaren marihuana erre zuten helikopteroa ailegatzen zen bitartean. Cross lotinanta aparte gelditu zen. Martharen aurpegi leun eta gaztea irudikatu zuen, pentsatuz zernahi baino gehiago maite zuela, bere gizonak baino gehiago, eta horrenbeste maitatzea zela orain Ted Lavender hilik egotearen arrazoia, baina ez zuen modurik izan neskarengan ez pentsatzeko. Helikopteroa ailegatu zenean, Lavender barnean sartu zuten. Ondoren, su eman zioten Than Kheri. Ilunsentira arte jarraitu zuten martxan, eta orduan lubakiak egin zituzten; gau hartan, Kiowak azaldu zien hor egon behar zela, dena oso azkar izan zela eta gaixoa porlanaren modura erori zela. Pum eta seko, esan zuen. Porlanaren modura.


Ohiko hiru armak ez ezik (M-60, M-16 eta M-79), topatzen zuten guztia ere eramaten zuten, edo hiltzeko eta bizirik jarraitzeko baliagarria zirudien edozer gauza. Eskura zutena. Zenbaitetan eta zenbait egoeratan, M-14ak, CAR-15ak, Suediako K-ak eta subfusilak eramaten zituzten, baita atzemandako AK-47ak, Chi-Com-ak, RPGak, Simonov karabinak, merkatu beltzeko Uzi-ak, 38 kalibreko Smith & Wesson pistolak, 66 mm-ko LAWak, eskopetak, isilgailuak, borrak, baionetak eta C-4 lehergailu plastikoak ere. Lee Strunk-ek habaila bat eramaten zuen; besterik ezean erabiltzekoa, esaten zuen. Mitchell Sandersek altzairuzko ukabilak eramaten zituen. Kiowak, aitonaren aizkora lumaduna. Hirutik edo lautik batek, pertsonen kontrako Claymore mina bat (kilo eta erdi espoleta barne). Denek esku-granadak eramaten zituzten (400 gramo bakoitza). Denek, halaber, ke koloreztatuko M-18 pote bat (680 gramo). Batzuek gas negar-eragilearen granadak eramaten zituzten. Batzuek, fosforo zuriaren granadak. Guztiek jaso zezaketen adina eramaten zuten, eta pixka bat gehiago ere bai, eramaten zutenaren ahalmen ikaragarriarekiko laborri isila barne.


Apirileko lehenbiziko astean, Lavender hil baino lehenago, Jimmy Cross lotinantak Martharen kutun bat jaso zuen. Harri-koskor bat zen, 30 gramokoa gehienez. Ukiera leunekoa, esnea bezain zuria zen, baina fits laranja eta bioletekin, eta forma borobila zuen, arrautza txiki baten moduan. Gutunean, Marthak azaltzen zion harria Jerseyko kostaldean aurkitu zuela, itsasgoran urak lurra ukitzen duen tokian, hain zuzen gauzak batera elkarrekin baina bereiz dauden tokian. Elkarrekin eta bereiz egote horrek, idatzi zuen, eman zion harria hartzeko ideia, gero zenbait egunetan bularreko patrikan eramateko, non irudi baitzuen ez zuela pisatzen, eta posta bidez bidaltzeko, harenganako zituen sentimendu egiazkoen froga gisa. Cross Lotinantari erromantikoa iruditu zitzaion. Baina ez zekien zein ziren zehazki neskaren sentimendu egiazko haiek, ez eta zer esan nahi zuen ere elkarrekin eta bereiz egote horrekin. Lotinantak imajinatu zuen nola sartu zuten esku mareek eta olatuek arratsalde hartan Jerseyko itsasertzean, Marthak, geologiatik erreskatatzeko, harria ikusi eta hartu zuen tokian. Oinutsik irudikatzen zuen. Martha poeta bat zen, poeta baten sentikortasuna zuen, eta haren oin beltzaranak agerian egonen ziren, azkazalak margotu gabe, begiak hotz eta ilun zituela, martxoko itsasoaren gisa, eta mingarria bazen ere, gizonak bere buruari galdetzen zion norekin egonen zen neska arratsalde hartan.  Bi itzal imajinatzen zituen hondartza hartan mugitzen, gauzak elkarrekin baina bereiz dauden tokian. Mamu batekiko jeloskeria zen, bazekien, baina ezin zuen saihestu. Asko maite zuen. Martxetan, apirileko lehenbiziko egunetan, ahoan eramaten zuen harria, mingainarekin bueltak ematen zizkiola, itsasoko gatza eta hezetasuna sentituz. Gogoa noraezean zebilkion. Kostatzen zitzaion arreta gerran jartzea. Zenbaitetan oihuka hasten zitzaien gizonei, zutabea zabaltzeko eta begiak irekitzeko, baina gero lotinantak ametsei ekiten zien, eta oinutsik ibiltzen zen Jerseyko hondartzan Martharekin, deus eramaten ez zuela. Sumatzen zuen goraka zihoala, dena maitasuna eta arintasuna zela, eguzkia, olatuak eta haize gozoak.


Eramaten zutena misioaren arabera aldatzen zen.

Mendietako misioetan, eltxoentzako sareak, matxeteak eta olanak eramaten zituzten, baita ahalik eta pozoi gehien ere zomorroen kontra.

Misio batek bereziki gogorra bazirudien, edo haiek baldin bazekiten leku makur batera joatekoak zirela, ahal zuten adina eramaten zuten. Mina ugariko tokietarako, nonahi suerta baitzitekeen halako batek leher egitea, txandaka kargatzen zuten 13 kiloko mina-detektagailu bat. Entzungailuak eta sentsore-plaka handia edukita, ekipamenduak sorbaldak eta bizkarra minberatzen zituen; maneiatzen zaila, oso maiz alferrikakoa zen, lurzoruan zegoen metraila zela eta, baina haiek berdin-berdin eramaten zuten, segurtasunagatik, alde batetik, eta segurtasun sentipenagatik, bestetik.

Zelatetan edo gaueko beste misio batzuetan, xelebrekeriak eramaten zituzten. Kiowak bere Testamentu Berria hartzen zuen, baita mokasin pare bat ere, isil asko ibiltzeko. Dave Jensenek karoteno ugariko bitaminak eramaten zituen, gauean ikusteko. Lee Strunkek, habaila; munizioa, esaten zuen, ez zen inoiz faltako. Rat Kileyk, brandia eta M&Mak. Tiro bat jo zioten arte, Ted Lavenderrek izarrak ikusteko teleskopio bat eramaten zuen, 2.9 kilo pisatzen zuena aluminiozko kaxa eta guzti. Henry Dobbinsek neskalagunaren pantyak eramaten zituen lepo inguruan, aringarri gisa. Denek mamuak eramaten zituzten. Iluntasuna etorritakoan, errenkada batean mugitzen ziren larre eta soroetan barna; han, isilka jartzen zituzten Claymore minak eta, etzanda, zain ematen zuten gaua.

Beste misio batzuk konplexuagoak izanik, ekipamendu berezia behar zen. Apirilaren erdialdean egokitu zitzaien misioan, tunel sare bat aurkitu eta suntsitu behar zuten Than Khe aldean, Chu Lai-tik hegoaldera. Tunelak lehertzeko, pentrita eramaten zuten, lehergailu ahaltsu bat, ia kilo erdiko paketetan (gizon bakoitzak, 4 pakete, eta denetara, 30 kilo). Kableak, detonagailuak eta bateriaz hornitutako pizgailuak eramaten zituzten. David Jensenek tapoiak eramaten zituen belarrietarako. Gehienetan, tunelak lehertu baino lehen, goi aginteak manatzen zien miaketa egiteko; hori kontu txarra zen, baina eskuarki sorbaldak altxatu eta aginduak betetzen zituzten. Gizon handia zenez, Henry Dobbins salbuetsita zegoen tunelak miatzeko lanetatik. Besteek zozketa egiten zuten. Lavender hil baino lehen, 17 lagun zeuden pelotoian, eta 17 zenbakia ateratzen zuenak ekipoa erantzi eta sartu behar zuen, arrastaka eta burua lehenik, linterna bat eta Cross lotinantaren 45 kalibreko pistola zituela eskuetan. Gainerakoak inguruan kokatzen ziren, segurtasunagatik.  Eserita edo belauniko jartzen ziren, zulora begiratu gabe, haien azpiko lurrera adi, imajinatuz nolako amaraunak eta mamuak zeuden, zer egon zitekeen hor behean, nola estutzen ziren tuneleko paretak, zenbateraino zen astuna linterna, nolako ikuspegi estua zegoen –zentzu zehatzean–, dimentsio guztietan konprimituta, denbora barne, nola egin behar zen aurrera ipurdiaz eta ukondoez lagunduta, eta nola etortzen ziren gogora kezkarik bitxienak: itzaliko da linterna? Arratoiek amorrua kutsatzen dute? Oihu eginez gero, noraino ailegatuko da soinua?  Adiskideek adituko dute? Ausartuko dira sartzera? Zenbait kontutan, baina ez askotan, itxoitea tunela bera baino makurragoa zen. Imajinazioa hilgarria zen.

Apirilaren 16an, 17a atera zuenean, Lee Strunk barrez eta marmarka hasi eta agudo sartu zen barnera. Goiza beroa eta geldoa zen. Ez duk ona, esan zuen Kiowak. Tuneleko zulora begiratu zuen, eta gero soro batera, Than Khe herriaren aldera. Ezer ez zen mugitzen. Ez hodeirik, ez txoririk, ez jenderik. Zain zeudela, gizonek erre eta Kool-Aid edaten zuten, asko hitz egin gabe, Lee Strunkekin errukituta baina pozik zozketarekin. Zenbaitetan irabazi, zenbaitetan galdu, esan zuen Mitchell Sandersek, eta euria egiten badu, atzeratu. Grazia zaharra zen, eta inork ez zuen barrerik egin.

Henry Dobbinsek txokolate barra bat jan zuen. Ted Lavender lasaigarri bat hartu eta altxatu zen pixa egitera.

Bost minutu iragandakoan, Jimmy Cross lotinanta tunelera hurbildu, makurtu eta ilunpeak aztertu zituen. Gaizki, pentsatu zuen, agian sabaiak behera egin du nonbait. Eta bat-batean, nahi gabe, Martharengan pentsatzeari ekin zion. Estresak eta hausturak, jaistea, biak bizirik lurperatuta gelditzea pisu horren azpian. Maitasun trinkoa eta itogarria. Belauniko, zulora begira, Lee Strunkengan eta gerran pentsatzen saiatu zen, arrisku haietan guztietan, baina maitasuna gehiegizkoa zen berarentzat, paralizaturik sentitu zen, neskaren biriketan egin nahi zuen lo, eta haren odola edan, baretasunak hartuta. Nahi zuen neska birjina izatea eta ez izatea, biak batera. Ezagutu nahi zuen. Sekretu guztiak: zergatik poesia? Zergatik halako tristura? Zergatik begi hits haiek? Zergatik horren bakarrik? Ez bakartia, bakarrik, txirrindula gainean campusean edo kafetegian eserita, baita dantzan ari zela ere, bakarrik dantzatzen baitzen, eta bakarrik egote hark betetzen zuen maitasunez. Lotinantak gogoan zuen hala esan ziola arratsalde batean. Nola neskak baiezkoa egin zion buruaz eta nola apartatu zuen begirada. Eta nola, gero, musu eman zionean, neskak musua jaso bai, baina ez zion itzuli, begiak zabal-zabalik zituela, beldurrik gabe, ez birjina baten moduan, baizik eta begirada sor eta axolagabearekin.

Cross lotinantak tunelera begiratu zuen. Baina ez zegoen han. Martharekin zegoen lurperatuta Jerseyko itsasertzeko area zuriaren azpian. Biak elkarren kontra zeuden, estu-estu, eta aho barneko harria neskaren mingaina zen. Gizona irribarrez zegoen. Nolabait jabetzen zen egunaren baretasunaz, soroen iluntasunaz, baina ez zen gauza izan segurtasun kontuei kasu egiteko. Horretaz haratago zegoen. Mutiko bat baino ez zen, gerraren erdian maitemindurik. Hogeita lau urte zituen. Ezin zuen saihestu.

Handik gutxira, Lee Strunk tuneletik atera zen. Irribarrez zetorren, zerri-zerri eginda baina bizirik. Cross lotinantak baiezkoa egin zion buruaz eta begiak itxi zituen; besteak, aldiz, zaplaka aritu zitzaizkion bizkarrean eta txantxak egin zituzten hilobitik bizirik ateratzearen kontura.

Harrak, esan zuen Rat Kileyk. Hilobitik kanpo. Zonbi puta hori.

Gizonak barrez hasi ziren. Aringarri ederra sumatzen zuten.

Mamuen hiritik aterata, esan zuen Mitchell Sandersek.

Lee Strunkek mamuen moduko asots barregarria egin zuen, auhen baten gisara, baina alaiki, eta orduantxe, Strunkek auhen alai hura egin zuen unean bertan, Ahuuuuu esan zuenean, orduan egin zioten tiro Ted Lavenderri buruan, pixa egitetik zetorrenean. Ahoa irekita gelditu zen lur gainean. Hortzak hautsita. Ubeldura hanpatu eta beltz bat, begi ezkerraren azpian. Masailik gabe. Ostia, esan zuen Rat Kileyk, hilda zegok. Hilda zegok, jarraitu zuen, sakontasun antzean. Hilda zegok. Benetan hilda.


Superstizioak markatzen zuen, hein batean, eramaten zutena. Cross lotinantak bere harri kutuna eramaten zuen. Dave Jensenek, untxi-hanka bat. Norman Bowkerrek, gainerakoetan oso lagun gozoa bazen ere, hatz bat eramaten zuen, Mitchell Sandersek opari emana. Hatz lodia zen, beltzarana eta goma moduko ukiera zuena, gehienez ere 100 gramoko pisukoa. Vietcong-eko hamabost edo hamasei urteko mutiko baten gorpuari moztu zioten. Ureztatzeko erreten batean zetzala aurkitu zuten, erdi erreta, euliak ahoan eta begietan. Mutikoak sandalia eta praka motz beltzak zeramatzan. Hil zenean arroz katilu bat, errifle bat eta hiru kargagailu bete bala zituen berarekin.

Nire iritziz, esan zuen Mitchell Sandersek, ikasbide garbi bat zegok hemen.

Eskua mutiko hilaren eskumuturrean paratu zuen. Geldirik egon zen tarte batez, pultsua kontatzen ariko balitzaio bezala, eta, gero, sabelean kolpetxo batzuk ia-ia txeraz eman ondoren, erpurua kendu zion Kiowaren aizkoraz.

Henry Dobbinsek galdetu zion zer ikasbide zen hura.

Ikasbidea?

Badakik. Ikasbidea.

Sandersek erpurua bildu zuen komuneko paperaz eta Norman Bowkerri eman zion. Ez zerion odolik. Irribarrez, ostiko bat eman zion mutikoaren buruari eta, euliek nola egiten zuten alde ikusten zuela, esan zuen: telebistako programa hartan zioten bezala, arma eskuan, ibili munduan.

Henry Dobbins pentsakor gelditu zen.

Ba, tira, esan zuen azkenean. Ez diat inongo ikasbiderik ikusten nik.

Ba, bazegok gizona.

Hoa pikutara.


Gizonek armadaren paperak, arkatzak eta boligrafoak eramaten zituzten. Baita etanol-latak, kateorratzak, bengalak, seinale suziriak, alanbre bilkariak, bizar-orriak, tabakoa, etsaiei kendutako intsentsu zotzak eta Buda irribarretsuaren estatua txikiak, kandelak, ezko-arkatzak, AEBko bandera, azazkal-moztekoak, operazio psikologikoen gaineko esku-orriak, kapelak, aihotzak eta askoz gehiago ere. Astean bitan, horniduraren helikopteroak etortzen zirenean, jaten beroa eramaten zuten lata berdeetan, bai eta garagardo eta soda hotzak ere, zakuto handietan. Plastikozko edontziak eramaten zituzten, bakoitza 9 litrokoa. Mitchell Sandersek kamuflajeko beste uniforme bat eramaten zuen, une berezietarako. Henry Dobbinsek, intsektizida. Dave Jensenek, zakuak, gauez areaz beteta babestuago egoteko. Lee Strunkek, eguzkitako krema. Zenbait gauza denen artean eramaten zituzten. Txandaka PRC-77 irrati handia eramaten zuten, bateria eta guzti 15 kilo pisatzen zuena. Memoriaren zama partekatzen zuten. Besteek jasan ezin zutena hartzen zuten. Maiz, elkar eramaten zuten (zauritutakoa edo ahula). Infekzioak eramaten zituzten. Xakeak eramaten zituzten, saskibaloiko baloiak, vietnameraren hiztegiak, mailaren ikurrak, dominak, jokamoldearen kodea irarrita zuten plastikozko txartelak. Eritasunak eramaten zituzten, malaria eta disenteria besteak beste. Zorriak eta ezkabia eramaten zituzten, eta arroz-soroetako izainak eta algak, eta mota askotako usteldurak eta lizunak. Lurra bera eramaten zuten –Vietnam, tokia, lurzorua–, botak, uniformeak eta aurpegiak estaltzen zituen hautsa gorrixka xehea. Zerua eramaten zuten. Atmosfera osoa, hezetasuna, montzoiak, onddo eta ustelkeria kiratsa, dena, grabitatea eramaten zuten. Mandoen modura mugitzen ziren. Egun argitan, frankotiratzaileen sua jasotzen zuten, gauez, morteroena, baina hura ez zen borroka bat, ezpada bukaerarik gabeko martxa bat, herriz herri, helbururik ez zuena, deus irabazi edo galdu gabe. Martxan ibiltzeagatik jarraitzen zuten martxan. Geldo eta mantso egiten zuten aurrera, burtzoraturik, makurturik beroagatik, pentsatu gabe, hezur-odol huts, soldadu xehe, hankak nagusi, muinoetan gora eta arroz-soroetan behera, ibaietan barna eta berriz gora eta berriz behera, martxan beti, urrats bat eta gero beste bat, eta gero beste bat, baina borondaterik ez, nahimenik ez, dena automatikoa zelako; izan ere, anatomia zen, jarrera eta garraio kontua zen gerra, besterik ez, martxa zen guztia, inertzia moduko bat, hutsaltasun moduko bat, nahiaren sorgortasuna, baita adimenarena, kontzientziarena, itxaropenarena eta giza sentikortasunarena ere. Printzipioak oinetan zituzten. Beren kalkuluak biologikoak ziren. Estrategiaren edo misioaren zentzuaz jabetzen ziren. Baina herrixkak arakatzen zituztenean, ez zekiten zeren bila zebiltzan eta axola gabe jarduten zuten, arroz poteei ostikoka, umeak eta agureak miatzen, tunelak lehertzen, herri zenbaiti su ematen eta beste zenbaiti ez, eta gero, formazioa egin eta hurrengo herrira joaten ziren, eta handik beste batera, gauza bera egitera. Nork bere bizitza eramaten zuen. Presioa izugarria zen. Arratsalde hasierako beroan, kaskoak eta balen kontrako txalekoak eranzten zituzten, eta oinutsik ibiltzen ziren; hori arriskutsua zen, baina laguntzen zuen estresa arintzen. Maiz, gauzak botatzen zituzten martxan ari zirela. Erosotasun hutsagatik, anoak botatzen zituzten, eta granadak eta minak lehertzen, kezkarik gabe, jakinda gauean helikopteroek gehiago ekarriko zituztela, eta gehiago egun bat edo bi geroago, baita angurri freskoak, kaxak, munizioak, eguzkitarako betaurrekoak eta artilezko jertseak ere. Harrigarriak ziren baliabideak: su artifizialak ekainaren 4an, arrautza margotuak Pazkoan; gerrarako kutxa erraldoia zen: zientziaren fruituak, fabriketako tximiniak, kontserben industriak, Hartford-eko armategiak, Minnesotako basoak, makinen lantegiak, arto eta gari alor zabal-zabalak… Salgai-trenen modura kargatzen zuten; bizkar eta sorbalda gainean eramaten zuten dena, eta Vietnamgo ziurgabetasun guztiak gorabehera, ziurra zen ez zitzaiela faltako zer eraman.


Helikopteroak Lavender hartu ondoren, Jimmy Cross lotinantak Than Khe herrira eraman zituen gizonak. Dena erre zuten. Oiloak eta zakurrak hil zituzten, herriko putzua buxatu zuten; artilleria eskatu eta hondamendira begira gelditu ziren; gero, hainbat ordutan martxan ibili ziren arratsalde bero hartan, eta, iluntzean, Kiowak azaltzen ziela nola hil zen Lavender, Cross lotinanta ohartu zen dardarka ari zela.

Saiatu zen negarrik ez egiten. Bi kilo eta laurden pisatzen zuen pala hartu eta zulo bat egiten hasi zen lurrean.

Lotsa sentitu zuen. Bere buruari gorroto zion. Martha bere gizonak baino gehiago maite izan zuen, eta, horren ondorioz, Lavender hilda zegoen, eta hori harri baten gisara eraman beharko zuen sabel barnean gerra bukatu arte.

Ezin zuen ezer egin, zuloa baino. Pala aizkoraren modura erabili zuen, sastadaka, gorrotoz eta maitasunez, eta, gero, ilundutakoan, lubakian eseri eta negarrari eman zion. Luze segitu zuen. Alde batetik, Ted Lavenderrengarik egiten zuen negar, baina, batez ere, Martharengatik eta bere buruarengatik, Martha horren erreala ez zen beste mundu batekoa zelako eta ikasle bat zelako New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean, poeta eta birjina, gerrak ukitu gabea, eta lotinanta ohartzen zelako neskak ez zuela maite eta ez zuela inoiz maite izanen.


Porlanaren modura, xuxurlatu zuen Kiowak iluntasunean. Benetan, bum eta seko. Hitz erdirik ere ez.

Entzun diagu, esan zuen Norman Bowkerrek.

A zer zorte alua! Zirrituko kremailera igotzen ari zela jo zitean. Igotzeko astirik ere ez dik izan.

Ados. Nahikoa duk.

Bai, baina ikusgarria izan zuan, tipoak…

Ulertu diagu, gizona. Porlanaren modura. Isildu hadi behingoz!

Kiowak burua eragin zuen tristuraz, eta Jimmy Cross lotinantaren aldera begiratu zuen: zulo batean zegoen eserita, gauari so. Airea astuna eta hezea zen. Laino trinko eta beroa zetzan soroetan, euriaren aurreko baretasunarekin.

Tarte bat pasa ondoren, Kiowak hasperen egin zuen.

Dena dela, esan zuen, segurua duk lotinanta minduta dagoela serio. Hau duk, halako negarra eta halako jarrera, ez dituk faltsuak batere, zauri hori egiazkoa duk. Tipoari axola zaiok.

Seguru, esan zuen Norman Bowkerrek.

Esan ezak nahi duana, axola zaiok.

Denok ditiagu arazoak.

Lavenderrek ez.

Ez, horrek igual ez, esan zuen Bowkerrek. Baina egidak mesede bat.

Isiltzeko?

Indio azkarra haiz. Isildu hadi, bai.

Sorbaldak goratu eta botak erantzi zituen Kiowak. Gehiago esan nahi zuen, lo arinagoa izateko, baina, horren ordez, bere Testamentu Berria zabaldu eta buru azpian jarri zuen, burukoaren modura. Lainoaren eraginez, gauza hutsalak eta loturarik gabeak ikusten ziren. Saiatu zen Ted Lavenderrengan ez pentsatzen, baina pentsatzeari ekin zion zer azkar izan zen, dramarik gabe, behera eta seko, eta zer zaila zen berarentzat ustekabe horretaz gain beste ezer sentitzea. Irudi zuen hori ez zela kristaua. Gustatuko zitzaion tristura handia sumatzea, edo haserrea sikiera, baina emozio horiek ez zeuden hor, eta ezin zituen sortu. Batez ere, pozik sentitzen zen bizirik jarraitzegatik. Gustuko zuen Testamentu Berria usaintzea masailaren azpian, haren larrua, tinta, papera eta lekeda, produktu kimikoak edozein zirela ere. Gustuko zuen gauaren asotsak aditzea. Nekea bera ere gustuko zuen: muskulu zurrunduak egotea eta gorputzaz ohartzea erresuminez, hegan egitearen sentipena. Hilda ez egotea pozgarria zen. Hor zetzala, Kiowak mira egiten zion Jimmy Cross lotinantak bihozmina sentitzeko zuen gaitasunari. Haren mina konpartitu nahi zuen, Jimmy Cross adina arduratu nahi zuen. Alabaina, begiak ixtean, pum eta behera egite hura baino ez zitzaion burura etortzen, eta bere sentipen bakarra zen botak eranstearen atsegintasuna, bere inguruan kiribildutako lainoa, lurraren hezea, Bibliaren usaina eta gauaren erosotasun biguna.

Une bat igarota, Norman Bowker agondu zen iluntasunean.

Zer arraio, esan zuen. Hitz egin nahi baduk, hitz egizak. Esadak niri.

Utz ezak.

Ez, gizona, mintza hadi. Indio isil bat baino gauza gorrotagarriagorik ez zegok.


Gehienetan, neurritasunez eramaten zuten dena, duintasun moduko batez. Noiz edo noiz, hala ere, panikoak jota jokatzen zuten, eta halakoetan garrasika hasten ziren, edo hasi nahi bai, baina ezin izaten zuten; bihurritzen ziren eta intziri soinuak egiten zituzten, buruak estaltzen zituzten eta aieneka ibiltzen ziren, lurrean arrastatzen ziren, itsu-itsuan egiten zuten tiro, kikilduta negar zotinka aritzen ziren, erreguka zarata gelditzeko, burua galtzen zuten eta agindu ergelak egiten zizkioten beren buruari edo Jainkoari, edo aita-amei, ez hiltzeko esperantzan. Era batean edo bestean, denei gertatu izan zitzaien. Gero, tiroak bukatzen zirenean, begiak kliskatu eta gora begiratzen zuten. Beren gorputza ukitzen zuten lotsaren lotsaz, baina segituan lotsa ukatzen zuten. Beren burua zutitzera behartzen zuten. Kamara geldian bezala, fotogramaz fotograma, munduaren logika zaharrari heltzen zioten: erabateko isiltasuna, gero haizea, eguzkia, ahotsak. Bizirik jarraitzearen zama zen. Trakets, gizonak biltzen ziren berriz, lehenik pribatuan, gero taldeka, soldaduak izaten berriz. Begietako isuriak konpontzen zituzten. Bajarik ote zen begiratzen zuten, helikopteroei deitzen zieten, zigarroak pizten zituzten, irribarre egiten saiatzen ziren, eztarriak garbitu eta tu egiten zuten, eta armak garbitzeari ekiten zioten. Tarte bat pasa ondoren, baten batek esaten zuen buruari eraginez, egiatan ia-ia kakaztu nauk, eta beste batek barrez hasten zen, esan nahiko balu bezala: txarra izan duk, bai, baina ez haiz kakaztu, ez baita horren txarra izan; eta, dena dela, inork ez likek horretaz hitz eginen benetan kaka eginda balego. Begiak ixten zitzaizkien eguzkiaren argi lodi zapaltzailearekin. Une batzuetan, akaso, isilik gelditzen ziren, porru bat piztu eta elkarri pasatzen ziotela, kearekin batera umilazioa barnean gordez. A ze beldurra, esaten zuen batek. Baina gero, beste batek irri egiten zuen, eta, bekainak altxatuta, esaten zuen: “Ostia! Ia-ia ipurtzulo berri bat egin zidatek. Ia-ia.”

Halako itxurakeriak ohikoak ziren. Batzuek etsipen malenkoniatsuz jokatzen zuten, beste batzuek, berriz, harrotasunez, diziplina hertsiz, umore onez edo matxoen grinaz. Hiltzeko beldur ziren, baina hori agertzeko beldurrago.

Txisteak egiten zituzten.

Hitz zakarrak erabiltzen zituzten biguntasun ikaragarriari atxikitzeko. Josita, esaten zuten. Seko, txispa, bum eta behera. Ez zen ankerkeria, antzerkirako sena baizik. Aktoreak ziren. Norbait hiltzen zenean, heriotza ez zen nonbait benetakoa, irudi zuelako nola edo hala gidoi bati jarraitzen zitzaiola, buruz ikasita zutelako ironia eta tragedia nahasten zituen testua, eta heriotzari beste izen batzuekin deitzen ziotelako, horrela haren errealitatea estali eta deseginen zelakoan. Ostikoka ibiltzen ziren gorpuekin. Erpuruak mozten zizkieten. Kintoen modura mintzatzen ziren. Istorioak kontatzen zituzten Ted Lavenderren lasaigarriei buruz, eta fitsik ere sentitu gabe hil zela gaixoa, harritzekoa zela zer bare zegoen.

Hemen ikasbide bat zegok, esan zuen Mitchell Sandersek.

Lavenderren helikopteroaren zain zeuden, haren marihuana erretzen.

Ikasbidea aski begi-bistakoa duk, esan eta begi-keinua egin zuen Sandersek. Urrundu hadi drogetatik. Ez duk txantxa, aldiro izorratzen haute.

Primeran, esan zuen Henry Dobbinsek.

Burua izorratzen diate, bai? Mintzamenak zentzua galtzen dik. Ez duk ezer gelditzen, odola eta kaskoa, besterik ez.

Barre egiten saiatu ziren.

Hori duk, esaten zuten. Behin eta berriz, hori duk, gizona, hori duk, errepikatzeak berak neurritasuna erakutsiko balu bezala, eroa eta ia eroa izatearen arteko oreka, jakitea jakin gabe, hori duk, esan nahi baita, lasai hadi, aurrera begira ezak, zeren ez daukak aldatzerik aldatu ezin dena, hori duk, hori duk izan daitekeen ostia guztia.

Gogorrak ziren.

Hil litezkeen gizonen bagaje emozional guztia eramaten zuten. Atsekabea, izua, maitasuna, irrikak; horiek ukiezinak ziren, baina ukiezinek berezko masa eta grabitatea zuten, pisu ukigarria. Oroitzapen lotsagarriak eramaten zituzten. Koldarkeriari doi-doi eustearen sekretu amankomuna eramaten zuten, baita alde egiteko, izoztuta gelditzeko edo ezkutatzeko sena ere, eta, alde askotatik, horixe zen denetan zamarik astunena, ez baitzegoen hori kanporatzeko modurik eta oreka nahiz neurritasun perfektuak eskatzen baitzituen. Beren izen onak eramaten zituzten. Soldaduen beldurrik handiena eramaten zuten, lotsagorritzearena alegia. Hiltzen zuten eta hiltzen ziren, kontrakoak lotsa ematen zielako. Horixe zen gerrara eraman zituen arrazoi bakarra: baliozko deus ez, loria edo ohorea lortzeko ametsik ez, ezpada desohorearen lotsa saihestea, besterik ez. Lotsaz ez hiltzeagatik hiltzen ziren. Tuneletan sartu, formazioari eutsi eta su azpian aurrera egiten zuten. Goizero-goizero, nahiz eta ez jakin zer topatuko zuten, hankak mugiarazten ahalegintzen ziren. Aguantatzen zuten. Kargatzen segitzen zuten. Uko egiten zioten kontrako aukera agerikoari, begiak itxi eta erortzeari alegia. Oso erraza zen, egiazki. Segi herrenka eta lurrean etzan, giharrak nasai, hitz egin eta higitu gabe harik eta adiskideek hartu eta helikopteroan sartzen zaituzten arte eta horrek handik atera eta mundura eramaten zaituen arte. Erortzea, besterik ez; baina, hala ere, inor ez zen erortzen. Ez zen ausardia zehazki; kontua ez zen kemena. Aitzitik, ikaratuegi zeuden koldartzeko.

Jeneralean barnean eramaten zuten hori dena, neurritasunaren maskarei eutsita. Osasun azterketei erdeinu egiten zieten. Garraztasunez mintzatzen ziren hatzei edo behatzei tiro eginda libratzen zirenei buruz. Maritxuak, esaten zuten. Kakatiak. Solas latza zen, gutxiespenezkoa, bekaizkeria edo errespetu izpi bat baino ez zuena, baina, hala ere, irudi hura olgetan ibiltzen zitzaien begi atzeetan.

Armaren ahoa haragiaren kontra imajinatzen zuten. Erraza zen: katua sakatu eta behatz bat galtzea. Imajinatu egiten zuten. Bat-bateko oinaze gozoa imajinatzen zuten, eta gero nola eramanen zituzten Japoniara, ohe epelak eta geisha erizainak zituen ospitale batera.

Eta askatasunaren txoriak zeritzaten hegazkinekin egiten zuten amets.

Gauean, guardian zeudela, iluntasunari so, jumbo hegazkinek eramaten zituzten etxera. Aireratzearen tiraldia sumatzen zuten. Aio! zioten oihuka. Eta gero abiadura –hegalak eta motorrak–, hegazkineko laguntzaile irribarretsu bat, baina hegazkina baino gehiago zen, benetako txori bat, zilarrezko txori handi eta leun bat, lumak, ezproiak eta txilo mintxoa zituena. Hegan ari ziren. Pisuak desagertzen ziren; ez zegoen zamarik. Barrez, arnasari eusten zioten, haizearen eta altueraren masaileko hotzak sentituz, gora eta gora, pentsatuz Bukatu duk, banoak! Biluzik zeuden, arin eta libre: dena arina zen, distiratsua, azkarra eta alaia, argia bezain arina, helioaren burrunba bat buru barnean, biriketan burbuilaka ari zen zorabio bat, hodeietan gora zihoazela gerra gainetik, betebeharraz harago, grabitateaz, hilduraz eta talka globalaz harago: Sin loi! Zioten oihuka. Sentitzen diat, putakumeak, baina ni banoak, mundiala duk, espazio-ontzi batean nagok, aio! Sentsazio lasaigarria eta kezkarik gabea zen, argi uhinetan trostan, askatasunaren txori zilarrezko handi horretan, mendi eta ozeanoen gainean, Amerikaren gainean, etxaldeen, loak hartutako hiri handien, hilerrien, autopisten eta McDonald's-en urrezko arkuen gainean; hegaldi bat zen, ihesaldi moduko bat, eroriko moduko bat, gero eta gorago eroriz, jiraka Lurraren ertzetik eta Eguzkiz haratagotik, huts isilean barna, non ez baitago kargarik eta deusek ez baitu pisurik. Bukatu duk! zioten garrasika. Sentitzen diat baina ni banoak. Eta gauez, zehazki ametsetan egon gabe, arintasunari lotzen zitzaizkion eta eramanak sentitzen ziren, garraiatuak.


Ted Lavenderren heriotzaren ondoko goizean, Jimmy Cross lehen lotinantak lubakian makurtu eta su eman zien Martharen gutunei. Gero, bi argazkiak erre zituen. Euria ari zuen etenik gabe, eta zaila izan zen. Baina parafina-pastillez baliatuta su txiki bat egin zuen, eta, bere gorputzarekin babestuz, gar urdintxoaren gainean heldu zien argazkiei hatz puntekin.

Bazekien keinu bat baino ez zela. Ergela, pentsatu zuen. Sentimentala ere bai, baina batez ere ergela.

Lavender hilda zegoen. Ezin da errua erre.

Gainera, gogoan zituen gutunak. Eta, orduan ere, argazkirik gabe, Cross lotinanta gauza zen Martha boleibolean jokatzen ikusteko, praka motz zuriak eta kamiseta horia zeramatzala. Euripean ikusten ahal zuen.

Sua itzali zenean, Cross lotinantak pontxoa jantzi eta gosaria jan zuen lata batetik.

Horrenbesterako ez zen, erabaki zuen.

Erretako gutun haietan, Marthak ez zuen gerra sekula aipatzen, ez bazen esateko, Jimmy, kontuz ibili. Aparte zegoen. “Maitasunez” esanez sinatzen zituen gutunak, baina ez zen maitasuna, eta esaldi ederrak eta baliabide literarioak ez ziren garrantzitsuak. Eta birjinitatea bost axola zitzaion orain. Gorroto zion. Bai, gorrotoa. Gorrotatzen zuen. Maitatu ere maiatzen zuen, baina gorrotozko maitasun moduko bat zen.

Goiza hezea eta lausoa izan zen. Irudi zuen dena bat zela, lainoa, Martha eta gero eta fuerteago zerauntsen euria.

Soldadu bat zen, azken batean.

Irribarre erdiz, Jimmy Cross lotinantak mapak atera zituen. Indarrez astindu zuen burua, argitzeko asmoz-edo, eta, makurtuta, eguneko martxa taxutzeari ekin zion. Handik hamar minutura, edo, agian, hogei minutura, gizonak altxarazi, bildu eta mendebalderantz eramanen zituen, mapek erakusten baitzuten hori berdea eta erakargarria zela. Beti egiten zutena eginen zuten. Euriarekin pisua handixeagoa izan zitekeen, baina, gainerakoan, beste egun bat izanen zen, aurreko guztien tankerakoa.

Errealista zen. Gogortasun berri bat zuen sabelean. Martha maitatu eta gorrotatzen zuen batera.

Ameskeriarik ez, agindu zion bere buruari.

Aurrerantzean, Martharengan pentsatuz gero, pentsatuko zuen hura ez zegokiola toki horri. Egunez ametsetan ibiltzeari utziko zion. Hori ez zen Mount Sebastian, beste mundu bat baizik, poema ederrik edo seihilekoko azterketarik ez zuena; mundu hartan gizonak hiltzen ziren kontuz ibili ezean edo ergelkeriak eginez gero. Kiowak arrazoi zuen. Bum eta behera, eta hilda zeunden, ez hein batean hilda.

Une batez, euripean, Cross lotinantak Martharen begi grisak ikusi zituen, hari begira.

Ulertu zuen.

Tristea zen, pentsatu zuen. Tristeak ziren barnean eramaten ziren gauzak. Egiten ziren gauzak edo ustez egin behar zirenak.

Buruz keinu bat egitekotan egon zen, baina bere buruari eutsi zion.

Horren ordez, mapetara itzuli zen. Deliberaturik zegoen betebeharrak irmotasunez konplitu behar zituela, zabarkeriarik gabe. Alferrik izanen zen Lavenderrentzat, bazekien, baina hortik aurrera ofizial baten gisara jokatuko zuen. Zorte oneko harria botako zuen. Igual irentsi edo Lee Strunken habaila erabiliko zuen, edo, besterik gabe, bidean utziko. Martxan, diziplina zorroztuko zuen. Bermatuko zen alboetan segurtasun-taldeak jartzen zituela, ez zela inor atzeratzen edo aurreratzen, tropa erritmo egokian mugitzen zela eta etenaldi egokiak egiten zituela. Azpimarratuko zuen armak garbitu behar zirela. Lavenderren drogatik gelditzen zena konfiskatuko zuen. Geroago, beharbada, gizonak bildu eta garbi mintzatuko zitzaien. Ted Lavenderri gertatutakoaren errua onartuko zuen. Gizon baten moduan jokatuko zuen. Begietara begiratuko zien, burua makurtu gabe, eta agindu berriak jakinaraziko zizkien, ahots lasai eta inpertsonalean, lotinant baten ahotsean, eztabaidarik edo polemikarik baimendu gabe. Hemendik aurrera, esanen zien, ez zuten ekipamendurik abandonatuko martxan. Behar den moduan jokatuko zuten. Nork berea bildu eta gordeko zuen, txukun eta erabiltzeko moduan gorde ere.

Ez zuen laxokeria toleratuko. Indarra agertuko zuen, tarte bat utziz gizonengandik.

Gizonek marmar eginen zuten, jakina, edo zerbait okerrago agian, egunak luzeagoak eta kargak astunagoak irudituko zitzaizkielako, baina Jimmy Cross lotinantak gogorarazi zion bere buruari buru izatea zela bere betebeharra, ez maitasuna jasotzea. Albo batean utziko zuen maitasuna; ez zuen kontuan hartuko. Eta norbait liskarretan edo kexaka hasten bazen, lotinantak ezpainak itxi eta sorbaldak tentetuko zituen, agintzeko jarrera zuzenarekin. Keinu bat eginen zien buruaz akaso. Edo akaso ez. Edo sorbaldak goratuta esanen zien: segi aurrera; eta haiek gauzak hartu eta zutabe bat eratuta aurrera eginen zuten Than Khetik mendebaldeko herrietarantz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina