2018(e)ko urriaren 1(a), astelehena

17. Dragoia


Dragoia
Ray Bradbury

Gaua puzka ari zen mortuko belar motzaren gainean; beste ezer ez zen higitzen. Urteak ziren txoririk ez zebilela hegan zeruaren oskol itsu handian. Aspaldian, harri txiki batzuek bizitzaren plantak egin zituzten hauts bihurtu zirenean. Orain, gaua baino ez zen mugitzen eremu hartan piztutako su bakarti aldera makurturik zeuden bi gizonen arimetan; ilunpeak emeki sartzen ari zitzaizkien zainetatik eta kilimak egiten zizkien isilik loki eta eskumuturretan.

Suaren argiak gora eta behera egiten zien aurpegi basatietan eta piltzar laranjez bete zizkien begiak. Gizonek elkarri entzuten zizkioten arnas hotzaren azantza adigaitzak eta betazalek muskerren gisara egiten zituzten itxi-irekiak. Azkenean, haietako batek suari eragin zion ezpataz.

“Ez, tentela; salatuko gaituk!”


“Ez dik axola,” esan zuen besteak. “Dragoiak milietatik usaintzen dik sua. A zer hotza, Jainkoarren. Gustatuko litzaidakek gazteluan egotea.”

“Heriotza diagu parean, ez loa.”

“Zergatik, bada? Dragoiak ez dik oinik sartzen hirian!”

“Ixo, kirtena! Gure hiritik ondokora bakarrik joaten direnak jaten ditik!”

“Jan ditzala, bada, eta joan gaitezen etxera!”

“Hago, adi ezak!”

Bi gizonek ez zuten zirkinik egin.

Luze itxoin zuten, baina zaldien larru urduriaren dardara besterik ez zuten sumatu, belus beltzezko danbolinen moduan txin-txin eginaraziz, leunki-leunki, estriboetako zilarrezko belarriei.

“A.” Bigarren gizonak hasperen egin zuen. “Hau bai dela amesgaiztoen lurraldea. Dena gertatzen duk hemen. Norbaitek eguzkia itzali dik; gaua duk. Eta orduan, eta orduan, o Jainkoa, entzun! Dragoi hori, ziotek sua duela begietan. Arnasa, gas zuria; alderrai ikus daitekek lurralde beltzetan barna. Sufrea eta tximistak darizkiola ibiltzen duk lasterrez, belardiei su emanez. Ardiak hiltzen dituk, beldurrak jota. Emakumeak munstroez erditzen dituk. Hain duk handia dragoiaren sumina, dorretako paretak dardaran hasi eta behera etortzen baitira. Biktimak, egunsentian, han-hemenka agertzen dituk barreiaturik muinoetan. Zenbat zaldunek egin dute porrot munstro horren atzetik atera ondoren, guk ere eginen dugun moduan?”

“Nahikoa!”

“Nahikoa eta sobera! Mortu honetan ez zakiat zer urte den ere!”

“Bederatziehun urte Jaunaren Jaiotzatik.”

“Ez, ez,” esan zuen bigarren gizonak xuxurlaka, begiak itxita. “Ez zegok denborarik eremu honetan, dena duk betiko. Iruditzen zaidak orain bueltatuz gero, herria desagertuta egonen litzatekeela, jendea jaio gabe, gauzak aldatuak, gazteluak harkaitzetan eraiki gabe, zuhaitzak zutik basoetan; ez ezak galdetu nola dakidan, mortuak bazekik eta kontatzen zidak. Eta orain bakarrik gaudek, su-dragoiaren lurretan eserita. Jainkoak salba gaitzala!”

“Beldurra baduk, har ezak armadura!”

“Zertarako? Dragoia ezerezetik ateratzen duk; ez zakiagu non bizi den. Lainoan aienatzen duk eta auskalo nora doan. Bai, jantz dezagun armadura, apain-apain hilko gaituk.”

Erdi sartuta zegoela zilarrezko korazan, bigarren gizonak gelditu eta burua biratu zuen.

Landa ilunean zehar, gauez eta ezerezez beterik mortuko bihotzetik beretik, haizeak hautsa altxatu zuen, zeina atera baitzen denboraren joana markatzeko hautsa erabiltzen zuten erlojuetatik. Eguzki beltzak sutan zeuden haize berri horren bihotzean, eta erreta milioi bat hosto, zeruertzaz haratagoko udazkeneko zuhaitz batetik eroriak. Haizeak paisaiak urtzen zituen, eta hezurrak biguntzen argizariaren modura; odola uhertu eta loditzen zuen, lohi bihurtu arte buru barnean. Hildako milaka arima zen haizea, bai eta nahasturik eta bidean zegoen denbora guztia ere. Gandua zen, lainoak estalia eta iluntasunak estalia; eta toki hura ez zen inorena, eta ez zuen urterik edo ordurik, gizon horiek besterik ez, aurpegi gabeko hutsarte batean: bat-bateko izotza, ekaitza eta trumoi zuria, kristal berde izugarriaren atzean mugitzen zena, zeina tximista baitzen. Euri erauntsi batek belarra txipatu zuen; dena desagertu zen arnasarik gabeko isilaldi batean; eta bi gizonak zain gelditu ziren, bakarrik, beren epeltasuna baino ez zutela egurats hotz hartan.

“Hortxe,” xuxurlatu zuen lehenengo gizonak. “Hortxe bertan…”

Hortik milia batzuetara, lasterrean kantuka eta orroka, dragoia.

Isilik, gizonak armadura jantzi eta zaldi gainera igo ziren. Gauerdiko lurralde basa erdibitu zen purrusta izugarri batekin dragoiaren orroa hurbildu ahala; haren argi hori itsugarria agertu zen muino baten gainean eta, orduan, gorputz iluna tolestuta, urrun eta, beraz, zehaztasunik gabe, muinoaren gainetik pasa eta haranean desagertu zen.

“Azkar!”

Zaldiak aurrera eginarazi zituzten ezproiez, sakan txiki baten aldera.

“Hemendik pasako duk!”

Lantzei heldu zieten metalezko eskularruekin eta zaldiak itsutu zituzten estalkiak begi gainetan jarriz.

“Jauna!”

“Bai, hel egin dezagun Harengana.”

Istantean, dragoia muino baten atzetik azaldu zen. Haren anbarezko begi izugarriak haiengan iltzatu eta distira gorriz argitu zizkien armadurak. Alarau-oihu izugarri batez eta arrapalada xehagarrian, basapiztiak aurrera segi zuen.

“Erruki, jauna!”

Lantzak azalik gabeko begi horia jo zuen eta airetan atera zen gizona. Dragoiak, bere erasoan, lurrera bota eta bere azpian birrindu zuen. Aurrera jarraitu eta, sorbalda beltzaren kolpe batez, beste zaldia eta zaldizkoa ehun oinetara jaurti zituen arroka baten kontra. Auriaka eta auriaka, dragoiak garrasi egin zuen, dena sutan, behealdean eguzki arrosa, horia eta laranja bat zuela, ke itsugarriaren luma bigun handiekin.



“Ikusi duk?” esan zuen ahots batek. “Esan nian bezala!”

“Beti berdin! Berdin! Zaldun bat, jainkoarren, Harry! Jo egin diagu.”

“Geldituko haiz?”

“Behin gelditu ninduan eta ez nian deus ere aurkitu. Ez nauk mortu honetan berriz geldituko. Hotzikarak ematen zizkiat.”

“Baina zerbaiten kontra jo diagu.”

“Behar adina txistu egin diagu eta tipoa mugitu ez.”

Ke bolada batek lainoa erdibitu zuen.

“Garaiz ailegatuko gaituk Stokely-ra. Bota ezak ikatz gehiago, Fred.”

Beste txistu batek ihintza astindu zuen zeru mortuan. Gaueko trena, dena su eta sumin, sakan batean sartu zen, eta gero igo eta desagertu zen lur hotzaren gainean, iparralderantz, ke beltza eta lurruna atzean utziz, hozmindutako airean desegin zitezen hura pasa eta betiko joan ondoren.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina