2019(e)ko urtarrilaren 25(a), ostirala

18. Nola erdietsi idazle izatea


Nola erdietsi idazle izatea
Lorrie Moore

Lehenik, saia hadi beste zerbait izaten, edozein gauza. Filmetako izarra / astronauta. Filmetako izarra / misiolaria. Filmetako izarra / haurtzaindegiko maistra. Munduko presidentea. Egin ezan porrot. Hobeki gazterik egiten badun porrot, 14 urterekin, esaterako. Premiazkoa dun itxaropena goiz eta guztiz galtzea, hamabost urterekin haiku luzeak idatz ditzanan asmo zapuztuei buruz. Aintzira bat, gereziondo bat loretan, enararen hegoak mendi aldera orrazten dituen haizea. Zenbatu silabak. Erakuts iezaion amari. Hura gogorra eta praktikoa dun. Vietnamen din seme bat eta senarrak agian adarrak jartzen zizkion. Uste din marroiz jantzita zikina ez dela ikusten. Gainetik begiratuko din idatzi dunana eta gero hiri, aurpegiera donut bat bezain hutsik duela. Esanen din: “Zergatik ez ditun platerak ateratzen ontzi-garbigailutik?” Begira ezan beste alde betera. Sar itzan sardexkak sardexken tiraderan. Apur ezan nahi gabe gasolindegian opari emandako edalontzietako bat. Hori dun behar den mina eta sufrimendua. Hasiera baino ez dun.


Institutuko literatura irakasgaian, Killian jaunaren aurpegira baino ez begiratu. Erabaki ezan aurpegiak garrantzitsuak direla. Idatz ezan villanella bat poroen inguruan. Ahalegindu hadi. Idatz ezan soneto bat. Zenbatu silabak: bederatzi, hamar, hamaika, hamahiru. Erabaki ezan fikzioarekin esperimentatzea. Halakoetan ez zegon silabak zenbatu beharrik. Idatzi ezan istorio labur bat, nahi gabe buruan elkarri tiro bat egiten dioten gizon bati eta emakume bati buruz, arrazoirik gabe huts egiten duelako gau batean inork nola jakin gabe egongelan agertzen den pistola batek. Eman iezaion Killian jaunari ikasturtearen amaieran. Itzultzen dinanean, idatzi din: “Irudietako batzuk politak dira, baina ez duzu bilbea ehuntzeko gaitasunik.” Etxean hagoenean, hire gelaren pribatutasunean, zirrimarratu ezan haren letra beltzezko iruzkinaren azpian: “Bilbeak hildakoentzat dituk, mutur zikina!”

Har ezan ahal adina lan umeak zaintzeko. Oso ona haiz umeekin. Maite haute. Istorioak kontatzen dizkien heriotza txotxoloak izan dituzten zaharrei buruz. “Blue Bells of Scotland” gisako kantak abesten dizkien, hori haien gogokoena baita. Eta pijama jantzi eta elkarri atximurka aritzeari utzi ondoren, loak hartuta daudenean, etxeko sexu-liburu guztiak irakurtzen ditun, ulertu gabe nola arraio egiten dizkioten elkarri halako gauzak elkar benetan maite dutenek. Lokartu hadi besaulki batean McMurphy jaunaren Playboy aldizkaria eskuan dunala. McMurphy senar-emazteak itzulitakoan, kask-kask eginen dinate sorbaldan, magalean duan aldizkariari begiratu eta irribarre eginen dinate. Hik bertan hiltzeko gogoa izanen dun. Haiek galdetuko dinate ea Tracyk medizina hartu duen. Hik, baietz, ipuin bat kontatzea agindu hiola neska koskor baten moduan hartzen bazuen eta horrek funtzionatu zuela. “O, zoragarria,” esanen diten haiek.

Saia hadi irribarre egiten harrotasunez.

Unibertsitatean, eman izena Haur Psikologian.

Karrera horretan, aukerako irakasgaiak ditun. Txoriak betidanik maite izan ditun. Eman ezan izena “Landa-behaketa Ornitologikoa” deitzen den horretan. Astearteetan eta ostegunetan dun, ordu bietan. Lehendabiziko egunean, 134. ikasgelara ailegatzen haizenean, denak mahaiaren inguruan zauden eserita, metaforen gainean solasean. Hik ezagunak ditun horiek. Tarte labur baina hilduragarri baten ondoren, altxa ezan eskua eta esan herabetasunez: “Barkatu, baina hau ez da Txori behaketa I, ezta?” Denak isildu eta hiri begira gelditzen ditun. Irudi din aurpegi bakarra dutela, erraldoia eta hutsik, hondatutako erloju baten gisara. Bizardun batek ziona: “Ez, Sormenezko Idazketa da hau.” Esan ezan: “A, ongi,” jakinaren gainean bahengo bezala. Begira ezan hire ordutegia. Galdetu hire buruari nola demontre bukatu dunan hor. Ordenagailuak huts egin din, antza. Agondu haiz alde egiteko, baina azkenean hor gelditzen haiz. Luze-luzeak ditun aste horretan ilarak inskripzio bulegoan. Agian, hutsak huts, hor segitzen dun. Agian hire sormenezko idazketa ez dun horren txarra. Agian patua dun. Agian hori dun aitak esan nahi izan zuena esaten zinanean: “Ordenagailuen garaia dun, Francie, ordenagailuen garaia dun.”

Erabaki ezan gustuko dunala unibertsitatea. Hire egoitzan jende jator asko ezagutzen ditun. Batzuk hi baino azkarragoak ditun. Eta beste batzuk, ohartzen haizenez, hi baino ergelagoak. Zoritxarrez, bizitza osoan jarraituko dun mundua kategoria horietan banatzen.

Aste batean, bortizkeria gertaera bat narratu behar dun Sormenezko Idazketarako. Idatz ezan istorio bat kontatzeko nolakoa den gidatzea osaba Gordonekin eta beste bat bi zaharri buruz, zeinak elektrokutatzen baitira itzaltzen dutenean kableak gaizki dituen lanpara bat. Irakasleak itzultzen dizkinanean, idatzia din: “Idazten dituzunetako gauza askok jariotasuna eta energia dituzte. Baina, haatik, ez duzu inongo gaitasunik bilbea ehuntzeko.” Idatz ezan beste istorio bat, non, lehendabiziko paragrafoan, gizon batek eta emakume batek nahi gabe galtzen baitute bularraldea dinamitaren leherketa batean. Bigarren paragrafoan, aseguruaren diruarekin, jogurt izoztuen saltoki bat erosten diten elkarrekin. Bazauden beste sei paragrafo. Ozenki irakurtzen dun dena klasean. Inori ez zaion gustatzen. Esaten diten gozakaitza eta funsgabea dela hire gaitasuna bilbea ehuntzeko. Eskola bukatutakoan batek galdetzen din ea buruak jota hagoen.

Erabaki ezan igual komediari heldu behar dionala. Has hadi ateratzen grazia duen batekin,  “umore zentzu handia” duen batekin, institutuan horri deitzen zenioten bezala, nahiz orain sormenez idazteko klasekoek deitu “nork bere burua gorrotatzea itxura komikoa hartuta.” Idatz itzan haren txiste guztiak, baina ez iezaion esan. Sor itzan anagramak haren neskalagun ohiaren izenarekin eta eman iezaien izen hori jendartean moldatzen ez diren pertsonaia guztiei. Esaion haren neska ohia hire istorio guztietan agertzen dela eta ikus ezan zeinen barregarria den eta zenbateko umore zentzua duen.

Unibertsitatean dunan aholkulariak esan din kasu handiagoa egiteko psikologiaren arloko irakasgaiei. Hire espezialitateko zereginez arduratu beharko hukeela batik bat. Esaion baietz, ulertzen dunala.
Sormenez idazteko eskoletan, hurrengo bi urtean, denek jarraitzen diten erretzen eta galdera berak egiten: “Horrek funtzionatzen du?”, “Zergatik da garrantzitsua pertsonaia hori?”, “Klixe hori ongi bereganatua du?” Funtsezkoak omen ditun galdera horiek.

Hire txanda denean, itxaropenez begiratzen dion jendeari, haiek hire mimeografiak aztertzen dituzten bitartean bilbea aurkitu nahian. Begirada itzultzen dinate, kea barneratzen dutela, eta orduan eztiki egiten diten irribarre.

Behar baino denbora gehiago ematen dun burumakur eta uzkur. Mutil-lagunak txirrindulaz ibiltzea gomendatzen din. Logelako kideak, mutil-lagunaz aldatzea. Esaten dinate min egiten dionala hire buruari eta pisua galtzen ari haizela, baina idazten jarraitzen dun. Poz bakarra dun gauza gehiago idaztea, gauaren erdian, besapeak txipatuak, bihotza pilpiraka, inork inoiz ikusi ez duen zerbait. Bozkario-aldi labur, hauskor eta aztergaitz horiek lortzen ditun badakinanean: jenio bat haiz. Ulertu ezan zer egin behar dunan. Alda ezan karrera. Praktiketako umeak tristatuko ditun, baina hik bokazio bat dun, premia bat, ilusio aizun bat, zorigaitzeko ohitura bat. Hire amak dioen moduan, komeni ez zainan jendearekin biltzen haiz.

Zertarako idatzi? Nondik dator hori? Galdera horiek egiten dizkion hire buruari. Honako hauen antza diten: Nondik dator hautsa? Edo: Zergatik egiten da gerra? Edo: Jainkorik bada, zergatik dago elbarrituta nire anaia?

Diru-zorroan gordeta ditun galdera horiek, txartelen moduan. Galdera horiek, sormenezko idazketako irakasleak dioenez, egunerokoan egiteko ditun egokiak, baina ez horrenbeste fikzioan.
Udazkeneko idazketako irakasleak Irudimenaren Ahalmena azpimarratzen din. Horrek esan nahi din ez duela deskribapen luzerik nahi joan den uztailean egin huen kanpaldiari buruz. Nahi din testuinguru errealista batean has hadin eta gero hura alda dezanan. DNA birkonbinatzea bezala dun. Nahi din irudimena nabiga dadin eta haren belak sabelaren gisa puztu daitezen haizearekin. Shakespeare-ren aipua dun hori.

Logelako kideari konta iezaion zein den hire ideia handia, nola baliatu haizen irudimenaren ahalmenaz: Melville gaurko bizitzara ekartzea. Monomania izanen din hizpide, baita Rochesterko (New York) bizitza aseguruen mundua ere, non arrain handiak txikia jaten baitu. “Dei iezadazue Urmael” dun hasiera, eta aldirietan bizi den Richard izeneko senar menopausikoa dun protagonista, eta, horren lur jota dagoenez beti, Elaine emazteak “Moby Hits” deitzen zion. Esaion logelako kideari: “Moby Hits, ulertu dun?” Hark hiri begiratzen din, aurpegia kleenex bat bezain zuri duela. Orduan, hiregana hurbildu eta, lagunkoi, besoa hire sorbalda zamatuen gainean jartzen din. “Aizan, Francie,” esaten din, terapian bezain mantso mintzatuz. “Goazen garagardo bat hartzera.”

Klasekoek hori ere ez diten gogoko. Hasi haiz susmatzen hitaz errukitzen direla. Zioten: “Gertaeren katea aztertu behar dun. Non dago haria?”

Hurrengo seihilekoan, irakasleak seta hartzen din nork bere esperientziatik idazteko. Ezagutzen dunana, gertatu zainana oinarri hartuta idatzi behar dun. Heriotzak nahi ditin, kanpaldiak. Pentsatu zer gertatu zainan. Azken hiru urtean, hiru gauza: birjinitatea galdu huen; hire gurasoak dibortziatu zituan; eta hire anaia hanka bat moztuta eta irribarre gaizto bat ahoaren bazter batean iltzatuta itzuli zunan etxera Kanbodiako mugatik 15 kilometrora dagoen oihan batetik.

Lehendabizikoaz hauxe idazten dun: “Espazio berri bat sortu zen, zeinak min eta oihu egin baitzuen nirea ez zen ahots batekin; aldaturik nago, baina nire onera itzuliko naiz.”

Bigarrenaz, istorio korapilatsu bat idazten dun elkarrekin ezkondutako bi zaharri buruz, zeinek mina bat zapaltzen baitute sukaldean oharkabean, inork ez baitzekien hor zegoela, eta euren burua lehertzen baitute nahi gabe. Izenburua: “Aitak ez du bihotzik, ez ama zenak hezurrik”.

Azkenaz ez dun ezer idazten. Ez zagon hitzik horretarako. Idazteko makina burrunban ari zainan. Hik ez dun hitzik topatzen.

***

Unibertsitateko festetan, jendeak esaten du: “O, idazten dun? Zeri buruz?” Logelako kideak, ardo gehiegi eta gazta gutxiegi hartu ondoren eta gaileta bat ere jan gabe, esaten din: “Oi ene, bere mutil-lagun astakirten horri buruz idazten du beti.”

Geroago, bizitzan, ikasten dun idazleak testu ireki eta indargeak baino ez direla, ulertzen ez dutenak zer idatzi duten, eta, horrenbestez, haietaz esaten denaren erdia baino gutxiago sinetsi behar dutenak. Hi, hala ere, ez haiz iritsi kritika literarioaren maila horretara. Beraz, bizkarra zurrundu eta esaten dun: “Ez,” laugarren mailan esaten huen bezala norbaitek leporatzen zinanean oboe klaseak benetan maitatzen hituela, gurasoek ez hindutela joatera behartzen.

Azpimarratu ezan gogoko dunana ez dela gai bakar bat, hizkuntzaren musika baizik, zera gogoko dunala, silabak, poesiaren atomoak direlako, burmuinaren zelulak, arimaren arnasa. Has hadi zorabiatuta sentitzen. Begira iezaion plastikozko kopa batean dunan ardoari.

“Silabak?” galdetuko din batek, urruntzen den bitartean, ezarian-ezarian, segurtasuna ematen duen saltsaren ontzi aldera.

Has ezan galdetzen zertaz idazten dunan. Edo ea badunan zer esan. Edo ea existitzen den ere zer esan izate hori. Mugatu itzan pentsamendu horiek 10 minutura egunean; flexioekin bezala, mehe haiteke haiekin.

Nonbait irakurriko dun idazte oro norberaren genitalekin dagoela lotuta. Ez arduratu gehiegi horrekin. Urduritu eginen haiz.

Ama bisitan etorriko zain. Begi azpian ditunan uztaiei begiratuko din eta liburu marroi bat luzatuko din, azalean maleta marroi bat dakarrena. Haren titulua: Nola erdietsi negozioetako exekutibo izatea. Umeentzako izenen entziklopedia ere ekarri din, eskatu hiona; izan ere, pertsonaia batek, eskolako irakasle-pailazo zahar horrek, izen berri bat behar din. Amak burua astindu eta esanen din: “Francie, Francie, gogoan dun haurren psikologoa izan nahi huenekoa?”

Esan: “Ama, idatzi nahi dut.”

Hark esanen din: “Idatzi nahi dun, jakina. Nola ez. Jakina idatzi nahi dunala.”

Idatz ezan istorio bat burua nahastuta duen musika ikasle bati buruz eta emaion izenburu hau: “Schubert zen betaurrekoak zituena, ezta?” Ez dun arrakasta handirik, baina hire logelako kideari gustatzen zaion, batez ere bi biolinistak kontzertu batean nahi gabe beren burua zartatzen duten zatia. “Behin biolinista batekin atera nindunan,” esaten din, txiklearen globoa lehertuta.

Jainkoari eskerrak, beste irakasgai batzuk ere hartu ditun. Bakea lortzen dun hemeretzigarren mendeko katramila ontologikoetan eta ornogabeen gorte-erritualetan. Zenbait molusku globularrek “beso bidezko sexua” deritzona diten. Olagarro arrak, esaterako, beso baten bukaera galtzen din sexu-harremanetan emearen gorpuaren barrenean sartu ondoan. Itsasoko biologoek “zazpi eta zerua” esaten zioten horri. Poztu hadi halako gauzak jakiteagatik. Poztu hadi idazle hutsa baino gehiago haizelako. Eman izena zuzenbidean.

***

Hortik aurrera, gauza asko gerta daitezken. Baina hauxe dun inportanteena: azkenean erabaki dun ez joatea zuzenbidea ikastera, eta, horren ordez, helduaroaren parte handi bat ematen dun jendeari esaka erabaki dunala azkenean ez joatea zuzenbidea ikastera. Berriz idazten bukatu dun nolabait. Agian gradu ondokoa egiten dun. Agian lan bitxiak egin eta, gauez, idazteko klaseak hartzen ditun. Agian nobela batean ari haiz lanean eta egunean zehar entzuten ditunan ateraldi xelebre eta aitortza pertsonal guztiak apuntatzen ditun. Agian lagunak, ezagunak eta oreka galtzen ari haiz.

Mutil-lagunarekin utzi dun. Orain hirekin ateratzen diren gizonek, “Maite haut” esan beharrean, oihuka zioten: “Txorta jo dezagun, neska.” Hori ona dun idazteko.

Lehenago edo beranduago, idazki bat bukatzen dun, gutxi gorabehera. Jendeak, hura gainetik eta nahas eginda begiratuta, esaten din: “Seguru idazle izatea zela txikitako fantasia bat, ezta?” Ezpainak idortzen zaizkin. Esan ezan munduan diren fantasia guztietatik idazle izatea ezin dunala imajinatu lehendabiziko hogeien artean. Esaien haurren psikologo izatekoa hintzela. “Seguru”, eta betiko hasperena, “esku ona duzula umeekin.” Kopetilundu hadi haserre. Esaien aizto ibiltaria haizela.

Utzi klaseak. Utzi lanak. Atera ezan aurreztutakoa bankutik. Orain, denbora dun, eskuek garatxoak dituzten bezala. Gutxika-gutxika, kopiatu itzan agenda berri batean lagun guztien helbideak.

Pasa ezan xurgagailua. Har itzan eztul pilulak. Bete ezan oharrez karpeta bat.

Alde batetik iluntzen den betazal bat.

Mundua konspirazio baten moduan.

Argumentu bat? Emakume bat autobusean sartzen da.

Imajina ezazu amodio-kontu bat antolatzen duzula eta inor ez dela animatzen.

Etxean, edan ezan kafe asko. Howard Johnson’s-en, eska ezan aza entsalada. Ohartu hadi konfeti bustia dirudiela mapa baten gainean: non egon haizen, nora hoan, “hemen zaude” zioan menuaren atzealdeko izar gorriak.

Tarteka, aurpegia papera bezain zuria duen zita batek galdetzen din ea idazleek bihotza galtzen duten maiz. Erantzun iezaion batzuetan hala dela eta beste batzuetan hala dela. Esaion polioa izatea bezala dela.

“Interesgarria,” ziona hire zitak irribarrez, eta gero, bere besoko ileei begiratu eta ferekatzen dizkin, denak, beti norabide berean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina