2019(e)ko apirilaren 29(a), astelehena

19. Lagunak


Lagunak
Lucia Berlin

Sami bizia salbatu zion egunean ezagutu zituen Lorettak Anna eta Sam.

Anna eta Sam zaharrak ziren. Annak 80 urte zituen, eta Samek, 89. Lorettak tarteka ikusten zuen Anna, Elaine lagunaren igerilekura joaten zenean. Behin, hara joan eta bi emakumeak gizona bainu bat hartzeko konbentzitu nahian zebiltzan. Gizona, azkenean, sartu eta zakurren moduan aritu zen igerian, aurpegian irribarre handi bat zuela, eta orduan izan zuen bihotzekoa. Beste bi emakumeak ur meheko aldean zeuden eta ez ziren ohartu. Loretta oinetako eta guzti sartu zen salto batez eta eskailerara eramanda igerilekutik atera zuen. Ez zuten berpiztu beharrik izan, baina gizona nahasturik eta ikaraturik zegoen. Medizina hartzeko ordua zuen, epilepsiarako, eta lehortzen eta janzten lagundu zioten. Denek hor jarraitu zuten ziurtatu ziren arte Sam ongi zegoela, etxe hurbilera joateko moduan. Annak eta Samek etengabe eskertzen zuten Loretta Samen bizitza salbatzeagatik eta behin eta berriz esan zioten biharamunean joateko haien etxera bazkaltzera.


Suertatu zen hurrengo egunetan Lorettak ez zuela lanik egin behar. Hiru egun hartu zituen soldatarik gabe, egiteko asko zituelako. Haiekin bazkaltzeak ekarriko zuen hiritik haraino joatea eta dena ez bukatzea egun bakar batean, nahi zuen bezala.

Zer egin ez zekiela gelditzen zen halakoetan. Izan ere, pentsatzen duzu: tira, ez zait ezer kostatzen, oso jatorrak dira eta. Baina egiten ez baduzu errudun sentitzen zara, eta egiten baduzu, txoropito bat bezala.

Bikotearen apartamentuan sartu bezain laster joan zitzaion umore txarra. Apartamentua argitsua eta irekia zen, Mexikoko etxe zahar bat bezalakoa, non bizitzako parterik handiena emana baitzuten senar-emazteek. Anna arkeologoa izan zen, eta Sam ingeniaria. Elkarrekin lan egin zuten egunero-egunero Teotihuacanen eta beste toki batzuetan. Apartamentua zeramikaz eta argazkiez betea zuten, eta haien liburutegia aparta zen. Atzealdean, baratze handia zuten, fruta eta baia askorekin. Loretta harrituta gelditu zen entzundakoan bi zahar mokodun hauskor horiek lan guztia egiten zutela. Biek bastoi bana zuten eta kostata mugitzen ziren.

Bazkaltzeko, gazta sandwich-ak, txaiote zopa eta baratzeko entsalada izan zuten. Annak eta Samek elkarrekin prestatu zuten bazkaria, jarri zuten mahaia eta zerbitzatu zuten janaria.

Azken 50 urtean elkarrekin egiten zuten dena. Bikien gisara, elkarren oihartzuna ziren edo bestearen esaldia bukatzen zuten. Bazkaria atsegin izan zen, estereoan kontatu baitzizkioten Mexikoko piramideetan lanean ari zirela izandako esperientzia batzuk eta haiek egindako beste indusketa lan batzuk. Loretta zurtuta zegoen bi zahar haiekin, batak besteak adina maitatzeagatik musika eta baratzezaintza eta bata bestearekin horrenbeste gozatzeagatik. Loretta mira eginda gelditu zen ikusita zeinen engaiatuta zeuden tokiko eta nazioko politikarekin, manifestazio eta protestetara joaten baitziren, kongresuari eta egunkariei idazten eta deitzen baitzieten. Lauzpabost egunkari irakurtzen zituzten egunero, eta eleberriak edo historia irakurtzen zioten elkarri gauero.

Sam mahaia jasotzen ari zela bere esku dardartiekin, Lorettak Annari esan zion bekaitza ematen ziola halako bidaide bat izateak bizitza osorako. Bai, esan zuen Annak, baina gutako bat joanen da hemendik gutxira…

Lorettak adierazpen hori gogoratuko zuen geroago, eta bere buruari galdetuko zion ea Anna ibili zen bere laguna izan nahian denboraren kontrako aseguru gisa, haietako bat hiltzen zenerako. Baina, ez, pentsatu zuen, hori baino errazagoa zen kontua. Biek nahikoa izan zuten elkarrekin bizitza osoan, baina orain, Sam, oso maiz, ametsetan ibiltzen zen eta koherentzia galtzen zuen.

Istorio berak kontatzen zituen behin eta berriz, eta, nahiz Annak pazientzia zuen beti, Lorettak uste zuen beste norbaitekin hitz egiteko gogoa zuela.

Arrazoia edozein zela ere, Samen eta Anaren bizitzan gero eta sartuago aurkitu zen Loretta. Haiek gidatzeari utzi zioten. Usu, Annak lantokira deitzen zion Lorettari zohikatza hartzeko baratzerako lanetik atera ondoren, edo Sam okulistarengana eramateko. Zenbaitetan, ez bata ez bestea ez ziren dendara joateko moduan sentitzen, eta, hortaz, Lorettak egiten zien erosketa. Biak maite eta miresten zituen. Halako gogoa zutenez gero beste norbait lagun izateko, Lorettak astean behin afaltzen zuen haiekin, bi astean behin gehienez ere. Bakan batzuetan, bere etxean afaltzeko eskatu zien, baina horrenbeste maila egonda eskaileretan, bi adinekoak ahituta ailegatzen ziren, eta Lorettak utzi zion galdetzeari. Beraz, hortik aurrera, arraina, oilaskoa edo pasta eramaten zuen haien etxera. Haiek entsalada bat prestatzen zuten, eta baratzeko baiak ateratzen zituzten postrerako.

Afaldu ondoren, menda edo Jamaikako tea edaten ari zirela mahaian eserita, Samek bere istorioak kontatzen zituen. Nola hartu zuen Annak polioa indusketa batean Yucantago oihanaren erdian, nola eraman zuten ospitalera, zeinen jatorrak ziren denak. Istorio asko Xalapan zuten etxeari buruzkoak ziren. Komandantearen emaztea, hanka hautsi zitzaionekoa leiho batetik atera zenean bisitari bati iskin egiteko. Samen istorioak modu berean hasten ziren beti: “Horrek gogora ekartzen dit…”

Gutxika-gutxika, Lorettak haien bizitzaren xehetasunak ikasi zituen. Gorte egitea Tam mendian. Maitasunaren hasiera New Yorken, komunistak zirenean. Bekatuan bizitzea. Ez ziren inoiz ezkondu eta oraindik atsegin hartzen zuten ezohikotasun horrekin. Bi ume zituzten eta biak hiri urrunetan bizi ziren. Istorio batzuk Big Sur-eko rantxoari buruzkoak ziren, umeak txikiak zirenekoak. Istorio bat bukatzen ari zela, Lorettak zioen: “Pena da baina alde egin behar dut. Bihar oso goiz joan behar dut lanera.” Batzuetan, orduan egiten zuen alde. Baina askotan, aldiz, Samek esaten zuen: “Utzidazu kontatzen zer gertatu zen fonografo harekin.” Ordu batzuk geroago, neka-neka eginda, etxera zihoala kotxez, bere baitarako esaten zuen ezin zuela horrela jarraitu. Edo, jarraituz gero, muga bat jarri beharko zuela.

Kontua ez zen aspergarriak edo jasangaitzak zirela. Aitzitik, biek bizitza oparoa eta asea izan zuten eta engaiatuak eta argitsuak ziren. Interes handia zuten bai munduaz bai beren iraganaldiaz. Horren ongi pasatzen zuten pasadizoak elkarri zuzentzen edo eztabaidatzen daten edo xehetasunen inguruan, non Lorettak ez baitzuen behar adinako bihotzik izaten haiek eten eta alde egiteko. Eta poz ematen zion hara joateak, bikotea horrenbeste alaitzen baitzen harekin. Baina batzuetan ez zuen batere gogorik joateko, nekatuegi zegoenean edo egiteko bat zuenean. Azkenean, esan zien ezin zela horren berandura arte gelditu, gogorra zela biharamunean altxatzea. Etorri hamarretakoa hartzera igandean, esan zion Annak.

Eguraldi onarekin, atariko mahaian esertzen ziren bazkaltzeko, loreez eta landareez inguratuta. Txoriak samaldaka hurbiltzen zitzaizkien jatera. Hotzarekin, ordea, barnera pasatzen ziren, burdinazko berogailuaren ondora. Samek egurra botatzen zion, lehenago berak moztutakoa. Gofreak edo Samen tortilla berezia hartzen zuten, eta Lorettak zenbaitetan bagelak eta izokin-zerrak eramaten zituen. Orduak, egunak joaten ziren Samek bere istorioak kontatzen eta Annak zuzenketak eta iruzkinak egiten zituen bitartean. Batzuetan, atariko eguzkitan edo suaren berotan, gogorra zen esna jarraitzea.

Mexikoko etxea hormigoiz egin zuten, baina habeak eta armairuak zedrozkoak ziren. Lehenbizi gela handia egin zuten, sukalde-egongela. Zuhaitzak landatu zituzten, noski, eraikitzen hasi baino lehen ere. Bananondoak eta aranondoan, jakarandak. Hurrengo urtean logela bat erantsi zioten, urte batzuk geroago beste logela bat eta ikasgela bat Annarentzat. Oheak, aulkiak eta mahaiak zedroz eginak ziren. Etxera itzultzen ziren kanpoan lan egin ondoren, Mexikoko beste estatu batean. Eta etxea beti fresko zegoen, zedro usaina zeriola, zedrozko kutxatzar baten moduan.

Anna pneumoniak jo zuen eta ospitalean sartu behar izan zuten. Gaixorik egonda ere, Sam baino ez zuen gogoan, nola moldatuko zen hura ez bazegoen. Lorettak agindu zion ikustera joanen zela laneratu baino lehen, begiratuko zuela medizina eta gosaria hartzen zituela, afaria prestatuko ziola lanetik atera ondoren, eta ospitalera ekarriko zuela.

Makurrena zen Samek ez zuela hitzik egiten. Ohe ertzean esertzen zen, dar-dar, Lorettak janzten laguntzen ziola. Mekanikoki hartzen zituen pilulak eta anana zukua eta garbitzen zuen kokotsa gosaldutakoan. Arratsaldeetan, Loretta ailegatzen zenean, Sam haren zain zegoen, atarian zutik. Lehenengo Anna ikustera joan nahi zuen, eta gero afaldu. Ospitalean, Anna zurbil zetzan, txirikorda luze eta zuriak dilindan zituela, neskatxa baten gisara. Zain barnekoa, kateterra eta oxigenoa zituen. Ez zuen hitz egiten, baina bai irribarre, eta Sami eskutik heltzen zion horrek kontatzen zionean den-dena garbitu zuela, tomateak ureztatu zituela, leketan lastoa jarri zuela, platerak garbitu zituela eta limonada egin zuela. Etengabe mintzatzen zitzaion, ordu bakoitzean egindakoa kontatuz. Alde egindakoan, Lorettak eutsi behar izaten zion, behaztopaka eta dardarka ibiltzen baitzen. Etxerakoan, negar egiten zuen, hain zegoen kezkatuta. Baina Anna onik itzuli zen etxera, baratzeko lan handiak ardura bakarra zituela. Hurrengo igandean, hamarretakoa hartu ondoren, Lorettak eskua eman zuen baratzea jorratzen eta laharrak mozten. Loretta kezkaturik zegoen, eta Anna benetan gaixo bazegoen? Zer espero zezakeen adiskidetasun horretatik? Annak eta Samek elkarren premia izateak eta haien hauskortasunak tristatu eta hunkitzen zuen. Halako pentsamenduak etortzen zitzaizkion gogora lanean ari zela, baina gustura zegoen, hala ere, lur beltzean, eguzkia bizkar gainean. Sam bere istorioak kontatzen ari zen belar txarrak kentzen zituen bitartean ondoko errenkatik.

Loretta berandu joan zen haien etxera hurrengo igandean. Goiz altxatu zen, baina egiteko asko izan zituen. Etxean gelditzeko gogoa izan arren, ez zuen bihotzik izan deitzeko esateko ez zela joanen.

Aurrealdeko atea ez zegoen irekita, ohi bezala, eta, hortaz, baratzetik sartu zen, atzealdeko eskailera aldera. Baratzean miatu zuen begiradaz; tomate, kalabaza eta ilar ugari zituen. Erleak lo. Anna eta Sam atarian zeuden. Lorettak deitzeko imintzioa egin zuen, baina sutsuki ari ziren mintzatzen.

“Ez duk sekula ailegatu berandu. Agian ez duk etorriko.”

“Etorriko dun, bai… goiz pasa hauek oso inportanteak ditun harentzat.”

“Gaixoa. Bakarrik zagok zinez. Behar gaituk. Haren familia bakarra gaituk.”

“Nire istorioak maite ditin. Kaka. Gaur ez zaidan bat ere bururatzen.”

“Zer edo zer etorriko zaik…”

“Kaixo!” esan zuen Lorettak. “Nor dago etxean?”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina