2019(e)ko maiatzaren 16(a), osteguna

20. Azken eraztun-eramailea


Azken eraztun-eramailea
Kiril Eskov


4. KAPITULUA
Arnor, Amon Súl dorrea
Hirugarren Aroko 3010, azaroa

Hitzok gizon zahar, garai eta bizar zuri batek esan zituen, zeina soineko zilarrezko eta grisez jantzita baitzegoen, txanoa sorbalden gainean eroririk; hatz puntak mahai beltz obaleko azalaren gainean zituen pausaturik eta bizkar luzeko aulkietan eseritako beste lau pertsonek inguratuta zegoen, erdi itzaletan. Zeinu batzuen arabera, arrakasta izan zuen esandakoarekin eta Batzarra bere alde jartzea lortu zuen; beraz, orain, zutikako gizonaren begi urdin zulagarriek, zeinak kontraste argian baitzeuden aurpegiko pergamino itxurako azal horiztatuarekin, lau horietako bakarra zuten jomugan, orain azpikotu beharko zuena. Gizon hura, soineko zurian uzkurtua, tarte batera zegoen eserita, gainerako batzarkideengandik bereiz balego bezala; iduri zuen sukar handia zuela. Altxatu zen aulkiko besoei oratzen ziela, eta haren ahots sakon eta leunak durunditu zuen sabai ilunaren azpian:

“Ez zara haietaz errukitzen?”

“Nortaz?”

“Jendeaz, Gandalf, jendeaz! Ongi ulertu badut, Mordorko zibilizazioa heriotzara kondenatu duzu, onura handiago baten izenean. Baina jendeak osatzen du zibilizazio oro, eta den-denak garbitu nahi dituzu, salbuespenik gabe. Ez da hala?”

“Errukia aholkulari eskasa da, Saruman. Ez duzu Ispilura begiratu, besteok bezala?” Gandalfek hatzez seinalatu zuen mahaiaren erdian zegoen gauza handira, zeinak merkurioz betetako plater handi bat ematen baitzuen. “Bide asko daude etorkizunerantz, baina Mordorrek hartzen duena hartzen duela, hemendik hiru mendera, inork menderatu ezin izanen dituen indarrak askatuko ditu. Gustatuko litzaizuke berriz ikustea nola ematen dioten su, istant batean, Erdialdeko Lurralde osoari eta Mendebalde Urrunari?”

“Arrazoi duzu, Gandalf, eta ez litzateke txintxoa horrelakoa ukatzea. Baina nanoak ere garbitu beharko zenituzke, orduan: Sakoneko Izua esnatu zuten behin, eta gure magia guztia baliatu behar izan genuen ihesik egin ez zezan. Badakizu zeken bizardun horiek burugogorrak direla oso eta ez daudela pronto akatsetatik ikasteko.”

“Ongi bada, ez gaitezen mintza gerta daitekeenaz, saihestu ezinezkoaz baizik. Ez baduzu Ispilura begiratu nahi, begira ezazu ikatz-labeetatik eta kobre-findegietatik ateratzen den kera. Joan zaitez Núrnen-dik mendebaldera sortu dituzten gatz ordokietara eta saia zaitez landare bakar bat aurkitzen horko 500 milia koadrotan. Baina hobeki egun haizetsu batean joaten ez bazara, gatz-hautsek pareten modura jotzen baitute Mordorko zelaietan barna, dena itoz. Eta ohar zaitez hori hastapena baino ez dela; zer uste duzu eginen dutela gero?”

“Gandalf, umeek bazterrak nahasten dituzte beti. Hasieran pardel zikinak, gero jostailu apurtuak; geroago, etxeko erlojua birrindua; eta zer esanik ez pixka bat koskortzen denean. Umerik gabeko etxeak, ordea, txukun-txukunak dira, baina, haatik, hangoak ez daude sobera pozik horrekin, batez ere zahartu ahala.”

“Saruman, mira eginda uzten nauzu duzun abilezia maltzur horrekin beti besteen hitzei buelta emateko eta ageriko egiak sofismekin ezeztatzeko. Baina Valinorko Atarien izenean! Oraingo honetan ez. Erdialdeko Lurraldeko herri guztiak harmonian bizi dira naturarekin eta aurrekoek utzitakoarekin. Mehatxupean daude orain horiek guztiak eta haien bizimodua, eta nire betebeharra da hori kosta ahala kosta ekiditea. Otsoak bere arrazoiak izanen ditu nire ardien atzetik ibiltzeko, baina niri bost axola zaizkit!”

“Ni zu adina kezkatuta nago Gondorkoen eta rohirrimdarren patuarekin; baina aurrerago begiratzen dut etorkizunean. Izan ere, ez al dakizu zuk, Batzar Zuriko kide zaren horrek, ezagutza magikoa, berez, ezin dela hazi Aulëk eta Oromëk hasieran emandakoaren gainetik? Azkarrago edo mantsoago gal daiteke, baina inor ez da gauza galera hori saihesteko. Aztien belaunaldi bakoitza ahulagoa da aurrekoa baino; lehenago edo geroago, bere kasa egin beharko diote aurre naturari gizonek. Eta orduan Zientziaz eta Teknologiaz baliatuko dira, baldin eta erauzi ez badituzu ordurako.”

“Ez dute zientziaren beharrik! Munduaren harmonia hondatu eta gizonen arimak zimeltzen ditu!”

“Bitxia da arimaz eta harmoniaz hitz egitea nork eta gerra hasi nahi duen gizonak. Zientzia, ordea, ez da haientzat arriskutsua, ezpada zuretzat, edo, hobeki esanda, zure autoestimuarentzat. Izan ere, ez ote gara aztiok gure aurrekoek sortutakoaren kontsumitzaile, eta haiek, berriz, ezagutza berriaren sortzaile? Gu atzera begira gaude, haiek, aurrera. Magia aukeratu duzu zuk, eta, beraz, ez dituzu inoiz gurutzatuko Valarrek ezarritako mugak, baina zientziari esker, haien jakinduria, eta, hortaz, botera, mugarik gabekoa da. Bekaizkeriarik makurrenak janda zaude, artisau batek artista bati dionak alegia. Bada, seguru aski behar adinako arrazoia izanen da hori erailtzeko; ez zara ez lehenengoa, ez azkena.”

“Zuk zeuk ere ez duzu hori sinesten,” Gandalfek sorbaldak goratu zituen baretasunez.

“Ez, agian ez,” esan zuen Sarumanek buruz ukatuz. “Tira, erdi jasangarriak iruditzen zaizkit zikoizkeriak, botere-goseak edo zauritutako harrotasunak mugiarazitakoak, behintzat kontzientziaren ausikiak sumatzen baitituzte tarteka. Baina ezin beldurgarriagoak dira begiak dir-dir gizateriaren alde egitea erabaki duten entusiastak; halakoek mundua odolusten ahal dute dudarik txikiena izan gabe. Halakoen esaera kutunena da: 'Badaude bakea baino garrantzizkoagoak eta gerra baino izugarriagoak’. Iruditzen zait ezaguna egitez zaizula, ezta?”

“Onartzen dut erantzukizuna, Saruman; Historiak juzgatuko nau.”

“Juzgatuko zaitu, zalantzarik gabe; azken finean, zure banderapean irabaziko dutenek idatziko dute historia. Ez da malkartsua hori lortzeko bidea: Mordor inperio gaiztoa izan dadila, Erdialdeko Lurraldea menperatu gogo duena, eta hangoak munstro ez humanoak, otsoen gainean ibili eta gizakien haragia jaten dutenak…  Baina ni ez naiz historiaz ari, zutaz baizik. Utzidazu beste behin egiten Mordorko zibilizazio jakintsuari buruzko galdera zakarra. Ez dago zalantza izpirik ere suntsitu beharko dela, ‘erauzi errotik belar txarra', bestela egiteko horrek ez du zentzurik. Baina gustatuko litzaidake jakitea ea zuk, bai, zuk zeuk, parte hartuko duzun jorratze horretan: buruak mozteaz arduratuko zara? Isilik? Horrela jokatzen duzue zuek, gizateriaren ongileok! Taxutu bai taxutzen duzuela Azken Irtenbidea Mordorko arazoarentzat, baina martxan jartzeko orduan, itzalpean ezkutatzen zarete. Borreroak behar dituzue, gero higuinez esateko: ez dute tamainan jokatu…”

“Demagogiarik ez, Saruman,” soineko urdinez jantzita zegoenak, aulkitik, zakar moztu zuen, nahigabeturik, “eta begira ezazu Ispilura. Itsuentzat ere agerikoa da perila!  Mordor ez badugu orain geldiarazten, ezin izanen dugu sekula geldiarazi: hemendik berrogeita hamar urtera, ‘industria iraultza’ delako hori burutuko dute, ohartuko dira zenbait hauts nahastuz su artifizialak baino gehiago egin daitezkeela eta orduan gureak egin du.  Garaiezinak izanen dira haien armadak eta beste herrialdeek ahaleginak eta bi eginen dituzte ‘lorpen’ horiek kopiatzeko, eta horrek zer ez duen ekarriko… Mintza zaitez, zerbait esateko baduzu!”

“Batzarreko buruaren soineko zuria daramadan bitartean, esateko dudan guzti-guztia adituko duzue zuek,” erantzun zuen. “Izan ere, esan gabe doa munduaren patuan eskua sartuz aztiek sekula izan ez duten eskubidea bereganatu duzuela; alferrikakoa da hori nabarmentzea. Beraz, zuek ulertzeko moduan mintzatuko naiz.”

Aurrekoen gorputz-lengoaiak gaitzidura bizia islatu zuen, baina Sarumanek erabakita zuen diplomazia oro bazter uztea.

“Ikuspuntu tekniko batetik, sendoa dirudi Gandalfek Mordor itotzearren gerra luzea eta elikagaien blokeoa egiteko duen asmoak; baina, nolanahi ere, puntu ahul bat dauka. Halako gerra gogorra irabazi nahian, Mordorren kontrako koalizioak aliatu ahaltsu bat beharko du, eta, horretarako, gizakien aurreko garaitik lozorroan egon diren Botereak iratzarri gogo ditu: Sorgindutako Basoetako biztanleak, alegia. Hori, berez, erokeria hutsa da, Botere horiek ez baitira inoiz inoren morroi izan, baina, hori ere ez da garrantzitsua zuentzat. Garaipena bermatzeko, erabaki duzue Ispilua haien kontra jartzea gerrak irauten duen bitartean, parte-hartzaileek soilik baitute hura gerrarako erabiltzeko eskubidea. Hori erokeria bikoitza da, baina prest nago aukera hori ere kontuan ez hartzeko, baldin eta Gandalfek galdera bati erantzuten badio zentzuz: nola berreskuratu asmo du Ispilua, dena bukatutakoan?”

Gandalfek ideia baztertu zuen eskuz. “Problemak sortu ahala konpondu behar dira. Gainera, zergatik pentsatu behar dugu ez dutela Ispilua itzuliko? Zertarako behar dute?”

Isiltasuna nagusitu zen; Sarumanek ez zuen halako burugabekeria galanta aurreikusi.  Denek ontzat hartu zuten… Sarumanek, orduan, sentitu zuen martxoko izotz mehearen gainean mugitzen ari zela: kontuz ibili ezean erori eta korronteak berarekin eramanen zuen.

“Radagast! Baduzu zerbait esateko?” Laguntza eskea ematen zuen.

Buztin koloreko figura uzkurtu zen, kopiatzen harrapatu duten ikaslearen moduan, eta, baldar, saiatu zen zerbait ezkutatzen mahai azpian. Txilo haserre bat aditu zen, eta urtxintxa ume bat, Radagastek ziur aski denbora osoan ezkutuan eduki zuena, mahukan gora igo zitzaion. Haren sorbaldan eseri zen, baina lotsak hartutako oihaneko aztiak zerbait xuxurlatu zion, bekain iletsu bat beheratuz, eta animalia, txintxo-txintxo, soinekoaren barnean sartu zitzaion.

“Saruman maitea… barka iezaiozu gizon zahar honi, baina, em, ez naiz adi-adi egon… Besterik gabe, ez hasi borrokan, ados?  Esan nahi baita, gure artean liskarrean ibiliz gero, zer gertatuko zaio munduari, e? Tira. Eta Sorgindutako Basoetakoei dagokienez, bada, ez zaizu iruditzen, badakizu, sobera gogor juzgatu dituzula? Gogoan dut gaztea nintzelarik ikusi nituela, urrutitik, noski, baina, ongi oroitzen banaiz ez ziruditen arriskutsuak; bitxi samarrak, akaso, baina nork ez du bere bitxikeria? Gainera, beti txoriekin eta animaliekin ibiltzen dira, ez zure Mordorkoak bezala… Beraz, pentsatzen dut kontua horren txarra ez dela, e?”

“Bada, erabakita dago,” deklaratu zuen Sarumanek, eta esku-ahurra aurpegiaren kontra irristatu zuen, amaraun higuingarri bat kendu nahi izan balu bezala. Haren alde atera zitekeen bakarra. Ez zitzaion indarrik gelditzen borrokan jarraitzeko; bukatu zen, izotz azpian zegoen.

“Gutxiengoa ere ez zara, Saruman; areago, bakarrik zaude. Jakina, esateko duzun guztia erabat baliagarria zaigu.” Gandalfen ahotsari errespetu aizuna zerion. “Jardun dezagun Ispiluaz orain; kontu korapilatsua da oso, zalantzarik gabe…”

“Hori zure arazoa da, Gandalf.” Saruman bare baina irmo mintzatu zen, mithrilezko orratza erretiratzen zuela lepopetik. “Aspalditik zabiltza Soineko Zuriaren atzetik. Hemen duzu, bada. Egizu egokien jokatzen duzun moduan, baina nik Batzordea utziko dut.”

“Orduan zure menpekoek boterea galdu dute, badakizu!” oihukatu zuen Gandalfek haren bizkarretik; argi zegoen harrituta zegoela eta ez zuela bere betiereko aurkaria ulertzen.

Saruman biratu zen eta azken begirada bota zion Batzar Zuriaren gela ilunari. Soineko zuriaren ertza lurrera erori zen besaulkitik behera, ilargiak zilarreztatutako ura iturri batean bezala; mithrilezko orratzak dir-dir egin zuen, diosal moduan, eta itzali zen. Radagast, haren atzetik segitzeko altxa zitekeen bakarra, izozturik zegoen, ez aurrera ez atzera, besoak modu xelebrean irtenda zituela; aztiak txikia eta mixerablea zirudien une horretan, ume bat gurasoen sesio batean bezala. Sarumanek, orduan, adierazi zuen beste Mundu batean egoera berdintsu batean esan zen gauza berbera :

“Egin behar duzuena krimena baino okerragoa da. Hutsegitea da.”

Hortik aste batzuetara, Mordorko inteligentzia zerbitzuek adierazi zuten iparraldeko oihanetako ertzetan “elfo” batzuk agertu zirela: urre koloreko izaki segail batzuk, eztizko ahotsak eta permafrosteko begiak zituztenak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina