2020(e)ko irailaren 16(a), asteazkena

26. Zeruko bidea


ZERUKO BIDEA

Roal Dahl


Bizitza osoan zehar, Foster andreak beldur ia patologikoa zion berandu iristeari, dela tren bat, hegazkin bat edo itsasontzi bat hartzerakoan, dela antzezlan batera joaterakoan. Bestela ez zen bereziki asaldatzen, baina kasu haietan berandu iritsiko zela pentsatze hutsak halako aztoramena eragiten zion, non keinuka eta guzti hasten baitzen. Ez zen oso kontu handia, muskulu kilikabera txiki bat ezkerreko begiaren ertzean, besterik ez, begia sekretuan kliskatuko balu bezala. Baina gogaikarriena zen keinua ez zela desagertzen ordu batez edo, trena edo hegazkina edo dena delakoa hartuta ere.


Izugarria da zenbait pertsonaren baitan nola bilakatzen den obsesio, obsesio larri gainera, horrelako beldur txiki bat, trena galtzearena esaterako. Etxetik geltokira abiatu baino ordu erdi bat lehenago, gutxienez, Foster andrea igogailutik ateratzen zen, kanpora irteteko prest, jantziak zituela kapela, berokia eta eskularruak, eta orduan, eserita gelditu ezinik, gelaz gela ibiltzen zen egonezinaren egonezinez, harik eta senarrak, emaztearen egoera sobera ezagutuko zuenak, bere gelatik atera eta ahots hotz eta lehorrean iradokitzen zuen arte agian ideia ona izanen zela abiatzea, edo zer iruditzen zitzaion.


Foster jaunak ernegatua egoteko eskubidea izanen zuen, seguru asko, emaztearen jokabide txotxolo horregatik, baina ez zuen desenkusarik emakumearen sufrimendua areagotzeko beharrik gabe itxoiten utziz. Barkatu, ezin da ziurtzat hartu horrelakorik egiten zuenik, baina norabait joatekoak ziren aldiro, senarraren denborak hain ziren zehatzak –komeni baino bizpahiru minutu beranduago ibiltzen zen, ulertzen badidazu–, eta haren jokamoldea hain zen leuna, non zaila suertatzen baitzen sinestea ez zela emazte gaixoa pixka bat torturatzen ari berariaz. Eta gutxienez gauza bat jakinen zuen gizonak: emaztea ez zitzaion inolaz ere ausartuko oihuka hastera eta arinago ibiltzeko esatera. Senarrak ongi baino hobeki zeukan hezia. Halaber, gizonak jakinen zuen ezen, behar baino istant bat beranduago itxoiteko prest bazegoen, ia histeriaraino eramanen zuela emakumea. Elkarrekin ezkonduta bizi izandako azken urteotan, bizpahiru aldi berezitan, irudi zuen trena propio galtzeko gogoa izan zuela, emakume gaixoaren sufrikarioa areagotzeagatik.


Senarra erruduna zela onartzen badugu (nahiz eta ezin seguru egon), portaera hori bi aldiz ulergaitzagoa zen jakinda Foster andrea, ahuldade txiki eta menderaezin hura kenduta, emazte ona eta maitekorra izan zela beti. Hogeita hamar urtez baino gehiagoz, leiala eta zintzoa izan zitzaion. Zalantza izpirik ez. Emaztea bera ere bazen horretaz jakitun, emakume apala izan arren, eta, hainbat urtetan ez zion bere buruari pentsatzen utzi Foster jaunak apropos oinazetuko zuela; baina, azken bolada hartan ohartua zen noiz edo noiz horren inguruan hausnartzen ari zela.


Ia hirurogeita hamar urte zituen Eugene Foster emaztearekin bizi zen sei solairuko etxe erraldoi batean, New York hirian, Ekialdeko Hirurogeita Bigarren kalean, eta lau zerbitzari zituzten. Toki goibela zen, eta inor gutxi joaten zitzaien bisitan. Baina urtarrileko goizalde hartan, etxea bizi-bizirik zegoen, eta zalaparta han eta hemen entzuten zen. Neskame bat maindireak banatzen ari zen gela guztietan, eta beste batek altzarien gainean zabaltzen zituen hautsetik babesteko. Otsein nagusia maletak jaitsi eta atalondoan uzten ari zen. Sukaldaria sukaldetik ateratzen zen behin eta berriz, otseinarekin hitzen bat trukatzeko, eta Foster andrea bera ere, modatik joana zen ilezko beroki bat eta buru gainean kapela beltz bat jantzita, gela batetik bestera zebilen lasterrean, lan horiek ikuskatzen ariko balitz bezala. Hala ere, gogoan zeukan gauza bakarra zen hegazkina galduko zuela senarra bulegotik ez bazen berehala ateratzen bere burua prestatzera.


“Zer ordu da, Walker?” galdetu zion otseinari bere ondoan pasatu zela.


“Bederatziak eta hamar, andrea.”


“Eta autoa iritsi da?”


“Bai, andrea, zain dago. Maletak sartzera nindoan.”


“Idlewild aireportura iristea ordu bat kostatzen da,” esan zuen emakumeak. “Hegazkina hamaiketan aterako da. Ordu erdi bat lehenago egon behar dut hor, paperak egiteko. Berandu iritsiko naiz. Badakit berandu iritsiko naizela.”


“Uste dut denbora nahikoa daukazula, andrea,” esan zuen otseinak atsegintasunez. “Esan diot Foster jaunari bederatziak eta laurdenean atera beharko zenuketela. Bost minutu gehiago dauzkazue oraindik.”


“Bai, Walker, badakit, badakit. Baina, mesedez, sar itzazu maletak ahalik eta azkarren.”


Foster andrea ezkaratzean gora eta behera hasi zen, eta otseinari ordua galdetzen zion sartzen zen bakoitzean. Hegazkin hori, esaten zion bere buruari etengabe, hegazkin hori ez zeukan galtzerik, hori ez. Hilabeteak kostatu zitzaion senarra konbentzitzea joaten utz ziezaion. Galtzen bazuen, gizonak erabakitzen ahalko zuen kontu osoa bertan behera uztea. Eta arazoa zen senarrak aireportura joan nahi zuela agur esatera.


“Jainko maitea,” esan zuen ozenki, “galdu eginen dut. Badakit, badakit. Badakit galduko dudala.” Ezkerreko begiaren ertzean zegoen muskulua keinuka zebilen eroen modura. Begietan malkoak edozein mementotan ziren agertzekoak.


“Zer ordu da, Walker?”


“Eta hemezortzi minutu, andrea.”


“Orain zinez galduko dut!” oihukatu zuen. “Oi, etor dadila lehenbailehen.”


Bidaia hura garrantzitsua zen Foster andrearentzat. Bakarrik joanen zen Parisera alaba bisitatzera, alaba bakarra, Frantziara ezkondu baitzen. Foster andreari suhi frantziarra ez zitzaion gehiegi axola, baina alaba maite zuen, eta are gehiago, hiru bilobak ikusteko grina gero eta handiago hazten zitzaion barnean. Argazkietatik baino ez zituen ezagutzen, eta jasotakoan etxeko txoko guztietan paratzen zituen. Umeak ederrak ziren. Txoratuta zegoen haiekin, eta beste argazki bat iristen zen guztietan, emakumeak noranahi eramaten zuen eta hari begira geratzen zen denbora luzez, maitekiro, aurpegi txiki haiek aztertuz, ea topatzen zituen odolaren antzaren arrasto asegarri haiek, horrenbesteko garrantzia dutenak. Eta aspaldi hartan, gero eta argiago sentitzen zuen ez zuela han bizi nahi, ume horiengandik hurbil egon gabe, haien bisitarik jaso gabe, paseoak ematera hartu gabe, oparitxoak egin gabe eta koskortzen ikusi gabe. Jakin bazekien, noski, hori gaizki zegoela, eta senarra bizi zen bitartean horrelako pentsamenduak izatea desleiala zela. Halaber, bazekien senarrak ez zuela inoiz New York utziko Parisera bizitzera joateko, nahiz eta orduan ez ziharduen garai batean izan zituen enpresa haietan. Mirari hutsa zen baimena eman izana bakarrik bidaiatzeko eta sei asteko bisita egiteko. Baina, oi, zeinen gustura biziko zen hor betiko, haiengandik hurbil.


“Walker, zer ordu da?”


“Eta hogeita bi minutu, andrea.”


Hori zioela, ate bat ireki eta Foster jauna sartu zen ezkaratzean. Ez zen mugitu une batez, emazteari tinko begiratzen zion bitartean. Hark begirada itzuli zion senarrari, txikia baina oraindik ere txairoa zen gizon xahar hari, Andrew Carnegie-ren argazki zaharren antz harrigarri hura zeukan aurpegi bizardun erraldoi hari.


“Tira,” esan zuen gizonak, “uste dut agian hobe dela mugitzen hastea hegazkin hori hartu nahi baduzu.”


“Bai, maitea, bai! Dena prest dago. Autoa zain daukagu.”


“Oso ongi,” esan zuen. Burua albo batera makurtuta, tentuz begiratu zion emazteari. Burua modu berezian okertzeko joera zeukan, astinaldi azkar eta txikiak emanez. Horregatik eta eskuak jartzeko moduagatik ere, bularraren parean eta elkarri helduta, katagorri bat ematen zuen nolabait, Central Parkeko katagorri zahar, bizkor eta maliziatia.


“Hemen dago Walker zure berokiarekin, maitea. Jantz ezazu, mesedez.”


“Segundo batean itzuliko naiz,” esan zuen gizonak. “Eskuak garbitzera noa.”


Emakumea haren zain geratu zen, eta otsein garaiak bere ondoan jarraitu zuen, berokia eta kapela eskuetan.


“Walker, galduko dut, ezta?”


“Ez, andrea,” esan zuen otseinak. “Uste dut moldatuko zarela.”


Orduan Foster jauna berriz agertu zen, eta otseinak lagundu zion berokia janzten. Foster andrea lasterrean atera eta alokatutako Cadillac-en sartu zen. Senarra haren atzetik etorri zen, baina emeki zihoan eskaileretan behera, eta erdibidean gelditu zen zerura begiratzeko eta goizaldeko aire freskoa usnatzeko.


“Lainotsu samar dirudi,” esan zuen emaztearen ondoan esertzen ari zela autoaren barrenean. “Eta beti okerrago dago aireportu aldean. Ez nintzateke harrituko hegaldia bertan behera utzita balego.”


“Ez esan horrelakorik, mesedez.”


Ez ziren berriz mintzatu autoak ibaiaren gaineko zubia zeharkatu arte, Long Islanden.


“Dena konpondu dut zerbitzariekin,” esan zuen Foster jaunak. “Gaur, egun librea izanen dute, eta sei astez soldata erdian edukiko ditugu. Walkerri esan diot telegrama bat bidaliko diodala jakinarazteko noiz diren itzultzekoak.”


“Bai,” esan zuen emazteak. “Gaztigatu dit.”


“Klubera joanen naiz gaurtik aurrera. Aldaketa polita izanen da klubean geratzea.”


“Bai, maitea. Idatzi eginen dizut.”


“Noiz edo noiz etxera joanen naiz ikustera dena ongi dagoela eta gutunak hartzera.”


“Baina ez zaizu iruditzen hobe dela Walker hor geratzea gu itzuli arte gauzak zaintzeko?”


“Txorakeriak. Ez da batere beharrezkoa. Eta hala soldata osoa ordaindu beharko nioke.”


“Oi, bai,” esan zuen emazteak. “Jakina.”


“Are gehiago, ez dago jakiterik jende hori zertan dabilen etxean bakarrik uzten dituzunean,” iragarri zuen Foster jaunak, eta horrekin batera puru bat atera zuen eta, zilarrezko aizto batekin muturra kendu ondoren, urrezko pizgailu batekin piztu zuen.


Emakumea geldi-geldi zegoen eserita autoan, eskuak elkarri hartuta estalki baten azpian.


“Idatziko didazu?” galdetu zion senarrari.


“Ikusiko dut,” erantzun zion. “Baina ez dut uste. Badakizu, ezin dut ezer idatzi ez badago gauza zehatz bat adierazteko.”


“Bai, maitea, badakit. Ez hartu nekea”.


Aurrera segi zuten Queen's Boulevarden zehar, eta Idlewildeko padura zelaira hurbildu ahala, lainoa gero eta trinkoago bilakatzen ari zen, eta autoak motelago joan behar izan zuen.


“Ai ene!” oihukatu zuen Foster andreak. “Orain seguru nago galduko dudala! Zer ordu da?”


“Ez hasi orain purrustaka, gero!” esan zuen gizon zaharrak. “Ez du inporta. Edonola ere bertan behera utziko dute. Honelako eguraldiarekin ez dira inoiz ateratzen. Ez dakit zergatik etorri zaren ere.”


Emaztea ezin zen seguru egon, baina iruditu zitzaion senarraren ahotsean doinu berri bat zegoela, eta hari begira jartzeko biratu zen. Zaila zen inolako aldaketarik antzematea ile horren guztiaren azpian. Ahoa zen gakoa. Horren aurretik hainbestetan gertatu zitzaion bezala, ahoa garbi ikusteko gogoa izan zuen. Begiek ez zuten ezer erakusten, amorrualdietan izan ezik.


“Jakina,” jarraitu zuen gizonak, “txiriparen txiripaz hegazkina aterako balitz, ados nengoke zurekin: galduko zenuke. Zergatik ez zaizu behingoz kaskoan sartzen?”


Emakumeak burua beste aldera biratu eta lainora begiratu zuen leihotik. Bazirudien gero eta trinkoagoa zela denborak aurrera egin ahala. Orain ezin zuen ezer bereizi, errepidearen bazterra eta haragoko belarrak izan ezik. Bazekien berari begira zeukala senarra. Begiratu bat bota zion gizonezkoari, eta nolabaiteko lazturaz ohartu zen hango hartan senarrak tinko begiratzen zuela ezkerreko begiaren ertzera, muskulua keinuka sumatzen zuen tokira.


“Ez da hala?” esan zuen gizonak.


“Zer ez da hala?”


“Seguru galduko zenukeela orain, aterako balitz. Ezin gara oso azkar ibili laino honen azpian.”


Senarrak ez zion hitz gehiagorik egin horren ondoren. Autoak aurrera eta aurrera segitzen zuen, arrastaka. Gidariak argi bat zeukan errepidearen bazterrera zuzendua, eta horrek laguntzen zion mugitzen. Beste argi batzuk, zuriak edo horiak, laino artetik ateratzen ziren, eta bereziki distiratsua zen bat haien atzetik zebilen, denbora osoan hurbil.


Bat-batean, gidariak autoa gelditu zuen.


“Begira!” esan zuen Foster jaunak. “Ez atzera, ez aurrera. Banengoen bada ni!”


“Ez, jauna,” esan zuen gidariak buelta emanda. “Iritsi gara. Aireportua da hori.”


Hitz erdirik esan gabe, Foster andreak salto batez atera eta laster egin zuen sarrera nagusian gora eraikinaren barneraino. Hor jende piloak zeuden txartel-mostradoreen ondoan; gehienak bidaiari nahigabetuak ziren. Bultzaka aurrera egitea lortuta, konpainiako langilearekin hitz egin zuen.


“Bai,” esan zion. “Hegaldia behin-behinekoz atzeratu da. Baina ez urrundu gehiegi, mesedez. Uste dugu edozein unetan atertuko duela.”


Oraindik autoaren barnenean eserita jarraitzen zuen senarrarengana itzuli zen eta berriak kontatu zizkion. “Baina ez zaitez hemen itxoiten gelditu, maitea,” esan zion emakumeak. “Horrek ez dauka zentzurik.”


“Ez, bada,” erantzun zion. “Gidariak bueltan eramaten ahal banau, behintzat. Itzultzen ahal zara, gidari?”


“Hala uste dut” esan zuen gizonezkoak.


“Maletak kanpoan daude?”


“Bai, jauna.”


“Agur, maitea,” esan zuen Foster andreak, autoaren barruan makurtu eta senarrari masail iletsuan musu txiki bat ematen ziola.


“Agur,” erantzun zion. “Bidaia on izan dezazula.”


Autoa urrundu eta Foster andrea bakarrik gelditu zen.


Egunaren gainerakoa nolabaiteko amesgaiztoa izan zen emakumearentzat. Orduak eta orduak eman zituen eserita, ahalik eta hurbilen konpainiaren mostradoretik, eta hogeita hamar minutuan behin edo, langileari galdetzen zion ea egoera aldatu zen. Erantzun berbera jasotzen zuen aldiro: zain jarraitu beharra zegoela, lainoa edozein unetan altxatzen ahal zelako. Arratsaldeko seiak arte bozgorailuak ez zuen iragarri hegaldia atzeratu zela biharamuneko goizeko hamaikak arte.


Foster andreak ez zekien oso ongi zer egin hori entzundakoan. Gutxienez beste ordu erdi bat eman zuen eserita, era nekatu eta lausotuan bere buruari galdezka non pasatuko zuen gaua. Aireportua utzi behar izateko ideia gorrotatzen zuen. Ez zeukan senarra ikusteko gogorik. Ikaratuta zegoen pentsatuz modu batean edo bestean azkenean eragotziko ziola Frantziara joatea. Gustatuko zitzaion zegoen tokian jarraitzea, eserlekuaren gainean gau osoan. Hori seguruena zen. Baina dagoeneko lur jota zegoen, eta denbora asko iragan gabe ere, ohartu zen lelokeria hutsa zela adineko emakume batek horrela jokatzea. Beraz, telefono bat bilatu eta etxera deitu zuen azkenean.


Senarrak berak hartu zuen telefonoa, klubera joatekoa zenean. Emazteak berriak kontatu eta galdetu zion ea zerbitzariek jarraitzen zuten etxean.


“Guztiek egin dute alde,” erantzun zion senarrak.


“Orduan, maitea, gela bat bilatuko dut nonbait gaua pasatzeko. Ez zaitez ezertaz kezkatu.”


“Ergela litzateke hori,” esan zion. “Etxe eder bat daukazu hemen zuretzat. Erabil ezazu.”


“Baina, maitea, hutsik dago.”


“Orduan neu geratuko naiz zurekin.”


“Baina ez dago jatekorik, ez dago deus.”


“Orduan jan ezazu etorri aurretik. Ez izan hain leloa, emakumea. Badakizu zer buila ateratzen duzun edozein gauza egiteko?”


“Bai,” esan zuen emaztea. “Arrazoi duzu. Sandwich bat hartuko dut hemen eta gero joanen naiz.”


Kanpoan lainoa pixka bat jaso zen, baina, halere, taxizko itzulera luzea eta motela izan zen, eta berandu arte ez zen ailegatu Hirurogeita Bigarren kaleko etxeraino.


Senarra bulegotik atera zen emaztea iritsi zela entzundakoan. “Tira,” esan zion bulegoko atetik, “zer moduz Parisen?”


“Goizeko hamaiketan abiatuko gara,” emazteak. “Ez dago beste erremediorik.”


“Atertzen badu, esan nahiko duzu.”


“Atertuz doa. Badabil haizea.”


“Nekaturik ematen duzu,” esan zion senarrak. “Egun osoan urduri batean egonen zinen.”


“Oso atsegina ez da izan. Uste dut zuzenean joanen naizela lotara.”


“Beste auto bat eskatu dut biharko,” esan zion senarrak. “Bederatzietarako.”


“O, mila esker, maitea. Baina espero dut ez dezazula aireporturaino joateko nekea har, niri agur esateko.”


“Ez,” esan zuen motel. “Ez dut uste hori eginen dudanik. Baina ez dut problemarik ikusten bide batez kluberaino eraman ez nazazun.”


Emakumeak begiratu zion, eta iruditu zitzaion une hartan oso urrun zegoela berarengandik, muga batez harago. Bat-batean hain txikia eta urruna zen, ezen Foster andreak ez zekien oso ongi zertan zebilen, edo zer uste zuen, edo nor zen ere.


“Baina kluba hiriaren erdialdean dago,” esan zion. “Aireportura joateko kontrako norabidean.”


“Baina denbora asko izanen duzu, maitea. Ez nauzu klubean utzi nahi?”


“Oi, bai. Jakina.”


“Oso ongi. Orduan goizeko bederatzietan ikusiko zaitut.”


Emakumea bigarren solairura joan zen, bere logelara. Ohearen gainean etzan eta segituan lokartu zen, hain zegoen ahiturik halako egun baten ondoren.


Hurrengo egunean, Foster andrea goiz esnatu zen, eta zortzi eta erdietarako atalondoan zegoen, ateratzeko prest.


Bederatziak pasatxo agertu zen senarra. “Kaferik prestatu duzu?” galdetu zion.


“Ez, maitea. Uste nuen klubean gosalduko zenuela. Autoa hemen dago, zain. Ni ateratzeko prest nago dagoeneko.”


Ezkaratzean zeuden –ematen zuen ezkaratzean elkartzen zirela beti azken bolada hartan–, emakumeak kapela, berokia eta poltsoa zituela, eta gizonak, berriz, Edward estiloko jaka bitxi bat, papar-hegal luzekoa.


“Eta maletak?”


“Aireportuan.”


“A, bai,” esan zuen gizonak. “Jakina. Eta klubera eramaten banauzu, hobe dugu ahalik eta lasterren abiatzea, ezta?”


“Bai!” oihukatu zuen emakumeak. “O, bai, mesedez!”


“Tabakoa hartzera noa. Oraintxe bertan itzuliko naiz. Sar zaitez autoan.”


Emakumea biratu eta autora joan zen. Txoferrak autoko atea ireki zion hurbiltzen ikusi zuenean.


“Zer ordu da?” galdetu zion.


“Gutxi gorabehera, bederatziak eta laurden.”


Foster jauna bost minutu geroago agertu zen, eta eskaileretan behera poliki-poliki zihoala begiratu zionean, Foster andrea ohartu zen haren hankak ahuntz batenak bezalakoak zirela zeramatzan praka estu haien barrenean. Aurreko egunean bezala, erdibidean gelditu zen airea usnatzeko eta zerua aztertzeko. Eguratsa ez zen erabat garbia oraindik, baina laino artean eguzki izpiren bat atzematen zen.


“Agian zortea izanen duzu gaurkoan,” esan zion emazteari haren ondoan kokatzen zela autoaren barnean.


“Arin, mesedez,” esan zion emakumeak txoferrari. “Ez kezkatu tapakiaz. Moldatuko naiz tapakirik gabe. Arranka ezazu, mesedez. Berandu iritsiko naiz, bestela.”


Gizona bere lekura itzuli zen, bolantearen atzealdera eta motorra martxan jarri zuen.


“Segundotxo bat! Esan zuen bat-batean Foster jaunak. “Zaude segundo batez, txofer, mesedez.”


“Zer gertatzen da, maitea?” Emakumeak ikusi zuen berokiko patrikak miatzen ari zela.


“Opari txiki bat neukan Elleni eman zeniezaion,” esan zuen. “Non arraio dago orain? Seguru nago eskuan nuela jaitsi naizenean.”


“Ez dut ikusi ezer eramaten zenuenik. Nolako oparia da?”


“Kutxa txiki bat, paper zurian bildua. Atzo ematea ahaztu nuen. Ez dut gaur ere ahaztu nahi.”


“Kutxa txiki bat!” oihukatu zuen Foster andreak. “Ez dut ikusi inolako kutxa txikirik!” Eroen antzera bilatzeari ekin zion autoaren atzeko partean.


Berokiko patriketan bilatzen jarraitu zuen senarrak. Gero, berokiko botoiak askatu eta jaka aldean haztatu zuen. “Nahastu naiz,” esan zuen. “Logelan utziko nuen. Segundo bat besterik ez da izanen.”


“Oi, mesedez!” oihukatu zuen emakumeak. “Ez daukagu astirik! Mesedez, utzi ezazu! Postaz bidaltzen ahal diozu. Orrazi txatxu horietako bat izanen da, gainera. Orraziak oparitzen dizkiozu beti.”


“Eta zer gertatzen da orain nire orraziekin?” esan zuen senarrak suminez, emakumeak behingoagatik bere buruari eutsi ez ziolako.


“Ezer ez, maitea. Baina...”


“Gera zaitez hemen!” agindu zion. “Haren bila noa.”


“Azkar, maitea! Oi, mesedez, arindu zaitez!”


Eserita jarraitu zuen, geldi, zain eta zain.


“Txofer, zer ordu da?”


Gizonak erloju bat zeukan eskumuturrean. Begiratu eta esan zuen: “Nirean bederatzi eta erdiak.”


“Ordu batean iristen ahal gara aireportura?”


“Hortxe-hortxe.”


Une hartan, bat-batean, Foster andreak gauza zuri baten ertza ikusi zuen, eserlekuaren zirrikitu batean sartuta, senarra eseri zen tokian. Makurtu eta paperez bildutako kutxa txiki bat atera zuen. Aldi berean, ezinbestean sumatu behar izan zuen irmo eta sakon zegoela sartuta, esku batek hala bultzatu izan balu bezala.


“Hementxe dago!” oihukatu zuen. “Aurkitu dut! Oi, maitea, eta orain betiko ariko da goian haren bila. Txofer, bizkor, joan zaitez eta esaiozu etortzeko, mesedez!”


Kontu hura ez zitzaion gehiegi axola matxino itxurako aho irlandar txikia zeukan txofer hari, baina, halere, autotik atera eta eskailerak igo zituen, etxeko ate nagusiraino. Gero buelta erdia eman eta itzuli zen. “Atea itxita dago,” iragarri zion. “Giltzarik?”


“Bai, zaude minutu batez.” Poltsoan haren xerka hasi zen eroen pare. Emakumearen aurpegi txikia estutua zegoen hersturagatik, eta ezpainak aurrerantz zituen irtenak, moko baten antzera.


“Hemen dago! Ez, neu joanen naiz. Azkarragoa izanen da. Badakit non dagoen.”


Lasterrean autotik aldendu eta mailak igo zituen aurrealdeko ateraino, giltza esku batean zeukala. Giltza sarrailan sartu eta, biratzeko zorian zegoenean, gelditu egin zen. Burua altxatu eta zirkinik egin gabe geratu zen toki berean, gorputza geldi-geldirik giltza biratzeke eta etxean sartzeke presazko korrikaldi haren erdian. Eta itxoin egin zuen: bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar segundoz esperoan geratu zen. Hor egoteko modu harengatik, burua airean gora eta gorputza tente, ematen zuen entzuten ari zela, etxe barreneko toki urrun batetik une bat lehentxeago aditu zuen soinu baten errepikapena entzuten ari zela.


Bai, argi zegoen entzuten ari zela. Postura osoa entzuten ari den batena zen. Belarri bat, irudiz, ateraino hurbildu zuen. Atearen kontra jarri zuen, bai, eta jarrera hartan beste segundo gutxi batzuetan jarraitu zuen: burua gora, belarria atean, eskua sarrailan, sartzeko puntuan baina sartu gabe; eta sartu ordez, behintzat hala ematen zuen, entzuten ahalegintzen ari zen, bai eta etxe barren-barrenetik zetozen soinu ahul batzuk aztertzen ere.


Orduan, supituki, piztu egin zen berriz. Giltza atera zuen sarrailatik eta eskaileretan behera etorri zen korrika.


“Beranduegi da!” oihukatu zion txoferrari. “Ezin naiz haren zain geratu. Ezin dut eta kito. Hegazkina galduko dut bestela. Arin-arin orain, txofer! Goazen aireportura!”


Gidariak, tentuz behatu izan balio, ohartuko zatekeen emakumeari begitartea guztiz zurbildu zitzaiola eta aurpegiera osoa bestelakoa zela bat-batean. Begirada bigun eta txotxolo hura aienatu zen. Gogortasun bitxi bat nagusitu zitzaion keinuetan. Aho txikia, gehienetan pattala, orain zorrotza eta mehea zen, begiak distiratsuak ziren eta ahotsak, hitz egiten zuenean, autoritate doinu berri bat zeraman.


“Arin, txofer, arin!”


“Senarra ez al zen zurekin joatekoa?” galdetu zion gizonak harriturik.


“Ez, bada! Klubean utzi behar nuen. Berdin dio. Ulertuko du. Taxi bat hartuko du. Baina ez zaitez hor geratu, motel. Arrankatu! Hegazkin bat hartu behar dut Pariseraino!”


Foster andreak atzeko eserlekutik akuilatuta, gidariak azkar gidatu zuen bide osoan, eta emakumeak hegazkina hartu zuen artean zenbait minutu soberan zituela. Berehala Atlantikoaren gainean zegoen, hegazkineko eserlekuan eroso kokatuta, motorren burrunba entzunez, azkenean Parisko bidean. Aldarte berriak oraindik irauten zion. Sendo sentitzen zen, eta, era bitxi batean, zoragarri ere bai. Kontu guztiarekin arnasarik gabe zegoen pixka bat, baina harriduraren ondorioz batez ere, egin berri zuenagatik. Eta hegazkina New Yorketik eta Ekialdeko Hirurogeita Bigarren kaletik urrundu ahala, baretasun zentzu bat nagusitzen joan zitzaion barnetik. Parisera iritsi orduko, nahi bezain sendo, hotz eta bare zegoen.


Bilobak ezagutu zituen bertatik bertara, eta hezur eta mamian argazkietan baino ederragoak ziren. Aingeruak bezalakoak ziren, esan zion bere buruari, hain ziren politak. Eta egunero-egunero hartzen zituen paseoak emateko, eta pasteltxoak erosten zizkien, eta opariak egiten zizkien eta istorio liluragarriak kontatzen zizkien.


Astean behin, astearteetan, senarrari gutun bat idazten zion –gutun polita eta atsegina–, berriz eta txutxu-mutxuz betea, eta ondoko hitz hauekin bukatzen zuen: “Orain, kontuz ibili eta egin otorduak egin behar direnean, laztana, baina susmoa dut ni kanpoan egonda ez duzula hala eginen.”


Sei asteak iragan zirenean, mundu guztia tristatu zen Amerikara senarrarekin itzuli behar zuelako. Hau da, mundua guztia Foster andrea izan ezik. Harrigarriro, ez zirudien hainbeste inporta zitzaionik, espero zen adina, behintzat, ez. Eta agur esaterakoan denei musu bana eman zienean, haren portaeran eta esan zituen gauzetan zerbaitek iradokitzen zuen, nonbait, itzultzen ahalko zela etorkizunean, eta ez oso berandu.


Dena dela, hain emazte fidela izanik, ez zen behar baino gehiagotan geratu. Iritsi zenetik justu sei aste pasa zirenean, senarrari telegrama bat bidali zion eta hegazkin bat hartu zuen New Yorkera itzultzeko.


Idlewildera ailegatutakoan, Foster andrea gogo onez ohartu zen ez zeukala inolako autorik bere zain. Baliteke zertxobait pozik ere egon izana. Baina bare-bare zegoen, eta maletak taxian sartzen lagundu zion mandatariari ez zion behar baino eskupeko handiagorik eman.


New York Paris baino hotzagoa zen, eta kale erretenetan elur zikinaren multzoak metatzen ziren jada. Taxiak Ekialdeko Hirurogeita Bigarren kaleko etxeraino eraman zuen, eta Foster andreak gidariari esan zion bi maleta handiak eskailerabururaino eraman ziezazkiola. Gero, ordaindu zion eta txirrina jo zuen. Itxoin arren, ez zegoen erantzunik. Ziurtatzeko, berriz jo zuen, eta tintin zorrotzaren oihartzuna aditu zuen urrun, etxeaz bestaldean zegoen jakitegian. Hala ere, inor ez zen agertu.


Orduan, giltza hartu eta atea ireki zuen bere buruz.


Sartutakoan, gutunak izan ziren ikusi zuen lehendabiziko gauza; pilo batean zeutzan ate aurrean, posta zirrikitutik erori ondoren. Etxea ilun eta hotz zegoen. Hautsetarako maindire batek jarraitzen zuen zutikako erlojuaren gainean. Hotza gorabehera, giroa bereziki itogarria zen, eta airean usain ahula eta bitxia hautematen zen, lehenago usaindua ez zuena.


Ezkaratza zeharkatu zuen azkar, eta ezkerreko kantoiaren atzetik desagertu zen, etxearen atzeko aldean. Jokatze hark berariazkoa eta gibel-asmokoa zirudien, zurrumurrua ikertzera edo susmoa berrestera doanaren itxura baitzeukan emakumeak. Eta, segundo batzuk geroago itzuli zenean, poztasunaren distira ageri zitzaion aurpegian.


Ezkaratzaren erdian gelditu zen une batez, hurrengoan zer egin beharko zuen pentsatzen ariko balitz bezala. Gero, bat-batean, biratu eta senarraren bulegora abiatu zen. Idazmahaiaren gainean helbideen liburua topatu zuen, eta hartan bilatu ondoren, telefonoa hartu eta zenbaki bat markatu zuen.


“Kaixo,” esan zuen. “Begira, Ekialdeko Hirurogeita Bigarren kaleko bederatzitik deitzen dizut... Bai, hori bera. Norbait bidaltzen ahal didazue ahalik eta azkarren? Bai, trabatuta geratu da bigarren eta hirugarren solairuen artean. Bederen, hori da geziak markatzen duena... Oraintxe bertan? Oi, oso ongi, mila esker. Kontua da nire adinarekin hankak ez ditudala eskaileretan gora eta behera ibiltzeko moduan. Mila esker. Adio”.


Telefonoa eskegi zuen eta senarraren bulegoan eseri zen, igogailua konponduko zuen gizonaren zain.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina