2020(e)ko apirilaren 20(a), astelehena

25. Neska


Neska
Jamaica Kincaid
Garbi ezan arropa zuria astelehenean, eta gero jar ezan harri piloaren gainean; garbi ezan koloreko arropa asteartean, eta gero zabal ezan esekitokian lehor dadin; ez habil kapelarik gabe eguzkipean; friji itzan kuia-kauserak olio gozo eta berotan; bota ezan barneko arropa uretara erantzi bezain laster; kotoia erosiz gero blusa eder bat egiteko, ziurtatu hadi ez duela erretxinarik, bestela kaskartuko dun garbitu ondoan; gazitutako arraina egin nahi dunanean, utz ezan lehenago gau osoa uretan; egia dun benna kantatzen duzuela katekesian?; jaten dunanean, ez diezaiola inori urdaila nahasi hire jateko moduak; igandeetan, ibil hadi damak bezala, ez lotsagabeak bezala, lotsagabetzen ari haiz eta; ez ezan benna kanta katekesian; ez ezan hitz egin kaietako mutil mutur-zikin haiekin, galdetzen badinate ere nondik joan behar den norabait; ez ezan frutarik jan kalean, bestela euliak hire atzetik ibiliko ditun; baina nik ez dut benna kantatzen igandeetan, eta are gutxiago katekesian; honela josten dun botoi bat; honela egiten dun botoi-zuloa josi berri dunan botoirako; honela egiten zaion azpildura soineko bati ikusten dunanean askatzen hasia dela, eta horrela ez dun lotsagabe bat irudiko, lotsagabetzen ari haiz eta; honela lisatzen dun aitaren atorra kakia zimurrik izan ez dezan; honela lisatzen ditun aitaren galtzak zimurrik izan ez dezaten; honela hazten dun okra, etxetik urrun, okran inurri gorriak biltzen direlako; taroa hazteko, ziurtatu hadi behar adina ur daukala, bestela azkura ematen din zintzurrean jatean dunanean; honela eskobatzen dun zoko bat; honela eskobatzen dun etxe osoa; honela eskobatzen dun patioa; honelako irribarrea egiten zaion asko maite ez dunan bati; honelako irribarrea egiten zaion batere maite ez dunan bati; honelako irribarrea egiten zaion guztiz maite dunan bati; honela prestatzen dun mahaia tea hartzeko; honela prestatzen dun mahaia afaltzeko; honela prestatzen dun mahaia afaltzeko gonbidatu inportante bat dagoenean; honela prestatzen dun mahaia bazkaltzeko; honela prestatzen dun mahaia gosaltzeko; honela jokatzen dun oso ongi ezagutzen ez ditunan gizonen aurrean, eta horrela ez ditun segituan ohartuko lotsagabe bat haizela, lotsagabetzen ari haiz eta; ziurtatu hadi egunero garbitzen haizela, nahiz listua baino ez dunan; ez hadi kokoriko jarri puxtarriekin jolasteko, ez haizelako mutiko bat, badakin; ez iezaion lorerik hartu jendeari, zerbait kutsatzen ahal dinatelako; ez iezaien harririk bota zozoei, igual zozoak ez direlako; honela egiten dun ogi-budina, honela egiten dun doukona; honela egiten dun piper saltsa; honela egiten dun sendagai on bat katarrorako; honela egiten dun sendagai on bat haurra galtzeko haur bihurtu baino lehen; honela harrapatzen dun arrain bat; honela itzultzen dun nahi ez dunan arrain bat, eta horrela ez zainan ezer txarrik gertatuko; honela kikiltzen dun gizon bat; honela kikiltzen hauen gizon batek; honela maite dun gizon bat; eta horrek funtzionatzen ez badu, bazauden beste modu batzuk ere, eta horiek funtzionatzen ez badute, ez hadi oso gaizki sentitu amore emateagatik; honela egiten dun tu airera, gogoak ematen badin, eta honela mugitzen dun, azkar-azkar, hire gainean eror ez dadin; honela ateratzen zaion probetxua diruari; emaion beti atximur bat ogiari, egin berria den ikusteko; baina zer gertatzen da okinak ez badit ogia ukitzen uzten?, esan nahi dun, guztiarekin ere, okinak ogitik hurbil nahi ez duen emakume mota izanen haizela?”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina