2020(e)ko apirilaren 3(a), ostirala

24. Koronelaren emaztea

KORONELAREN EMAZTEA
W. Somerset Maugham

Hau guztia gerra hasi baino bizpahiru urte lehenago gertatu zen.

Peregrine senar-emazteak gosaltzen ari ziren. Nahiz eta beste inor ez egon eta mahia luzea izan, bakoitza mutur batean zegoen eserita. George Peregrineren arbasoak, garaian garaiko modako margolariek pintatuak, begira zituzten paretetatik goitik behera. Etxezainak goizeko posta ekarri zuen. Koronelak zenbait gutun zituen, negozioetakoak, eta The Times egunkaria; Evie emazteak, berriz, pakete txiki bat. Senarrak gutunei begiratu eta, gero, The Times zabaldu eta irakurtzen hasi zen. Gosaria bukatutakoan, mahaitik altxatu ziren. Koronela ohartu zen emazteak paketea ireki gabe zuela.


“Zer da?” galdetu zuen.

“Liburu batzuk.”

“Nahi duzu nik irekitzea?”

“Nahi baduzu.”

Ez zitzaion gustatzen lokarriak ebakitzea, eta, pixka bat kostata, korapiloak askatu zituen.

“Baina berdinak dira denak,” esan zuen bilgarria kendu zuenean. “Zer demontretarako nahi duzu liburu beraren sei ale?” Bat zabaldu zuen. “Poesia.” Izenburua irakurri zuen. Piramideen endekapena, E. K. Hamilton. Eva Katherine Hamilton: emaztearen izena ezkondu aurretik. Harriduraz eta irribarrez begiratu zion. “Liburu bat idatzu duzu, Evie? Ez didazu ezer kontatu.”

“Ez nuen uste zure interesekoa zenik. Ale bat nahi duzu?”

“Beno, badakizu poesia ez dudala sobera gogoko, baina, bai, emadazu ale bat; Irakurriko dut. Bulegora eramanen dut. Egiteko asko ditut gaur.”

The Times, gutunak eta liburua bildu eta atera zen. Bulegoa gela zabala eta erosoa zen; mahai handia zuen, baita larruzko besaulkiak eta, paretetan, “ehizako garaikurrak” deitzen zituenak ere. Apalategietan, kontsulta liburuak armei, lorategiei, arrantzari eta ehizari buruz eta azken gerrari buruz; hor, gurutze militar bat eta zerbitzu nabarmenduaren ikurra irabazi zituen koronelak. Izan ere, ezkondu baino lehen Galesko Guardian ibili zen. Gerra bukatutakoan, erretiroa hartu eta bazterretxe handi batera joan zen bizitzera, Seheffieldik milia batzuetara, zeina bere arbasoetako batek eraiki baitzuen Jurgi III.aren erregealdian. George Peregrineren onibarrak hamabost mila akrekoak ziren eta hark trebetasunez gobernatzen zituen; gainera, bake epailea zen, eta arretaz betetzen zituen horri zegozkion eginkizunak. Garaia zenean, azeri-ehizara joaten zen astean bitan. Tiratzaile eta golflari ona zen, eta, berrogeita hamar urteak ongi beteak bazituen ere, tenisean ere aritzen ahal zen. Zuzentasun osoz esan zitekeen klase askotako kirolaria zela.

Azkenaldian lodiago zegoen, baina planta ederra zuen oraindik; garaia, ile gris kizkurrekoa, burugainean ilea galtzen hasia bazen ere; begi urdin frankoak zituen, aurpegiera apaina eta kolore ona. Komunitatearen ongizateaz arduratuta, eskualdeko zenbait erakundetako burua zen. Haren klaseari eta estatusari zegokion moduan, Alderdi Kontserbadoreko kide zintzoa zen. Betebehartzat zuen eskualdeko jendearen ongizatea zaintzea eta pozgarria zitzaion jakitea Eviez fida zitekeela eriak artatzeko eta txiroak laguntzeko. Ospitale bat eraikiarazi zuen herriko kanpoaldean eta bere poltsikotik pagatzen zuen erizain baten soldata. Ordainean, eskuzabaltasun horren onuradunei eskatzen zien bakarra zen haren hautagaitzaren alde egitea hauteskundeetan, eskualdekoetan nahiz orokorretan. Gizon lagunkoia zen, adeitsua menpekoekin, begirunetsua maizterrekin eta maitatua eskualdeko nagusien artean. Atsegintasunez eta, aldi berean, lotsa pixka batez hartuko zuen norbaitek esan izan balio tipo prestua zela.  Horixe izan nahi zuen. Ez beste ezer.

Domaia zen umerik ez izana. Aita aparta izanen zen, jatorra baina zorrotza, eta semeak aita onekoen semeak hazi behar diren moduan haziko zituen, Eton ikastetxean, jakina, eta arrantzan, tiroan eta zaldian irakatsiko zien. Gauzak horrela, iloba zuen oinordeko, istripu batean hil zen anaiaren semea; ez zen mutiko txarra, baina ez zuen eskola zaharrekoen antzik, ez. Eta, sinestea lana bazen ere, haren ama kaikuak neskak ere onartzen zituen eskola batera eramaten zuen. Evie desengainu bat suertatu zitzaion. Dama bat zen, noski, eta bere dirua bazuen; etxea ongi baino hobeki eramaten zuen eta anfitrioi ona zen. Herrikoek maitatzen zuten. Polit-polita izan zen ezkondu zirenean; azala krematsua zuen, ilea gaztainkara eta gorpuzkera segaila; osasuntsua zen eta ez zen gaizki moldatzen tenisean. Koronelak ezin zuen ulertu zergatik ez zuten umerik egin. Orain maskaldurik zegoen, noski, berrogeita bostak beteak izanen zituelako. Azala histua zeukan, ilea erlantz gabea eta haria bezain mehea zen. Beti txukun eta egoki janzten zen, baia iduri zuen itxura ez zitzaiola axola; ez zuen makillajerik eramaten, ezta ezpainetan ere. Batzuetan, gauez, festa baterako apaintzen zenean, igar zitekeen ederra izana zela garai batean, baina, gehienetan, bada, oharkabean pasaten diren emakume horietakoa zen. Emakume atsegina zen, dudarik ez, eta emazte zintzoa, eta errua ez zen harena antzua bazen, baina gogorra zen bere odoleko oinordekoa nahi zuen gizon batentzat; kontua zen emakumeak ez zuela bizkortasunik, besterik ez. Koronelak pentsatzen zuen maiteminduta egon zela ezkontzeko eskatu zionean, bederen, ezkondu eta familia sortu nahi zuen gizon bat egon daitekeen bezain maiteminduta, baina denborak aurrera egin ahala, ohartu zen ez zutela gauza handirik amankomunean. Hari ez zitzaion gustatzen ehiza, eta arrantzarekin aspertzen zen. Beraz elkarrengandik bereizi ziren. Baina aitortu behar zuen emazteak ez ziola sekula inolako trabarik egin. Kalapitarik ez. Harmoniarik ez. Emazteak logikotzat bide hartu zuen senarrak berea egitea. Noizean behin Londresera joaten zenean, emazteak ez zion lagundu nahi izaten. Gizonak neska bat zuen hor; tira, ez zen neska bat zehazki, hogeita hamabost urte zituen eta, baina ilehoria eta desiragarria zen, eta koronelak aldez aurretik gaztigatu baino ez zuen egin behar elkarrekin afaldu, ikuskizun batera joan eta gaua egiteko. Beno, gizon batek, osasun oneko gizon normal batek dibertimenturen bat izan behar du. Behin bururatu zitzaion ezen, Evie horren emakume ona izan ez balitz, emazte hobea izanen zela; baina horrelako burutazioei ez zien kasurik egiten eta arbuiatu zuen.

George Pereginek bukatu zuen egunkaria irakurtzen eta, tipo adeitsua zenez, kanpaitxoa jo eta etxezainari esan zion Evieri emateko. Erlojura begiratu zuen. Hamar eta erdiak ziren, eta hamaiketan hitzordua zuen menpeko batekin. Ordu erdi bat zuen libre.

“Begiratu bat botako diot Evieren liburuari” esan zuen bere baitarako.

Irribarre batekin hartu zuen. Eviek liburu fin asko zituen bere egongelan, ez preseski senarrak begikoak zituenak, baina atsegin ematen bazioten, hark ez zion eragozpenik jarriko. Ohartu zen esku artean zuen liburuak ez zuela laurogeita hamar orrialde baino gehiago. Hobeki. Edgar Allan Poek bezala, berak ere uste zuen poemek laburrak izan behar zutela. Baina orrialdeak pasatu ahala, ohartu zen Evieren poema batzuek luzera irregularreko bertsoak zituztela, eta errimarik ez. Hori ez zuen gustuko. Gogoan zuen bertso guztietan errima zuen olerkitxo bat ikasi zuela haur eskolan, ume txikia zela, eta gero, Etonen, XVIII. mendeko hura, eta gero Shakespeareren Henrike V.a, jakina. Atsekabez begiratu zien Evieren orrialdeei.

“Nik ez diot honi poesia deitzen,” esan zuen.

Zorionez, dena ez zen horrelakoa. Horren arraroak ziren poesien artean (hiruzpalau hitzeko lerroak eta, segituan, hamar edo hamabosteko beste bat), poema txiki batzuk zeuden tartekaturik, labur samarrak, errimadunak eta, eskerrak, luzera bereko lerroak zituztenak. Orrialde batzuek sonetoa zuten izenburu, eta, jaki-minez, lerroak zenbatu zituen: hamalau. Irakurri zituen. Onak ziruditen, baina ezin zuen asmatu zeri buruzkoak ziren. Ikasitako poemak etorri zitzaizkion gogora.

“Evie gaixoa,” eta hasperen egin zuen.

Une horretan, espero zuen nekazaria sarrazi zuten bulegoan eta, liburua utziz, ongietorria eman zion. Negozioetan murgildu ziren.

“Irakurri dut zure liburua, Evie,” esan zion bazkaltzera esertzen zirela. “Primerakoa. Diru asko kostatu zaizu inprimatzea?”

“Ez. Suertea izan dut. Argitaletxe bati igorri nion eta haiek publikatu dute.”

“Poesiak ez du diru askorik ematen, maitea,” esan zuen bere molde onbera eta zintzoan.

“Ez, ez dut uste. Zertarako etorri zaizu Bannock goizean?”

Bannock zen bulegoan sartu zen nekazaria, Evieren poemak irakurtzen ari zela.

“Eskatu dit dirua aurreratzeko pedigriko zezen bat erosi nahi duelako. Gizon zintzoa da eta iruditzen zait emanen diodala.”

George Peregrine konturatu zen Eviek ez zuela liburuaz hitz egin nahi eta berari ere ez zitzaion axola mintzagaia aldatzea. Pozik zegoen emazteak ezkondu aurreko izena erabili zuelako azalerako. Ez zuen uste inork liburu horren berririk izanen zuenik sekula, baina harro zegoen bere izen ezohikoarekin eta ez zitzaion gustatuko kazetari purtzil batek Evieren ahaleginari barre egin izan balio artikuluren batean.

Pentsatu zuen, hurrengo asteetan, ez zela zuhurra izanen Evieri galdetzea poesiaren mundura menturatze hartaz, eta emazteak ez zuen behin ere aipatu. Iduri zuen hitzik gabe itundu zutela hura ez aipatzea, zoritxarreko gertaeratzat hartu izan balute bezala.  Baina orduan gauza ezohiko bat gertatu zen. Londresera joan behar izan zuen negozio baterako eta Daphne afaltzera gonbidatu zuen. Hala deitzen zen neska zeinarekin ohitura baitzuen ordu atsegin batzuk pasatzea hirira joaten zen aldiro.

Eta hark esan zuen: “Oi, George, hire emaztearena da mundu guztiaren ahoan bolo-bolo dabilen liburua?”

“Zer demontre esan nahi dun?”

“Beno, bazegok tipo bat, kritikoa dena. Afaltzera gonbidatu nindian aurreko batean eta liburu bat zeramaan. ‘Zerbait ekarri didak irakurtzeko?’ galdetu nion. ‘Zer da hori?’ ‘O, ez dinat uste interesatuko zainanik,’ esan zuen. ‘Poesia dun. Kritika bat idatzi zionat.’ ‘Poesia ez duk niretzat,’ esan nuen. ‘Kitzikagarria dun. Irakurri dudan onenetakoa,' esan zuen. ‘Barra-barra saltzen ari dun. Eta biziki ona dun.’”



“Nork idatzia da?” galdetu zuen Georgek.

“Hamilton izeneko emakume batek. Lagunak esan zidaan hori ez zela haren benetako izena. Peregrine zela. ‘Zer bitxia,’ esan nian nik, ‘Peregrin deitzen den bat ezagutzen diat.’ ‘Armadako koronel bat,’ hark. ‘Sheffieldik hurbil bizi dun.’”

“Nahiago nuke ez bahu nitaz hitz eginen hire lagunekin,” esan zuen Georgek kopetilun eta haserre.

“Hago lasai, maitea. Nor uste duk naizela? Esan nioan: ‘Ez duk tipo bera.’” Daphne barrez hasi zen. “Lagunak esan zidaan: ‘Diotenez, agurea koronel atzerakoi tipikoa dun.’”

Georgek umore zentzu ona zuen.
“Gauza okerragoak esaten ahal ditun hik,” esan zuen barrez. “Emazteak liburu bat idatzi izan balu, jakiten lehena nindunan ni, ezta?”

“Pentsatzen diat baietz.”

Baina kontua ez zen neskaren interesekoa eta, koronelak hizpidea aldatu zuenean, gaiaz ahaztu zen. Gizona ere ahaztu zen hartaz. Erabaki zuen ez zela deus eta kritikari txatxu hark adarra jo nahi izan ziola Daphneri. Dibertigarria iruditzen zitzaion neska imajinatzea liburua hartzen, esan ziotelako kitzikagarria zela, gero ikusteko lerro desberdineko zentzugabekeria zela.

Klub zenbaitetako kidea zen, eta biharamunean erabaki zuen St. James kalekoan bazkalduko zuela. Arratsaldean trena hartu behar zuen Sheffieldera itzultzeko. Jantokian sartu baino lehen, xerez kopa bat hartzen ari zela besaulki eroso batean eserita, aspaldiko lagun bat joan zitzaion.

“Kaixo, gizona, zer moduz doakik?” esan zion. “Nolakoa da famatu baten senarra izatea?”

George Peregrinek lagunari begiratu zion. Iruditu zitzaion pindar alai bat ikusi ziola begietan.

“Ez zakiat zertaz ari haizen,” erantzun zion.

“Zer diok, George? Mundu guztiak zekik E. K. Hamilton hire emaztea dela. Ez duk arrunta poesia liburu batek halako arrakasta izatea. Begira, Henry Dashwoodek nirekin bazkalduko dik. Gustatuko litzaoikek hi ezagutzea.”

“Nor demonio da Henry Dashwood eta zertarako ezagutu nahi naik?”

“Oi ene, zertan habil denbora guztian baserri hartan? Henry kritikari onenetakoa duk. Kritika zoragarri bat idatzi zian Evieren liburuari buruz. Esan nahi duk ez ziala erakutsi?”

Georgek erantzuteko astirik izan baino lehen, lagunak gizon bati deitu zion. Gizona garaia zen eta bekoki zabala, bizarra eta sudur luzea zituen; makurtuta hurbildu zitzaien; George prest zegoen hura gogoko ez izateko ikusi bezain laster. Aurkezpenak egin ziren. Henry Dashwood eseri zen.

“Peregrine andrea ez da Londresen egonen kasualitatez, ezta? Gustu handiz ezagutuko nuke,” esan zuen.

“Ez, emazteari ez zaio Londres gustatzen. Landa nahiago du,” esan zuen Georgek zorrotz.

“Oso gutun polita idatzi zidan kritika zela eta. Atsegina izan zen. Badakizue, kritikariok ostiko gehiago hartzen ditugu laztanak baino. Baina liburuak txunditu egin ninduen. Oso freskoa eta orijinala zen, modernoa iluna izan gabe. Ematen zuen dohain bera duela bertso libreetan zein metro klasikoetan aritzeko.” Orduan, kritikaria izanik, iruditu zitzaion kritikatu behar zuela. “Zenbaitetan belarria pixka bat herrenka dabilkio, baina gauza bera gertatzen zaio Emily Dickinsoni. Landor-ek berak idatziko zituen haren poema laburretako batzuk.”

Hori guztia ulertezina egin zitzaion George Peregrineri. Gizon hura pedante nazkagarri hutsa zen. Baina koronelak manera onak zituen eta hezibidez erantzun zion. Henry Dashwoodek aurrera jarraitu zuen, hark hitz egin izan ez balu bezala.

“Baina bertso bakoitzari darion pasioagatik da bikaina liburua. Poeta gazte gehienak anemikoak dira, hotzak, odolgabeak, intelekto hutsak, baina liburu horretan, berriz, pasio zuzena duzu, benetakoa; jakina, halako emozio sakon eta zintzoa tragikoa da halabeharrez. Oi, koronela, nola asmatu zuen Heinek esan zuenean poetek kanta txikiak egiten dituztela oinaze handietatik. Badakizu, eta orri bihotz-urratzaile horiek berrirakurtzen ditudanean, han eta hemen, Safo etortzen zait gogora.”

Hori gehiegi izan zen George Peregrinerentzat eta altxatu zen.

“Tira, oso atsegina zara halako gauza politak esateagatik emaztearen liburuari buruz. Seguro nago poztuko dela. Baina orain alde egin behar dut. Trena hartu baino lehen bazkaldu nahi dut.”

“Ergel halakoa,” esan zuen, haserre bere buruarekin jangelara zihoala.

Afaltzeko ailegatu zen etxera eta, Evie ohera joan ondoren, bulegora joan eta liburua bilatu zuen. Begiratu bat bota nahi zion berriz, bere kasa ikusteko zer zela-eta ziren halako espantuak, baina ez zuen liburua aurkitu. Eviek hartuko zuen.

“Zentzurik ez,” esan zuen marmarka.

Nahiko ona zela esan zion. Zer gehiago zen esatekoa? Tira, ez zuen axola. Pipa piztu eta The Field aldizkaria irakurri zuen logale sentitu arte. Baina aste bat-edo beranduago, Sheffieldera joan behar izan zuen eguna pasatzera. Hor bazkaldu zuen, klubean. Bukatzeko zegoela, Haverelgo dukea agertu zen. Hango jauntxo nagusia zen, eta, jakina, koronelak ezagutzen zuen, baina ‘zer moduz’ esateko adina, besterik ez; beraz, ustekabea izan zen dukea haren mahaian gelditzea.

“Pena izan da zure emaztea etorri ezin izatea asteburu pasa egitera,” esan zuen, nolabaiteko adeitasun herabetiaz. “Jende atsegin asko da etortzekoa.”

George zur eta lur gelditu zen. Imajinatu zuen Harevel senar-emazteak gonbidatu zituztela astebururako eta Eviek, hari deus esan gabe, ezetz esan ziela. Lortu zuen esatea berarentzat ere pena zela.

“Ea hurrengoan suerte hobea dugun,” esan zuen dukeak adeitasunez, aurrera egin baino lehen.

Peregrine koronela oso haserre zegoen, eta, etxera ailegatutakoan, emazteari esan zion:

“Aizu, zer da Haverel senar-emazteek etxera gonbidatu gintuztelako kontu hori? Zer arraiorengatik esan zenuen ezin ginela joan? Lehenengo aldia da gonbidatzen gaituztela eta herrialdeko tiratzailerik onena da.”

“Ez zitzaidan bururatu. Pentsatu nuen aspertuko zinela.”

“Bada, galdetzea zenuen ea joan nahi nuen."

“Barka.”

Senarrak erne begiratu zion emazteari. Haren aurpegierako zerbait ez zuen ulertzen. Bekozkoa ilundu zuen.

“Gonbidatu ninduten ni?” esan zuen zaunka batez.

Evie gorritu zen pixka bat.

“Beno, zehazki esanda, ez.”

“Bada oso gustu txarrekoa iruditzen zait zu bai, baina ni ez gonbidatzea.”

“Igual pentsatu zuten ez zela zure estilokoa. Dukesari idazleak-eta gustatzen zaizkio, badakizu. Henry Dashwood kritikaria ere joatekoa da, eta, honengatik edo harengatik, ezagutu nahi nau.”

“Oso keinu polita egin duzu Evie, uko egitean.”

“Ezin nuen besterik egin,” esan zuen irribarrez. Duda egin zuen orduan. “George, argitaletxeak afaritxo bat antolatu nahi du niretzat hilaren bukaeran eta, noski, gustatuko litzaieke zu ere joatea.”

“O, ez dut uste hori niretzat denik. Londresera joanen naiz zurekin, nahi baduzu. Eta norbait bilatuko dut afarirako.”

Daphne.

“Pentsatzen dut aspergarri samarra izanen dela, baina garrantzi handia eman diote. Eta biharamunean, nire liburua Estatu Batuetarako hartu duen argitaletxeak festa bat emanen du Claridge’s-en. Gustatuko litzaidake zu joatea, ez bazaizu inporta.”

“Izugarri jasangaitza iruditzen zait, baina joanen naiz, joatea nahi baduzu.”

“Bada, polita litzateke.”

George Peregrinek burua nahastuta zuen festan. Jende asko zegoen. Batzuek ez zuten itxura txarrik; emakumeetako zenbait txukun jaintzita zeuden, baina, gizonak, ordea, ezin okerrago. Aurkezpenetan, aldiro esaten zuten: Peregrine koronela da, E. K. Hamiltonen senarra, badakizu. Gizonek, antza, ez zuten deus esateko, baina emakumeak ez ziren isiltzen.

“Emaztearekin harro egonen zara. Ez da zoragarria? Badakizu, eserialdi batean irakurri nuen, ezin nintzen gelditu; eta bukatu nuenean, hasieratik hartu eta den-dena irakurri nuen bigarren aldiz. Hunkituta utzi ninduen.”

Ingalaterrako argitaletxekoak esan zion:

“Hogei urtean ez dugu halako arrakastarik izan poesia liburu batekin. Eta ez ditut sekula ikusi tankera horretako kritikak.”

Estatu Batuetako argitaletxekoak esan zion:

“Demasekoa. Arrakasta izugarria izanen dik. Ikusiko duk.”

AEBkoak orkidea sorta bat igorri zion Evieri. A zer txatxukeria, pentsatu zuen Georgek. Festan sartu bezain fite, etengabe aurkezten zioten Evieri jendea. Agerikoa zen laudorioak esaten zizkiotela eta hark, irribarre atsegin batez, eskerrak ematen zituela bizpahiru hitzetan. Pixka bat gorrituak zituen masailak pozarekin, baina ez zirudien deseroso. Georgek, uste bazuen ere kontu osoa zentzugabekeria hutsa zela, oniritzi zion emazteak hura eramateko modu egokiari.

“Tira, bada garbi zegok,” esan zuen bere baitarako, “bistan duk dama bat dela, eta hori ezin zaiok edonori esan hemen.”

Koktel andana hartu zituen. Baina beste kontu batek kezkatzen zuen. Iruditzen zitzaion, nolabait, aurkeztu zioten askok era bitxian begiratzen ziotela, nahiz ezin zuen zehaztu zer esan nahi zuten horrekin. Halako batean, sofa batean eserita zeuden bi emakumeren aldamenetik pasa zenean, begitandu zitzaion beraz ari zirela eta, alde egindakoan, ia seguru zegoen barre egin zutela. Poztasun handia hartu zuen festa bukatu zenean.

Hotelerako taxian, Eviek esan zion:

“Bikain aritu zara, maitea. Arrakasta handia izan duzu. Neskak pozarren zeuden zurekin, eder-edertzat jo zaituzte.”

“Neskak”, esan zuen garraztasunez. “Atsoak.”

“Aspertu zara, maitea?”

“Asko.”

Emazteak eskua estutu zion, adoretzeko asmoz.

“Espero dut axola ez izatea beranduxeago itzultzen bagara etxera, arratsaldeko trenean. Mandatu batzuk egin nahi ditut goizez.”

“Ez. Oso ongi. Erosketak?”

“Bizpahiru gauza erosi nahi ditut, baina argazki batzuk egin behar dizkidate. Ez dut batere gogorik, baina uste dute beharrezkoa dela. Estatu Batuetarako, badakizu.”

Georgek ez zuen deus esan. Baina pentsatu bai. Pentsatu zuen harrituta geldituko liratekeela Amerikan ikustean emazteak zuen itxura etxekoi eta delikatua. Betidanik iruditu zitzaion glamurra maite zutela Amerikan.

Pentsatzen jarraitu zuen eta, biharamun goizean, Evie atera zenean, klubera joan eta liburutegira igo zen. Hor, egunkari batzuetako literatura gehigarrietan begiratu zuen. Evieren liburuaren kritikak aurkitu zituen. Ez zituen tentu handiz irakurri, baina aski izan zen ohartzeko oso laudagarriak zirela. Gero, liburudenda batera joan zen Piccadillyn, non liburuak erosten baitzituen tarteka-marteka. Erabaki zuen taxuz irakurri behar zuela Eviren ditxosozko liburua, baina ez zion galdetu nahi zer egin zuen lehenago eman zion alearekin. Bat erosiko zuen. Sartzerakoan, leihora begiratu eta Piramideen endekapenaren sorta bat izan zen ikusi zuen lehendabiziko gauza. A zer izenburu tontoa! Sartu zen. Gizon gazte bat hurbildu zitzaion, eta galdetu ea laguntzerik bazuen.

“Ez, buelta bat eman nahi dut.” Lotsa ematen zion Evieren liburua eskatzeak eta erabaki zuen bere kabuz aurkitu eta saltzaileari ematea. Baina ezin zuen inon topatu eta, azkenean, gizon gaztea ondoan zuela, hizkera kasualez esan zion: “Aizu, Piramideen endekapena deitzen den liburua baduzue?”

“Gaur goizean etorri da azken argitalpena. Bat hartuko dizut.”

Istant batez ekarri zuen.
Gizon gaztea txikia eta potoloa zen, betaurrekoduna eta azenariozko ile lardatsekoa. George Peregrine zutik zegoen haren ondoan, militarki, dorre bat irudi.

“Azken argitalpena da hau, orduan?” galdetu zuen.

“Bai, jauna. Bosgarrena. Nobela bat dirudi, salmenten erritmoagatik.”

George Peregrinek duda egin zuen une batez.

“Zer dela-eta halako arrakasta, zure ustez? Betidanik entzun dut inork ez duela poesia irakurtzen.”

“Beno, oso ona da, badakizu. Nik ere irakurri dut.” Gazteak, nahiz bistan zen ikasia zela, behe mailako azentu pitin bat zeukan, eta Georgek jarrera paternalista hartu zuen oharkabean. “Baina istorioa maite dute. Sexia da, baina tragikoa aldi berean.”

Georgek bekozkoa ilundu zuen pixka bat. Pentsatzen hasia zen gaztea lotsagabe samarra zela. Inork ez zion esan istorio bat zegoela liburu madarikatu hartan, eta ez zen horretaz jabetu kritikak irakurtzetik. Gazteak jarraitu zuen:

“Baina jakina, kanpai horrek ez du berriz joko, ulertzen badidazu. Nire ustez, esperientzia pertsonal batek inspiratu zuen, A. E. Housmani gertatu zitzaion bezala. Merezi duenik ezer ez du berriz idatziko.”

“Zenbatean dago liburua?” esan zuen Georgek hoztasunez kalaka hori eteteko. “Ez duzu zeren bildu. Patrikan sartuta eramanen dut.”

Azaroko goiza hotza zen eta Georgek zamarra zeraman.

Geltokian, arratsaldeko egunkariak eta aldizkariak erosi zituen. Evie eta biak eroso eseri ziren aurrez aurre lehenengo mailako bagoian eta irakurtzeari eman zioten. Bostetan, jantokiko bagoira joan ziren tea hartzera eta solastatu ziren pixka bat. Trena ailegatu zen. Haien zain zegoen autoak etxera eraman zituen. Bainua hartu eta jantzi ziren. Afaldu ondoren, Eviek esan zuen nekatuta zegoela eta ohera joan zen. Musu bat eman zion kopetan, ohi zuen bezala. Georgek ezkaratzera joan eta Evieren liburua hartu zuen zamarrako patrikatatik. Bulegora joan eta irakurtzen hasi zen. Ez zuen poesia aise irakurtzen eta, arretaz irakurri bazituen ere hitz guzti-guztiak, ez zuen oso inpresio argia atera. Gero, berriz hasi eta bigarren aldiz irakurri zuen. Gero eta deserosoago ari zen irakurtzen, baina ez zen ergela eta bukatu zuenerako, ulertua zuen liburuaren nondik norakoa. Zati bat bertso askekoa zen, eta beste bat, metrika tradizionalekoa, baina kontatzen zuen istorioa koherentea eta argia zen adimen urrikoendako ere. Pasiozko maitasun istorio bat kontatzen zuen, ezkondutako emakume zaharrago baten eta gizon gazte baten artekoa. George Peregrine urratsez urrats jabetu zen hortaz, eskuko hatzak kontatu izan balu bezain erraz.

Lehenengo pertsonan idatzita, liburua hasten zen gaztaroa pasatako emakume bat harriduraz eta beldurrez ohartzen denean gizon gazte bat berarekin maitemindu dela. Nekez sinesten du. Uste du bere burua ari dela engainatzen. Eta, ikarak hartzen du ohartzen denean bat-batean berak ere mamiak urturik dituela harekin. Bere buruari esaten dio horrek ez duela zentzurik, halako aldea egonik bien adinetan, eta nahigabea baino ez dela etorriko emozio horri amore emanez gero. Saiatu zen hitz egin ez ziezaion, baina, azkenean, mutilak esan zion maite zuela, eta behartu zuen esatera hark ere maite zuela. Mutilak erregutu zion berarekin alde egin zezan. Emakumeak ezin zituen senarra eta etxea utzi; eta nolako bizitza izanen zuten aurrean, bata hain zaharra eta bestea hain gaztea? Noiz arte iraunen zuen mutilaren maitasunak? Emakumeak erregutu zion errukiz jokatzeko. Baina suhartsua zen mutilaren maitasuna. Izan ere, mutilak desiratu egiten zuen, bihotz-bihotzez, eta, azkenean, dardarka, beldurrez, irrikaz, emakumeak txil egin zion. Bolada batez, estasizko zoriontasuna izan zuten. Munduak, eguneroko mundu hits eta aspergarriak, aintzaz distiratzen zuen. Amodiozko kantak isuritzen ziren haren lumatik. Emakumeak maitalearen gorputz gazte eta gizontsua gurtzen zuen. George lotsagorritu zen emakumeak mutila goretsi zuenean: haren bular zabala, planta segaila, hanken edertasuna eta sabelaren leuntasuna.

Kitzikagarria, Daphneren lagunaren hitzetan. Kitzikagarria bainoago, nazkagarria.

Pasarte labur batzuetan, emakumeak bizitzaren hustasuna auhendatzen zuen, halabeharrez gertatu behar zen moduan, mutilak utziko zuelako, baina deiadar batekin bukatzen ziren pasarteok, sufritutako guztiak merezi izan baitzuen bolada bateko gozaldiarengatik.  Elkarrekin pasatutako gau luze eta dardaratiez idazten zuen, eta elkar besarkatuta indarge lokartzeaz. Lapurtutako istant laburren eroaldiaz, noiz eta, peril guztiei aurre eginda, pasioa gailendu eta, hari errendituta, men egiten baitzioten.

Emakumeak uste zuen aste batzuetako afera izanen zela, baina, miragarriz, luze iraun zuen. Poemetako batek aipatzen zuen hiru urte igaro zirela bihotzetan sentitutako maitasuna apaldu gabe. Iduri zuen mutilak jarraitzen zuela presionatzen berarekin alde egiteko, urrunera, Italiako muinoetako hiri batera, Greziako uharte batera, Tunisiako hiri gotortu batera… elkarrekin egoteko beti, eta beste batzuetan, berriz, emakumeak eskatzen zion zeuden-zeudenean gelditzeko. Zoriontasun hura ezegonkorra zen. Agian aurrean zituzten zailtasunengatik eta elkartzeen urritasunarengatik eutsi zion horren luze maitasun hark hasierako gar xarmangarriari. Orduan, halako batean, gizon gaztea hil zen. Nola, non edo noiz, Georgek ezin izan zuen jakin. Gero, negar bihotz-erdibitzaile luze bat, atsekabeetan atsekabeena, zeinari ezin baitzion heldu, ezkutatu behar zuelako. Pozik egon behar zuen, festak antolatu eta afaltzera atera, jokatu beti jokatu zuen bezala, nahiz bizipoza itzalia zuen eta nahigabea nagusitu zitzaion barrenetik. Lau estantzaz osaturiko azken poeman, idazleak, galdutakoaren aurrean etsita, eskerrak ematen zizkien gizakiaren patua gobernatzen duten botere ilunei, bolada batean, behintzat, hilkor garenok ezagut dezakegun zorionik handietako batez gozatzeko fortuna izan zuelako.

Goizeko hirurak ziren George Peregrinek liburua itxi zuenean. Iruditu zitzaion Evieren ahotsa bertso bakoitzean aditzen zuela, eta behin eta berriz topatu zituen hark normalean esaten zituen gauzak; xehetasun batzuk ongi baino hobeki ezagutzen zituen: zalantza izpirik ez; Eviek bere istorioa kontatu zuen, eta argi baino argiago zegoen maitale bat izan zuela eta maitale hura hil zela. Ez zitzaion haserrea nagusitu, ezta ezinikusia edo nahigabea ere, ezinikusia eta nahigabea sentitu arren, ezpada harridura. Pentsaezina zitzaion Eviek ezkontzaz kanpoko erlazio bat eduki izana, eta are gutxiago pasioz beteriko bat, hain pentsaezina nola bulegoko tximinian zuen kristalezko kutxako amuarraina, inoiz harrapatutako onena, bat-batean buztana mugitzen hastea. Orduan ulertu zuen zer esan nahi izan zuen klubean berarekin hitz egin zuen gizonari ikusi zion begirada zirtolariak, zergatik eman zuen Daphnek txiste pribatu bat kontatu zuela liburuaz hitz egin zuenean, eta zergatik egin zuten barre bi emakume haiek ondoan pasa zenean.

Izerditan hasi zen. Gero, suminak hartuta, altxatu eta Evie esnatzera joan zen, azalpen bat eman ziezaion. Baina atean gelditu zen. Izan ere, zer froga zuen? Liburu bat. Oroitu zen Evieri esan ziola nahiko ona zela. Irakurri gabe zuen, baina itxurak egin zituen, egia. Inon den ergelena bezala geldituko zen hori onartuz gero.

“Kontuz ibili behar dut,” esan zuen berekiko.

Hobetsi zuen bizpahiru egun itxoitea, dena ongi pentsatzeko. Orduan erabakiko zuen zer egin. Oheratu zen, baina lokartu ezinda egon zen luze.

“Evie,” esaten zuen behin eta berriz. “Nor eta Evie.”

Biharamunean, gosarian elkartu ziren, ohi bezala. Evie betikoa zen: isila, zuhurra eta lasaia, itxura gazteagoa izaten ahalegintzen ez zen emakume heldu bat, Georgek artean "puntua" deitzen zuen horretatik deus ez zuen emakume bat. Senarrak urtetan begiratu ez zion moduan begiratu zion. Hark bere betiko serenitate bareari eusten zion. Bere begi urdin argiek ez zuten arazorik agertzen. Erruaren seinalerik ez bere kopeta laƱoan. Modu arinean hitz egiten ari zen, beti bezala.

“Polita da etxera itzultzea Londresen bi egun frenetiko pasa ondoren. Zer eginen duzu gaur goizean?”

Ez zuen ez hankarik ez bururik.

Hiru egun geroago abokatua ikustera joan zen George. Herry Blane, abokatua ez ezik, aspaldiko laguna ere bazuen. Haren bulegoa ez zegoen Peregrineren etxetik urrun, eta, urtetan, bisitak egiten zizkioten elkarri. Astean bi egunetan, landako gentlemana zen, eta, bost egunetan, Sheffieldeko abokatu lanpetua. Garaia eta sendoa zen, manera zalapartatsu eta barre jostalarikoa, eta horrek iradokitzen zuen kirolariaren eta tipo jatorraren itxura eman nahi zuela nagusiki, eta, horren ondoren soilik, abokatuarena. Baina burutsua eta hamaikak ikusia zen.

“Tira, George, zer dela-eta hemen?” esan zion koronela bulegoan sartu bezain laster. “Ongi pasatu duk Londresen? Emaztea eramanen diat egun batzuetarako hurrengo astean. Zer moduz Evie?”

“Evie dela-eta etorri nauk hi ikustera,” esan zuen Peregrinek, begirada susmotsu batekin. “Haren liburua irakurri duk?”

Zentzumenak zorroztu zitzaizkion pentsamendu iluneko azken egun haietan, eta jabetu zen zirkin bat egin zuela abokatuaren aurpegierak. Irudi zuen ernaitu zela bat-batean.

“Irakurri diat, bai. A zer arrakasta, ezta? Evie zaharra poeta bihurtu zaiguk. Zer ez dugun ikusiko.”

George Peregrinek haserreari eutsi zion.

“Ergelen pare utzi naik.”

“O, zer diok, George? Eviek ez dik inolako minik egin liburu horrekin. Harro-harro egon beharko huke.”

“Ez hasi memolokeria horiekin. Haren bizitza duk. Hik badakik eta mundu guztiak ere bai. Uste diat ni baino ez naizela falta jakin gabe nor zen maitalea.”

“Baina bazegok irudimena izeneko gauza bat, gizona. Ez duk arrazoirik ez pentsatzeko kontu guztia asmatuta dagoela.”

“Begira, Henry, aspaldi-aspalditik ezagutzen diagu elkar. Izugarriak eginak ditiagu elkarrekin. Izan txintxoa, orain. Aurpegira begira esaten ahal didak uste duala asmatutako istorioa dela?”

Harry Blane deseroso mugitu zen aulkian. Kezkatuta zegoen George zaharren ahotsaren nahigabearekin.

“Ez duk eskubiderik galdera hori niri egiteko. Galdetu Evieri.”

“Ez nauk ausartzen,” erantzun zuen Georgek pausa itogarri baten ondoren. “Beldur nauk egia esanen didala.”

Isilaldi deseroso bat etorri zen.

“Nor zen gizona?”

Harry Blanek begietara begiratu zion irmotasunez.

“Ez zakiat, eta jakinen banu ez niake esanen.”

“Zerri zikina. Ez duk ikusten nola uzten nauen horrek? Uste duk erraza dela irrigarri gelditzea denen aurrean?” Abokatua, zigarreta piztu, eta pafa-pafa aritu zen isilik une batzuk.

“Ez zakiat zertan laguntzen ahal diadan,” esan zuen azkenean.

“Detektibe pribatuak izanen dituk, pentsatzen diat. Nahi diat dantzan jar ditzaala eta egia atera dezatela.”

“Ez duk batere polita detektibeak jartzea emazteari, adiskide; eta, gainera, demagun Eviek kontu bat izan zuela benetan, aspaldian izan zuan eta ez diat uste deus aurkitu ahalko zenik. Ematen dik arrastoak ongi ezkutatu zituztela.”

“Berdin zaidak. Atera itzak detektibeak. Egia jakin nahi diat.”

“Ez, George. Hori kosta ahal kosta egin nahi baduk, hobe duk beste norbaiti eskatzea. Eta, begira, Eviek engainatu hinduen froga aurkituta ere, zer eginen huke? Ergela duk dibortziatzea emazteak hamar urte lehenago engainatu hinduelako.”

“Dena dela, azalpenak eskatuko nizkiokek.”

“Bai, hori egin dezakek, baina nik bezain ongi dakik hori eginez gero hark utziko hauela. Hori nahi duk?”

Georgek begirada zorigabea bota zion.

“Ez zakiat. Beti pentsatu diat emazte aparta izan dela. Etxea ezin hobeki gobernatzen dik, sekula ez diagu inongo arazorik izan menpekoekin; lan bikaina egin dik lorategian eta zoragarria duk beti herrikoekin. Baina, arraio, nire burua errespetatu behar diat. Nola jarraitu harekin jakinda urtetan engainatu nauela?"

“Hik ez duk inoiz engainatu?”

“Bada, hala-hola, badakik. Izan ere, hogeita lau urte zaramatzaguk ezkonduta eta Evie ez duk inoiz oso ohezalea izan.”

Abokatuak bekainak altxatu zituen amini bat, baina George, berean murgilduta, ez zen ohartu.

“Ez diat ukatuko dibertitu naizela noiz edo noiz. Gizonok nahi diagu. Emakumeak desberdinak dituk.”

“Hala ziotek gizonek, bai,” esan zuen Harry Blanek, irribarre galdu batekin.

“Ez nian sekula pentsatu Evie horrela lotsagabetuko zitzaidala. Tira, oso emakume zorrotza eta uzkurra duk. Zer demontre zela-eta idatzi behar izan zuen liburu madarikatu hura?”

“Pentsatzen diat hunkituta geldituko zela eta agian asaskatuko zela gainetik kendu zuenean.”

“Bada, idatzi behar bazuen, zer demoniorengatik ez zuen idatzi goitizen batekin?”

“Ezkondu aurreko abizena erabili zian. Pentsatuko zian nahikoa zela horrekin, eta hala izanen zuan liburuak halako arrakasta izan ez balu.”

George Peregrine eta abokatua parez pare zeuden eserita, mahaia bien artean. Georgek, ukondoa mahai gainean eta masaila esku gainean, kopeta ilundu zuen ideia horrekin.

“Amorragarria duk ez jakitea zer tipo mota zen. Ez zegok jakiterik gentleman bat ote zen. Esan nahi baita, nik dakidala, nekazaria edo abokatu baten kontularia izan zitekean.”

Harry Blanek irribarreari eutsi zion eta, erantzun zuenean, begirada amultsu eta ulerkorra zuen.

“Evie ezagututa, uste diat tipo jatorra izanen zela. Dena dela, seguru nagok ez zela bulego honetako kontularia.”

“Ni sinetsi ezinda nagok oraindik,” esan zuen korolenak hasperen batekin. “Uste nian maite ninduela. Ez zian halako liburu bat idatziko gorrotatuko ez banindu.”

“O, hori ez duk egia. Evie ez duk gorrotatzeko gauza.”

“Ez didak sinetsarazi nahiko maite nauela.”

“Ez.”

“Eta zer sentitzen du niregana, bada?”

Harry Blanek atzera egin zuen aulkian, eta pentsakor begiratu zion Georgeri.

“Deus ez, esanen niake.”

Koronela dardaratu eta gorritu zen.

“Azken finean, hi ez hago maiteminduta, ezta?”
George Peregrinek ez zuen erantzun zuzenik eman.

“Kolpe latza izan duk niretzat umerik ez izatea, baina ez zioat inoiz pentsarazi nahi izan huts egin didala. Ongi tratatu diat beti. Eta arrazoizko mugen barnean, saiatu nauk nire betebeharrekoak betetzen.”

Abokatuak eskutzarra pasa zuen aho gainetik, ezpainetan dardarka ari zen irribarrea gorde nahian.

“Oraindik ezin diat sinetsi,” jarraitu zuen Peregrinek. “Demonio, hamar urte lehenago ere Evie ez zuan oilanda bat, eta zeruak bazakik itxurakoa ere ez zela. Kontu hau desatsegina duk oso.” Hasperen luzea eman zuen. “Hik zer eginen huke nire tokian?”

“Ezer ez.”

George Peregrinek, salto batez zutitu, eta Harryri begiratu zion erregimendua ikuskatzen zuenean jarri beharko zuen aurpegiera latzarekin.

“Ezin diat ezikusiarena egin halako gauza batekin. Barregarri gelditu nauk. Ezin diat burua tente eraman berriz.”

“Bai zera,” esan zuen abokatuak zorrotz, eta, gero, modu atsegin eta amultsuan, “Adi ezak, adiskide: gizona hilda zegok; aspaldi-aspaldi gertatu zuan dena. Ahantzi ezak. Mintza hadi Evieren liburuaz jendearekin, goraipatu ezak, esaiek zeinen harro hagoen emazteaz. Joka ezak jakinen bahu bezala ezinezkoa zela hark hi engainatzea, horrenbesteko konfiantza duk harengan. Mundua azkar biratzen duk eta jendeak memoria txikia dik. Ahaztuko ditek.”

“Nik ez diat ahaztuko.”

“Biok helduak zarete. Hark, ziur aski, askoz gehiago egiten dik hiretzat pentsatzen duana baino, eta bakar-bakarrik sentituko hintzateke hura gabe. Uste diat ez duela axola ahazten ez baduk. Onena izanen duk buru gogor horretan behingoz sartzea Evie gehiago dela inoiz pentsatu duana baino.”

“Arraio! Iduri dik nire errua dela.”

“Ez, ez diat uste hik duala errua, baina Eviek ere ez. Pentsatzen diat ez zuela mutil harekin maitemindu nahi. Bukaera aldeko bertso haiek gogoan dituk? Iruditzen zaidak txiki-txiki eginda gelditu zela bestea hil zenean, baina, modu berezi batean, poztu ere poztu zela. Nahiz bazekian zeinen hauskorra zen biak lotzen zituen lokarria. Mutila lehen maitasunaren loraldian hil zuan eta ez zian aukerarik izan maitasunak oso gutxitan irauten duela ikasteko; haren alde ederra eta zoriontsua baino ez zian ezagutu. Miseria guztietatik libre gelditu zela zian kontsolamendu emakumeak, penatuta egonik ere.”

“Horretaz ez nauk ohartu, adiskide. Baina ulertzen diat gutxi gorabehera zer esan nahi duan.”

George Peregrinek ilun begiratu zuen mahaiko tintaontzira. Isilik zegoen eta abokatuak jakin-minez baina errukiz begiratu zion.

“Konturatzen haiz zenbateko adorea izan zuen ez erakusteko zeinen atsekabeturik zegoen?" esan zuen leunki.

Peregrine koronelak hasperen egin zuen.

“Jota nagok. Arrazoi izanen duk; ez dik merezi iragandakoaz negar egitea eta okerragoa lukek espantuka hasiko banintz.”

“Orduan?”

George Peregrinek irribarretxo urrikigarria agertu zuen.

“Kasu eginen diat. Ez diat ezer eginen. Pentsa dezatela nahi dutena nitaz eta pikutara doazela. Egia duk ez nekikela zer egin Evie gabe. Baina gauza bat esan behar diat, bizi naizen bitartean ez diat ulertuko zer arraio ikusi zuen harengan tipo hark.”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina