2019(e)ko urriaren 24(a), osteguna

23. Estimu gutxiko emakumeak


Estimu gutxiko emakumeak
MARGARET ATWOOD
1.
Denek dute bere txanda, eta orain nirea da. Edo hala esaten ziguten behintzat haurtzaindegian. Ez da egia, baina. Batzuek besteek baino txanda gehiago dituzte, eta niri ez zait sekula ailegatu nirea, ezta behin ere! Nekez dakit nik edo nirea zer den; bizitza osoan beste hura izan naiz.
Izena ere ez dut; ahizpa itsusia naiz, itsusia hitza azpimarratuta. Besteen amak niri begira gelditzen dira eta, segituan, soa aldendu eta eztiki astintzen dute burua. Ahotsak apaltzen edo isiltzen dira gela batean sartzen naizenean soineko eder batez jantzita eta berunezko aurpegia muturtuta. Uste dute zerbait esan behar dutela egoerari buelta emateko: Tira, sendoa da zalantzarik gabe. Baina badakite alferrik dela. Baita nik ere.

Uste duzu ez dudala gorrotatzen haien errukia, haien atsegintasun bortxatua? Jakinda ezen, egiten nuena egiten nuela eta nintzen txintxoa edo langilea nintzela, ez naizela sekula ederra izanen. Ez hura bezain ederra; hark aski zuen eserita egotea denak mira-mira edukitzeko. Ulertzen duzu orain zergatik sastatu nituen panpinen begi urdinak eta zergatik kendu nizkien ileak burusoildu arte? Bizitza ez da justua. Zergatik ote ni?
Printzeaz bezainbatean, uste duzu ez nuela maite? Hark baino gehiago maite nuen nik. Beste ezer baino gehiago maite nuen nik. Oina mozteko adina. Hiltzeko adina. Horixe jantzi nintzela oihal ilunekin haren lekua hartzeko ezkontzan. Jakina bota nuela leihotik behera eta ohean maindireaz estali nuela aurpegia, hura nintzela simulatzeko. Nork ez ote, nire lekuan?
Baina amaiera txarrekoa da nire maitasuna. Zapata gori-goriak, iltzez jositako kupelak. Horixe sentitzen da erantzunik ez duen maitasunarekin.
Ume bat izan zuen, gainera. Niri ez didate inoiz utzi.
Nahi izan duzun guztia nahi dut nik ere.
2.
Difamazio salaketa bat, horixe aztertzen ari naizena. Eta burugabekeria hau buka dadila behingoz. Nola zaharra naizen, bakarrik bizi naizen eta ezin dudan ongi ikusi, denetarik leporatzen didate. Umeak egosi eta jatea; sinets dezakezu? Fantasia hutsa; eta, bakan batzuk jan baditut ere, norena da errua? Gurasoek abandonatu zituzten basoan, ongi baino hobeki jakinda hilko zirela. Eta nire betiko leloa: ongi pasa eta gutxi gasta.
Dena dela, nire ikuspuntutik, eskaini egiten zizkidaten. Lehenago, pertsona helduak ematen zizkidaten, gizonak zein emakumeak, sasoian sasoiko aho-gozagarriz beteak, ereite eta biltze garaietan nire eskura jarriak. Sinbolismoak gordinegia irudi lezake akaso, eta, gertaerek berek, batzuen ustez igual, gustu txarrekoak, baina jende xehe hori asmo onez ari zen. Horren ordez, gauzak ernamuindu, hazi, potoldu eta ontzen ziren niri esker.
Gero, ezkutatu eta ganbaran sartu ninduten, uzkurtuta, ihartuta eta hautseztatutako oihaletan bilduta. Aizue! Titiak ere banituen! Bi baino gehiago. Asko. Badakizue zergatik den hirugarren titia erabat funtsezkoa ni bezalako emakume batentzat?
Edo, zergatik irudikatzen naute baratze batean? Gauza gozo-gozoak hazten dituen baratze zoragarri batean. Masustak. Aza magikoak. Rapunzel, edo dena delakoa. Eta emakume haurdun horiek guztiak, ilargiaren argitan etxeko hesira igotzen direnak, nire emankortasunetik edan nahian deus ere eman gabe bueltan. Lapurrak dei dakieke, aurreiritzirik eduki ezean.
Hori ez zen batere arrunta lehengo garaietan. Orduan, bizitza opari bat zen, ez ostu beharreko zerbait. Nire oparia zen. Lurretik eta uretik ematen nuen nik, eta jendeak eskertzen ninduen.
3.
Egia da, aitaorde gaiztorik ez dago. Alargun koldar hutsak, besterik ez dira, uzten didatenak lasai-lasai alabak garbitzen. Non daude, bada, neska horiek lan eta lan ditudanean sukaldean, edo elur erauntsira bidaltzen ditudanean soineko papera bezain mehez jantzita? Bulegoan, berandu arte lanean. Errua beste norbaiti egozten. Gizonak! Baina uste baduzu ez dakitela zertan ari diren, burutik zaude.
Halako alaba txintxoen arazoa da, hain zuzen, txintxo-txintxoak direla. Esanekoak eta otzanak. Menekoak, areago. Buru-altxatzerik ez. Nola bukatuko lukete ni tartean ez banengo? Bada, gaizki, zalantzarik ez. Etxeko lanak baino ez dute egiten, eta, ikusten denez, hori barra-barra agertzen da halako istorioetan. Egunen batean, nekazari batekin ezkondu eta hamazazpi umez erdituko lirateke; eta hilarrian, izatekotan, 'Emazte langilea’ lukete irarrita. A zer pagotxa.
Nik bazterrak nahasten ditut, gauzak mugiarazten. 'Hoa errepidera jolastera’ esaten diet. ‘Jantz hadi paperezko soineko hau eta ea marrubirik aurkitzen dunan elurretan.’ Zitala da, baina bukaera onekoa. Aski dute irribarre egitea, kaixo esatea eta lan pixka bat gehiago egitea gnomo batzuentzat edo dama atsegin batzuentzat edo dena delakoarentzat, eta, bingo! Erregearen semea lortzen dute, jauregi eta guzti, eta akabo eskuetako azal latza. Niretzat, ordea, erru guztia.
Jainkoak guzti horren berri dauka. Deabrurik gabe, ez dago Erorikorik, ez Berrerospenik. Bi gehi bi bezain erraza.
Badaukazu zapatak nire bizkar gainean garbitzea, nire zioak nahi adina itxuragabetzea, errota-harriak buru gainera botatzea edo ibaian itotzea, baina ez daukazu istoriotik kanpo uzterik. Neu naiz bilbea, txikito, ez ezazu ahaztu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina