2019(e)ko irailaren 18(a), asteazkena

22. Gurutzea eta dragoia


Gurutzea eta dragoia

George RR Martin


Heresia,” esan zidan. Igerilekuko ur gaziak eztiki mugitu ziren.
Beste bat?” esan nuen nik akiduraz. “Ugariak dira egunotan.”
Ene komandante jaunak ez zuen iruzkin hori gogoko izan. Astunki, jarrera aldatu zuen, uhinak sortuz igerilekuan barna. Bat ertz baten kontra hautsi zen, eta ur xafla bat irristatu zen harrera ganberako lauzen gainean. Botak busti zitzaizkidan beste behin. Filosofiaz onartu nuen. Botarik txarrenak neramatzan, jakinda oinak bustitzea saihestu ezinezko ondorioa zela Torgathon Bederatzi-Klariis Tûn ikustera joatean, zeina ka-Thane herriaren nagusia eta Vessko artzapezpikua baitzen, bai eta Lau Zinetako apaiz txit gorena, Jesukristoren Zaldunen Ordena Militarreko inkisidore nagusia eta Erroma Berriko Daryn XXI.a aita santuaren kontseilaria ere.
 “Heresiak zeruko izarrak adina izanen dira, baina bakar bat ere ez da arriskurik gabea, aita,” esan zidan artzapezpikuak hotsandiz. “Kristoren zaldunak garen heinean, gure egitekoa da haien aurka jotzea. Eta erantsi behar dut heresia berri hau bereziki zitala dela.”
Bai, ene komandante jauna,” erantzun nuen. “Nire asmoa ez zen arinkeriaz jokatzea. Barka iezadazu. Finnengango misioa izugarri nekosoa izan zen. Esperantza nuen baimena emanen zenidala nire eginkizunetatik libre gelditzeko. Atsedena behar dut, denbora, pentsatzeko eta oneratzeko.”
Atsedena?” Artzapezpikua igerilekuan mugitu zen berriz; gorputz handia posturaz aldatzea aski izan zen beste ur xafla bat lurrean barna bidaltzeko. Haren begi nini gabe beltzak itxi-ireki ziren niri so. “Ez aita, beldur naiz hori ez dagoela eztabaidatzeko. Zure trebetasuna eta esperientzia funtsezkoak zaizkigu misio berri honetan.” Ahots lodia leundu zitzaion pixka bat. “Ez dut astirik izan Finneganez egin duzun txostena irakurtzeko,” esan zuen. “Nola joan zitzaizun?”
Gaizki,” esan nion, “baina iruditzen zait, hala ere, gailenduko garela. Eliza sendoa da Finneganen. Gure baketzeko ahaleginei uko egin zietenean, zegokionari baliabideak eman eta gauza izan ginen heretikoen egunkaria eta emititzeko instalazioak ixteko. Gure lagunak arduratu ziren, halaber, haiek bide judizialera jo zutenean, horrek fruiturik eman ez zezan.”
Hori ez da gaizki,” esan zuen artzapezpikuak. “Garaipen ederra lortu zenuen Jaunaren alde.”
Istiluak izan ziren, ene komandante jauna,” esan nuen nik. “Ehun heretikotik gora hil ziren, baita dozena bat gutar ere. Beldur naiz indarkeria gehiago egonen dela arazoa konpondu baino lehen. Eraso egiten diete gure apaizei oina sartu orduko heresia zabaldu den hiri batean. Haien buruek, bere aldetik, bizitza jokatzen dute hiri hori utziz gero. Ez nuen nahi halako gorrotoak, halako sarraskiak gertatzea.
Laudagarria, baina ez errealista,” esan zuen Torgathon artzapezpikuak. Begiak itxi-ireki zizkidan berriz, eta oroitu nintzen haren arrazakoen artean pazientzia ezaren seinalea dela. “Martirien odola isurtzen da batzuetan, baita heretikoena ere. Zer axola du batek bizia galtzeak, haren arima salbatzen bada?”
Bai,” esan nuen nik, bat etorrita. Haren inpazientzia gorabehera, Torgathon ordubeteko sermoia emateko gauza zen, aukera ematen bazitzaion. Ideia horrek ez ninduen sobera gogobetetzen. Harrera egiteko ganbara ez zegoen diseinaturik gizakien erosotasunerako, eta ez nuen nahi hor behar baino luzeago egon. Paretak hezeak eta lizunak ziren; eguratsa, beroa eta sargoria, astuna ka-Thaneek berezko zuten gurin zaharminduaren usainarekin. Lepoan erremina nuen, izerditan nengoen kasaka azpian, oinak txipa eginda nituen eta urdaila nahastuta. Heldu beharreko gaiari heldu nion. “Esan duzu heresia berri hau bereziki zitala dela, ene komandante jauna?”
Hala da,” esan zuen.
Non sortu zen?”
Arionen, Vesstik hiru bat astera dagoen mundu batean. Gizaki hutsez osatutakoa da. Ezin dut ulertu nolatan usteltzen zareten gizakiok horren erraz. Behin ka-Thane batek fedea bereganatuz gero, nekez utziko du.”
Jakina da hori,” esan nuen gizalegez. Ez nuen adierazi oso ka-Thane gutxik bereganatu dutela fedea. Izaki mantso eta pisutsuak ziren, eta milioi horietako gehienek gogo zipitzik ere ez zuten bereak ez ziren azturak ikasteko edo haien antzinako erlijioaz bestelakorik bere egiteko. Torgathon Bederatzi-Klariis Tûn salbuespen bat zen. Lehenengo kristautuetakoa izan zen ia duela bi mende, Vidas L.a aita santuak ezarri zuenean gizakiak ez zirenak ere apaiztu zitezkeela. Kontuan izanik bizitza zinez luzea eta altzairua bezain sinesmen irmoak zituela, ez zen harritzekoa Torgathon ailegatu zen tokiraino ailegatzea, nahiz eta arraza bereko mila izakik baino gutxiagok bat egin zuten Elizarekin haren atzetik. Gutxienez beste mende bat gelditzen zitzaion bizitzeko. Zalantzarik ez egunen batean Torgathon Tûn kardinala izanen zela, behar adina heresia zapalduz gero. Horrelakoak dira garaiok.
Baliabide gutxi dugu Arionen,” esan zuen artzapezpikuak. Besoak mugitzen zituen hitz egitean, lau makila mardul, haragi berde-grisez tantotuak, uretan plisti-plasta ari zirenak, eta arnas-zuloaren inguruko ile zuri zikinek dar-dar egiten zuten hitz bakoitzarekin. “Apaiz gutxi, eliza gutxi eta sinestun bakan batzuk, baina ahalmenik ez. Heretikoak gu baino gehiago dira mundu horretan. Konfiantza osoa dut zure adimenean, zure zentzu onean. Bihur ezazu zorigaitza hori abagune. Heresia horren aizuna hain agerikoa izanda, ez zaizu asko kostatuko frogatzea faltsua dela. Agian engainatutako batzuk onbideratuko dituzu horrela.”
Seguru,” esan nuen. “Eta zein da heresia horren nondik norakoa? Zer da gezurtatu behar dudana?” Nire fede nahasiaren seinale tristea da onartzea ez zitzaidala axola. Heretiko askorekin tratatu dut. Sinesten dituzten gauzak eta egin dizkiedan galdeketak buru barnean daramatzat eta ametsak asaldatzen dizkidate gauean. Nola egon naiteke seguru neure fedeaz? Torgathoni apaizteko bidea ireki zion ediktu berak ekarri zuen beste dozena erdi munduk bizkarra ematea Erroma Berriko Apezpikuari eta, haientzat, heresia bereziki itsusia litzateke nire aurrean, Erromako lepoko bustia kenduta, biluzik zegoen eta Elizaren aginteari lau esku minzdun handi haiekin oratzen zion estralurtar larriaren fedea. Kristautasuna gizakien erlijio nagusia da, baina hori ez da asko. Kristauak ez direnak gu halako bost dira eta kristautasunaren zazpiehun aldaeratik gora daude, haietako batzuk Lurreko eta Mila Mundutako Eliza Katoliko Izarrarteko Egiazko Bakarra bezain handiak kasik. Daryn XXI.a bera, ahaltsua izanik ere, Aita Santuaren titulua aldarrikatzen duten zazpietako bat baino ez da. Nire sinesmenak sendoak ziren garai batean, baina heretikoen eta sinesgabeen artean aritu naiz luzez harrezkeroztik. Otoitz egiteak ere ez dizkit zalantzak uxatzen. Beraz, ez nintzen eskandalizatu, aitzitik, interes intelektuala piztu zitzaidan, besterik ez, artzapezpikuak kontatu zidanean zertan zetzan Ariongo heresia.
Haien sektan,” esan zuen, “Judas Iskariote egin dute santu.”
***
Lehenengo zaldun inkisidoreetakoa izanik, izarrontzi baten nagusia naiz, zeinari Kristoren Egia deitzen baitiot atsegin handiz. Niri esleitu baino lehen, San Tomas deitzen zen, apostoluarengatik, baina ez zitzaidan egokia iruditu zalantzak izateagatik ezaguna zen santu batek izena ematea heresiaren kontrako borrokan jardun behar zuen ontzi bati.
Egiaren barnean nik ez nuen lanik, Bidaia Urruneko San Kristobalen Ordenako sei anai-arrebak osatzen baitzuten eskifaia, eta merkatari bati kendu nion emakume bat zen kapitaina. Hortaz, Vesstik Arionera joateko hiru asteak probestu nituen Biblia heretikoa aztertzeko, apezpikuaren laguntzaileak haren kopia bat eman baitzidan. Liburu mardula, astuna eta ederra zen, larru beltzean bildua, orrialdeetako ertzak urrezkoak zituena eta kolore biziko hologramak zekartzana barnean. Lan aparta, liburugintzaren arte ia ahaztua maitatzen zuen batek egina, zalantzarik gabe. Barnean erreproduzitutako margolanak (originalak, pentsatzen dut, Ariongo San Judasen Etxean egonen ziren) bikainak ziren, nahiz eta blasfemoak, baina Erroma Berriko San Joanen Katedral Handia apaintzen duten Tammerwenen eta RoHallydaysen lanak bezain artistikoak.
Barnean, liburuak imprimatur bat zekarren, ohartzen zuena Lukyan Judasson Judas Iskarioteren Ordenaren Lehenengo Jakintsuaren onespena zuela.
Gurutzea eta Dragoia deitzen zen.
Kristoren Egia izarren artean pasatzen zela irakurri nuen liburua, hasieran oharrak hartuz heresia hobeki ulertzeko, baina, gero, hango istorio bitxi, bihurritu eta groteskoak harrapatuta. Testuaren hitzei pasioa, ahala eta poesia zerizkien.
Honela ezagutu nuen San Judas Iskarioteren pertsonaia harrigarria, konplexua, handinahia, kontraesankorra eta ohiz kanpokoa.
Prostituta baten semea, Babilonian jaio zen, antzinako kondairetako hiri-estatuan, salbatzailea Belenen jaio zen egun berean; umetan, kalexketan eta areketan barna ibiltzen zen, bere gorputza saltzen, premia zuenean, eta, geroago, besteenak. Gaztetan, arte ilunekin esperimentatzen hasi zen, eta 20 urte bete baino lehen, nekromantzialari trebea zen. Orduan Judas dragoi-otzantzaile bihurtu zen, lehenengoa eta bakarra bere menpean jartzen Jainkoaren izaki ikaragarriena, Lur Zaharreko suzko herensuge hegalaria. Liburuak Judasen irudi zoragarri bat zekarren: haitzulo handi eta ilun batean zegoen, begiak sutan, zigor gartsu bat eskuan urrun eusteko mendia adinako dragoi urrezko-berde bati. Beso azpian saski bat zeukan, estalia erdi irekia zuena, eta hortik hiru dragoikumeren buru txikiak ateratzen ziren. Laugarren dragoikume bat mahuka barnean zuen. Hori dena bere bizitzaren lehenbiziko kapituluan.
Bigarrenean, Judas Konkistatzailea zen, Judas Dragoi-erregea, Judas Babiloniakoa, Usurpatzaile Handia. Bere dragoi handienaren gainean, burdinazko koro bat buruan eta ezpata bat eskuan, Babilonia hiriburu zuen inperioa Iberiatik Indiara arte luzatu zuen Judasek, Lur Zaharrean inoiz izan den handiena. Dragoi-tronu batean eserita erreinatu zuen eraikiarazi zituen Lorategi Esekietatik, eta hor zegoen Jesus Nazaretekoa epaitu zuenean, profeta bazter-nahasle hura, lotuta eta odoletan harengana eraman zutena. Judasek ez zuen pazientzia handirik eta odol gehiago isurarazi zion Kristori Harekikoak bukatu baino lehen. Jesusek galderei erantzun ez zienean, Judasek kaleetara iraitzi zuen berriz mespretxuz. Baina, aurrena, guardiei agindu zien hankak mozteko Kristori. “Sendatzaile,” esan zion, “senda ezak hire burua.”
Gero Damua etorri zen, gaueko ikuskari harekin, eta Judas Iskariotek uko egin zien koroari, arte ilunei eta ondasunei, elbarritu zuen gizonari jarraitzeko. Haren atzaparretan egondakoek gutxietsia eta isekatua, Judas Jaunaren Aulki bihurtu zen, eta urtebetez Jesus eraman zuen bizkar gainean lehenago bere menpe egon zen lurraldeko bazter guztietara. Jesusek azkenean bere burua sendatu zuenean, Judas Haren ondoan ibiltzen zen, eta, ordutik aurrera, Jesusen lagun mina eta aholkularia izan zen, Hamabietako lehena eta burua. Azkenean, Jesusek mintzairen dohaintza eman zion Judasi, Judasek bidalitako dragoiak etorrarazi eta santifikatu zituen, eta Judas igorri zuen bakarrik ozeanoez bestaldera “Nire Hitza hedatzeko iristen ez naizen tokietara.”
Egun batean, eguerdirako ilundu zuen eta lurra ikaratu zen; Judas, hegal ahaltsuko dragoiaren gainera igota, buelta erdia eman eta itzuli zen itsaso koleratuak zeharkatuz. Baina Jerusalemera ailegatu orduko, Kristo gurutzean hilda aurkitu zuen.
Orduan, fedea kordokatu zitzaion eta, hurrengo hiru egunean, Judasen Hira Handia antzinako munduaren gainera etorri zen, enbata bat bezala. Haren dragoiek Jerusalemgo tenplua arpilatu zuten, jendea hiritik kanpora egotzi zuten eta Erromako eta Babiloniako boteregune handiei ere eraso zieten. Eta gainerako Hamabiak kausituta eta galdekatuta, jakin zuen ezen hasieran Simon baina gero Petri deitzen zen batek hiru aldiz traizionatu zuela Jainkoa; Judasek Petri ito zuen bere eskuz eta gorpua dragoiei eman zien bazkagai. Gero, dragoiak munduan barna bidali zituen, Jesus Nazaretekoaren omenezko hileta-pirak pitz zitzaten.
Jesus hirugarren egunean berpiztu zen eta Judasek negar egin zuen, baina haren malkoek ez zuten Kristoren haserrea apaldu, haren hiraldian Kristoren irakaspen guztiak traizionatu zituelako.
Beraz, Jesusek dragoiei deitu zien; joan zitzaizkion dragoiak eta itzali ziren suak toki guztietan. Dragoien sabeletatik Petri atera eta bat egin zuen berriz, eta Elizaren gaineko agintea eman zion.
Orduan, dragoiak hil ziren, baita munduko beste guztiak ere, Judas Iskarioteren boterearen eta jakinduriaren ikurra bizia baitziren, eta Judasek bekatu larriak zituen eginak. Eta Jesusek mintzairen dohaintza eta sendatzeko boterea kendu zizkion, baita ikusmena ere, Judasek itsuen modura jokatu baitzuen (margolan eder batean Judas itsua negarrez zegoen dragoi hilen gainean). Eta Jesusek esan zion urte askotan traidore gisa gogoratuko zutela, jendeak madarikatuko zuela, eta haren egindako guztiak ahaztuko zirela.
Baina, orduan, nola Judasek horrenbeste maitatu zuen, Kristok mesede bat eman zion: bizitza luzeagoa, han-hemen ibil zedin gogoeta eginez bere bekatuen inguruan, azkenean, barkamena lortzeko. Eta orduan hilko zen.
Eta hala hasi zen Judas Iskarioteren bizitzaren azken kapitulua. Baina kapitulu luzea izan zen benetan. Behinola dragoi-erregea eta Kristoren laguna, orain bidaiari itsua, besterik ez zen, atzerriratua eta lagungabea, munduko bide hotzetan barna alderrai, artean bizirik ezagutu zituen hiri, pertsona eta gauza guztiak hiltzen ziren bizkitartean. Petrik, lehendabiziko Aita Santuak, haren etsaia izanik, noranahi zabaldu zuen Judasek Kristo zilarrezko hogeita hamar txanponen truke saldu zuelako istorioa, halako eran non Judas ez baitzen ausartu bere izena erabiltzera. Bolada batean Judu Alderraia deitu zion bere buruari, eta gero, beste izen asko. Mila urtetik gora bizi zen, eta predikaria, sendatzailea eta animalien maitatzailea izan zen; Petriren Eliza harropuztu eta usteldu zenean, Judas xerkatu eta jazarri zuten. Baina denbora luzea zuenez, azkenean jakinduria eta bake zentzua bereganatu zuen; orduan, Jesus joan zitzaion luze geroratu zen hil-ohera eta adiskidetu ziren berriz eta Judasek negarrari eman zion beste behin. Hil baino lehen, Kristok agindu zion permitituko zuela batzuek gogoratzea nor izan zen Judas eta zer egin zuen, eta mendeak igaro ahala, berri horiek zabalduko zirela, Petriren gezurra desagertu eta ahaztu arte.
Huraxe izan zen San Judas Iskarioteren bizitza, Gurutzea eta dragoia liburuan kontatzen denaren arabera. Haren irakaspenak ere hor zeuden, baita ustez idatzi zituen liburu apokrifoak ere.
Liburua amaitutakoan, Arla-k-Bau-ri utzi nion, Kristoren Egiaren kapitainari, alegia. Arla emakume krokaila eta pragmatikoa zen, fede zehatzik ez zuena, baina haren iritzia baloratzen nuen. Eskifaiako gainerakoek, San Kristobalgo anai-arreba zintzoek, artzapezpikuaren laztura erlijioso bera errepikatuko zuten.
Interesgarria,” esan zuen Arlak liburua bueltatu zidanean.
Barre bat atera zitzaidan. “Hori da dena?”
Sorbaldak goratu zituen. “Istorio polita da. Zure Biblia baino errazago irakurtzen da, Damien, eta drama gehiago du.”
Egia da,” onartu nuen. “Baina ez du zentzurik. Katramila bat da, doktrina, idazki apokrifoak, mitologia eta superstizioa nahasten dituena. Entretenigarria, bada, bai. Imajinazio handikoa eta ausarta ere bai. Baina irrigarria, ezta? Nola sinetsi dragoietan? Kristo hankarik gabe? Petri berrosatuta lau munstrok klaskatu ondoren?”
Alanek irri burlatia egin zuen. “Funsgabeagoa da hori ura ardo bihurtzea baino, edo Kristo ur gainean ibiltzea baino, edo gizon bat arrain baten sabelean bizitzea baino?” Arla-k-Bauri nirekin zirika ibiltzea gustatzen zitzaion. Eskandalagarria izan zen sinesgabe bat kapitain hartu izana, baina oso langile fina zen, eta erneago ibiltzen nintzen ondoan nuenean. Arlak buru argia zuen, eta hori obedientzia itsua baino gehiago estimatzen nuen. Agian bekatua nirea zen.
Badago aldea,” esan nuen nik.
Badago?” Erantzun zidan. Nire maskaren atzean ikusten zuen. “Oi, Damien, onartu ezazu. Gustatu zaizu liburua.”
Eztarria leundu nuen. “Jakin-mina piztu dit,” baietsi nuen. Nire burua justifikatu behar nuen. “Badakizu zer-nolakoak ditudan esku artean normalean. Doktrinaren desbideratze txikiak; nolabait neurritik kanpo ateratzen diren huskeria teologiko ilunak; maniobra politiko agerikoak, helburu dutenak planeta bateko apezpiku goranahi bat aita santu izendatzea edo ordainen bat lortzea Erroma Berritik edo Vesstik. Gerrak ez du bukaerarik, baina guduak hitsak eta likitsak dira. Espiritualki, emozionalki eta fisikoki pot eginda uzten naute. Gero, indarrez hustua eta errudun sentitzen nintzen.” Kolpetxo batzuk eman nituen liburuaren larruzko azalean. “Oraingo hau desberdina da. Birrindu egin behar da heresia, jakina, baina aitortu behar dut Lukyan Judasson hori ezagutzeko irrikaz nagoela.”
Artea ere ederra da,” esan zuen Arlak, eta, Gurutzea eta dragoia liburuaren orriak pasatzen zituela, batean gelditu zen arretaz aztertzeko –Judas dragoi gainean negarrez, uste dut–. Irribarre egin nuen ikusita ni bezain hunkituta zegoela. Baina, kopeta ilundu zitzaidan.
Hura izan zen aurrean nituen oztopoen lehenengo seinalea.
***
Hala ailegatu zen Kristoren Egia Arion planetako Ammadon portzelanazko hirira, non San Judas Iskarioteren Ordenak bere Etxea baitzuen.
Arion mundu atsegina eta gozoa zen, biztanleak azken hiru mende hauetan izan zituena. Populazioa, guztira, 9 milioitik beherakoa zen; Ammadonen, benetako hiri bakarrean, 2 milioi bizi ziren. Maila teknologikoa ertaina-altua zen, baina inportaziokoa zen nagusiki. Arionek industria gutxi zuen eta ez zen oso berritzailea, ez bazen, agian, arte kontuetan. Artea oso inportantea zen eta loraldian zegoen. Askatasun erlijiosoa gizartearen oinarrietakoa zen, baina Arion ez zen bereziki erlijiosoa, eta bertako gehienek bizitza laikoak zituzten. Estetizismoa zen denetan erlijiorik zabalduena, baina zaila da hura erlijiotzat hartzea. Taoistak, erikanistak, antzinako benetako kristauak, Ameslariaren seme-alabak eta dozena bat sekta txikiago ere bazeuden.
Eta Fede Katoliko Izarrarteko Egiazko Bakarrak 9 eliza zituen. Lehenago 12 zituen. Beste hirurak, orain, Arionen azkarren hazten ari zen erlijioarenak ziren, San Judas Iskarioteren Ordenarenak, alegia, zeinak beste hamabi eliza eraiki berri ere bazituen.
Ariongo apezpikua gizon iluna eta soila zen, ile beltz motzekoa, eta ez zen batere poztu ni ikustean. “Damien Har Veris!” esan zuen harriduraz bere egoitzara deitu nuenean. “Zure berri badugu, noski, baina ez nuen sekula pentsatu hemen izanen zintugula. Oso txikiak gara hemen.”
Gero eta txikiagoak,” esan nuen nik, “eta hori kezkagarria da Torgathon apezpikuarentzat. Itxuraz, zu ez zaude horren kezkaturik, gorentasuna, ez baituzu egokitzat jotzen aztertzea zertan dabilen Judasen gurtzaileen sekta hori.”
Une batez haserre antzeman nion errietagatik, baina segituan irentsi zuen. Apezpiku batek ere beldurra dio zaldun inkisidore bati. “Kezkaturik gaude, jakina,” esan zuen. “Ahaleginak eta bi egiten ditugu heresiari aurre egiteko. Aholkurik baduzu laguntzeko, pozik entzunen dut.”
Jesukristroren Zaldunen Ordena Militarreko inkisidorea naiz," esan nuen zakar. “Ez dut aholkurik ematen, gorentasuna. Ekin egiten dut. Helburu hori bete beharrez bidali naute hona, eta helburu hori beteko dut. Orain, esadazu heresia horretaz dakizun guztia, baita Lukyan Judasson Lehenengo Ikasle horretaz ere.”
Nola ez, aita Damien,” esan zuen apezpikuak. Mirabe bati agindu zion ardoa eta gazta ekartzeko, eta Judasen fedearen historia labur baina harrigarria hasi zen kontatzen. Nik aditu nuen, azkazalak igurzten nituela jakako hegal gorriminaren kontra, haien pintura beltzak dar-dar egin zuen arte; tarteka, galderaren batekin eteten nuen. Erdi bukatuta zegoenerako, banekien Lukyan ikustera joan behar nuela. Ekiteko modurik onena zirudien.
Eta hala nahi nuen nik hasiera-hasieratik.
***
Itxurak garrantzitsuak ziren Arionen, ohartu nintzenez, eta iruditu zitzaidan Lukyan inpresionatu behar nuela nire irudiarekin eta nire hierarkiarekin. Botarik onenak jantzi nituen –apainak, ilunak eta eskuz eginak, Torgathonen harrera ganberaren barnean sekula izan gabeak– baita traje beltz soila ere, Bordele koloreko hegalekin eta lepoko zurrunarekin. Lepo inguruan, urre hutsezko gurutzefika bat; paparreko pina, urrezko ezpata bat, zaldun inkisidoreen ikurra. Anaia Denisek azkazalak margotu zizkidan tentuz, ebanoa bezain beltz; begiak ere ilundu zizkidan, eta hauts zuria zabaldu zidan aurpegian. Ispiluan begiratuta, neroni ere izutu nintzen. Irribarre egin nuen, baina laburki. Efektua zapuzten zuen.
Abiatu nintzen San Judas Iskarioteren Etxera. Ammadongo kaleak zabalak ziren, urre kolorekoak, eta zuhaitz eskarlatak zituzten alboetan, haizexuxurlak izenekoak, ematen baitzuen haietatik eskegitako aihenek xuxurlaka kontatzen zizkiola sekretuak brisa gozoari. Arreba Judith nirekin etorri zen. Emakume txikia da, gorpuzkera mehekoa, baita San Kristobal Ordenaren abituetan jantzita dagoenean ere. Aurpegi otzana eta amultsua du; begiak, zabalak, gazteak eta xaloak. Erabilgarria suertatzen zait. Lautan hil ditu eraso egin nahi izan zidatenak.
Etxea eraiki berria zen. Handia eta handientsua, lore distiratsuko lorategien eta urrezko belarreko itsasoen artetik altxatzen zen; horma altu batek inguratzen zituen lorategiak. Mural batzuk ikusgai zeuden lursailaren inguruko hormako kanpoaldean eta eraikinean. Haietako batzuk ezagutu nituen Gurutzea eta Dragoia liburutik, eta tartetxo batez gelditu nintzen behatzeko, ate nagusia zeharkatu baino lehen. Inork ez gintuen geldiarazi. Ez zegoen ez guardiarik ez harreragilerik. Hormen barrenaldean, gizonak eta emakumeak mantso promenatzen ziren loreen artean, edo eserita zeuden zilarzurren eta haizexuxurlen azpian.
Arreba Judith eta biok gelditu eta Etxean sartu ginen zuzenean.
Eskaileretan gora hasi eta gizon bat agertu zen barrenetik; gure zain gelditu zen ate aurrean. Ilehoria eta lodia zen, bizar sarria zuen, irribarre mantsoa inguratzen zuena; tunika nasaia zeraman, oinetako sandalietara ailegatzen zitzaiona. Tunikak dragoiak zituen, eskuan gurutze bat zeraman gizon baten siluetarekin.
Eskailerabururaino ailegatu nintzenean, keinu bat egin zidan buruaz. "Aita Damien Har Veris, zaldun inkisidorea,” esan zuen. Irribarrea zabaldu zitzaion. “Diosal egiten dizut, Jesusen izenean eta San Judasen izenean. Lukyan naiz.”
Nire baitarako esan nuen aurkitu behar nuela apezpikuaren zer laguntzaile ari zitzaion informazioa ematen Judasen fedeari, baina aurpegiera ez zitzaidan mudatu. “Denbora luzean izan naiz zaldun inkisidore, aita Lukyan Mo,” esan nuen haren eskua hartzen nuela. “Galdera batzuk egin nahi dizkizut.” Ez nuen irribarrerik egin.
Hark bai. “Hala pentsatzen dut,” esan zuen.
***
Lukyanen bulegoa handia baina espartanoa zen. Heretikoen soiltasuna, maiz irudi duenez, galdua dute Elizako ofizialek. Luxu bat bazuen, hala ere. Mahiaren atzeko paretan, orduko maiteminduta nindukan margola zegoen: itsututako Judas, dragoien gainean negarrez.
Lukyan eseri zen astunki eta beste aulki bat seinalatu zidan. Arreba Judith kanpoan utzia genuen, itxoiteko ganberan. “Nahiago dut zutik egon, aita Lukyan,” esan nuen nik, jakinda horrek nagusitasuna ematen zidala.
Deitu iezadazu Lukyan,” esan zuen. “Edo Luke, nahiago baduzu. Hierarkia ez dugu bereziki gogoko hemen.”
Zu aita Lukyan Mo zara, hemen Arionen jaioa, Cathadayko apaiztegian hezia, Lurreko eta Mila Mundutako Eliza Katoliko Izarrarteko Egiazko Bakarraren apaiza ohia,” esan nuen nik. “Zure mailari dagokion moduan zuzenduko natzaizu, aita. Espero dut zuk berdin jokatzea. Argi dago?”
O, bai,” esan zuen amultsuki.
Aginpidea dut sakramentuak emateko duzun eskubidea kentzeko, zure lanetik botatzeko eta zu eskumikatzeko heresia horrengatik. Zenbait mundutan, hiltzera ere kondenatu zintuzket.”
Baina Arionen ez,” esan zuen Lukyan segituan. “Hemen toleranteak gara. Zuek baino gehiago ere bai.” Irribarre egin zuen. “Gainerakoan, bada, tira, sakramentu horiek ez ditut oso maiz ematen, badakizu. Azken urteotan, ez. Lehenengo Ikaslea naiz orain. Pentsalari bat, maisu bat. Bidea erakusten diet besteei, fedea aurkitzen laguntzen diet. Eskumikatu nazazu, horrela zoriontsuago sentitzen bazara, aita Damien. Zoriontasuna da denok bilatzen duguna.”
Fedea abandonatu duzu, orduan, aita Lukyan,” esan nuen nik. Gurutzea eta Dragoia liburua mahai gainean utzi nuen. “Baina iduri du beste bat aurkitu duzula.” Orduan nik egin nuen irribarre, baina irribarre erabat izoztua, erabat mehatxagarria, erabat isekagarria. “Ez dut sekula hau baino fede erridikuluagorik aurkitu. Pentsatzekoa da orain esanen didazula Jainkoarekin hitz egin duzula, Hark errebelazio berri hau eman zizula, San Judasen izen ona garbi zenezan, ezta?”
Lukyanen irribarrea zabal-zabala zen orain. Liburua hartu zuen eta begiek dir-dir egin zioten. “Oi, ez,” esan zuen. “Ez; dena asmatu nuen.”
Horrek bai harritu ninduela. “Nola?”
Den-dena asmatu dut,” errepikatu zuen. Liburua haztatu zuen, maitekor. “Iturri askotan oinarritu nintzen, jakina, batez ere Biblian, baina Gurutzea eta Dragoia nire obratzat hartzen dut funtsean. Nahiko ona da, ez zaizu hala iruditzen? Nire izena, noski, ezin nion eman, harro banago ere, baina nire imprimaturra dakar. Ohartu zara? Autoretza aitortzetik egin nuen gauzarik hurbilena.”
Zer esan ez nekiela gelditu nintzen une batez. Gero, samin keinu bat egin nuen. “Txundigarria izan da,” onartu nuen. “Irudimen handiko ero bat espero nuen, bere burua engainatu duena eta irmoki uste duena Jainkoak hitz egin diola. Halako fanatikoekin egin dut lan lehenago. Baina, horren ordez, ziniko bat topatu dut, alaiki aitortzen duena erlijio bat asmatu duela bere probetxurako. Fanatikoak nahiago ditut. Ezin doilorragoa zara, aita Lukyan. Infernuan erreko zara betiko.”
Ez dut uste,” esan zuen Lukyan, “baina ez zaitez nirekin okertu, aita Damien. Ez naiz ziniko bat eta ez dut probetxurik ateratzen San Judas maitagarriarengandik. Egia esan, erosoago bizi nintzen zure Elizako apaiza nintzela. Nire bokazioa da hau.”
Eseri nintzen. “Nahastuta nago,” esan nuen. “Azaldu ezazu.”
Egia esanen dizut orain,” esan zuen. Modu xelebrean esan zuen, letania baten antzera. “Ni Gezurti bat naiz,” erantsi zuen.
Umeentzako paradoxekin nahastu nahi nauzu,” erantzun nion.
Ez, ez.” Irribarre egin zuen. “Gezurti bat. Hizki larriz. Erakunde bat da, aita Damien. Erlijio bat, esan liteke. Fede handi eta boteretsu bat. Eta ni parterik txikiena naiz.”
Ez dut eliza horren berririk,” esan nuen.
O, ez, jakina. Sekretua da. Nahitaez. Hori uler dezakezu, ezta? Jendeari ez zaio gustatzen haiekin gezurretan aritzea.”
Niri ere ez,” esan nuen nik.
Lukyanek min hartuta zirudien. “Esan dizut egia kontatuko nizula, ez da hala? Gezurti batek hori esaten dizunean, sinesten ahal diozu. Bestela, nola fidatu elkarrengan?”
Asko zarete?” galdetu nuen. Pentsatzen hasia nintzen Lukyan eroa zela azken batean, edozein heretiko bezain fanatikoa, baina modu konplexuagoan. Heresia hori beste heresia baten barnean zegoen, baina banekien zein zer nire betebeharra: egia aurkitzea eta gauzak zuzentzea.
Asko gara,” esan zuen Lukyanek, irribarrez. “Harrituko zinateke, aita Damien, benetan. Baina gauza batzuk ezin dizkizut kontatu.”
Konta iezadazu posible duzuna, bada.”
Oso ongi,” esan zuen Lukyan Judassonek. “Gezurtiok, beste erlijioetakoek bezala, zenbait egia ditugu geure fedean. Fedea nahitaezkoa da beti. Gauza batzuk ezin dira frogatu. Sinesten dugu bizitzak merezi duela. Hori fede kontua da. Bizitzaren xedea bizitzea da, heriotzari buru egitea, entropiari aurre egitea.”
Segi ezazu,” esan nuen, gogoz kontra interesaturik.
Sinesten dugu, halaber, zoriontasuna ona dela, bilatu beharreko gauza bat dela.”
Eliza ez dago zoriontasunaren kontra,” esan nuen lehor.
Ez nago seguru,” esan zuen Lukyanek. “Baina ez gaitezen horretan sartu. Elizak zoriontasunaren inguruan esaten duena esaten duela, sinesten dute badagoela hil ondoko bizitza bat, goreneko izaki bat eta kode moral konplexu bat.”
Egia da.”
Gezurtiok ez dugu hil ondoko bizitzan edo jainkoan sinesten. Unibertsoa den bezalakoa ikusten dugu, aita Damien, eta estali gabeko egia horiek gogorrak dira. Bizitzan sinesten dugunok eta estimatzen dugunok hilko gara. Ondoren ez da deus egonen, betiereko hutsa, belztasuna, ezereza. Gure bizitzan ez da helbururik izan, ez poesiarik, ez esanahirik. Ezta gure heriotzan ere. Behin joanik, unibertsoa ez da gutaz oroituko, eta, berehala, inoiz bizi izan ez bagina bezala izanen da. Gure munduek eta unibertsoak ere ez dute luze iraunen. Bukaeran, entropiak denok janen gaitu eta gure ahalegin makalek ezin dute amaiera zorigaizto hori eragotzi. Dena joana egonen da. Ez da deus izan. Ez du ezer axola. Unibertsoa bera kondenatuta dago, galkorra da eta ez zaio inporta.”
Atzera egin nuen aulkian, eta hotzikara batek zeharkatu ninduen Lukyan gaixoaren hitz ilunak entzuten nituela. Ohartu nintzen gurutzefika haztatzen ari nintzela. “Filosofia goibela, benetan,” esan nuen, “baita faltsua ere. Ni neu ere horrelakoak pentsatua naiz. Uste dut denok pentsatu ditugula, une batean edo bestean. Baina ez da hala, aita. Fedeak babesten nau horrelako nihilismotik. Etsipenaren aurkako brokela da.”
Oi, baina hori badakit, ene laguna, ene zaldun inkisidorea,” esan zuen Lukyanek. “Pozten nau ikusteak horren ongi ulertzen duzula. Gutako bat zara ia-ia.”
Bekozkoa ilundu nuen.
Kontuaren muina da hori,” jarraitu zuen Lukyanek. “Egiak, egia handiak –baita horren handiak ez diren asko ere– jasanezinak zaizkie gehienei. Fedea da gure brokela. Zure fedea, nirea, edonorena. Ez du axola, sinesten jarraitzen dugun bitartean, benetan sinetsi ere, erabilgarri suertatzen zaizkigun gezurretan.” Bizar beilegi handiaren ertzak hazkatu zituen. “Psikologoek beti esan digute sinestunak zoriontsuak direla, badakizu. Jesukristorengan, Budarengan edo Erika Stormjonesengan sinetsi, edo berreragitzean edo hilezkortasunean edo naturan sinetsi, maitasunaren boterean edo alderdi politiko batean sinetsi, berdin du. Sinetsi egiten dute. Zoriontsuak dira. Egia ikusi dutenak daude etsita, eta beren burua hiltzen dute. Egiak hain dira handiak, eta fedeak hain txikiak, hain eskasak, hain hutsegitez eta kontraesanez beteak, ezen aise asko jabetzen baikara horretaz, eta, ilunpearen pisua gure gainean sumatuta, ezin gara zoriontsu bizi."
Ez naiz motela. Ordurako, banekien nora zihoan Lukyan Judasson. “Zuek Gezurtiok fedeak asmatzen dituzue.”
Irribarre egin zuen. “Mota guztietakoak. Ez bakarrik erlijiosoak. Pentsa ezazu. Badakigu zeinen tresna ankerra den egia. Edertasuna egia baino askoz maiteago dugu. Edertasuna asmatzen dugu. Fedeak, mugimendu politikoak, goiko idealak, maitasunean eta kidetasunean sinestea. Den-denak gezurrak. Gezur horiek eta beste batzuk kontatzen ditugu, beste asko. Historia, mitoa eta erlijioa hobetzen ditugu; ederragotu, egokiagotu eta sinesten errazagotzen ditugu. Gure gezurrak ez dira perfektuak, jakina. Egiak sobera handiak dira. Baina agian, egunen batean, gezur handi bat aurkituko dugu, gizateria osoarekin erabiltzeko. Ordura arte, mila gezur txikiz baliatuko gara.”
Ez ditut oso gogoko Gezurtiak, bada,” esan nuen sugar hotzez. “Bizitza osoan egiaren atzetik ibili naiz.”
Lukyanek barkabera begiratu zidan. “Aita Damien Har Veris, zaldun inkisidorea, zuk uste baino hobeki ezagutzen zaitut. Zu zeu ere Gezurtia zara. Lan ona egiten duzu. Munduz mundu zabiltza, eta horietako bakoitzean ergelak, matxinoak, galdetzaileak suntsitzen dituzu, zu menpeko zaituen gezur handiaren eraikina behera bota nahi dutenak.”
Nire gezurra honen miresgarria bada,” esan nuen, “zergatik abandonatu duzu, bada?”
Erlijio batek bere kulturara eta gizartera egokitu behar du, haiekin batera lan egin, ez haien kontra. Gatazkarik edo kontraesanik badago, gezurra hausten da, eta fedea kordokatzen. Zure Eliza ona da mundu askotarako, aita, baina ez Arionerako. Bizitza gozoa da oso hemen, eta zure fedea, berriz, latza. Hemen, edertasuna maite dugu, eta zure fedeak gutxi du eskaintzeko. Beraz, hobetu egin dugu. Mundu hau luze aztertu genuen. Badakigu nolako profil psikologikoa duen. San Judas loratuko da hemen. Drama, kolorea eta edertasuna eskaintzen ditu; haren estetika zoragarria da. Bukaera zorioneko tragedia da Judasena, eta Arionen oso gustagarriak dira horrelakoak. Dragoiek ukitu polita ematen diote. Uste dut zure Elizak modua bilatu beharko lukeela dragoiak sartzeko. Izaki izugarriak dira.”
Mitoetakoak,” esan nuen nik.
Ez dut uste,” erantzun zuen. “Aztertu ezazu.” Irribarre egin zidan. “Begira, azkenean, fede kontua da dena. Egiaz jakin dezakezu zer gertatu zen duela hiru mila urte? Zuk Judas bat duzu, nik beste bat. Biok liburuak ditugu. Zurea da egiazkoa? Hori sinesten ahal duzu benetan? Gezurtien ordenaren lehendabiziko zirkuluan baino ez nago, eta, hortaz, sekretu guztiak ez ditut ezagutzen, baina badakit oso aspaldikoak garela. Ez nintzateke harrituko irakurriko banu ebanjelioak nire gisako batzuek idatzi zituztela. Akaso Judas ez zen inoiz existitu. Edo Jesus.”
Fedea dut ez zela hala izan,” esan nuen.
Eraikin honetan dauden mila lagunek fede handia eta benetakoa dute San Judasengan, eta Gurutzea eta Dragoia liburuan,” esan zuen Lukyanek. “Fedea oso gauza ona da. Badakizu suizidioen tasa ia heren bat murriztu dela Arionen San Judasen Ordena sortu zenetik?”
Gogoan dut mantsoki altxatu nintzela aulkitik. “Edozein heretiko bezain fanatikoa zara zu, Lukyan Judasson,” esan nion. “Erruki dizut fedea galdu izana.”
Lukyan nirekin altxatu zen. “Erruki ezazu zeure burua, Damien Har Veris,” esan zuen. “Nik fede eta kausa berria aurkitu ditut, eta zoriontsua naiz. Zu, ene laguna, tormentatuta eta miserable sentitzen zara.”
Gezurra da hori!” esan nuen oihuka, beldur naiz.
Etorri nirekin,” esan zuen Lukyanek. Paretako panel bat ukituta, Judas dragoien gainean negarrez erakusten zuen margo handia desagertu zen bistatik. Hor, eskailera bat beherantz joaten zen. “Segi aurrera,” esan zidan.
Sotoan, txarro handi bat zegoen, likido berde zurbil batez betea, eta, barnean, gauza bat, antzinako enbrioi bat bezalakoa zena, batera zaharra eta berria, arroparik gabea, buru handia eta gorputz atrofiatu txikia zituena. Hoditxoak ateratzen zitzaizkion haren beso-hanketatik eta genitaletatik, eta bizirik mantentzen zuen makina batekin lotzen zuten.
Begiak ireki zituen Lukyanek argiak piztu zituenean. Handiak eta ilunak ziren, eta arimaren barnera begiratu zidaten.
Nire kidea da hau,” esan zuen Lukyan, txarroaren alde batean kolpetxo batzuk emanez, “Jon Azure Gurutze, laugarren zirkuluko Gezurtia.”
Eta telepata,” esan nuen nik ziurtasun eriz. Beste telepata batzuen kontra aritua nintzen, beste mundu batzuetan, gehienak ume mokoak baziren ere. Elizak irakasten du botere psioniko horiek Satanen tranpa bat direla. Biblian ez zaie aipamenik egiten. Inoiz ez naiz ongi sentitu hilketa horiekin.
Etxean sartu zinen bezain laster, Jonek irakurri zintuen eta zure berri eman zidan," esan zuen Lukyanek. “Gutako gutxi batzuok baino ez dakigu hemen dagoela. Gezurretan eraginkortasun handiagoz aritzen laguntzen digu. Badaki noiz sinesten den benetan eta noiz ez. Komunikagailu bat daukat burmuinean ezarrita. Jonek noiznahi hitz egin dezake nirekin. Hark errekrutatu ninduen Gezurtietarako. Bazekien fede gutxi nuela. Nire etsipenaren hutsunea bete zuen.”
Orduan, tankean zegoen gauzak hitz egin zuen, ahots metalikoz, bizitzeko behar zuen makinaren azpian zeukan mifrokonitik. “Eta zurea ere bai, Damien Har Veris, apaiz hustua. Inkisidorea, galdera gehiegi egin dituzu. Bihotza gaizki duzu, nekaturik zaude eta ez duzu sinesten. Egizu bat gurekin, Damien. Aspaldi-aspalditik zara Gezurtia.”
Une batez duda egin nuen, eta, nire baitan begiratuta, ez nuen jakin zertan sinesten nuen. Fedea bilatu nuen, garai batean sostengu izan nuen sua, Elizaren irakaspenetan nuen segurtasuna, nire barnean presente zegoen Kristo. Eta ez nuen ezer aurkitu. Barnetik hutsik nengoen, erreta, galderez eta minez betea. Baina Jon Azure Gurutzeri eta Lukyan Judasson irribarretsuari erantzuterakoan, beste zerbait aurkitu nuen, benetako nuen zerbait, betidanik.
Egia.
Egian sinesten nuen, mingarria bazen ere.
Galdu egin diagu,” esan zuen ironikoki Gurutze deitzen zen telepatak. Irribarrea joan zitzaion Lukyani. “O, egiatan? Espero nuen gutako bat bihurtzea, Damien. Prest zenirudien.”
Bat-batean beldurra izan nuen, eta burura etorri zitzaidan korrika ateratzeko eta arreba Judithengana joateko ideia. Lukyanek asko kontatu zidan eta nik uko egiten nien.
Telepatak nire beldurra sumatu zuen. “Ezin diguzu minik egin, Damien,” esan zuen. Bakean joan. Lukyanek ez dizu deus kontatu.”
Lukyanek kopeta ilun zuen. “Nahikotxo kontatu zioat, Jon,” esan zuen.
Bai. Baina fidatzen ahal da hire moduko Gezurti baten hitzez?” Ontzian zegoen gauzaren aho itxuragabe txikia bihurritu zen irribarre egiteko eta begiak itxi zitzaizkion; Lukyan Judassonek hasperen egin zuen eskaileretan gora eramaten ninduela.
***
Urte batzuk iragan arte ez nintzen ohartu Jon Azure Gurutze zela gezurretan aritu zena eta Lukyan zela gezur horien biktima. Baneukan min egitea. Eta min egin nien.
Erraz-erraza zen. Apezpikuak lagunak zituen gobernuan nahiz komunikabideetan. Dirua toki egokietan jarriz, nik ere lagunak egin nituen. Orduan, Gurutze salatu nuen eta leporatu nion bere botere psikikoak erabili zituela Lukyanen jarraitzaileak manipulatzeko. Nire lagunek kasu egin zioten salaketa horri. Guardiek sarekada bat antolatu zuten, Gurutze telepata atxilo hartu eta epaitegira eraman zuten.
Hura errugabea zen, jakina. Nire salaketak ez zuen zentzurik; telepatek badaukate pentsamendua gertu-gertutik irakurtzea, baina ez beste ezer. Baina ez dira ohikoak eta jendeak beldur handia die; eta, Gurutze hain zatarra izanda, erraza zen superstizioaren biktima bezala erakustea. Bukaeran, aske gelditu zen, baina Ammadon hiria eta agian Arion bera utzi zuen, toki ezezagun baten aldera abiatuta.
Baina ez nuen sekula izan hura zigortzeko asmorik. Salatzea aski zen. Pitzadurak agertu ziren hark eta Lukyanek elkarrekin sortu zuten gezurrean. Zaila da fedea irabaztea, eta erraza galtzea. Zalantzarik txikienak arrakala bat sor dezake sinesmenaren oinarri sendoenetan ere.
Apezpikua eta biok elkarrekin aritu ginen zalantzak gehiago zabaltzeko. Ez zen izan hasieran pentsatu nuen bezain erraza. Gezurtiek ongi egina zuten lana. Ammadonek, hiri zibilizatu gehienek bezala, jakinduriaren bagaje handia zeukan, eta, eskolak, unibertsitateak eta liburutegiak batzen zituen sistema informatikoari esker, jakintza hori edonoren eskura zegoen.
Nik begiratu nuenean, jabetu nintzen Erromako eta Babiloniako historia sotilki egokituak zeudela eta Judas Iskariote hiru zerrendatan agertzen zela: batean traidore gisa, beste batean santu gisa, eta beste batean Babiloniako errege-konkistatzaile gisa. Haren izena Lorategi Esekiei lotuta ere agertzen zen, eta sarrera bat zegoen Judasen Kodea izeneko gauza baterako.
Eta, Ammadongo liburutegiaren arabera, Kristoren garaiaren inguruan desagertu ziren dragoiak Lur Zaharretik.
Baina azkenean gezur horiek denak purgatu eta ordenagailuetako memorietatik kendu genituen, nahiz kristauak ez diren bospasei mundutako autoritateak aipatu behar izan genituen liburuzainek eta irakasleek sinets zezaten desberdintasunak lehentasun erlijiosoz haratago zeudela. Ordurako, San Judasen Ordena faundurik zegoen agerian gelditzearen poderioz. Lukyan Judasson makalduta eta koleratuta zegoen, eta elizen erdiak itxiak zituen.
Heresia ez zen guztiz hil, noski. Beti geldituko dira edozein gerta ere sinetsiko dutenak. Beraz, gaur egun ere Gurutzea eta Dragoia irakurtzen dute Arionen, Ammadongo portzelanazko hirian, haizexuxurlen artean.
Kristoren Egiak eta Arla-k-Bau kapitainak Vessera eraman ninduten, handik abiatu eta urtebetera, eta Torgathon artzapezpikuak azkenean eman zidan eskatu nion atsedena, beste heresia batzuei aurre egitera bidali baino lehen. Hortaz, ni garaile atera nintzen eta Elizak lehen bezalatsu jarraitu zuen; San Judasen Ordena, berriz, birrin egina eta indarge zegoen. Jon Azure Gurutze telepatak huts egin zuen, pentsatu nuen orduan. Zaldun inkisidore baten boterea gutxietsi zuen.
Gero, alabaina, haren hitzak gogoratu nituen.
Ezin diguzu minik egin, Damien.
Guri?
San Judasen Ordenari? Ala Gezurtiei?
Nahita aritu zen gezurretan, pentsatzen dut, jakinda nik Gurutzea eta dragoia mugimendua garbituko nuela eta, hala ere, Gezurtiak ezin nituela ukitu, haien izena aipatzera ere ez nintzela ausartuko. Nola ukituko nituen, bada? Nork sinetsiko zidan? Izarren arteko konspirazio bat, historia bezain zaharra? Paranoia itxura du, eta gainera ez nuen frogarik.
Telepata Lukyanen onurarako ibili zen gezurretan, alde egiten utz ziezadan. Seguru nago orain. Gurutzek asko arriskatu zuen ni harrapatzeko. Huts eginez, prest agertu zen Lukyan Judasson eta haren gezurra sakrifikatzeko, peoiak balira bezala joko handiago batean.
Horrela egin nuen alde, jakinda fedea falta nuela, egiarenganako fedea izan ezik, neure Elizan hortik aurrera aurkitu ezin nuena. Gero eta seguruago nengoen horretaz atsedenaldiko urtebeteak aurrera egin ahala, zeinetan ikasi eta ikasi ibili bainintzen, Vess-en, Cathaday-n eta Zeliaren Munduan. Azkenean, artzapezpikuaren harrera gelara itzuli nintzen, Torgathon Bederatzi-Klariis Tûn-en aurrera, botarik txarrenak jantzita. “Ene jaun komandantea,” esan nion, “ezin dut misio gehiagotan jardun. Eskatu nahi dizut zerbitzutik kanpo gelditzeko.”
Zer dela eta?” esan zuen Torgathonek orroka, plisti-plasta.
Fedea galdu dut,” esan nion, sinpleki.
Niri so gelditu zitzaidan, haren ninirik gabeko begiak kliskan. Azkenean esan zuen: “Zure fedea zuri eta zure konfesoreari dagokizue. Niri emaitzak baino ez zaizkit axola. Lan bikaina egin duzu, Damien. Ezin duzu erretreta hartu eta ez dut zure dimisioa onartuko.”
Egiak askatuko gaitu.
Baina askatasuna hotza da, beldurgarria, hutsik dago, eta gezurrak epelak eta ederrak izan daitezke maiz.
Iaz Elizak beste ontzi bat eman zidan, berria eta hobea. Dragoia deitu nion.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina