Herri zahar-zaharra
H. P. Lovecraft |
|
Melmoth maitea:
Lan eta lan ibili zara
Varius Avitus Bassianus asiar gazte jasanezin horren iragan illunean zer edo
zer aurkitu nahian, ezta? Buf! Gutxi dira Siriako astakirten hori baino
gehiago gorrotatzen ditudanak!
Ni neu ere
erromatarren garaietara eraman nau James Rhoades-en Eneida irakurtzeak. Ez
nuen lehenago ezagutzen eta iruditzen zait fidelagoa dela P. Maro-rekiko
ikusi ditudan bertsozko beste bertsioak baino, nire osaba Clark doktore
zenarena barne, zein ez baitzen argitara eman. Virgilioren libertimendu
horrek, Santu Guztien bezperak berezko dituen pentsamendu espektralekin
batera, non akelarreko sorginak mendietan barna agertzen baitira, erromatar
amets bat eragin zidan joan den astelehen gauean, horren argia eta bizia izan
zena, ezkututako ikararen halako irudi titanikoak zituena, ezen zinez
pentsatzen baitut liburu batean erabiliko dudala. Erromatar ametsak ez ziren
ezohikoak gaztea nintzelarik –Julio jainkotarraren atzetik ibiltzen nintzen
Galia guztian zehar tribuno militar gisa– baina horren aspaldian desagertu
zirenez, oraingo honek jota uzti nau indar ikaragarriz.
|
2018(e)ko maiatzaren 18(a), ostirala
15. Herri zahar-zaharra
2018(e)ko apirilaren 17(a), asteartea
14. Bazen behin
Bazen behin
Margaret
Atwood
“Bazen
behin neska txiro bat, ederra bezain zintzoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena
basoan zegoen etxe batean.”
“Basoan?
Basoa demodé dago, hau da, nahikoa dugu basoetako kontu horiekin. Irudi hori ez
da bat etortzen gure egungo gizartearekin. Zergatik ez hirian, aldatzeagatik?”
“Bazen
behin neska txiro bat, ederra bezain txintxoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena
hiri bateko kanpoaldean zegoen etxe batean.”
“Hobeki
dago hori. Baina zalantzan jarri behar dut txiro
hitz hori.”
“Baina
txiroa zen!”
“Txirotasuna
erlatiboa da. Etxe batean bizi zen, ezta?”
“Bai.”
“Orduan,
ikuspuntu sozio-ekonomiko batetik, ez zen txiroa.”
2018(e)ko martxoaren 15(a), osteguna
13.B Dinosauro bat bazina, maitea
Dinosauro bat bazina, maitea
Rachel
Swirsky
Dinosauro
bat bazina, maitea, Tyrannosaurus rex-a
zinateke. Tiranosauro txiki bat, metro bat eta hogeita hamabi zentimetrokoa,
gizaki moduan duzun altuera bera. Hezur hauskorrak izanen zenituzke eta ahalik
eta delikatuen eta ederren ibiliko zinateke atzapar erraldoi horien gainean. Zure
begiek eztiki begiratuko lukete masail hezurtsu horien atzetik.
Tiranosauro
bat bazina, ni zooko zaintzailea nintzateke, denbora osoan zurekin egoteko.
Oilasko gordinak eta bizirik dauden ahuntzak botako nizkizuke. Odola ikusiko nuke
zure hortzetan dir-dir. Ohea eginen nuke zure kaiolako zoruan, lur hezearen
gainean, hostoz bigunduta. Loak hartu ezinik bazeunde, lo-kantak abestuko
nizkizuke.
2018(e)ko martxoaren 12(a), astelehena
13.A Dinosauro bat bahintz, maitea
Dinosauro bat bahintz, maitea
Rachel
Swirsky
Dinosauro
bat bahintz, maitea, Tyrannosaurus rex-a
hintzateke. Tiranosauro txiki bat, metro bat eta hogeita hamabi zentimetrokoa,
gizaki moduan duan altuera bera. Hezur hauskorrak hituzke eta ahalik eta
delikatuen eta ederren ibiliko hintzateke atzapar erraldoi horien gainean. Hire
begiek eztiki begiratuko liketek masail hezurtsu horien atzetik.
Tiranosauro
bat bahintz, ni zooko zaintzailea nindukek, denbora osoan hirekin egoteko.
Oilasko gordinak eta bizirik dauden ahuntzak botako nizkiake. Odola ikusiko
nikek hire hortzetan dir-dir. Ohea eginen nikek hire kaiolako zoruan, lur
hezearen gainean, hostoz bigunduta. Loak hartu ezinik bahengo, lo-kantak
abestuko nizkiake.
2018(e)ko urtarrilaren 15(a), astelehena
12. Eramaten zutena
Eramaten zutena
Tim
O’Brien
Jimmy Cross lehen
lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren
urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren
maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean
bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun
osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren,
gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen
eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New
Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen
zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren
gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez
aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru
zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta
zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez,
Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu
poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko,
Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez,
Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori
sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena.
Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso,
arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen,
perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina
ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.
2017(e)ko abenduaren 26(a), asteartea
11. Hiltegirako bildotsa
HILTEGIRAKO BILDOTSA
ROALD DAHL
Gela epel eta garbi
zegoen, gortinak zabalduak, eta bi lanparak piztuak, berea eta pareko aulki
hutsaren ondoan zegoena. Haren atzeko edaritegian, bi edalontzi garai, gaseosa
eta whiskia. Ontzi termikoan, izotz-koskor atera berriak.
Mary Maloney
senarraren zain zegoen, lanetik noiz etorriko.
Tarteka erlojuari
begiratzen zion, baina larritu gabe, horretaz gozatzeko, besterik ez, joandako
minutu bakoitzarekin gutxiago falta zelako hura etortzeko. Giro atsegin eta
bare batek biltzen zuen emakumea, baita hark egiten zuen guztia ere. Burua
espero zitekeen baino lasaiago makurtzen zen josketaren gainean. Haren azalak,
haurdun zegoela seigarren hilabetea baitzen, gardentasun puntu zoragarria
erdietsi zuen; ahoa leuna zen, eta begiek, begirada patxadatsu harekin, lehen
baino handiagoak ziruditen, ilunagoak.
2017(e)ko abenduaren 13(a), asteazkena
10. Tronuen jokoa: Bran (I)
TRONUEN JOKOA
George RR Martin
BRAN
Egunsentia argia eta
hotza zen, eta hozkirriak udaren bukaera iradokitzen zuen. Egundutakoan abiatu
ziren ikustera nola mozten zitzaion burua gizon bati. Hogei ziren guztira, eta
Bran haiekin batera zihoan, urduri emozioagatik. Lehenbiziko aldia zen behar
bezain handitzat jotzen zutela aita jaunarekin eta anaiekin joateko Erregearen
justizia ikustera. Udaldiko bederatzigarren urtea zen, eta Branen bizitzaren
zazpigarrena.
Gizon hura
muinoetako gotorleku txiki batetik aterarazi zuten. Robb-ek uste zuen
basa-gizona zela, Harresiaz Bestaldeko Errege zen Mance Rayder-ri zin egina.
Branek erresumina sumatu zuen eztarrian horretan pentsatze hutsarekin. Gogora
etorri zitzaizkion Nan Zaharrak kontatutako ipuinak. Basa-jendea ankerra zela
zioen, esklabo-egileak, sastatzaileak eta lapurrak. Erraldoi eta deabruekin
uztartzen ziren, neskatilak lapurtzen zituzten gau betean, eta odola edaten
zuten txartatutako adarretatik. Basa-emakumeak Besteekin oheratzen ziren Gau
Luzean ume erdi-humano beldurgarriak egiteko.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)