2016(e)ko abuztuaren 28(a), igandea

3. Azken deia

Azken deia
Isaac Rosa

Ordu horretan, egunsentia apenas urratu berria denean, M-40 geldi-geldi dago jadanik. Esperientzia berri bat, pentsatu du: auto-ilarak. Motorzalerik gabe bidea zabaltzeko edo guardiarik gabe trafikoa mozteko, autoak emeki-emeki egiten du bat ilararekin. Gelditzen den bakoitzean, beste ibilgailu batekin geratzen da parekatuta, eta kristal tindatuen atzetik inoiz ikusi ez dituen begitarteak ikusten ditu: bera han dagoela oharkabe, sudurrean hazka egiten, aho zabalka edo makillajea jartzen, ikusminik edo mirespenik agertu gabe, ezta mespretxurik ere, metro erdi batetik behatzen dituen harekiko, haiekin begirada trukatzen duen harekiko, burua biratzen dutenean begiratzeko kristal ilunduak eta atzean eta aurrean eskolta moduan beste bi auto beltz edukitzeagatik atentzioa ematen duen autora.

Irratia kentzen ahal dut traba egiten badizu –proposatu du gidariak, begiak atzerako ispiluan dituela. Ez du bolumenarengatik esan, apala baita, baizik eta irratian hartaz hasi direlako hitz egiten. Arreta hain galduta dauka aldameneko autoan mingaina leihatilako kristalaren kontra ateratzen duen umearekin, non ez baita ohartu irratiko esatariak bere izena aipatu duela. Keinu bat egin dio eskuaz txoferrari; utz ezak bere horretan, berdin dik, eta kanpo aldera bueltatu da.

2016(e)ko abuztuaren 25(a), osteguna

2. Izarra

Izarra
Arthur C. Clarke

Hiru mila argi-urte daude Vatikanoraino. Garai batean iruditzen zitzaidan espazioak ez zuela eraginik fedearen gainean, bai eta zeruek Jainkoaren lan loriatsua islatzen zutela ere. Orain, lan hori ikusi ondoren, fedea asaldaturik daukat. Logelako horman, Mark VI konputagailuaren gainean dagoen gurutzefikari begiratzen diot eta, lehendabiziko aldiz bizitza osoan, duda dut ez ote den sinbolo huts bat.

Oraindik ez diot inori esan, baina ezin da egia ezkutatu. Emaitzak hor daude, mundu guztiak irakurtzeko moduan, erregistratuak Lurrera eramaten ditugun zinta magnetikoen kilometro kontaezinetan eta milaka argazkietan. Beste zientzialari batzuek nik bezain erraz interpreta ditzakete eta ni ez naiz egiaren manipulazioa, antzina nire ordenaren izena lohitzen zuena, aise barkatzen duen horietakoa.

2016(e)ko abuztuaren 24(a), asteazkena

1. Bixby andrea eta Koronelaren berokia

Bixby andrea eta Koronelaren berokia
Roald Dahl



Amerika aukeren lurraldea da emakumeentzat. Dagoeneko herrialdearen aberastasunaren %85 daukate bere esku. Berehala den-dena edukiko dute. Dibortzioa da dirua irabazteko modua: bukatzen azkarra eta ahazten erraza; emakume handinahiek nahi adina aldiz errepikatzen ahal dute eta etekinak zenbatu ezinezkoak bilakatu dira. Senarraren heriotzak ere badakar konpentsazio pozgarririk eta zenbait dama metodo horren alde agertzen dira. Badakite itxaronaldia ez dela betiko luzatuko, zeren gehiegizko lanak eta hipertentsioak gizajoa akabatuko baitute lehenago edo geroago: bulegoan hilko da, esku batean bentzedrina botila bat daukala, eta bestean, lasaigarri pakete bat.

Dibortzioaren eta heriotzaren patroi beldurgarri horrek ez du eragin txikienik ere izaten bertako gizonezko gazteen belaunaldien gainean. Dibortzio tasak zenbat eta altuagoa izan, orduan eta grina biziagoa sortzen zaie. Gizon gazteak saguen antzera ezkontzen dira, nerabezaroa utzi baino lehen ia-ia, eta haietako gehienek gutxienez bi emazte ohi dituzte kontagailuan hogeita hamasei urte betetzen dituztenerako. Andre horiek ohi duten moduan mantendu ahal izateko, gizonezkoek esklaboak balira bezala egin behar dute lan. Izan ere, ez dira beste ezer. Baina orduan, bederen, helduaro goiztiarrean aurrera egin ahala, nahigabearen eta izuaren sentipena hasten da zabaltzen haien bihotzetan, eta, arratsalde partean, talde txikietan biltzen dira, taberna zein elkarteetan, whiskiak edateko eta pilulak irensteko, istorioak kontatuz elkarri kontsolamendua eman nahian.