Arthur C. Clarke etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Arthur C. Clarke etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko abuztuaren 25(a), osteguna

2. Izarra

Izarra
Arthur C. Clarke

Hiru mila argi-urte daude Vatikanoraino. Garai batean iruditzen zitzaidan espazioak ez zuela eraginik fedearen gainean, bai eta zeruek Jainkoaren lan loriatsua islatzen zutela ere. Orain, lan hori ikusi ondoren, fedea asaldaturik daukat. Logelako horman, Mark VI konputagailuaren gainean dagoen gurutzefikari begiratzen diot eta, lehendabiziko aldiz bizitza osoan, duda dut ez ote den sinbolo huts bat.

Oraindik ez diot inori esan, baina ezin da egia ezkutatu. Emaitzak hor daude, mundu guztiak irakurtzeko moduan, erregistratuak Lurrera eramaten ditugun zinta magnetikoen kilometro kontaezinetan eta milaka argazkietan. Beste zientzialari batzuek nik bezain erraz interpreta ditzakete eta ni ez naiz egiaren manipulazioa, antzina nire ordenaren izena lohitzen zuena, aise barkatzen duen horietakoa.