Izarra
Arthur C. Clarke
Hiru mila argi-urte daude
Vatikanoraino. Garai batean iruditzen zitzaidan espazioak ez zuela
eraginik fedearen gainean, bai eta zeruek Jainkoaren lan loriatsua
islatzen zutela ere. Orain, lan hori ikusi ondoren, fedea asaldaturik
daukat. Logelako horman, Mark VI konputagailuaren gainean dagoen
gurutzefikari begiratzen diot eta, lehendabiziko aldiz bizitza osoan,
duda dut ez ote den sinbolo huts bat.
Oraindik ez diot inori esan, baina ezin
da egia ezkutatu. Emaitzak hor daude, mundu guztiak irakurtzeko
moduan, erregistratuak Lurrera eramaten ditugun zinta magnetikoen
kilometro kontaezinetan eta milaka argazkietan. Beste zientzialari
batzuek nik bezain erraz interpreta ditzakete eta ni ez naiz egiaren
manipulazioa, antzina nire ordenaren izena lohitzen zuena, aise
barkatzen duen horietakoa.
Tripulazioa aski nahigabeturik dabil;
ez dakit nola hartuko duten azken ironia hau. Haien artean, gutxik
dute fede erlijiosorik, baina, halere, pozez ez dute baliatuko behin
betiko tresna hori nire kontra darabilten kanpainan, Lurretik eraman
dugun gerra pribatu, asmo oneko baina funtsean serio horretan. Bitxia
iruditzen zitzaien jesuita bat izatea astrofisiko nagusia: Chandler
doktoreak, esaterako, ez du hori inoiz gainditu (zergatik dira
sendagile guztiak horren ateo nabariak?). Noiz edo noiz, nirekin
elkartzen zen behatokian, non argiak apal-apal dauden beti, halako
eran ezen izarren distirak loria betierekoa baitu. Niregana
hurbiltzen zen argiantzean, eta, leihatila obaletik kanpora
begiratzen zuen, zeruak astiro gure inguruan biraka zebiltzan
bitartean, ontzia bere ardatzaren inguruan jiratzen baitzen
alferkeriaz zuzendu ez genuen hondarreko indarraz.
“Tira, aita” esanen zuen azkenean.
“Honek betiko eta betiko jarraitzen du aurrera, eta akaso Zerbaitek
egina da. Baina nola sinesten ahal duzu Norbaitek egina dela? Nola
sinesten ahal duzu Norbait horrek interes berezia duela gure mundutxo
miserable honetan? Horrek zur eta lur uzten nau”. Orduan eztabaida
hasten zen, izarrak eta nebulosak gure inguruan balantzaka ibiltzen
ziren bitartean, arku isil eta amaigabeak eginez behatokiko plastiko
argi akasgabetik haratago.
Nire egoeraren ustezko inkongruentzia
horrek ekartzen zion, antza, pozgarri handiena tripulazioari.
Alferrik erakusten nituen Kazeta Astrofisikoan argitaratu nituen hiru
artikuluak, edo Astronomiako Errege Elkartearen Hilabetekariko
bostak. Gogorarazten nien nire ordena aspalditik dela ospetsua lan
zientifikoengatik. Orain gutxi izanen gara, baina XVIII. mendetik
aurrera ekarpen ugari egin ditugu, gure kide kopururako, astronomian
eta geofisikan. Fenix nebulosaren inguruan eginen dudan txostena gure
ordenaren mila urteko historiaren bukaera izanen da? Beldur naiz
askoz gehiagoren bukaera izanen dela.
Ez dakit nork eman zion izen hori
nebulosari, baina oso izen txarra iruditzen zait. Profezia bat baldin
bada, milioika urtetan ezin izan da egiaztatu. Nebulosa hitza bera da
nahasgarria: honako hau dezente txikiagoa da Esne Bideko punta
batetik bestera barreiaturik izar jaiogabeen materia diren hautsezko
hodei erraldoiak baino. Kosmosaren eskalan, Fenix nebulosa benetan
txikia da, gasezko uztai bat izar bakar baten inguruan.
Edo izar batetik geratzen denaren
inguruan...
Irudi du Rubensek egindako Loiolaren
grabatua nitaz iseka ari dela, espektrofotometroko marren gainean
zintzilik. Zer eginen zenuke zuk, Aita, nire eskutara iritsi den
ezagutza honekin, hain urruti unibertsotzat zeneukan mundu txiki
horretatik? Zure fedeak gaindituko luke erronka, nireak ez bezala?
Zuk urrun ikusten duzu, Aita, baina
duela mila urte gure ordena sortzean irudikatzea zenuenetik kanpo
gelditzen da bidaia hau. Ontzi bakar bat ere ez da Lurretik hain
urrutira joan: unibertso esploratuaren zinezko mugetan gaude. Fenix
nebulosara erdiestera abiatu ginen eta, arrakasta lortu ondoren,
etxerako bidaian gaude, ezagutzaren karga gainean dugula. Gustatuko
litzaidake karga hori altxatzea sorbaldetatik, baina deika ari
natzaizu, alferrik, gure artean dauden mende eta argi-urteetatik.
Esku artean duzun liburuan argi ageri
dira hitzok: "Ad maiorem dei gloriam" dio, baina orain
sinesgaitza egiten zait mezu hori. Zuk ere sinistuko zenuke aurkitu
duguna ikusi ahal izatera?
Bagenekien zer zen Fenix nebulosa,
noski. Urtero, gure galaxian soilik, ehun izarretik gora lehertzen
dira, ordu edo egun batzuetan distira arrunta baino mila aldiz
handiagoa dutela, geroago heriotzara eta iluntasunera bueltatzeko.
Horrelakoak dira noba arruntak, unibertsoko ohiko hondamendiak.
Haietako ugariren espektrogramak eta argi-kurbak erregistratu ditut
Ilargiko behatokian lanean hasi nintzenez geroztik.
Baina mila urtetik hiru edo lau aldiz,
halako eztanda gertatzen da ezen noba bat ere ezereza baita bere
aldean.
Izar bat supernoba bihurtzen denean,
bere distira denbora puska batean galaxiako izar guztiak adinakoa
izan daiteke. Txinako astronomoek halako bat ikusi zuten 1054an,
jakin gabe zer zen antzeman zutena. Bost mende geroago, 1572an,
supernoba batek leher egin zuen Kasiopean, halako distirarekin non
egun argitan ere ikusgai baitzegoen. Beste hiru egon dira handik
pasatu diren hurrengo mila urtean.
Gure misioaren helburua zen halako
hondamendi baten gerakinetara joatea, horretara eraman zuten urratsak
ezagutzeko, eta, ahal izanez gero, zerk eragin zuen jakiteko. Astiro,
sei mila urte lehenago zartatuta ere artean zabaltzen ari ziren
gasezko uztai kontzentrikoak zeharkatu genituen. Izugarri bero zeuden
eta oraindik argi bortitz-bortitza zerien, baina sakabanatuegi
egonda, ez ziguten kalterik egin. Izarrak leher egin zuenean, kanpoko
geruzak hain azkar egotzi zituen non grabitazio-eremutik kanpo
gelditu baitziren. Orain, uztai huts bat eratzen zuten, mila eguzki
sistemaren adinakoa, eta haren erdian Ipotx Zuria zetzan, izarrak
egun hartu zuen forma tikia eta liluragarria, Lurra baino txikiagoa,
baina milioi bat aldiz astunagoa.
Gasezko uztai distiratsuek inguratzen
gintuzten, izarrarteko espazioaren ohiko gaua desitxuratuz. Bonba
kosmiko baten erdira gindoazen, zein milaka urte lehenago zartatu
baitzen, haren puska goriak oraindik elkarretatik urruntzen baziren
ere. Leherketaren eskala erraldoia zenez eta hondakinen arteko
espazioan bilioi askotako kilometro zeudenez, eszenak ikusteko moduko
mugimendurik faltan zuen. Hamarkadak pasatu beharko ziren aditua ez
zen begiak edozein higidura mota hauteman zezan gasezko zurrunbilo
eta kiribil haietan, baina, halere, ukaezina zen hedapen
durduzatuaren sentipena.
Norabide nagusia zenbait ordu lehenago
egiaztatuta, mantso-mantso gindoazen gure parean zegoen izar
beldurgarri txiki harenganantz. Garai batean eguzki bat izan zen,
gurea bezalakoa, baina ordu bakan batzuetan gastatu zuen milioi
urtean distiratzeko erabili beharreko energia. Orain miserian zegoen,
uzkurturik, bereari eusten ziola gaztaro eskuzabalegi hari buelta
eman nahian.
Inork ez zuen espero planetarik
aurkitzea. Leherketaren aurretik baten bat izatera, lurrun bihurturik
egonen zen, eta haren substantziak galduko ziren izarraren hondamendi
handiagoaren barrenean. Baina, hala ere, bilaketa automatikoari ekin
genion, eguzki ezezagun batera hurbiltzen garen aldiro egiten dugun
bezala, eta mundu txiki bat aurkitu genuen, izarraren inguruan
jiraka, baina zinez urrun hartatik. Eguzki sistema horretako Pluton
izanen zen, orbita gauaren mugetan zuela. Urrutiegi eguzki
zentraletik bizitzarik edukitzeko, distantzia horrek salbatu zuen
gainerako kide galduen akabera bera izatetik.
Leherketaren garrek arroka kiskali
zuten, eta planetak bere garaian izan beharko zuen gas izoztuaren
geruza desagerrarazi. Lurreratu ginen eta ganga aurkitu genuen.
Ganga eraiki zutenak horretaz ziurtatu
ziren. Urturik zetzan sarreraren gaineko seinale monolitikoa baina
lehendabiziko argazki urrunetan ere antzematen zen hura
inteligentziaren batek obratua zela. Geroxeago erradioaktibitateren
arrasto zabalak aurkitu genituen, arroken barrenetan lurperaturik.
Gangaren gaineko zutabea suntsiturik bazegoen ere, gangak berak zutik
jarraitzen zuen, itsasargi betiereko eta higiezin baten gisara,
izarrei deika. Gure espaziontzia itu horretaraino abiatu zen gezi
baten antzera.
Zutabea milia bat altu izanen zen
eraiki zutenean, baina orain argizari masa bat ematen zuen, kandela
bat urtu ondoan. Hilabete bat kostatu zitzaigun arroka urtua
zulatzea, tresna aproposik ez baikenuen eramaten halako lan baterako.
Astronomoak ginen, ez arkeologoak, baina inprobisatzeko gauza izan
ginen. Albo batean utzi genuen hasierako helburua; izan ere,
monumentu bakarti horrek, eskaporik gabeko eguzki hartatik ahalik eta
urrunen eta nekearen nekez eginak, xede bakarra zeukan. Zibilizazio
batek bazekien hiltzeko zorian zegoela eta azken ahaleginak egin
zituen hilezkortasunaren bila.
Belaunaldiak pasatu beharko dira
gangako altxor guztiak aztertzeko. Denbora asko izan zuten
prestaketetarako, eguzkiak lehenengo abisuak emanen baitzituen azken
eztanda baino askoz lehenago. Gorde nahi zuten guztia, haien
jenialtasunaren fruitu oro, hara eraman zuten amaieraren aurreko
egunetan, mundu urrun horretara, beste arraza batek aurkituko zuen
esperantzan, hala guztiz desagertuko ez zirelakoan. Guk ere halaxe
jokatuko genuen, edota miseriak hartuko gintuen, sekula ikusiko ez
genuen etorkizunean pentsatu ezinik?
Denbora pixka bat gehiago izan balute!
Bazeukaten bere eguzkiko planeten artean behar bezala mugitzea, baina
oraindik ez zuten ikasi nola gurutzatu izarrarteko tarteak, eta
eguzki sistemarik hurbilena handik ehun argi-urtera zegoen. Eta
Higitze Transfinitoaren sekretua edukita ere, milioi bakan batzuk
baino ez zuten salbatzerik. Agian hobe zen hala gertatu izana.
Gizakien antz durduzagarririk ez
bazuten ere, beren eskulturetan ageri zenaren arabera, nahitaez
miretsi behar genituen, penaturik egonda ere haien patua zela eta.
Milaka erregistro bisual utzi zituzten, bai eta haiek proiektatzeko
makinak ere, irudizko jarraibide elaboratuekin batera. Haietan
oinarrituta ez zen zaila izanen haien idatzizko hizkuntza ikastea.
Erregistro horietako ugari aztertu genituen, eta bizitzara ekarri
genituen, lehendabiziko aldiz sei mila urtean, alderdi frankotan
gurearen nagusi izanen zen zibilizazio haren berotasuna eta
edertasuna. Akaso maitagarriena baino ez ziguten erakutsi, baina
haien hiriak eraikitzeko grazia gizakiarenaren pare zegoen. Ikusi
egin ditugu lanean eta olgetan, eta entzun egin dugu haien mintzaira
musikala mendeetan zehar. Oraindik ere eszena bat dut gogoan: ume
batzuk harea urdin arraroko hondartzan, olatuekin jolasean, Lurreko
umean jolasten diren bezala. Itsasertzean, soken moduko zuhaitz
bitxiak, eta animalia handi-handi bat uretan, inori atentziorik eman
gabe.
Eta itsasoan sartuta, artean epel,
lagunkoi eta bizi-emale, handik gutxira traizioa eginen dien eguzkia,
poz xalo hura xehatuko zuena.
Etxetik hain urrun ez bageunde eta
bakardadeak joak ez bagina, igual ez gintuzkeen horrenbeste
hunkituko. Gutako askok ikusiak ditugu antzinako zibilizazioen
hondarrak beste mundu batzuetan, baino ez gaituzte inoiz horrenbeste
penatu. Tragedia honek ez du parekorik. Gauza bat da arraza bat erori
eta hiltzea, Lurrean nazio eta kultura guztiek egin duten bezala,
baina halako eran suntsiturik gelditzea noiz eta bere loraldi betean,
inor bizirik atera gabe? Nola lotu horrelakorik Jainkoaren
errukiarekin?
Lankideek hala galdetu didate, eta nik
ahal dudana erantzun diet. Akaso zuk hobeki eginen zenuen, aita
Loiola, baina nik ez du ezer lagungarririk topatu Exercitia
Spiritualia liburuan. Haiek ez ziren gaiztoak: ez dakit zer
jainko zuten, halakorik baldin bazuten. Baina mendeak zeharkatuz
haiengana bideratu dut begirada, eta ikusi dut nolako maitasuna
baliatu zuten indarrak agortu arte beren burua iraunarazteko,
uzkurtzen ari zen eguzkiaren argiaren azpian. Asko irakasten ahal
ziguten: zergatik suntsitu ziren?
Badakit zer erantzunen duten nire
lankideek Lurrera itzultzen direnean. Esanen dute unibertsoak ez
duela helbururik ez asmorik, eta, urtero ehunka eguzkik eztanda
egiten dutenez gure galaxian, une honetan bertan arrazaren bat egonen
dela hil zorian espazioan nonbait. Arraza horrek zuzen edo oker
jokatu duen bere bizialdian ez du inolako eraginik azkenean: jainkoen
justiziarik ez dago, ez baitago jainkorik.
Baina, jakina, ikusi dugunak ez du hori
frogatzen. Horrela argudiatzen duena emozioari lotzen zaio, ez
logikari. Jainkoak ez dio gizakiari Bere jardunaren arrazoirik eman
behar. Unibertsoa sortu zuen Horrek nahi duenean suntsi dezake
unibertsoa. Burgoikeria da, blasfemia ez bada, guk esatea zer egin
dezakeen edo zer ez.
Hori onar nezakeen, gogorra bada ere
ikustea nola errausten diren munduak eta jendeak. Baina puntu batean
federik sakonena ere hasten da pitzatzen, eta, orain, parean ditudan
kalkuluei begiratzen diedala, badakit puntu horretan nagoela.
Nebulosara iritsi aurretik ezin genuen
jakin duela zenbat urte gertatu zen leherketa. Orain, froga
astronomikoei esker eta gureganaino iraun duen planeta bakar
horretako arroketan dauden erregistroei esker, gauza izan naiz data
hori zehatz-mehatz emateko. Badakit zein urtetan iritsi zen Lurrera
eztanda izugarri horren argia. Badakit nolako distira izan zuen
Lurreko zeruetan gure espaziontzia orain gero eta atzerago uzten ari
den gorpu horren supernobak. Badakit ekialdean egin zuela dir-dir,
altuera eskasean, sortaldeko itsasargi baten modura.
Ez dago tokirik arrazoizko
zalantzarako: antzinako misterioa argitu egin da azkenean. Baina, o
Jainkoa, horrenbeste izar zenituen eskura erabiltzeko. Beharrezko
izan zenuen jende hori sutara bidaltzea haien heriotzaren ikurrak
distira zezan Belen gainean?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina