Azken
deia
Ordu
horretan, egunsentia apenas urratu berria denean, M-40 geldi-geldi
dago jadanik. Esperientzia berri bat, pentsatu du: auto-ilarak.
Motorzalerik gabe bidea zabaltzeko edo guardiarik gabe trafikoa
mozteko, autoak emeki-emeki egiten du bat ilararekin. Gelditzen den
bakoitzean, beste ibilgailu batekin geratzen da parekatuta, eta
kristal tindatuen atzetik inoiz ikusi ez dituen begitarteak ikusten
ditu: bera han dagoela oharkabe, sudurrean hazka egiten, aho zabalka
edo makillajea jartzen, ikusminik edo mirespenik agertu gabe, ezta
mespretxurik ere, metro erdi batetik behatzen dituen harekiko,
haiekin begirada trukatzen duen harekiko, burua biratzen dutenean
begiratzeko kristal ilunduak eta atzean eta aurrean eskolta moduan beste bi auto
beltz edukitzeagatik atentzioa ematen duen autora.
–Irratia
kentzen ahal dut traba egiten badizu –proposatu du gidariak, begiak
atzerako ispiluan dituela. Ez du bolumenarengatik esan, apala baita,
baizik eta irratian hartaz hasi direlako hitz egiten. Arreta hain
galduta dauka aldameneko autoan mingaina leihatilako kristalaren
kontra ateratzen duen umearekin, non ez baita ohartu irratiko
esatariak bere izena aipatu duela. Keinu bat egin dio eskuaz
txoferrari; utz ezak bere horretan, berdin dik, eta kanpo aldera
bueltatu da.
Haratago,
hiria iluntasunetik ari da ateratzen; zeruak oraindik kobaltoaren
urdina dauka, baina dagoeneko koloregabetzen hasia da ekialdean.
Zerbait sentitu beharko luke, nostalgia akaso, alde egiten duen
batengandik espero daitekeena; atzerako ispiluko begirada errukiorrak
adierazten du txoferrak ere hala uste duela; baina ez, ez da hala:
hori ez da bere hiria; faltan sumatzeko,
beharrezkoa litzateke bertakoak bizi bezala bizi izana, eta horrek ez
du zerikusirik puntu batetik bestera joatearekin segizioak lagunduta,
eta kaleak moztuta, espaloi eskobatu berrien gainetik pasatzearekin
bidelagun losintxariak ondoan edukita, eta ezezagunei eskua errezeloz
ematearekin.
Plaza
bat inauguratzea ez da plaza batean bizitzea eta bera horrelaxe
erlazionatu da orain autotik adio esaten dion hiri horrekin. Lau
dorreak, adibidez, orain lehendabiziko eguzkiaren distira itzultzen
dioten horiek: ez du oso ongi gogoratzen haietako zein inauguratu
zuen. Ez, horrela ezin da hiri bat faltan bota, pentsatu du begiak
atzerako ispiluan finkatzen dituelarik, gidariari begirada jaistera
behartuz.
Bart,
bai, afariaren ondoren ("Azken afaria", esan zion
begi-keinu batekin idazkariari, zeinek irribarre egin baitzuen, beti
bezala), etxeko langileak bildu zituen zer edo zer esateko. Uko
egin zion idazkariari
horrek
eskaini zionean hitz
batzuk idaztea;
inprobisatzea hobetsi zuen, baina hasi bezain agudo ohartu zen ez
zela askorik esateko gauza.
Nekaturik zegoen, kostata mantentzen zen zutik eta azken bi asteetan
tarteka-marteka hartzen zuen loak; hartaz, esker oneko hitz bakan
batzuk zezelkatu zituen; bertaratutako guztien izenak aipatu nahi
izan zituen, baina ez zen denekin gogoratu eta, doinu lagunkoia eman
nahi bazion ere, handikeriaz bukatu zuen. Malkoak ikusi zituen
emakume pare baten begietan eta bere buruari galdetu zion ea
benetakoak ote ziren. Besteengan hotza nabaritu zuen, berria zabaldu
zenez geroztik etxea biltzen zuen hotz bera.
Hiru
autoek ingurabidea utzi eta aireportuko autopista hartu dute. Berak
hegazkin bat ikusi du haien gainetik aireratzen, eta imajinatu du
haren barruan dagoela, leihatilatik hirira begira, behean gelditzen
den herrialdera begira, baina pentsamendu horrek ere ez du hunkitu:
sobera sentimentala da bere gusturako. Horren ordez, pentsatu du
nolako tortura izanen den hegazkineko eserlekuan horrenbeste ordu
pasatzea, kontuan izanik munduan ez dagoela behar adina analgesiko
bere bizkarrerako.
T-4
inguratu dute, noraezean bezala dabiltza eraikitzen ari diren nabeen
eta lur zuriko piloen artean, lehendabiziko autoa Estatuko Pabilioiko
kontrol hesiaren aurrean gelditu den arte, eta beste biak haren
atzetik gelditu dira. Ikusi du haizetakoaz bestaldean guardia
etxolatik atera dela eta lehen ibilgailuko leihatilan makurtu dela.
Zenbait segundotan solasean egon ondoan, agentea urrundu da eta bere
walki-talkiarekin hitz egin du. Bueltan, zerbait bota du, autoko atea
irekiarazi eta idazkaria jaitsarazi duena; horrek eskuaz keinu bat
egin dio berarenganantz, autoko kristal tindatuetarantz: esku ahurra
erakutsi du, itxoiteko eskatzeko, bai eta bi eskuak elkarturik ere,
desenkusatzeko jarreran. Idazkaria guardiaren atzetik atera da,
eraikinaren barrenean desagertu arte.
Minutuek
aurrera egiten dute; gutxi dira erlojuaren arabera eta asko, berriz,
bere bizkarraren arabera. Idazkaria itzuli egin da azkenean,
telefonoa belarrian. Zenbait urrats eman ditu astiro, elkarrizketa
bukatzeko, eta leihatilan jo du hatz-koskorrekin.
–Badago
arazoren bat, jauna. Ez dute hegazkin ofizialik aurreikusi.
Ministroarekin hitz egin dut eta esan dit atzo erraza zena gaur
zailagoa dela. Haren menpean egonen balitz, hark egin eginen luke,
baina orain ez omen dago haren esku.
–Ez,
ez, ezinezkoa da. Ministroak azpimarratu du gaur goizean atera behar
duzula, egunean zehar telefonoko elkarrizketa batzuk zabalduko direla
eta dena zailagoa izanen dela; ezin omen du haiek plazaratzea
gehiagotan geldiarazi –pausa bat egin du, aho-ertzak bi hatzez
xukatu ditu eta erantsi du: "Leku bat hartu dut bi orduan
Zurichera joanen den hegazkinean."
–Hegazkin
bat? Nolako hegazkina? –galdetu du berak autoaren barrenetik,
eserleku etzangarriak burura etortzen zaizkiola.
–Hegazkin...
komertzial bat. Konfiantzazko pertsona batzuei ari natzaie deika,
hegazkin pribatu bat utz diezaguten, baina ez dakit eguerdia baino
lehenago lortuko dugunik. Badaezpada ere, saiatu beharko zenuke
hegazkin hori hartzen.
–Ez
diat garbi ikusten. Nahiago diat itzuli eta itxaron. Oraindik
baditiagu lagunak, nik neuk hitz eginen diat haiekin.
Idazkariak
berriro xukatu ditu aho-ertzak; tik bat. Telefonoa begiratu du, jo ez
badu ere; beste tik bat. Pixka bat areago makurtu da, ahapeka hitz
egiteko; gidariari begiratu dio begi ertzetik; horrek ulertu egin du,
eta manpara igo.
–Entzun,
zure maiestatea. Ministroa serio-serio ari zitzaidan. Gauzak asko
okerragotuko dira. Egoerak edozein unetan lehertzen ahal du. Zenbait
kazetarik, epailek eta politikarik ez dute erantzukizunez jokatu
nahi. Eta beste manifestazio bat deitu dute, eta atzokoak baino
okerrago buka dezake. Uste dut Zuricheko hegazkin hori zure hegazkina
dela. Goazen hara eta bidean hegazkin pribatuaren kontua konpontzen
badugu, aldatuko dugu. Baina ez zenuke gehiago itxaron beharko,
beranduegi izan ez dadin.
Atea
bultzatu du jaisteko; ezin du gehiagorik aguantatu bizkarra tolestuta
edukita. Makulurik gabe, kapotaren gainean bermatu da; begiak zimurtu
ditu alanbre-hesiaren atzetik pista jadanik berotzen duen eguzkiaren
aurrean. "Emaidak telefonoa," esan dio idazkariari.
Pantailari begiratu dio, eta, teklaturik ezean, laztandu egin du.
Telefonoak beti eman dizkiote solaskidea dagoeneko beste aldean
zegoela. Agenda zabaldu du; izenak alfabetoaren arabera agertzen
dira. Horiek ikusi ahala, dei amaigabeak imajinatu ditu, inork
hartzen ez dituenak, edo une horretan telefonoan jarri ezin
izateagatik deiaren hartzaileak desenkusatzen dituzten idazkariak,
bai eta tipo urduriak ere, aitzakiak inprobisatzen dituztenak, azken
bi asteetan, berri handia zabaldu zenetik, entzun dituen modukoak.
Segundo batzuetan izen pare batekin gelditu da: bere emaztea, bere
semea. Momentu horretan, telefonoa dardarka hasi da bere eskuan, eta
idazkariari begiratu gabe deia hartzeko ikonoa sakatu eta belarrira
hurbildu du. Ministroaren ahotsa, arrapaladan, ezagutu du: "Aizak,
ni nauk berriz ere. Ez diagu astirik. Esaiok hegazkin horretan alde
egiteko, birritan pentsatu gabe, eguna bero-bero etorriko duk eta. Ez
zioagu eragotziko herrialdetik ateratzea, baina oraintxe bertan izan
behar dik. Eguerdia pasa ondoren ezin diat deus bermatu."
Terminalean
sartzean uko egin dio idazkariak luzatu dizkion eguzki-betaurrekoak
eta kapela jartzeari: a zer zentzugabekeria, horrela ezagutuko ez
balute bezala! Autoan itxaron du, posizio fetalean, ornoetako presioa
arintzeko; bitartean, idazkariak ekipajea fakturatu du, eta
hegazkineratzeko txartela eskuratu. Begiak itxita,
orain bere burua ikusten du plano zenital batetik: atzeko eserlekuan
uzkurturik, bigarren ilara batean, musu luze batekin elkarri agur
esaten dioten bikoteen autoen artean; kamara pixka bat gehiago igota,
aireportuko inguruneak ikusten ditu, hiriko kanpoalde zaindugabea,
eta, pixka bat gehiago igota, hiriko erdialdeko kaleak ere bai,
milaka herritar jauregira doazelarik, poliziak galarazi gabe; are
gorago, zeruan jada, herrialde osoa behatzen du, inurritegi urduri
baten antzera, bertan milioika lagun behin eta berriro berri handia
errepikatzen duten telebistaren aurrean eserita daudela.
Segurtasun
kontrolean, lehendabiziko arazoa. Guardiek, beren nagusiei galdetu
gabe, utzi diote eskanerraren ilara egin gabe albo batetik pasatzen,
eta ez daki hondarreko obedientzia edo errukia den. Baina idazkariari
bai eragotzi diote pasatzea, ez baitu hegazkineratzeko txartelik.
Hainbat minututan tirabiran aritu dira hitzez, eta telefonoz deika
eta metalezko ahotsak aditu dira guardia baten emisoran. Bera so dago
eta, bitartean, pasaiariek, oinutsik eta gerrikoa eskuan dutela
kontrola pasatzeko, hatzez seinalatzen dute, argazkiak egiten
dizkiote mobilekin; ikusmin zalapartatsu hori sortzen
dute, pasaiari gehiago ekartzen duena, eta horiek gero eta ozenago
hitz egiten dute, eta txistuka eta uhuka hasten dira, guardiak
urduriaraziz.
–Beste
txartel baten bila joanen naiz eta lehenago bukatuko dugu, jauna. Ez
dut onartuko zuk bakarrik pasatu behar izatea –iragarri du
idazkariak, tikek jota. Berak esku bat altxatu du, halako eran non
hotsandikoa irudiko bailioke haren nekea, haren bizkarrezurreko
eztena, haren harridura eta haren amorrua ezagutuko ez lituzkeen
bati; eta ohi baino doinu nasalagoan iragarri du: “Ez dik merezi.
Utz ezak, nire kasa jarraituko diat”, eta eskua luzatzen dion
bitartean, bestearen begi distiratsuak ikusita, damu da hain hitz
arruntak ahoskatu izanaz esaldi historiko bat espero zuen baten
aurrean, tronua galdu duten erregeek karrozatik, tren nasatik edo
itsasontziko barandatik adierazten duten horietakoa.
Arraposturako astirik eman
gabe, txartela gorde du, hegazkin-laguntzaile batek eskaini dion
gurpil aulkiari muzin egin dio eta makuluak zoladuran iltzatu ditu,
urrats irmo nahi batzuk emateko, baina ezin izan dute ezkutatu zabuka
ari dela.
Eta orain zer? Nora?
Hegazkineratzeko ateak iragartzen dituen monitoreari begiratu dio,
letra eta zenbaki zopa horretan bista enfokatu ezinean, nabaritzen
duelarik atzean kuxkuxeroak metatzen ari direla eta murmurioa gorantz
doala; ahots ozenagoren batek iraindu egiten du eta zimurtutako paper
batek sorbaldan jo du. Erabaki du albo baterantz joatea, helburu
bakarra izanik handik urruntzea, maletatxo gurpildunak arrastaka
eramanez jarraitzen dion talde gero eta handiago horretatik.
Prentsako saltokiaren ondoan pasatzean begiak egunkarietako azaletara
joaten zaizkio, guztiek argazki bera eta izenburu berdintsuak
baitakartzate. Ahaleginaren ahaleginez, behar adina pauso eman ditu
uhal garraiatzailera ailegatzeko, horrek aurrera eraman dezan.
Uzten du terminal
kristalatuan barna eramaten; sabaia helezin eta distiratsuak
inaugurazio eguna ekarri dio gogora. Baina bera ez zen orduko hura;
hura beste bat zen, txaloak, gorespenak eta irribarreak jasotzen
zituen bat, eta ez baranda irristariaren gainean erorita dagoen gizon
hori, hainbat bidaiari suminduk eskoltatzen dutena, megafonian haren
izena errepikatzen duten bitartean, salaketa baten moduan, nahiz eta,
errealitatean, dei bat den, hegazkinean sartzeko azken deia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina