Amaiera zoriontsuak
Margaret Atwood
John-ek eta Mary-k elkar ezagutu dute.
Zer gertatuko da ondoren?
Amaiera zoriontsua izatea nahi baduzu, jo
ezazu A-ra.
A.
John eta Mary maitemindu eta ezkontzen dira.
Biek dituzte lan baliagarriak eta ongi ordainduak, eta bientzat kitzikagarriak
eta bizigarriak dira. Etxe zoragarria erosten dute. Higiezinen prezioak gora
egiten du. Geroago, haurtzaina pagatzeko moduan daudenean, bi ume dauzkate, biziki
maite dituztenak. Umeak zintzoak dira. Johnek eta Maryk sexu kitzikagarria eta bizigarria
dute, eta lagun baliagarriak. Elkarrekin joaten dira oporretara. Bikoteak
erretiroa hartzen du. Biek zaletasun kitzikagarriak eta bizigarriak dituzte.
Azkenean, hiltzen dira. Hala amaitzen da istorioa.
B.
Mary Johnekin maitemintzen da, baina John,
aldiz, ez da Maryrekin maitemintzen. Johnek bere plazererako erabiltzen du
Maryren gorputza, baita bere egoa asetzeko ere, gehiegi axola gabe. Maryren
apartamentura joaten da astean bitan, eta Maryk afaria prestatzen dio. Ohartuko
zarenez, harentzat emakumeak ez du balio kanpoan afaltzeak adina. Afaldu
ondoren, Johnek txortan egiten dio eta lokartzen da Maryk harrikoa egiten duen
bitartean, gizonak pentsa ez dezan emakume garbia ez dela, plater zikin horiek
guztiak hor edukita. Maryk ezpainak margotzen ditu, itxura ona izateko hura
esnatzen denean. Baina esnatzean, John ohartu ere ez da egiten, eta
galtzerdiak, galtzontziloak, prakak, atorra eta gorbata janzten ditu, erantzi
zituen kontrako ordenan. Berak ez ditu Maryren jantziak eranzten, Maryk berak
eranzten ditu, eta, halaber, izugarrizko gogoa izatearen itxurak egiten ditu
aldiro, ez sexua maite duelako, ez baitu maite, baina nahi du Johnek pentsatzea
maite duela, zeren maiz samar egiten badute, hura ohitu eginen da, emakumeari
lotuta geldituko da eta biak ezkonduko dira. Baina Johnek alde egiten du ia
gabon esan gabe, eta handik hiru egunera itzultzen da seietarako eta dena
hasten da berriz.
Mary jota gelditzen da. Negar egitea txarra
da aurpegirako, denek dakite hori, baita Maryk ere, baina ezin dio eutsi.
Lanean ohartzen dira. Lagunek esaten diote John zerri bat dela, arratoi bat,
zakur bat, ez dela hark merezi duena, baina Maryk ezin du sinetsi. Johnen
barnean, pentsatzen du, beste John bat dago, askoz atseginagoa den bat. Beste
John hori aterako da, tximeleta bat kuskutik bezala, panpina malgukiduna sorpresa-kutxatik
bezala, hezurra aranpasatik bezala, lehenbiziko John hori behar bezainbeste
zukutuz gero.
Gau batean John janariaz kexatzen da. Ez da
sekula kexatu janariaz. Mary minduta dago.
Bere lagunek esaten diote Madge izeneko beste
emakume batekin ikusi dutela John jatetxe batean. Baina Madge ez da Mary
gaitzitzen duena, jatetxea baizik. John ez da inoiz jatetxe batera joan
Maryrekin. Maryk eskura dituen pilula lo-eragile eta aspirina guztiak bildu eta
botila erdi jerez-ardorekin hartzen ditu. Jakin daiteke zer emakume klase den ikusita
whiskia ere ez duela hartu. Ohar bat uzten dio Johni. Espero du hark aurkitzea
eta ospitalera garaiz eramatea eta damutzea eta gero biak ezkontzea, baina halakorik
ez da gertatzen, eta Mary hil egiten da.
John Madgerekin ezkontzen da, eta denak An
bezala segitzen du.
C.
John, zein gizon zaharra baita, Maryrekin
maitemintzen da, eta Mary, zeinek 22 urte besterik ez baititu, errukitzen da
hura kezkaturik dagoelako ilea galtzearekin. Mary harekin oheratzen da, nahiz
eta maitemindurik ez egon. Lanean ezagutu zuen. Mary James izeneko batekin dago
maitemindurik, zeinek ere 22 urte baititu, baina ez dago prest harreman luzerik
izateko.
Johnek, ordea, aspaldian dauka harreman luze
bat: horixe du kezka. Johnek lanpostu errespetagarri eta egonkorra du, eta gora
egiten ari da, baina horrek ez dio Maryri zirrararik eragiten; Jamesek bai,
ordea, motorra duelako, eta diskoen bilduma zoragarri bat. Baina James kanpoan
dago maiz motorrarekin, libre izaten. Nola libertatea ez den gauza bera
neskentzat, bitartean, Maryk ostegun gauak Johnekin ematen ditu. Johnek
ostegunetan baino ezin du ihesik egin. John Madge izeneko emakume batekin dago
ezkonduta, eta bi seme-alaba dituzte. Etxe zoragarri bat ere badute, biek
erosia justu higiezinen prezioek gora egin baino lehen, baita bientzat
kitzikagarriak eta bizigarriak diren zaletasunak ere, astia dutenean egiten
dituztenak. Johnek esaten dionez, Maryk garrantzi handia du harentzat, baina
jakina, emaztea ezin du utzi, hitza hitz delako. John kontu horrekin behar
baino luzeago aritzen da eta Maryrentzat aspergarria da, baina gizon zaharrek
gehiago irauten dute, eta, beraz, nahiko denbora ona pasatzen du harekin.
Egun batean, haizeak ekarrita-edo, James
agertzen da motorraren gainean, Kaliforniako marihuana primerakoarekin. Posible
dela uste duzun baino flipatuagorik bukatzen dute Jamesek eta Maryk eta
elkarrekin joaten dira ohera. Dena lauso-lauso bihurtzen da, baina orduan John ailegatzen
da, Maryren apartamentuko giltza duelako. Drogaturik eta elkarri loturik aurkitzen
ditu. Nekez senti daiteke jeloskor, Madge kontuan hartzen bada, baina, hala
ere, etsipenak jota sentitzen da. Azken batean, bizitza erdia egina du, bi
urtean arrautza bezain soila egonen da eta ezin dio denari eutsi. Pistola bat
erosten du, esanez tiro-praktikak egiteko behar duela –hori bilbearen puntu
ahula da, baina geroago moldatu daiteke– eta biei egiten die tiro, eta ondoren
bere buruari.
Madge, doluz aldi egoki batean egon ondoren,
Fred izeneko gizon ulerkor batekin ezkontzen da, eta denak An bezala segitzen
du, baina izen desberdinekin.
D.
Fredek eta Madgek ez dute arazorik. Ohiz
kanpoko harreman ona dute eta sortzen diren zailtasun txiki horiek konpontzen
dituzte. Baina haien etxe zoragarria itsasertzean dago, eta, halako batean,
olatu erraldoi batek jotzen du. Higiezinen prezioek behera egiten dute.
Istorioaren gainerakoan kontatzen da zerk eragin zuen olatu erraldoia eta nola
egin zuten ihes Fredek eta Madgek. Haiek lortzen dute, baina milaka itotzen
dira. Fred eta Madge, hala ere, bihotz eta esker onekoak dira, eta An bezala
segitzen du denak.
E.
Bai, baina Fredek gaizki du bihotza.
Istorioaren gainerakoan kontatzen da zein atsegin eta ulerkor jokatzen duten biek
Fred hiltzen den arte. Orduan, Madgek karitateari ekiten dio A bukatu arte.
Nahi izanez gero, “Madge”, “minbizia", “errudun eta nahasi” eta “hegazti-behaketa”
jar daiteke.
F.
Uste baduzu hau guztia sobera burgesa dela,
John iraultzaile bat izan dadila, eta Mary kontraespioitzaren agente bat, eta
ikusiko dugu noraino ailegatzen zaren. Gogoan izan hau Kanada dela. Hala ere,
An bukatuko duzu, nahiz eta saga lizuntsua eta pasioz betea lortzen duzun
tartean, edo gure garaiko kronika bat-edo. Onartu beharra duzu, bukaera berdina
da, edozein dela ere zatiak egiteko modua. Ez zaitzatela beste bukaera batzuek
liluratu, faltsuak dira guztiak, dela nahita direlako halakoak, iruzurra
egiteko asmo gaiztoarekin prestatuak, dela gehiegizko baikortasunarekin sortuak
direlako, ez bada sentimentalkeria hutsarekin.
Hona hemen egiazko bukaera bakarra:
John
eta Mary hiltzen dira. John eta Mary hiltzen dira. John eta Mary hiltzen dira.
Horixe bukaerez esan beharrekoa. Hasierak
dibertigarriagoak dira beti. Dena dela, jakina da benetako adituek erdikoa
hobesten dutela, lantzen zailena baita.
Horra hor zer diren bilbeak, gauza bat beste
baten ondoren, besterik ez: zer, zer eta zer.
Orain, erabil itzazu Nola eta Zergatik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina