Martin-jakintsu
W. Somerset Maugham
Max Kelada ezagutu aurretik ere prest
nengoen hura atsegin ez izateko. Gerra bukatu berria zen eta pasaiari ugari
zeuden itsasontzietan ozeanoak zeharkatzeko. Zaila zen oso haietan sartzea eta
agentziek zer eskaintzen zizuten, horixerekin moldatu behar zenuen. Ez zegoen
kabina bat zuretzat espero izaterik eta esker ona erakutsi beharrekoa nintzen
bi oheko bat eman zidatelako. Baina gelakidearen izena aditu nuenean bihotza
uzkurtu zitzaidan. Idi-begi itxiak eta gaueko egurats geldo-geldoa ekartzen
zizkidan gogora. Aski txarra zen kabina bat hamalau egunean edozeinekin
partekatu behar izatea (San Frantziskotik Yokohamara nindoan), baina atsekabea
ez zen horrenbestekoa izanen nire bidelagunaren izena Smith edo Brown izan balitz.
Kabinan sartu nintzenean Kelada
jaunaren bagajea dagoeneko barrenean zegoen. Horren itxura ez zitzaidan
gustatu: txartel sobera maletetan eta arroparen kutxa handiegia. Bainuko gauzak
aterata zituenez, ikusi nuen Monsieur Coty apartaren bezeroa zela, konketan
haren perfumea, ile-xaboia eta brillantina baitzeuden. Kelada jaunaren ebanozko
eskuilak, bere monograma urretan egina zekartenak, hobe zeudekeen zertxobait
igurtziago. Kelada jauna ez zitzaidan batere gustagarria iruditu. Ni erretzeko
gelara abiatu nintzen. Karta multzo bat eskatu nuen eta bakar-jokoari ekin
nion. Apenas hasia, gizon bat hurbildu zitzaidan eta galdetu zidan ea zuzena
zen pentsatzea ni halakoa nintzen.
“Ni Kelada jauna naiz,” erantsi zuen,
irribarrean hortz distiratsuak erakutsiz, eta eseri egin zen.
“O, bai. Uste dut kabina berean gaudela.”
“Bai suerte ona. Ezin da jakin norekin
jarriko zaituzten eta poz-pozik entzun nuen zu Ingalaterrakoa zinela. Ingeles
guztiok elkarrekin egon behar dugu atzerrian gaudela, ez dakit ulertzen duzun
zer esan nahi dudan.”
Begiak kliskatu nituen.
“Ingelesa zara zu?” galdetu nion, akaso
zuhurtasunik gabe.
“Goitik behera. Ez zaizu irudituko
amerikarra naizela, ez? Barren-barreneraino britainiarra. Bai horixe.”
Froga moduan, Kelada jaunak pasaportea patrikatik
atera eta sudur parean astindu zidan.
Ez dira gutxi George erregearen menpeko
bitxiak. Kelada jauna txaparra eta sendoa zen, bizarra ongi egina zeraman eta
azala kolore ilunekoa zeukan. Sudurra gako mamitsu bat bezalakoa zen, eta
begiak, berriz, handiak, distiratsuak eta urtsuak. Ile beltz luzea txukuna eta
kizkurra zen. Hitz egiten zuenean, haren jariotasunean deus ere ez zen ingelesa
eta haren keinuak neurriz gainekoak ziren. Seguru nengoen Britainia Handiko
pasaporte hura gertuagotik begiratuta agerian geldituko zela Kelada jauna
Ingalaterran ikusi ohi dena baino zeru urdinago baten azpian jaio zela.
“Zer hartuko duzu?” galdetu zidan.
Dudaz begiratu nion. Lege Lehorra
indarrean zegoen eta, antza, itsasontzi osoan ez zen alkoholaren arrastorik. Egarri
ez naizenean ez dakit zeri diodan gorrotorik handiena, edo ginger ale-ari edo
limoi squash-ari. Baina Kelada jaunak irribarre ekialdetarra erakutsi zidan.
“Whiskia sodarekin edo martini lehorra.
Zuk esan.”
Aldaketako poltsiko bakoitzetik flasko bat
atera eta nire aurrean paratu zituen, mahaiaren gainean. Martinia aukeratu
nuen, eta hark zerbitzariari deitu eta izozkiz betetako ontzi bat eta bi
edalontzi eskatu zizkion.
“Oso koktel ona,” adierazi nuen nik.
“Tira, beste asko ere badaude toki berean,
eta lagunak badituzu hemen, esaiezu tipo bat ezagutzen duzula, munduko alkohol
guztia daramana.”
Berritsua zen Kelada jauna. New Yorkez eta
San Frantziskoz hitz egin zuen. Antzezlanak, koadroak eta politika izan zituen
mintzagai. Britainia Handiko bandera bandera ikaragarria da, baina Alexandriako
edo Beiruteko gizon batek eragiten dionean, ezinbestean sentitzen dut duintasun
pixka bat galtzen duela. Kelada jaunak lagunarteko estiloan jarduten zuen. Ez
dut esan nahi ni hobea naizenik, baina egokia iruditzen zait ezezagun batek
“jauna” hitza jarri behar duela nire izenaren ondoan niri zuzentzen zaidanean.
Kelada jauna, ni eroso senti nendin, zalantzarik ez dut, ez zen formaltasun
horretaz baliatzen. Ez zitzaidan gustatzen Kelada jauna. Kartak albo batean
utzi nituen hura eseri zenean, baina orain, gure solasaldia lehenengo aldi
horretarako behar baino gehiago luzatu zela pentsatuz, berriz hasi nintzen
jokatzen.
“Hirukoa laukoaren gainean” esan zuen
Kelada jaunak.
Bakar-jokoan ari zarenean ezin
gogaikarriagoa da esan diezazutela non jarri behar duzun karta bakoitza zuk
ikusteko aukera izan aurretik.
“Aterako zaizu, aterako zaizu,” esan zuen
oihuka. “Hamarrekoa txankaren gainean.”
Bukatu nuen, amorrua eta gorrotoa
bihotzean.
Orduan kartak hartu zituen.
“Karten trukuak gustatzen zaizkizu?”
“Ez, gorrotatu egiten ditut,” erantzun
nuen.
“Tira, bat erakutsi behar dizut.”
Hiru erakutsi zizkidan. Orduan nik
adierazi nuen jantokira joan behar nuela nire mahaian esertzera.
“O, lasai,” esan zuen. “Toki bat gorde
dizut dagoeneko. Kabina berean egonen garenez, pentsatu dut mahai berean ere
egon gaitezkeela.”
Kelada jauna ez zitzaidan gustatzen.
Aski ez balitz harekin kabina bera
partekatzea eta egunero hiru otordu mahai berean izatea, ezinezkoa nuen
itsasontziko bizkarrean ibiltzea hura nirekin joan gabe. Ezin zitzaion ez
ikusiarena egin. Sekula ez zitzaion bururatzen ez zela ongietorria. Seguru
zegoen berak zu ikusteko adinako poza zeneukala zuk hura ikustean. Zeure etxean
egotera, eskaileretan behera bota eta danbatekoa emanen zenion aurpegiaren
parean, hura ohartu gabe ez zela ongi etorria. Lagunkoia zen, eta hiru egunen
buruan mundu guztia ezagutu zuen. Dena gobernatzen zuen. Loteriak antolatzen
zituen, enkanteak gidatzen, dirua biltzen kirolen sarietarako, fitxak banatzen
eta golf partiduak zuzentzen, kontzertua prestatu zuen eta dantzaldi dotore bat
atondu. Nonahi noiznahi zegoen. Itsasontziko gizonik gorrotatuena zen noski. Martin-jakintsu
deitzen genion guk, parez pare deitu ere. Hark lore baten gisa hartu zuen.
Baina otorduetan zen denetan jasanezinena. Ia ordu batez bere mendean
ginduzkan. Gogoz, pozez, hitz-jarioz eta argumentuz beterik aritzen zen. Dena
beste edozeinek baino hobeki zekien, eta berarekin bat ez etortzea laidotzat
hartzen zuen bere neurriz gaineko banitatean. Hizpide bat ez zuen aldatuko,
haren garrantzia edozein zela ere, harik eta zuk berak bezala pentsatzen
bukatzen zenuen arte. Oker egon zitekeela burutik pasatu ere ez zitzaion
egiten. Berak bazekien. Gu medikuaren mahaian esertzen ginen eta Kelada jaunak
berea egiten lortuko zuen, medikua nagia zelako eta ni axola eta berotu gabe
gelditzen nintzelako, ez balitz gurekin esertzen zen Ramsay izeneko gizon
batengatik. Hura, Kelada jauna bezain zurruna, erresumintzen zen ekialdekoaren
oilarkeriarekin. Haien arteko eztabaidak mingotsak eta amaigabeak ziren.
Ramsayk Estatu Batuetako Zerbitzu
Kontsularrean jarduten zuen eta Koben zegoen kokatuta. Erdi-mendebaldeko
morrosko handia zen, gantza laxo zuena larru estuaren azpian eta hanpatuta
zirudiena saltoki handiko arropa haietan. Bere postura itzultzen ari zen, New
Yorkera joan ondoren emaztea biltzera, horrek urtebete eman baitzuen etxean.
Ramsay andreak emakume txikia eta polita zen, manera atseginak eta umore ona
zituena. Zerbitzu Kontsularrean gaizki pagatzen dute, eta jantzi sinpleak
zeramatzan; baina bazekien arropa nola eraman. Dotorezia barearen efektua
erdiesten zuen. Nik ez nion arreta berezirik eskainiko, baina ezaugarri bat
zeukan, emakumeengan ohiko samarra, nahiz eta gaur egun ez den horren agerikoa
haien portaeran. Ez zegoen hari begiratzea haren apaltasunak inor harrituta
utzi gabe. Distiragarria zen harengan, lore bat jaka batean bezala.
Gau batean, afaltzen ari ginela, solasak
perlen gaira jo zuen kasualitatez. Egunkarietan nahikotxo hitz egiten zuten
japoniar maltzur haiek garatzen ari ziren hazitako perlez, eta medikuak
adierazi zuen horrek nahitaez kendu behar ziela balioa benetakoei. Perla horiek
oso onak ziren ordurako, eta handik gutxira perfektuak izanen ziren. Kelada
jaunak, ohi bezala, gogotik heldu zion gai berriari. Perlen inguruan jakin
beharreko guztiak kontatu zizkigun. Nik ez dut uste Ramsayk horretaz deus ere
jakinen zuenik, baina ezin izan zion eutsi ekialdekoari arrapostu bat emateko
aukerari, eta bost minutu geroago eztabaida sutsu baten erdian geunden. Kelada
jauna lehenago ere sugar eta grinatsu aritzen ikusia nintzen, baina sekula ez
horren grinatsu eta horren sugar. Azkenean, Ramsayk esandako zerbaitek akuilada
bat eman zion, mahaian kolpe bat emanda oihukatu baitzuen:
“Tira, jakin badakit zertaz ari naizen.
Japoniako perlen negozio hori ikustera noa hara. Negozio hori dut bizibide eta
ez dago inor nik perlez diodana faltsua dela esanen duenik. Munduko perla
onenak ezagutzen ditut eta nik perlez ez dakidana alferrik da jakitea.”
Hori berria zen guretzat, zeren Kelada
jauna, horren berritsua izanagatik ere, ez baitzuen inoiz inori esan zertan
aritzen zen. Japoniara mandatu komertzialen bat egitera zihoala baino ez
genekien guk. Kelada jaunak garaileen modura begiratu zuen mahai ingurura.
“Haiek sekula ez dira gauza izanen nik
bezalako aditu batek di-da batean bereizi ezin duen perla bat lortzeko.” Hatzez
seinalatu zuen Ramsay andreak lepoan zeraman katera. “Sinetsi iezadazu, Ramsay
andrea, daramazun kate horrek ez du baliorik galduko.”
Ramsay andrea, bere apaltasunez,
lotsagorritu zen pixka bat, eta katea soinekoaren azpian sartu zuen. Ramsay
aurrera makurtu zen. Begirada bat bota zigun eta irribarre bat ageri zen bere
begietan.
“Polita da nire emaztearen katea, ez da
hala?”
“Segituan ohartu nintzen,” erantzun zion
Kelada jaunak. “Uuu, esan nion neure buruari, perla horiek benetakoak dira.”
“Nik neuk ez nuen lepokoa erosi, jakina.
Baina gustatuko litzaidake jakitea badakizun zenbat balio zuen.”
“O, negozioan hamabost mila dolar inguru.
Baina Bosgarren Etorbidean erosiz gero, ez nintzateke harrituko hogeita hamar
mila dolarrera bitarte pagatu zirela entzundakoan.”
Ramsayk irribarre oker bat agertu zuen.
“Harrituko zara entzundakoan Ramsay
andreak hemezortzi dolarrean erosi zuela lepoko hori saltoki handi batean, New
York utzi aurreko egunean.”
Kelada jauna gorritu zen.
“Inondik inora. Benetakoa ez ezik, nik
ikusi dudan beste edozein bezain ona ere bada tamaina horretarako.”
“Apusturik eginen zenuke? Ehun dolar
baietz imitazioa dela.”
“Ados.”
“O, Elmer. Ezin duzu apusturik egin
seguru-seguru zaudenean,” esan zuen Ramsay andreak.
Irribarre txiki bat zeukan ezpainetan, eta
doinuan gaitzespen leuna zegoen.
“Ezin dut? Honelako aukera bat dirua erraz
eskuratzeko aprobetxatuko ez banu, sekulako memeloa izanen nintzateke.
“Baina nola froga daiteke?” jarraitu zuen
emakumeak. “Nire hitza Kelada jaunaren hitzaren kontra da.”
“Utzidazu katera begiratzen, eta imitazioa
bada, segituan esanen dizuet. Badaukat ehun dolar galtzea,” esan zuen Kelada
jaunak.
“Erantzi ezazu, maitea. Jaun honek nahi
adina begira dezala.”
Ramsay andreak duda egin zuen une batez.
Eskuak itxigailura eraman zituen.
“Ezin dut ireki,” esan zuen. “Kelada
jaunak nire hitza onartu beharko du.”
Bat-batean, iruditu zitzaidan zorigaiztoko
bat gertatzear zegoela, baina ez zitzaidan esateko deus bururatu.
Ramsay altxatu zen salto batez.
“Nik irekiko dut.”
Katea Kelada jaunari luzatu zion.
Ekialdekoak lupa bat atera zuen sakelatik eta gertutik aztertu zuen lepokoa.
Garaipenaren irribarrea zabaldu zitzaion aurpegi leun eta beltzaran hartan.
Katea itzuli zuen. Hitz egitekotan zegoen. Baina, supituki, Ramsay andrearen
aurpegiaz jabetu zen. Hain zegoen zurbil, irudi baitzuen konortea galtzeko
puntuan zegoela. Ekialdekoari tinko so, emakumearen begiak zabalik zeuden
ikararekin. Deika ari zitzaion etsipenez; dena ezin argiagoa zen, horrenbeste
ez bainuen ulertu nola senarrak ez zuen ikusten.
Kelada jaunak pausa bat egin zuen ahoa
zabalik zuela. Gorri-gorri jarri zen. Begi-bistakoa zen nolako ahaleginak
egiten ari zen bere buruari eusteko.
“Oker nengoen,” esan zuen. “Imitazio ona
da, baina luparekin ikusi bezain laster, ohartu naiz ez zela benatakoa.
Hemezortzi dolar da demoniozko gauza honen truke gehienez ere ordaindu
daitekeena”.
Ehun dolarreko billetea atera zuen
diru-zorrotik eta Ramsayri luzatu zion hitz erdirik esan gabe.
“Agian honela ikasiko duzu horren harroxko
ez ibiltzen hurrengo batean, laguntxo,” esan zion Ramsayk billetea hartzen
zuela.
Konturatu nintzen Kelada jaunak eskuak
dardarka zituela.
Istorioa istorioen modura zabaldu zen itsasontzian
barna, eta Kelada jaunak iseka asko aguantatu behar izan zituen gau hartan. Ez
zen txantxa makala nor eta Martin-jakintsu harrapatu izana. Baina Ramsay andrea
kabinara itzuli zen buruko minez.
Biharamun goizean altxatu eta bizarra
egiten hasi nintzen. Kelada jauna ohe gainean gelditu zen, zigarro bat
erretzen. Bat-batean hots bat entzun zen eta gutun-azal bat ate azpitik
pasatzen ikusi nuen. Atea zabaldu eta kanpoan begiratu nuen. Ez zegoen inor.
Gutun-azala hartu eta ikusi nuen Max Keladarentzat zuzendua zela. Izena hizki
beltzez zuen idatzia. Hari pasatu nion.
“Norena da?” Zabaldu zuen. “O!”
Gutun-azaletik ez zuen gutunik atera, ehun
dolarreko billete bat baizik. Begiratu zidan eta gorritu zen berriz.
Gutun-azala urratu eta zati txikiak niri luzatu zizkidan.
“Idi-begitik behera bota ditzakezu?” Hark
esan bezala egin nuen, eta hari begira geratu nintzen irribarrez.
“Inori ere ez zaio gustatzen ergel galant
baten pare gelditzea,” esan zuen.
“Benetakoak ziren perlak?”
“Nik emazte polit bat izanen banu, ez nuke
urte batez New Yorken utziko ni Koben nagoen bitartean,” esan zuen berak.
Une horretan ez nuen erabat desatsegin
izan Kelada jauna. Horrek diru-zorroa atera eta ehun dolarreko billetea sartu
zuen tentuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina