2016(e)ko abuztuaren 24(a), asteazkena

1. Bixby andrea eta Koronelaren berokia

Bixby andrea eta Koronelaren berokia
Roald Dahl



Amerika aukeren lurraldea da emakumeentzat. Dagoeneko herrialdearen aberastasunaren %85 daukate bere esku. Berehala den-dena edukiko dute. Dibortzioa da dirua irabazteko modua: bukatzen azkarra eta ahazten erraza; emakume handinahiek nahi adina aldiz errepikatzen ahal dute eta etekinak zenbatu ezinezkoak bilakatu dira. Senarraren heriotzak ere badakar konpentsazio pozgarririk eta zenbait dama metodo horren alde agertzen dira. Badakite itxaronaldia ez dela betiko luzatuko, zeren gehiegizko lanak eta hipertentsioak gizajoa akabatuko baitute lehenago edo geroago: bulegoan hilko da, esku batean bentzedrina botila bat daukala, eta bestean, lasaigarri pakete bat.

Dibortzioaren eta heriotzaren patroi beldurgarri horrek ez du eragin txikienik ere izaten bertako gizonezko gazteen belaunaldien gainean. Dibortzio tasak zenbat eta altuagoa izan, orduan eta grina biziagoa sortzen zaie. Gizon gazteak saguen antzera ezkontzen dira, nerabezaroa utzi baino lehen ia-ia, eta haietako gehienek gutxienez bi emazte ohi dituzte kontagailuan hogeita hamasei urte betetzen dituztenerako. Andre horiek ohi duten moduan mantendu ahal izateko, gizonezkoek esklaboak balira bezala egin behar dute lan. Izan ere, ez dira beste ezer. Baina orduan, bederen, helduaro goiztiarrean aurrera egin ahala, nahigabearen eta izuaren sentipena hasten da zabaltzen haien bihotzetan, eta, arratsalde partean, talde txikietan biltzen dira, taberna zein elkarteetan, whiskiak edateko eta pilulak irensteko, istorioak kontatuz elkarri kontsolamendua eman nahian.


Istorio horien oinarrizko osagaiak ez dira inoiz aldatzen. Beti hiru pertsonaia nagusi daude: senarra, emaztea eta arratoi zikina. Senarra txintxoa eta bizibide garbikoa da, lanean jo eta ke diharduena. Emaztea, berriz, maltzurra, amarrutia eta haragizalea. Eta guztietan azpijokoren batean dabil arratoi zikinarekin. Senarra txintxoegia da sikiera susmoa izateko. Gauzak horrela, senarrak etorkizun beltza bide dauka. Ohartuko da inoiz gizagaixoa? Adarrak eraman beharko ditu betiko? Bai. Hala dirudi. Baina, zaude pixka batean! Bat-batean, ateraldi ezin trebeago bati esker, senarrak kartak aldatzen dizkio emazteari. Horrek garaiturik bukatzen du, harriturik, txotxoloturik eta umiliaturik. Gizonezkoei, barra ondoan adi, irri isila eskapatzen zaie, eta nork bere baitan atseden pixka bat hartzen du fantasiarekin.

Bolo-bolo dabiltza istorio horiek, gizon nahigabetuen asmazioak, ametsezko mundua gorpuztu nahi dutenak. Baina gehienak txatxuegiak dira eta berriro kontatzea ez dute merezi, edo sobera lizunak dira papereratzeko. Haietako batek, ordea, gainerakoek baino hobea dirudi, batik bat egia izatearen balioa daukalako. Egundoko arrakasta lortzen du ausikia bitan edo hirutan pairatu dutenen artean, soseguaren bila dabiltzanean. Haietako bat bazara eta oraindik entzun gabea bazaude goza zaitezke haren bukaerarekin. Istorioaren izena “Bixby andrea eta Koronelaren berokia” da, eta honela dio, gutxi gora-behera:

Bixby jaun-andreak pisu txikixko batean bizi ziren nonbait New York hiriaren barruan. Bixby jauna dentista zen, irabazi arruntak zeuzkana. Bixby andrea emakume handia eta kementsua zen, ahoari edateko ematea gustuko zuena. Hilabetean behin, betiere, ostegun arratsaldeetan, Bixby andreak trena hartzen zuen Pennsylvania geltokian eta Baltimorera joaten zen izeba zahar bat bisitatzera. Gaua izebarekin ematen zuen, eta biharamunean New Yorkera itzultzen zen senarrari afaria prestatzeko orduan. Bixby jaunak gogo onez onartzen zuen antolaketa hori. Bazekien Maude izeba Baltimoren bizi zela, eta emazteak maitasuna ziola emakume zaharrari. Zalantzarik gabe ez zen bidezkoa batari zein besteari hilabetean behin elkartzeko poza kentzea.

“Baldin eta ez badidazu eskatzen zurekin joateko”, esan zion Bixby jaunak hasieran. “Horixe ezetz, maitea”, erantzun zion emazteak, “Azken finean ez da zure izeba, nirea baizik”.

Honaino, dena ongi.

Nolanahi ere, izeba aitzakia bat besterik ez zen Bixby andrearentzat. Arratoi zikina, Koronela bezala ezagutzen zen jaun baten itxura hartuta, atzeko aldean ezkutatzen zen maliziati, eta gure andreak doilor horrekin ematen zuen Baltimoren zegoen denbora gehiena. Koronela aberatsa baino aberatsagoa zen. Etxe xarmagarri batean bizi zen, hiriaren kanpoaldean. Haren bizkar ez zeukan ez emazterik ez familiarik, bakarrik mirabe isil eta leialak. Eta Bixby andrea ondoan ez zuenean, zaldi gainean eta azeriaren ehizan aurkitzen zuen aringarria.

Urtez urte, Bixby andrearen eta Koronelaren arteko hitzarmen pozgarri horrek aurrera egin zuen eragozpenik gabe. Hain gutxitan elkartzen ziren –hamabi aldiz urtean ez dira horrenbesterako pentsatzen jartzen zarenean– non ez zegoen elkarrekin aspertzeko aukerarik. Aitzitik, topaketen arteko itxaronaldi luzeak sentimendua areagotu egiten zuen bihotzean, eta bilkurak kitzikagarriak ziren aldiro-aldiro.

“Ola!” zioen oihuka Koronelak geltokian kotxe handian topo egiten zuten bakoitzean. “Ene bihotza, ia-ia ahaztua neukan zeinen ederra zaren. Goazen gure txokora.”

Zortzi urte pasa ziren.

Gabonak baino lehentxeago zen, eta Bixby andrea Baltimoreko geltokian zegoen New Yorkera eramanen zuen trenaren zain. Bukatu berri zen bisitaldi hori ohi baino atseginagoa izan zen, eta aldarte onean zebilen. Baina horixe eragiten zion Koronelarekin egoteak azken bolada hartan. Gizonak sentiarazten zion emakume aparta zela, liluragarria neurriz kanpo, dohain gozo eta exotikoak zituena. A zer nolako aldea zegoen etxean zeukan senar-dentistaren ondoan, horrek soilik sentiarazten baitzion behin betiko pazientea zela, itxaron gelatik atera ezinik, aldizkari artean isilik, esku arrosa garbi horien dosi zehatz herabetiak pairatzen zituena, norbait izatekotan.

“Koronelak eskatu dit hau eman diezazudala”, esan zuen ahots batek haren atzean. Emakumea biratu zen eta Wilkins ikusi zuen, Koronelaren laguntzailea, azal griseko ipotx idortua. Tamaina handiko kartoizko kutxa luzexka zeukan esku artean.

“Ene Jainko maitea!” oihukatu zuen, harriduraren harriduraz. “Alajaina, hau kutxatzarra! Zer da, Wilkins? Mezurik badago? Eman al dizu mezuren bat?”

“Ez dago mezurik”, esan zuen laguntzaileak, eta alde egin zuen.

Trenean sartu bezain laster, Bixby andreak emakumeen komuneko bakardadera eraman zuen kutxa, eta atea itxi. Bai zirraragarria benetan! Koronelak emandako Gabonetako oparia. Hasi zen korapiloa askatzen. “Esanen nuke soineko bat dela”, esan zuen ozenki. “Bi soineko ere izan litezke. Edota barruko arroparen konjunto polit oso bat. Ez dut begiratuko. Ukituz saiatuko naiz asmatzen zer den. Kolorea asmatzen ere saiatuko naiz, eta zehatz-mehatz nolakoa den. Baita zenbat balio duen ere.”

Begiak fuerte itxi eta tapakia kendu zuen emeki. Orduan esku bat sartu zuen kutxan. Zeta-papera zegoen gainean, karraka-karraka egiten zuela entzun eta sentitzen zuen. Halaber, nolabaiteko gutuna edo gutun-azala zegoen. Ez zion kasurik egin eta bilatzeari ekin zion zeta-paperaren azpian, hatzak amultsuki aurrera eramanez, hosto-kiribilen modura.

“Ai ene” oihukatu zuen bat-batean. “Ezin da egia izan!”

Begiak zabal-zabalik, berokia ikusi zuen. Heldu egin zion eta kutxatik atera zuen. Berokia zabaldu ahala, larruaren ilaje trinkoak soinu maitagarria ateratzen zuen zeta-paperaren kontra. Kanpoan luze-luze ikusi zuenean eskuetatik zintzilik, arnasarik gabe geratu zen, hain zen ederra.

Hura bezalako bisoia ez zuen ezagutzen. Bisoia baitzen, ezta? Bai. Jakina. Baina, hura kolore aparta. Ilajea ia beltz hutsa zen. Hasieran beltza zela uste zuen, baina leihotik gertuago izan zuenean ikusi zuen urdin puntu bat ere bazuela, urdin sakona eta joria, kobaltoaren antzera. Segituan etiketan begiratu zuen. Honelaxe zioen: LABRADORKO BISOI BASATIA, besterik ez. Ez zegoen gehiagorik, ez non erosi zuen seinalerik, ez ezer. Baina hori Koronelaren zeregina zen dudarik gabe, esan zion bere buruari. Azeri zahar horrek seguru izan nahi zuen ez zuela arrastorik uzten. Bejondeiola. Baina zenbat kostatu ote zitzaion? Apenas ausartzen zen pentsatzera. Lau, bost, sei mila dolar? Baliteke gehiago izatea.

Ez zeukan begirada aldentzerik. Ezta hura jantzi gabe egoterik ere. Jesus batean erantzi zuen zeraman beroki gorri arrunt hura. Une horretan pixka bat arnasestuka zebilen, beste erremediorik ez, eta begiak zabal-zabalik zituen. Baina, oi ene Jainkoa, ilajearen ukipena! Eta mauka erraldoi horiek, eskumutur trinkoak gorantz bildurik zituztenak! Nork esan ote zion behin emeen larrua erabiltzen zutela besoetan eta arrena gainerakoan? Norbaitek esana zion. Joan Rutfieldek, ziur asko; baina ezin zuen konprenitu Joanek nolatan zekien fitsik ere bisoien inguruan.

Beroki handi beltz hura bere kasa egokitzen zen haren gainean, bigarren azala balitz bezala. Neska, hura sentipen bitxia! Ispiluan begiratu zuen. Itzela zen. Haren izaera osoa bestelakoa zen supituki. Liluragarri, itsugarri, jori, distiratsu, haragikoi… dena batera zirudien. Eta hori zen hori, ematen zion botere sentsazioa! Beroki horretan bilduta, gogoak ematen zion edozein tokitan sartzeko gauza zen, eta jendea erbien modura hasiko zen ipur-saltoka haren inguruan. Kontua politegia zen hitzetan adierazteko.

Bixby andreak gutun-azala hartu zuen, artean kutxaren barrenean baitzegoen. Ireki eta Koronelaren eskutitza atera zuen:

Bisoia gustatzen zitzaizula behin entzun nizunez, hau erosi dizut. Esan didate ona dela. Mesedez, onar ezazu agur moduko opari bezala. Nire arrazoi pertsonalak direla eta, ezin izanen zaitut gehiagotan ikusi. Hoberena opa dizut. Adio eta ongi doakizula.

Beno!

Hau da hau!

Espero gabe, hain zoriontsu sentitzen zenean gainera.

Bukatu da Koronelarena.

Ustekabe galanta.

Izugarri sumatuko du haren falta.

Emeki, Bixby Andrea hasi zen berokiaren ilaje beltz eta leuna ferekatzen.

Alde batean galdua bestean irabazia.

Irribarretsu, eskutitza tolestu zuen, urratu eta leihotik kanpora botatzeko asmoz; baina hura tolestean ohartu zen bestaldean bazegoela zer edo zer idatzia:

PD. Esaiezu izeba eskuzabal horrek eman dizula Gabonetarako.

Bixby andrearen ahoa, une horretara arte zetazko irribarre batean zabal-zabalik, itxi egin zen deblauki, gomazkoa balitz bezala.

“Erotuta dago gizona!” esan zuen. “Maude izebak ez dauka horrenbeste diru. Ezin dit honelakorik eman, inolaz ere”.

Baina Maude izebak ez badit eman, nor izan da?

Alajaina! Berokia aurkitu eta probatuta poz-pozik, ez zuen kontuan hartu hil ala biziko alderdi hori.

Ordu pare batean New Yorken egonen zen. Hamar minutu geroago etxean, eta senarra izanen zuen esperoan ongi etorria emateko. Eta Cyril bezalako gizon bat ere, txantxar, betortz eta endodontzien mundu flematiko eta ilunean bizi arren, hasiko litzateke galdezka emaztea asteburutik bueltan bat-batean sei mila dolarreko bisoizko beroki bat jantzita agertuko balitzaio.

Badakizu zer uste dudan, esan zion bere buruari. Uste dut Koronel malapartatu horrek nahita egin duela niri sufriarazteko. Ongi baino hobeki daki Maude izebak ez duela hau erosteko adina diru. Jakin badaki ezin dudala hartu.

Baina hura ez edukitzearen ideia jasanezina zen Bixby andrearentzat.

“Beroki honek nirea izan behar du!” esan zuen ozenki. “Nirea izan behar du! Nirea izan behar du!”

Oso ongi, maitea. Berokia zurea izanen da. Ez larritu. Eser zaitez, lasaitu eta ekin pentsatzeari. Neskatxa azkarra izan zaitezke, ezta? Lehenago engainatu duzu. Gizona ez da zundaz haratago ikusteko gauza, hori badakizu. Beraz, eser zaitez kieto baino kietoago eta pentsa ezazu. Badago denbora nahikoa.

Bi ordu eta erdi geroago, Bixby andrea trenetik jaitsi zen Penssylvania geltokian eta sarrera aldera abiatu zen poliki. Beroki gorria zeukan gainean berriro, eta kartoizko kutxa beso artean. Taxi bat geldiarazi zuen.

“Aizu”, esan zion gidariari, “badakizu hemen inguruan bahi-dendaren bat ba ote dagoen oraindik irekita?”

Gizonak bekainak altxatu zituen bolantearen atzetik, eta emakumeari begiratu zion, alai.

“Mordo bat Seigarren etorbidean”, erantzun zion.

“Geldi zaitez topatzen duzun lehenengoan, mesedez”. Sartu eta eraman egin zuen.

Laster, sarreraren gainean brontzezko hiru bola zintzilik zituen denda baten parean gelditu zen taxia.

“Gera zaitez hemen nire zain, mesedez” esan zion Bixby andreak gidariari, eta taxitik aterata dendan sartu zen.

Mostradorearen gainean uzkurtuta, katu erraldoi bat arrain buruak jaten ari zen erretilu zuri batetik. Animaliak bista jaso eta Bixby andreari begiratu zion begi hori distiratsuekin. Gero, beste norabait begiratu zuen eta jateari ekin zion berriz. Bixby andrea mostradorearen ondoan jarri zen, ahalik eta urrunen katuarengandik, norbait agertzeko zain, bertan zegoenari so: erlojuak, zapatako belarriak, paparreko orratz esmalteztatuak, binokular zaharrak, antiojo hautsiak eta hortzordeak. Zergatik uzten ote dituzte beti hortzordeak bahi-dendetan, galdetu zion bere buruari.

“Bai?” esan zuen jabeak, dendaren atzealdeko iluntasunetik azalduta.

“O, arratsalde on”, esan zuen Bixby andreak. Kutxa inguratzen zuen soka askatzen hasi zen. Katuarengana joan zen gizona, eta sorbaldaren goiko partean laztantzeari ekin zion. Katuak arrain buruak jaten jarraitu zuen.

“A zer ergela naizen” esan zuen Bixby andreak. “Etxetik atera eta diru-zorroa galdu dut; baina larunbata denez, bankuak astelehenera arte daude itxita, eta dirua behar dut astebururako. Beroki hau baliagarri samarra da, baina ez dut asko eskatzen. Horregatik astelehen arte aski izateko nahi dut, besterik ez. Astelehenean bueltatuko naiz eta hartuko dut berriro.

Gizonak, geldirik, ez zuen ezer esan. Baina bisoia kutxatik atera eta ilaje trinko eder hura mostradorearen gainean erori zenean, bekainak goratu zitzaizkion. Eskua katuarengandik aldendu zuen eta berokira hurbildu, eta hobeki ikusteko, begien pareraino eraman zuen.

“Erloju edo eraztunen bat izanen banu”, esan zuen Bixby andreak, “horixe emanen nizuke. Baina kontua da beroki hau besterik ez dudala hemen.” Hatzak erakutsi zituen, gizonak bere kasa ikus zitzan.

“Berria dirudi”, esan zuen gizonak, ilaje leuna laztanduz.

“O, bai, hala da. Baina, esan dudan bezala, astelehenera arte pasatzeko adina baizik ez dut nahi. Zer iruditzen zaizu berrogeita hamar dolar?”

“Berrogeita hamar dolar emanen nizkizuke, bai.”

“Halako ehun balio du, baina badakit ongi zainduko duzula ni itzuli arte”.

Gizonak tiradera bat zabaldu zuen, frogagiri bat atera eta mostradorearen gainean paratu zuen. Frogagiriak maletaren heldulekuan lotzen diren etiketa horietako bat zirudien, forma eta tamaina berekoa baitzen, baita material marroi eta zurrunska horretakoa ere. Baina erdian zulotxoak zituen, bitan mozteko, erdi bakoitza berdin-berdina izan zedin.

“Izena?” galdetu zuen.

“Utz dezagun parte hori. Baita helbidea ere.”

Ikusi zuen gizona geldirik geratzen zela, esperoan, boligrafoa marra puntudunaren gainean zeukala.

“Izena eta helbidea ez dira nahitaez jarri behar, ezta?”

Gizonak sorbaldak altxatu zituen, buruari eragin eta boligrafoa hurrengo marrara mugitu zen.

“Hala nahiago dut, besterik gabe,” esan zuen Bixby andreak. “Nire kontuak dira”.

“Hobe duzu papertxo hau ez galdu, orduan”.

“Ez dut galduko”.

“Konturatzen zara hau aurkeztuta hona datorren edonork hartzen ahal duela artikulua?”

“Bai, badakit”

“Zenbakia nahikoa izanen da.”

“Badakit.”

“Deskripzioan, zer jarri nahi duzu?”

“Deskripziorik ere ez, mila esker. Ez da beharrezkoa. Hartuko dudan diru kopura jartzea aski da.”

Boligrafoa zalantzan zegoen berriro, ARTIKULUA zioen marra puntudunaren gainean geldi.

“Uste dut deskripzio bat jarri beharko zenukeela. Laguntzen ahal dizu papertxoa saldu nahi baduzu. Ez dago jakiterik, noizbait saltzeko asmoa izan zenezake.”

“Ez dut saldu nahi”.

“Agian beharrean egon zintezke. Jende mordoxkari gertatzen zaio”.

“Begira”, esan zuen Bixby andrea. “Ez nago jota, hori bada esan nahi duzuna. Poltsoa galdu dut, besterik ez. Ez duzu ulertzen?”.

“Nahi duzun bezala eginen dugu orduan”, esan zuen gizonak. “Zure berokia da”.

Une horretan bertan ideia desatsegin bat otu zitzaion Bixby andreari. “Esadazu gauzatxo bat”, eskatu zion. “Papertxoan deskripziorik jartzen ez badut, nolatan egon naiteke seguru berokia bueltatuko didazula, eta ez beste zerbait?”

“Liburuetan agertzen delako.”

“Baina zenbaki bat daukat soilik. Hortaz, nahiko zenukeen beste traste zahar bat eman ahalko zenidake horren ordez, ez da hala?”.

“Deskripziorik nahi duzu ala ez?” galdetu zuen gizonak.

“Ez”, esan zuen emakumeak. “Fidatuko naiz zutaz”.

Gizonak “berrogeita hamar dolar” idatzi zuen BALIOA hitzaren ondoan, frogagiriaren bi aldeetan, eta orduan zulotxoetatik erdibitu zuen. Beheko zatia mostradorearen azpian utzi zuen. Jakaren barneko patrikatik diru-zorroa atera zuen eta handik hamar dolarreko bost billete. “Interesa ehuneko hirukoa da hilean”, adierazi zuen.

“Bai, oso ongi. Eta mila esker. Ongi zainduko duzu, ezta?”

Gizonak burua astindu zuen, baina ez zuen ezer esan.

“Kutxan sartuko dizut berriro?”

“Ez”, esan zuen gizonak.

Bixby andrea biratu eta dendatik atera zen. Kalean taxia zain zeukan. Hamar minutu geroago etxean zegoen.

“Maitea,” esan zuen emazteak makurtzen ari zela senarrari musu emateko. “Faltan bota nauzu?”

Cyril Bixbyk arratsaldeko egunkaria jaitsi zuen eta eskumuturreko erlojuari begiratu zion. “Seiak eta hamabi minutu eta erdi dira”, esan zuen. “Pixka bat berandu etorri zara gaur, ezta?”

“Badakit. Tren nazkagarri horiek dira. Maude izebak maitasuna bidaltzen dizu, beti bezala. Edari bat hartzeko irrikan nago, eta zu?”

Senarrak egunkaria tolestu zuen lauki zehatz bat eginez eta aulkiaren besoan paratu. Jaiki eta gela gurutzatu zuen edaritegiraino. Emazteak gelaren erdian jarraitzen zuen, eskularruak eranzten, adi-adi hari begira, noiz arte itxoin behar zuen oso ongi jakin gabe. Gizonak bizkarra ematen zion orain, gina neurtzeko aurrerantz makurturik, aurpegia neurgailuaren ondoan, hurbiletik kontrolatzeko, paziente baten ahoa balitz bezala.

Irrigarria zen zeinen txikia ematen zuen beti Koronelaren ondoan. Koronela sorbalda zabalekoa eta bizar latzekoa zen, eta harengandik hurbil zeundenean arbi usaina hautematen ahal zenuen. Beste hori, txipia, garbitua eta hezurtsua zen, eta ez zerion inolako usainik, mentazko pastillena ez bazen, hura zupatzen baitzuen hats egokia izateko pazienten aurrean.

“Begira zer erosi dudan bermuta neurtzeko”, esan zuen gizonak, kristalezko ontzi kalibratua erakutsiz. “Miligramotan kalkulatzen ahal dut honi esker.”

“Bai azkarra, laztana”.

Benetan, saiatu behar dut janzkera aldarazten, esan zion emazteak bere buruari. Traje horiek ezin barregarriagoak dira. Garai batean uste zuen zoragarriak zirela Edward estiloko jaka haiek, papar-hegal zabalekoak eta sei botoirekin aurrealdean. Baina orain zentzugabeak ziruditen. Baita praka estu horiek ere. Aurpegiera berezia izan behar duzu horrelako gauzak eraman ahal izateko, eta Cyrilek ez zeukan. Harena begitarte hezurtsua eta luzea zen, sudur estua eta kokots irtena zeuzkana, halako eran non, moda zaharreko traje estu horietako batetik gainera baitzetorkizun ikusten zenuenean, Sam Welleren karikatura bera ematen baitzuen. Hark, ordea, uste izanen zuen Beau Brummel bezalakoa zirudiela. Egia zen emakumezko pazienteak agurtzen zituela mantal zuriko botoiak lotu gabe, azpiko arropa nolakoa zen ikus ziezaioten; eta zentzu ilun batean txakur antza zeukala ezkutatzeko egiten zuen hori. Baina Bixby andreari ezin zion ziria sartu. Lumaje hori guztia itxurakeria hutsa zen. Pauma edadetu bat gogorarazten zion, belarraren gainean harro luma erdiak galdurik. Edo bere burua ernaltzen zuen lore horietako bat, txikoria-belarraren modura. Izan ere, txikoria-belarrak ez du ernalketaren beharrik haziak izateko, beraz hark petalo hori distiratsuak izatea denbora galtze hutsa da, harrokeria bat, estalki bat. Zein da biologoek erabiltzen duten hitza? Subsexual. Txikoria-belarra subsexuala da. Eta berdin gertatzen da udako ur-eulien errunaldiarekin. Tira, Lewis Carrollen antza hartu du istorioak pixka bat: ur-euliak, txikoria-belarrak eta dentistak.

“Mila esker, laztana”, esan zuen emakumeak martinia hartzen zuela, eta besaulkian eseri zen, poltsoa altzoan. “Eta zuk zer egin zenuen bart?”

“Bulegoan geratu nintzen eta enpaste batzuk bete nituen. Kontuak ere eguneratu nituen”.

“Zinez, Cyril, uste dut badela garaia beste norbaitek asto-lan horiek zure ordez egin ditzan. Garrantzitsuegia zara kontu horietarako. Zergatik ez ditu mekanikoak enpasteak betetzen?”

“Nahiago dut nik neuk egin. Harro-harro nago betetzen ditudan enpasteekin”.

“Badakit, maitea, eta iruditzen zait benetan zoragarria zarela. Enpasterik hoberenak dira mundu osoan. Baina ez dut nahi leher egin dezazun. Eta Pulteney emakume horrek, zergatik ez ditu berak kontuak eramaten? Haren lana da, ezta?”

“Eta egiten ditu, maitea, baina nik ezarri behar ditut prezioak aldez aurretik. Berak ez daki nor den aberatsa eta nor ez.”

“Martini hau bikaina da”, esan zuen Bixby andreak, edalontzia alboko mahaian uzten zuela. “Bikaina benetan”. Poltsoa ireki eta zapi bat atera zuen, zintz egitera balihoa bezala. “Oi, begira!” egin zuen oihu, frogagiria ikusi ondoren. “Ez dizut hau erakutsi! Oraintxe bertan aurkitu dut taxiaren eserlekuan. Zenbaki bat daukanez, iruditu zait loteria boletoa-edo izan zitekeela, eta gorde egin dut”.

Paper marroi zurrunska senarrari luzatu zion. Horrek hatzekin hartu zuen, eta angelu guztietatik begiratu zion, hortz susmagarri bat balitz bezala.

“Badakizu zer den hau?” esan zion emeki.

“Ez, maitea. Ez dakit”.

“Bahi-denda baten papera da”.

“Zer?”

“Bahi-denda batean zerbait uzteagatik ematen dizuten frogagiria. Hementxe dago dendaren helbidea, nonbait Seigarren etorbidean.”

“A zer pena. Nik espero nuen ospitaleko loteriaren txartel bat izatea.”

“Ez penatu” esan zuen Cyril Bixbyk. “Izan ere, dibertigarria izan daiteke hau guztia”.

“Zer dela-eta izan daiteke dibertigarria, laztana?”

Bahi-denden funtzionamendua azaltzen hasi zitzaion orduan, bereziki azpimarratuz frogagiria duen edonork artikulua eskatzeko eskubidea duela. Emazteak egonarriz entzun zion irakaspena amaitu arte.

“Eta uste duzu merezi duela eskaera egitea?” galdetu zuen emakumeak.

“Uste dut merezi duela jakitea zer den. Ikusten duzu berrogeita hamar dolarreko zenbateko hau? Badakizu zer esan nahi duen?”

“Ez laztana, zer esan nahi du?”

“Esan nahi du gauzatxo hori baliagarri samarra izan daitekeela.”

“Esan nahi duzu berrogeita hamar dolar balioko duela?”

“Hobe esan bostehun dolar”.

“Bostehun dolar!”

“Ez duzu ulertzen?” esan zuen gizonezkoak. “Bahi-denda batean ez dizute ematen benetako balioaren hamarrena baino gehiago.”

“Jainko maitea! Nik ez nekien hori.”

“Gauza asko ez dakizkizu, laztana. Orain entzun. Jabearen izena eta helbidea jartzen ez duenez...”

“Baina ziurrenik nonbait esan beharko da norena den?”

“Inon ez. Maiz egiten da hori. Jendeak ez du nahi besteek jakin dezaten bahi-denda batean egon direla. Lotsa ematen die”.

“Eta uste duzu guretzat izan daitekeela?”

“Horixe izanen dela guretzat. Orain gure frogagiria da hau”.

“Nirea dela esan nahiko duzu,” esan zuen tinko Bixby andreak. “Nik aurkitu dut”.

“Berdin dio, laztana. Garrantzitsuena da edozein mementotan joan gaitezkeela eta har dezakegula berrogeita hamar dolar ordainduta. Zer iruditzen zaizu?”

“A zeinen ongi!” oihukatu zuen emazteak. “Uste dut zirraragarria dela, batez ere ez dakigunean zer den. Edozein gauza izan daiteke, ez da hala, Cyril? Edozein gauza!”

“Hala izan daiteke, bai. Baina ziurrenik eraztun bat edo erloju bat izanen da.”

“Baina ez al litzateke polita izanen benetako altxor bat balitz? Zinez zaharra den zerbait esan nahi dut, murko zahar bat edo estatua erromatar bat.”

“Ez dago jakiterik zer izan daitekeen, maitea. Itxoin beharko dugu.”

“Zirraragarria iruditzen zait benetan! Emadazu frogagiria eta astelehen goizean joanen naiz ikustera!”

“Uste dut hobe dela nik egitea.”

“Oi, ez!” oihukatu zuen emakumeak. “Utzidazu niri egiten!”

“Uste dut ezetz. Neuk hartuko dut lanera noala.”

“Baina nire frogagiria da! Mesedez, utzidazu niri egiten, Cyril! Zergatik izan behar du zuretzat dibertsio guztiak?”

“Bahi-dendak ez dituzu ezagutzen, maitea. Baliteke zuri ziria sartzea”.

“Ez naute engainatuko, zinez. Emadazu papertxoa, mesedez.”

“Horretaz gain berrogeita hamar dolar behar dituzu”, esan zuen gizonak, irribarretsu. “Berrogeita hamar dolar ordaindu behar dituzu eskudirutan artikulua eman diezazuten nahi baduzu.”

“Badauzkat”, esan zuen emazteak. “Uste dut.”

“Hobe litzateke kontu honetaz ni arduratzea, axola ez bazaizu.”

“Baina Cyril, neuk aurkitu nuen. Nirea da. Dena delako hori nirea da, ados?”

“Jakina zurea dela, laztana. Ez duzu zertan larritu horregatik”.

“Ez naiz larritu. Berotu egin naiz, besterik ez.”

“Suposatzen dut ez zaizula bururatu gizonezkoentzako zer edo zer izan daitekeela, patrikako erloju bat, esate baterako, edo mahuka-botoi pare bat. Gizonezkook ere joaten gara bahi-dendetara, badakizu.”

“Hala bada Gabonetarako emanen dizkizut”, esan zuen Bixby andreak eskuzabal. “Poz-pozik gainera. “Baina emakumeentzako gauza bat bada, niretzat izanen da. Ados?”

“Oso bidezkoa iruditzen zait. Zergatik ez zara etortzen nirekin haren bila noanean?”

Bixby andrea baietz esateko zorian egon zen, baina mingainari eutsi zion azken segundoan. Ez zuen nahi senarraren aurrean bahi-dendakoak agur zezan ezagutuko balu bezala.

“Ez,” esan zuen emeki. “Nahiago dut ezetz. Are zirraragarriagoa izanen da hemen geratzen banaiz eta pixka bat itxoiten badut. Oi ene, espero dut ez dela izanen bioi gustatzen ez zaigun zerbait.”

“Arrazoia duzu horretan”, esan zuen senarrak. “Berrogeita hamar dolar balio ez duela irizten badiot, ez dut ezta hartu ere eginen.”

“Baina esan duzu bostehun dolar balio zezakeela.”
“Seguru nago baietz. Ez kezkatu.”

“O, Cyril. Ezin dut itxoin. Ez al da ernagarria?”

“Dibertigarria da”, esan zuen gizonak, frogagiria txalekoko patrikan gordetzen zuela. “Ez dago zalantzarik”.

Astelehen goiza iritsi zen azkenean, eta gosaldu ondoren Bixby andrea senarrarekin joan zen ateraino, eta berokia janzten lagundu zion.

“Ez ezazu sobera lan egin, maitea”, esan zion emazteak.

“Ez, lasai.”

“Seietarako etxean?”

“Hala espero dut”.

“Bahi-dendara joateko astirik izanen duzu?” galdetu zion emazteak.

“Jainkoa, ahaztua neukan. Taxi bat hartuko dut oraintxe joateko. Bidean daukat.”

“Ez duzu frogagiria galdu, ezta?”

“Espero dut ezetz”, erantzun zuen gizonezkoak, txalekoko patrikan haztatuz. “Ez, hemen dago.”

“Badaramazu behar adina diru?”

“Hor nonbait”.

“Maitea,” esan zion emazteak harengandik hurbil eta gorbata zuzenduz, zuzen-zuzen bazegoen ere. “Zerbait polita bada, gustuko izan dezakedan zerbait bada, hots eginen didazu bulegora ailegatutakoan?”

“Bai, hala nahi baduzu.”

“Badakizu, nolabait espero dut zuretzat izatea, Cyril. Nahiago nuke zuretzat balitz, eta ez niretzat.”

“Oso eskuzabala zara, laztana. Joan behar dut orain.”

Ordu bat geroxeago, telefonoak jo zuenean, Bixby andreak hain azkar gurutzatu zuen gela ezen telefonoa hartua zuen lehendabiziko txirrin-hotsa bukatu aurretik.

“Hartu egin dut!” esan zion senarrak.

“Bai! O, Cyril, zer da? Zerbait polita da?”

“Polita!”, oihukatu zuen gizonak. “Izugarria da! Itxoin ikusi arte! Gaizkituko zara!”

“Maitea, zer da? Esadazu oraintxe bertan!”

“Zorte handiko neska zara, bai horixe.”

“Niretzat da, orduan?”

“Jakina zuretzat dela. Baina ez dago ulertzerik nola arraiotan utzi zuten berrogeita hamar dolarren truke. Norbaiti adar bat falta zaio.”

“Cyril! Ez nazazu jakin gabe utzi! Jasanezina da!”

“Txoratuko zara ikusitakoan.”

“Zer da?”

“Asma ezazu.”

Bixby andreak pausa bat egin zuen. Zuhur jokatu, esan zion bere buruari. Zuhur-zuhur jokatu behar duzu.

“Lepoko bat”, esan zuen.

“Ez.”

“Eraztun bat diamante batekin”.

“Hurbildu ere ez. Pista bat emanen dizut. Janzten ahal duzu.”

“Janzten ahal dudan zerbait? Kapela bat, esan nahi duzu?”

“Ez, ez da kapela bat”, erantzun zion senarrak barrezka.

“Jainkoarren, Cyril! Zergatik ez didazu esaten?”

“Sorpresa bat izan dadin nahi dudalako. Gauean etxera eramanen dizut.”

“Ezta pentsatu ere!” Oihukatu zuen emazteak. “Oraintxe bertan joanen naiz zer den ikustera!”

“Nahiago nuke hori eginen ez bazenu”.

“Ez zaitez txotxoloa izan, maitea. Zergatik ez?”

“Oso lanpeturik nabilelako. Goiz osoko ordutegia aldrebestuko zenidake. Ordu erdi bat atzeratuta nabil dagoeneko.”

“Orduan bazkarirako joanen naiz, ados?”

“Ez dut bazkaririk izanen. O, beno, etor zaitez ordu bata eta erdietan, sandwich bat jaten ari naizen bitartean. Adio.”

Ordu bata eta erdietan puntu-puntuan, Bixby andrea Bixby jaunaren klinikara iritsi zen eta txirrina jo zuen. Senarrak berak ireki zuen atea, dentistaren mantal zuriaz jantzita.

“O, Cyril, nerbioak jota nago!”

“Baduzu zertan nerbiostu. Zorte handiko neska zara, bazenekien?” Pasabidean zehar eraman zuen, kontsultaraino.

“Pulteney andereñoa, atera zaitezke bazkaltzera”, esan zion laguntzaileari, hura tresnak esterilizagailuan sartzen ari zela. “Itzulitakoan bukatzen ahal duzu hori.” Neska joan arte itxoin zuen. Orduan, jantziak gordetzeko armairuraino joanda haren parean gelditu zen, hatzaz erakutsiz. “Hor dago”, esan zuen. “Orain itxi begiak”.

Esandakoa bete zuen Bixby andreak. Arnasa sakon hartu, eta barruan gorde zuen. Ondorengo isiltasunean entzun zuen armairua irekitzen ari zela eta gizonak txistu gisako hots leun bat sortzen zuela jantzi bat pasatzean zintzilik zeuden gainerako gauzen artean.

“Oso ongi! Begiratzea daukazu!”

“Ez naiz ausartzen”, esan zuen emazteak, irriz.

“Tira, bota begiratu bat.”

Herabeti eta irriñoz, betazal bat jaso zuen segundo erdi batez, nahikoa ikusteko gizon baten soslai iluna eta lausotua, laneko arropaz jantzita eta airean zerbaiti eusten ziola.

“Bisoia!”, oihukatu zuen gizonak. “Benetako bisoia!”

Hitz magikoa entzundakoan begiak zabaldu zituen emazteak amen batean, eta, aldi berean, aurrera egin zuen berokia beso artean hartzeko.

Baina berokirik ez. Larruzko lepoko ñañarro bat besterik ez zegoen, senarraren eskutik dilindan. “A zer gozamena begietarako!” esan zuen gizonezkoak, emaztearen aurpegiaren aurrean mugituz.

Bixby andreak esku bat eraman zuen aho aurrean eta atzera egiten hasi zen. Oihukatuko dut, esan zuen bere baitarako. Badakit. Oihu eginen dut.

“Zer gertatzen da, maitea? Ez zaizu gustatzen?” Larrua mugitzeari utzi eta emazteari begiratu zion, hark zerbait esateko zain.

“Oi bai,” esan zuen totelka. “U-uste dut ... dela ... izugarria, ... zinez izugarria.”

“Arnasarik gabe utzi zaitu segundo batean, ezta?”

“Bai, bai.”

“Kalitate apartekoa da”, esan zuen gizonak. “Kolore ederrekoa ere bai. Badakizu zer, laztana? Aitortu behar dut honelako jantzi batek berrehun edo hirurehun dolar balio duela gutxienez denda batean.”

“Ez dago zalantzarik.”

Bi larru ziren. Bi larru estu eta hazteritsuak, haiekin atzapar txikiak zintzilik zituztenak, baita buruak ere, begi zuloetan sartutako kristalezko bola banakoak. Haietako batek bestearen atzeko muturra ahoan zeukan, hari hozka eginez.

“Tori”, esan zuen gizonak. “Probatu ezazu.” Aurrerantz makurtu zen eta emaztearen lepoa inguratu zuen gauza horrekin, eta atzerantz joan zen hura mirestera. “Bikaina. Ederki ematen dizu, benetan. Edonork ez dauka bisoirik, ene laztana.”

“Edonork ez”.

“Hobe duzu etxean uztea erosketak egitera ateratzen zarenean, edo uste izanen dute dirudunak garela eta hasiko zaizkigu gehiago kobratzen.”

“Saiatuko naiz hori gogoratzen, Cyril”.

“Iruditzen zait ez duzula beste gehiagorik espero beharko Gabonetarako. Dena den, berrogeita hamar dolar gastatu nahi nuena baino gehiago da.”

Biratu eta konketaren gainean makurtu zen eskuak garbitzeko. “Orain zergatik ez zara hemendik ateratzen bazkari eder bat hartzeko? Neuk lagunduko zintuzket, baina Gorman zaharra daukat itxaron gelan, itxitura bat apurtu zaio eta.”

Bixby andrea aterantz abiatu zen.

Hil eginen dut bahi-dendakoa, esan zion bere buruari. Oraintxe bertan noa dendara eta lepoko zikin hau aurpegira botako diot, eta berokia ematen ez badit, hil eginen dut.

“Esan al dizut berandu iritsiko naizela gaur?” esan zuen Cyril Bixbyk, eskuak oraindik garbitzen ari zela.

“Ez.”

“Denak honelaxe jarraitzen badu zortzi eta erdiak izanen dira gutxienez. Baliteke bederatziak ere izatea.”

“Bai, oso ongi. Agur.” Bixby andrea atera zen, danbateko bat emanez.

Une horretan bertan Pulteney andereñoa, idazkari-laguntzailea, haren ondoan pasa zen korridorean behera, bazkaltzera zihoala.

“Ederra eguna, ezta?” esan zuen Pulteney andereñoak irribarrea erakusten zuelarik. Bazegoen harmonia bat haren ibileran eta lurrin arrasto tipi bat haren atzetik. Erregina bat ematen zuen. Erregina bat bezalakoa zen, benetan, Koronelak Bixby andreari emandako bisoizko beroki beltz eder hartan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina