Roald Dahl
Amerika aukeren lurraldea da emakumeentzat.
Dagoeneko herrialdearen aberastasunaren %85 daukate bere esku. Berehala
den-dena edukiko dute. Dibortzioa da dirua irabazteko modua: bukatzen azkarra
eta ahazten erraza; emakume handinahiek nahi adina aldiz errepikatzen ahal dute
eta etekinak zenbatu ezinezkoak bilakatu dira. Senarraren heriotzak ere badakar
konpentsazio pozgarririk eta zenbait dama metodo horren alde agertzen dira.
Badakite itxaronaldia ez dela betiko luzatuko, zeren gehiegizko lanak eta
hipertentsioak gizajoa akabatuko baitute lehenago edo geroago: bulegoan hilko
da, esku batean bentzedrina botila bat daukala, eta bestean, lasaigarri pakete
bat.
Dibortzioaren
eta heriotzaren patroi beldurgarri horrek ez du eragin txikienik ere izaten
bertako gizonezko gazteen belaunaldien gainean. Dibortzio tasak zenbat eta
altuagoa izan, orduan eta grina biziagoa sortzen zaie. Gizon gazteak saguen
antzera ezkontzen dira, nerabezaroa utzi baino lehen ia-ia, eta haietako
gehienek gutxienez bi emazte ohi dituzte kontagailuan hogeita hamasei urte
betetzen dituztenerako. Andre horiek ohi duten moduan mantendu ahal izateko,
gizonezkoek esklaboak balira bezala egin behar dute lan. Izan ere, ez dira
beste ezer. Baina orduan, bederen, helduaro goiztiarrean aurrera egin ahala,
nahigabearen eta izuaren sentipena hasten da zabaltzen haien bihotzetan, eta,
arratsalde partean, talde txikietan biltzen dira, taberna zein elkarteetan,
whiskiak edateko eta pilulak irensteko, istorioak kontatuz elkarri
kontsolamendua eman nahian.