Dastamena
Roald Dahl
Sei ginen afaltzeko gau hartan Mike Schofield-ek Londresen
daukan etxean: Mike, haren emaztea eta alaba, nire emaztea eta ni, eta Richard
Pratt izeneko gizona.
Richard Pratt gourmet ospetsua zen; Epikuroak
zeritzon elkarte txiki baten buru, hilero esku-orri bat banatzen zuen elikagai
eta ardoen inguruan elkarteko kideen artean. Afariak antolatzen zituen luxuzko
platerak eta ezohiko ardoak dastatzeko. Ez zuen erretzen, dastamena kaltetuko
zuen beldurrez, eta ardo bati buruz ari zela, izaki biziduna bezala tratatzeko
ohitura bitxi eta gogaikarri samarra zuen. “Ardo zuhurra”, esaten zuen,
“herabeti eta iheskor samarra, baina zuhurra.” Edo, “Aldarte oneko ardoa,
onbera eta alaia; zertxobait lizuna, agian, baina aldarte onekoa, halere.”
Bitan egona nintzen Mikeren etxean Richard Prattekin
afaltzen, eta bi-bietan Mikek eta emazteak ahaleginak eta bi egin zituzten
gourmet ospetsuari otordu berezia emateko. Horko horretan, argi eta garbi, ez zuten
salbuespena eginen. Jangelan sartu bezain laster ikusi nuen mahaia oturuntza
baterako prestatuta zegoela. Zutargi garaiak, arrosa horiak, zilar distiratsua
nonahi, hiru ardo kopak afaltiar bakoitzarentzat, eta, batez ere, sukaldetik
zetorren haragi errearen usain gozoa, ahoan listua jariotzen hastea eragin
zidana.
Esertzen ari ginela, oroitu nintzen Richard Pratten
aurreko bi bisitetan Mikek erronka bana bota ziola ardo beltzaren inguruan, ea
gauza zen mota eta uzta asmatzeko. Prattek erantzun zion ez zela oso zaila izan
beharko, baldin eta urte onenetakoa bazen. Mikek, orduan, ardo horren kutxa bat
jokatu zion, ezetz asmatu. Prattek erronka onartu eta irabazi zion bietan. Gau
hartan, zalantzarik ez, berriz arituko ziren jolas txiki horretan; izan ere, Mike
galtzeko prest zegoen, horrela frogatzen bazuen bere ardoa ezaguna izateko
bezain ona zela, eta Prattek, bere aldetik, gozamen serioa eta neurritsua hartzen
bide zuen bere jakinduria erakutsiz.
Afaria gurinean frijitutako ijito-sardin kurruskatsuekin
hasi genuen, eta laguntzeko, Moselako ardoa geneukan. Mikek berak zerbitzatu
zuen, eta, bukatutakoan berriz eseri zenean, ohartu nintzen Richard Pratti beha
ari zitzaiola. Botila nire aurrean utzi zuenez, etiketa irakurri ahal izan nuen:
“Geierslay Ohligsberg, 1945”. Mike nire alboan makurtu zen eta xuxurlatu zidan
Mosela ondoko herri txiki-txikia zela Geierslay, ia ezezaguna Alemaniatik
kanpo. Kontatu zidanez, edaten ari ginen ardoa ez zen batere arrunta, eta
mahastiaren uzta hain zen eskasa non atzerritarrek ia ezinezko baitzuten ezer
eskuratzea. Aurreko udan Geierslayen egona zen botila bakan batzuk lortzeko,
eta azkenean utzi zioten batzuk erosten.
“Ez dut uste herrialde honetan beste inork
daukanik,” esan zuen. Ohartu nintzen Richard Pratti beste so bat bota ziola.
“Moselako ardoen alde hoberena zera da,” jarraitu zuen, oraingoan ozenago,
“ardo ezin hobeak direla Bordele aldeko beltz baten aurretik, baina jende
askok, ordea, Rhin aldeko bat ateratzen du; ez dakienak beti baleki bezala.
Izan ere, Rhin aldekoek hondatzen dute beltz fin bat, bazenekien? Astakeria da
Rhineko bat ateratzea beltz baten aurretik. Baina Moselako bat, a, Moselako bat
ezin egokiagoa da.”
Mike Schofield adin ertaineko gizon lagunkoia zen. Burtsa
artekaria zuen ogibide. Zehazki, bitartekari lanetan zebilen burtsan, eta kasta
horretako beste batzuen antzera, lotsaturik zegoen, ia gorritzeraino
lotsaturik, jakinda ikaragarrizko dirutza patrikaratu zuela oso gaitasun
gutxirekin. Barne-barnean bazekien kontu-hartzaile bat besterik ez zela,
kontu-hartzaile balakaria, txit errespetagarria eta, isil-gordean, eskrupulurik
gabekoa. Eta bazekien lagunek ere bazekitela. Hortaz, kultura zabaleko gizonaren
itxura eman nahi zuen, gustu fina zuela literatura eta estetika kontuetan, eta
pinturak, musika, liburuak eta gainerakoak biltzen hasi zen. Horregatik Rhin
eta Moselako ardoei buruzko sermoi txiki hura; bilatzen zuen kulturaren parte zen.
“Ardo xarmangarria, ez duzue hala uste?” esan zuen. Artean
Richard Pratti beha jarraitzen zuen. Jabetu nintzen begiratu azkar bat botatzen
ziola ijito-sardinak hartzeko burua makurtzen zuen aldiro. Ia-ia sentitzen ahal
nuen zain zegoela, Richard Prattek ardoa lehen aldiz noiz probatuko zuen eta nola
begiratuko zion edalontziaren atzetik: irribarre gozoaz, edo harrituaz, edo,
agian, liluratuaz; eta gero, eztabaidatzeari ekinen zioten, eta Mikek Geierslay
herriarena kontatuko zion.
Baina Richard Prattek ez zuen ardoa probatu. Solas
eta solas ari zen buru-belarri Louise-rekin, Mikeren hemezortzi urteko
alabarekin. Neskaren aldera erdi biratuta, irribarrez kontatzen ari zitzaion,
ulertu ahal izan nuen heinean, Parisko jatetxe bateko chef baten
pasadizoa. Hitz egin ahala, gero eta hurbilago makurtzen zen neskarengana,
grinatsu, hura ia ukitzeraino. Eta neska gaixoa ahalik eta gehien aldenduta beste
aldera, burua astintzen zuen, gizalegez baina etsitasunez, baina gizonaren
esmokineko goiko botoiari begiratzen zion, ez begietara.
Arrainak jan genituen, eta neskamea itzuli zen
platerak kentzera. Pratten ondora joan zenean, ikusi zuen janaria ukitu gabe
zeukala, eta duda egin zuen. Pratt ohartu zen eta, eskua astinduz, atzerantz
bidali zuen. Hitz-aspertua eten eta hitzetik hortzera ekin zion jateari; arrain
marroi kurruskatsuak triki-traka sardexkaz sastatuz ahoratu zituen amen batean.
Bukatutakoan, edalontziari heldu eta bi tragoxkatan bota zuen ardoa
zintzurretik behera, eta, jarraituan, biratu zen berriz Louise Schofield-ekin
solasean segitzeko.
Mikek den-dena ikusi zuen. Nik sentitzen nuen nola
begiratzen zion gonbidatuari eserlekuaren gainetik, zirkinik egin gabe eta bere
buruari eutsiz. Nonbait, aurpegi borobil alai hura kordokatu eta pixka bat
abaildu zitzaion, baina bere buruari eutsi zion, eta ez zuen zirkinik egin eta
ez zuen ezer esan.
Neskamea berehala etorri zen bigarren platerarekin.
Txahal errea zen. Mikeren aurrean paratu zuen eta horrek, altxatuta, hura
zatitzeari ekin zion. Xerrak mehe-mehe moztu ondoren, plateretan jarri zituen
amultsuki, neskameak bana zitzan. Denok zegokiguna geneukanean, Mike, zerratzeko
labana utzi, eta aurrerantz makurtu zen, mahaiaren ertzei eskuekin helduta.
“Orain,” esan zuen, mundu guztiarentzat hitz eginez
baina Richard Pratti begira. “Orain, ardo beltza. Ardo beltza hartzera noa,
zuen baimenarekin.”
“Hartzera zoaz, Mike?” esan nuen nik. “Non dago,
bada?”
“Nire bulegoan, kortxoa kenduta. Arnasa hartzen.”
“Zer dela-eta bulegoan?”
“Giroko tenperatura har dezan, jakina. Hogeita lau
ordu eman ditu han.”
“Baina zergatik bulegoan?”
“Etxeko tokirik hoberena da. Richardek lagundu zidan
hautaketan, hemen egon zen azkenekoan.”
Bere izena entzutean, Pratt biratu zen.
“Hala da, ezta?” esan zuen Mikek.
“Bai.” erantzun zuen Prattek, burua serio astintzen
zuela. “Hala da.”
“Bulegoko artxibategi berdearen gainean,” esan zuen
Mikek. “Horixe da aukeratu genuen tokia. Haizerik gabeko leku bat, tenperatura
egonkorreko gela batean. Barka iezadazue orain, mesedez. Haren bila noa.”
Jolasteko beste ardo bat zeukala pentsatuta, umore
ona itzuli zitzaion berriz. Lasterrean atera eta minutu bat geroago bueltatu
zen, mantsoago oraingoan, leunki mugituz eta bi eskuen artean ardo saski bat
ekarriz. Haren barrenean, ardo botila bat zetzan ahuspez, etiketa ageri ez
egoteko. “Beno!” adierazi zuen mahaira hurbiltzen ari zela. “Zer deritzozu
honi, Richard? Hemengo hau ez duzu sekula asmatuko!”
Richard Pratt emeki biratu zen. Begirada altxatu
zuen Mikenganaino, eta hortik, zumezko saski txikiaren barnean zegoen
botilaraino. Bekainak goratu zituen arinki, modu zertxobait burgoian, eta,
horrekin batera, beheko ezpaina aurreratu zuen, keinu handikoi eta itsusi
batekin.
“Ez duzu inoiz asmatuko,” esan zuen Mikek. “Ezta
ehun urte emanda ere.”
“Bordele aldekoa da?” galdetu zuen Richard Prattek
nagusitasun airearekin.
“Jakina.”
“Orduan suposatzen dut mahasti txiki batekoa dela.”
“Agian bai, Richard. Baina agian ez.”
“Baina urte on batekoa da? Urte onenetakoa?”
“Bai, hori ziurtatu egiten dizut.”
“Orduan ez luke oso zaila izan behar,” esan zuen
Richard Prattek, hitzak arrastaka ahoskatuz, zinez asperturik balego bezala.
Baina iruditu zitzaidan zerbait zegoela arrastatze eta aspertze horretan, itzal
gaizto bat begi artean eta, jarreran, erabakitasun bat, nolabaiteko egonezina
sortu zidana hari begira nengoela.
“Gaurkoa zaila da oso,” esan zuen Mikek. “Ez zaitut
behartuko apustu bat egitera gaurkoan.”
“Benetan? Eta zergatik ez?” Berriz, bekainak altxatu
ziren, eta begirada, hoztu eta tematu.
“Zaila delako.”
“Hori ez da oso lore polita niretzat, ohartzen zara?”
“Alajaina,” esan zuen Mikek, “apustu bat eginen dugu,
hala nahi baduzu.”
“Ez da asmatzen zaila izanen.”
“Esan nahi duzu apustu bat egin nahi duzula?”
“Gustu handiz,” esan zuen Richard Prattek.
“Oso ongi, orduan. Betikoa jokatuko dugu. Ardo
beraren kutxa bat.”
“Ez duzu uste asmatuko dudanik.”
“Bada, egiatan eta errespetu osoz, uste dut ezetz,”
esan zuen Mikek. Gizabidez jokatzen saiatzen ari zen, baina Prattek ez zuen
kezka handirik hartzen kontu hori erdeinatzen zuela ezkutatzeko. Eta, hala ere,
hurrengo galderaren atzean interes pitin bat ageri zen.
“Apustua handitu nahi duzu?”
“Ez, Richard. Kutxa bat aski da.”
“Eta berrogeita hamar kutxa balira?”
“Horrek ez luke zentzurik.”
Mikek ez zuen zirkinik egiten mahaiburuko aulkiaren
atzetik, botilari tentuz eutsiz zumezko saski barregarri hartan. Nolabaiteko
zuritasun bat atera zitzaion sudurzuloen aldean, eta ahoa itxita eta zurrun
zeukan.
Prattek atzera eraman zituen sorbaldak aulkiko
bizkarraren kontra; besteari so, bekainak altxatuta zeuzkan, begiak erdi itxita
eta, ezpainen muturretan, irri tipi bat agertu zuen. Eta berriz ikusi nuen, edo
iruditu zitzaidan berriz ikusi nuela, gizonak puntu durduzagarri bat zuela aurpegian,
itzal tematia begien artean, eta begietan bertan, justu begien erdi-erdian,
beltza den toki horretan, maltzurkeria puntu bat ezkutaturik.
“Orduan ez duzu apustua handitu nahi.”
“Bost axola niri, motel,” esan zuen Mikek. “Nahi
duzun apustua onartuko dizut.”
Hiru emakumeak eta laurok bi gizonei begira geunden,
txintik esan gabe. Mikeren emaztea ernegatzen hasia zen; ahoan keinu gozakaitza
antzeman zitzaion eta pentsatu nuen kontua eten behar zuela. Txahal erreak gure
aurrean jarraitzen zuen, plateretan, lurruna emeki zeriola.
“Orduan, nahi dudan apustua onartuko didazu?”
“Horixe esan dizut. Nahi duzuna, arraio. Ez dadila
hori traba izan.”
“Hamar mila libera ere?”
“Noski, hala nahi baduzu.” Mikek konfiantza
handiagoa zeukan orain. Bazekien gauza zela Prattek esaten zuen edozein diru-kopuru
berdintzeko.”
“Orduan, nik finkatzen ahal dut apustua?” galdetu
zuen berriz Prattek.
“Hala esan dut.”
Pausa bat izan zen Prattek emeki mahai ingurura
begiratzen zuen bitartean, niri lehendabizi, eta gero, banan-banan, hiru
emakumeei. Gogorarazi nahi zigun, itxura batean, apustuaren lekukoak ginela.
“Mike!” esan zuen Schofield andreak. “Mike, zergatik
ez duzu zentzugabekeria hau alde batera uzten afariarekin segi dezagun? Hozten
ari da eta.”
“Baina hau ez da zentzugabekeria bat,” esan zion
Prattek doinu neutroan. “Apustu txiki bat egiten ari gara.”
Ohartu nintzen neskamea haren atzean zegoela,
barazkien azpila eskuan, erabaki ezinda aurrera egin behar zuen ala ez.
“Tira, bada,” esan zuen Mikek zakar samar. “Bost
pito zer den. Dena dela, onartu eginen dizut.”
Prattek baiezkoa eman zuen buruaz, eta irri txikia
mugitu zitzaion ezpain muturretan berriz. Orduan, etengabe Mikeri begira,
adierazi zuen emeki: “Irabazten badut, zure alabarekin ezkondu nahi dut.”
Louise Schofieldek jauzi bat egin zuen. “Ei!”
oihukatu zuen. “Ez! Horrek ez dauka graziarik! Aizu, aitatxo, ez du inolako
graziarik.”
“Ez, maitea,” esan zion amak. “Txantxetan ari dira.”
“Ni ez nabil txantxetan,” esan zuen Richard Prattek.
“Ergelkeria hutsa da hori,” esan zuen Mikek. Nahastuta
zegoen berriz ezustearekin.
“Esan duzu nik esana onartuko zenuela.”
“Diruaz ari nintzen.”
“Dirurik ez duzu aipatu.”
“Baina hori esan nahi nuen.”
“Pena esan ez izana. Baina, dena dela, ez da ezer
gertatzen eskaintza bertan behera utzi nahi baduzu.”
“Kontua ez da eskaintza bertan behera uztea, motel.
Apustua ezinezkoa da, zuk ezin duzulako berdindu. Izan ere, alabarik ez daukazu
niri emateko galduz gero. Eta izanen bazenu, ez nintzateke harekin ezkonduko.”
“Pozten naiz hori entzuteaz, maitea,” esan zion
emazteak.
“Nahi duzuna jarriko dut apustua berdintzeko,”
iragarri zion Prattek. “Etxea, adibidez. Zer iruditzen zaizu nire etxea?”
“Zein?” esan zion Mikek, txatxetan oraingoan.
“Landan dagoena.”
“Zergatik ez bestea ere bai?”
“Oso ongi, bada. Bi etxeak.”
Une hartan zalantzan ikusi nuen Mike. Urrats bat
eman zuen aurrerantz eta botilako saskia mahai gainean utzi zuen amultsuki. Gatzontzia
alde batera eraman zuen, gero piper-ontzia, eta gero labana hartu zuen; une
batez arretaz aztertu zuen xafla, eta berriz utzi zuen. Alaba ere ohartu zen
zalantzaz.
“Baina, aitaxo!” oihukatu zuen. “Zertaz ari zarete? Honek
ez dauka zentzurik. Ni ez naiz inongo apustuaren saria.”
“Oso ongi, maitea,” esan zion amak. “Utz ezazu alaba
bakean, Mike; eser zaitez eta has gaitezen afaltzen.”
Mikek ez zion jaramonik egin. Alabari begiratu eta
irribarre egin zion, irribarre motel, aitazko eta babeskoia. Baina begietan,
supituki, garaipen txiki bat islatu zen. “Badakizu?” esan zion, irribarretsu.
“Badakizu, Louise? Igual pixka bat pentsatu beharko genuke.”
“Ez, aitatxo. Ez jarraitu. Entzun ere ez dut egin
nahi! Pentsatzea ere!”
“Ez, maitea, benetan. Zaude segundo bat eta entzun.”
“Baina ez dut entzun nahi.”
“Louise! Mesedez! Hauxe da kontua. Richardek apustu
serioa egin digu. Berak nahi du egin, ez nik. Galtzen badu, alimaleko ondasunak
eman beharko dizkigu. Orain, zaude minutu batean, maitea, ez nazazu eten. Gakoa
da ezin duela irabazi.”
“Berak kontrakoa uste du, antza.”
“Egidazu kasu, ongi baitakit zertaz ari naizen.
Adituek, Bordele aldeko ardo beltz bat dastatzen dutenean, ardo handia eta
ospetsua baldin bada, Lafite edo Latour bat esaterako, ideia lausoa baino ez
daukate mahastia izendatzeko unean. Jakina, esanen dizute zer barrutitik
datorren ardoa, ea St Emilion, Pomerol, Graves edo Médoc-ekoa den. Baina
barruti bakoitzean udalerri andana daude, auzo askorekin. Eta auzo bakoitzak
mahasti txiki-txiki ugari ditu. Gizaki batek ezin ditu denak bereizi soilik
dastamena eta usaimena erabiliz. Berdin zait kontatzea hemen daukadana mahasti
txiki batekoa dela eta inguruan beste mahasti txiki asko dituela. Ez du sekula
asmatuko. Ezinezkoa da.”
“Ezin zara ziur egon,” esan zion alabak.
“Bai. Horixe esaten ari natzaizu. Nik esatea polita
ez den arren, nahikotxo dakit ardogintzaz. Eta, dena den, Jainkoarren maitea,
zure aita naiz eta ez duzu pentsatuko sartuko zaitudala, zera, sartu nahi ez
duzun toki batean, ezta? Diru pixka bat irabaz dezazun nahi dut.”
“Mike!” esan zion emazteak zorrotz. “Ez jarraitu,
Mike, mesedez!”
Berriz ere ez zion jaramonik egin. “Apustu hau
onartzen baduzu,” esan zion alabari, “hemendik hamar minutura bi etxe
erraldoiren jabea izanen zara.”
“Baina nik ez ditut nahi, aitatxo.”
“Orduan sal itzazu. Sal iezazkiozu berari bertatik
bertara. Hori nire kontu. Eta orduan, pentsa ezazu maitea, aberatsa izanen
zara! Zuregain izanen zara bizitza osorako!”
“Oi, aita. Ez zait gustatzen. Uste dut lelokeria bat
dela.”
“Baita nik ere” esan zuen amak. Hitz egitean, burua
gora eta behera mugitzen zuen, oilo baten erara. “Ez dakit nolatan ez zaren
zeure buruarekin lotsatzen, Michael, horrelako gauza bat esatea ere! Nori eta
zure alabari, gainera!”
Mikek ez zion begiratu ere egin. “Esan baietz!” esan
zion kementsu, neskari tinko begira. “Esan baietz, azkar! Bermatzen dizut ez
duzula galduko.”
“Baina ez zait gustatzen, aita.”
“Tira, neska, baietz!.”
Mikek gogor estutu zuen. Alabaren gainean zegoen
makurtuta, begirada gogor eta distiratsu batekin so, eta alabarentzat ez zen
erraza hari eustea.
“Eta galtzen badut?”
“Esaten ari naiz ezin duzu galdu. Bermatu egiten
dizut.”
“Oi, aitatxo. Zer egin behar dut?”
“Dirutza irabaziko dizut. Tira. Zer diozu, Louise? Ados
zaude?”
Duda egin zuen neskak azken aldiz. Orduan, sorbaldak
pixka bat goratu zituen, etsirik, eta esan zuen: “O, tira, ongi, bada. Baina
baldin eta zin egiten badidazu ez dagoela galtzerik.”
“Oso ongi!” oihukatu zuen Mikek. “Egina dago! Apustu
bat daukagu!”
Segituan, Mikek ardoa hartu eta bere edalontzira isuri
zuen lehendabizi. Gero, mahaia inguratu zuen saltoka besteenak betetzeko. Mundu
guztiak Richard Pratti behatzen zion, haren aurpegiari, hark emeki edalontzia
eskuineko eskuarekin hartzen zuela sudurreraino eramateko. Gizonak berrogeita
hamar urte inguru zituen, eta aurpegi atseginekoa ez zen. Dena ahoa zen,
nolabait, ahoa eta ezpainak, gourmet profesionalaren ezpain heze eta lodiak.
Beheko ezpaina beherantz zabaltzen zen erdialdean, etengabe irekita eta kulunka,
dastatzaile batenak beharko lukeen bezala, edalontziaren ertza zein janariaren ahamena
onartzeko prest beti. Sarraila-zulo bat bezalakoa, pentsatu nuen hari begira;
sarraila-zulo heze bat bezalakoa du ahoa.
Emeki, edalontzia sudurreraino eraman zuen.
Sudurraren punta edalontziaren barnean sartu eta ardoaren gainean mugitu zuen,
leunki usnaka. Ardoa eztiki biratu zuen edalontziaren inguruan, buketa
jasotzeko. Gogo osoa zeukan horretan bildua. Begiak itxita zituen, eta bazirudien
gorputzaren goiko erdia –burua,
lepoa eta bularra–
usaintzeko makina bat zela, zoli-zolia, sudur usnatzailearen mezua jaso, iragazi
eta aztertzen zuena.
Mike, ikusi nuenez, zabal-zabal zegoen eserita
aulkian, axolako ez balitzaio bezala, baina mugimendu orori adi zegoen. Schofield
andreak, zuzen eta zurrun eserita mahaiaz bestaldean, aurrera begiratzen zuen,
aurpegia gaitzespenez tenk. Louisek, aulkia zertxobait urrunduta, albotik
behatzen zion gourmeti, aitak bezala, erne.
Usaintze prozesu horrek minutu bat iraun zuen
gutxienez; gero, begiak ireki edo burua mugitu gabe, Prattek edalontzia ahoraino
jaitsi eta ia edukiaren erdia hurrupatu zuen. Pausa bat egin zuen, ahoa ardoz
beterik zeukala, lehenengo zaporea jasotzeko; gero, zintzurretik behera pasarazi
zuen parte bat, eta ikusi nuen zintzur-sagarra ardoarekin batera mugitzen zela.
Baina gehienak ahoan jarraitzen zuen. Ondoren, artean irentsi gabe, ezpain
artetik aire pitin bat sarrarazi zuen, ardoaren lurrinekin nahas zedin ahoaren
barnean, eta gero biriketaraino eraman. Arnasari eutsi eta sudurretik bota
zuen. Azkenik, ardoa mingainaren azpian astindu eta mastekatu zuen. Mastekatu
egin zuen, ogia balitz bezala.
Jardun serios eta zirraragarria izan zen. Eta
adierazi behar dut ongi egin zuela.
“Um,” esan zuen, edalontzia beheratuz eta mingain arrosa
ezpainen gainean mugituz. “Um, bai. Ardotxo interesgarria da hori, adeitsua eta
alaia, ia femeninoa gustu ondokoan.”
Listu gehiegi zeukan ahoan, eta, hitz egiten ari
zela turen bat edo beste bota zuen mahaiaren gainera.
“Orain, has gaitezen baztertzen,” esan zuen.
“Barkatuko didazue xorrotx jokatzen badut, baina asko dago jokoan. Beste
batean, agian, pixkatxo bat gehiago arriskatuko nintzateke, eta, itsuan eta
azkar salto eginez, nire gustuko mahasti bat aipatu. Baina oraingo honetan,
oraingo honetan tentuz ibili behar dut.” Mikeri begiratu eta irribarrea
erakutsi zion, ezpain lodi eta hezeko irribarrea. Mikek ez zion irribarrea
itzuli.
“Hasteko, bada, Bordele aldeko zein barrutitik dator
ardoa? Ez da zaila asmatzen. Gorputza arinegia dauka St Emilion edo Gravestik
etortzeko. Médoc-ekoa da ezbairik gabe. Horren inguruan ez dago zalantzarik”.
“Orain, Médoceko zein udalerritatik dator? Horrek
ere, bazterketak eginez, ez luke oso zaila izan beharko. Margaux? Ez. Ezin da
Margauxkoa izan. Ez dauka Margauxko buket bortitza. Pauillac? Ez, Pauillacekoa ere
ez. Pauillaceko ardoak nortasun burgoia dauka dastatzeko unean. Eta, gainera,
Pauillacekoak, nire ustez, kutsu lurtsu berezi bat du, bazter horretako lurrak
mahatsari ematen diona. Ez, ez. Hau ardo adeitsua da, apala eta herabetia
lehenengo dastaldian, baina bigarrenean, lotsa gorabehera, atsegintasuna
nagusitzen da. Kokin samarra, agian, bigarren dastaldian, bihurria, mingainari zirika
baitabilkio tanino ukitu batekin, ukitu bat besterik ez. Orduan, gustu
ondokoan, zoragarria da, aringarria eta femeninoa, izaera pozgarri eta
eskuzabalekoa, St Julien udalerriko ardoekin lotzen dena. Bai, zalantzarik
gabe, San Juliengoa da hau.”
Aulkian atzerantz eginda, eskuak bularreraino eraman
eta hatz puntak elkartu zituen arretaz. Neurriz gaineko handikeriaz ari zen
orain, baina uste dut hein batean propio jokatzen zuela horrela, anfitrioiari
iseka egiteko. Ohartu nintzen neu ere urduri ninduela, noiz jarraituko zain.
Louise neskatxak zigarro bat pizteko imintzioa egin zuen. Baina pospoloa
karraskatzen entzun orduko, Prattek harengana biratu eta bat-bateko eta
benetako haserreak gartuta esan zion: “Mesedez! Ez egizu horrelakorik! Ohitura
nazkagarria da mahaian erretzea!”
Neskak begiak altxatu zituen, oraindik sutan zegoen
pospoloa eskuan zeukala. Begi handiak gizonaren aurpegian finkatu ziren une batez,
eta gero urrundu geldotasunez eta erdeinuz. Louisek burua makurtu eta putz
batez itzali zuen pospoloa, baina hatzetan piztu gabeko zigarroari heltzen
jarraitu zuen.
“Sentitzen dut, maitea,” esan zuen Prattek, “baina
ezin dut jasan inork erretzea mahaian.”
Neskak ez zion berriz begiratu.
“Orain, ikus dezagun, non geunden?” esan zuen
Prattek. “A, bai. Ardoa Bordelekoa da, St. Julien udalerrikoa, Médoc barrutian.
Honaino, ongi. Baina orain zailena dator: mahastiaren izena. Izan ere, mahasti
mordoxka daude St. Julienen, eta, gure anfitrioiak lehenago aipatu duen bezala,
ez dago alde handirik haietako baten edo bestearen ardoen artean. Ikusiko dugu.”
Beste pausaldi bat egin zuen, begiak itxita.
“Ardoaren 'maila' zehazten saiatuko naiz orain,” adierazi zuen. “Hori egiteko
gauza banaiz, borroka erdia daukat irabazia. Ikus dezagun orain. Ardo hau,
noski, ez da lehen mailako mahasti batekoa, ezta bigarrenekoa ere. Ez da ardo
aparta. Beharrezko kalitatea falta zaio, zera, nola deitzen diote?, beharrezko
distira, boterea. Baina hirugarren mailako bat, hirugarren mailako bat izan
liteke. Eta, halere, zalantzak ditut. Badakigu urte onekoa dela, hala esan du
anfitrioiak, eta horrek mesede egiten dio pixka bat. Tentuz ibili behar dut
orain. Tentu handiz.”
Edalontzia altxatu eta beste hurrupa txiki bat hartu
zuen.
“Bai,” esan zuen, ezpainak miazkatzen zituela.
“Arrazoi nuen. Laugarren mailakoa da. Orain seguru nago. Laugarren mailakoa
baina oso urte on batekoa, urte on-on batekoa. Eta horrexek ematen dio, hain
zuzen, hirugarren mailako baten zaporea, edo, areago, bigarren mailako batena.
Oso ongi! Ongi gabiltza! Hurbil-hurbil gaude! Orain, zein dira laugarren
mailako mahastiak St. Julienen?”
Beste kera bat egin zuen; edalontzia goratu eta
beherantz hedatzen zen ezpain kulunkari horretara hurbildu zuen ertza. Orduan,
ikusi nuenez, mingaina atera zuen, txinparta bezain azkar, arrosa eta estua; haren
punta ardoan murgildu eta, berriz ere supituki, erretiratu zuen. Ikuste higuingarria
izan zen. Edalontzia beheratu zuenean, begiek itxita jarraitzen zuten, eta
aurpegiak kontzentratuta; ezpainak baino ez ziren mugitzen, bata bestearen
gainean irristatuz, bi goma arol eta hezeren modura.
“Hor dago, beste behin!” oihukatu zuen. “Taninoa
gustu erdikoan, eta mingaina astintzen duen lehorgarri azkarra. Bai, bai,
zalantzarik gabe! Badaukat orain! Beychevelle inguruko mahasti txiki horietatik
dator ardoa. Orain oroitzen naiz. Beychevelle barrutia, eta ibaia, eta kai
txikia; orain lohiak hartuta dago erabat eta ardo-ontziek ezin dute erabili.
Beychevelle... Beychevelle bertakoa izan liteke? Ez, ez dut uste. Puntu bat falta
zaio. Baina oso leku hurbil batekoa da. Châteu Talbot? Talbot bat izan liteke?
Bai, baliteke. Baina, zaude segundo batean.”
Ardoa dastatu zuen berriz, eta nik, begi ertzetik,
Mike Shofieldi erreparatu nion; ikusi nuen makurtuta zegoela mahaiaren gainean,
gero eta aurrerago, ahoa zertxobait zabalik eta begiak tinko Richard Pratten
gainean.
“Ez. Oker nengoen. Ez da Talbot bat. Talbotekoak
azkarxeago oldartzen zaizkizu hau baino; fruta azaletik hurbilago dago. 34ko
bat bada, eta hala uste dut nik, orduan ezin liteke Talbot bat izan. Ongi,
ongi. Utzidazue pentsatzen, mesedez. Ez da Beychevelle eta ez da Talbot, eta
haatik, oso hurbila da, hain hurbila haietatik ezen nonbait erdian egon beharko
bailuke mahastiak. Orain, zein izan liteke hori?”
Duda egin zuen, besteok zain gintuen bitartean,
haren aurpegiari so. Den-denak, Mikeren emaztea barne, hari begira geunden
orain. Entzun nuen neskameak barazkien azpila nire atzeko edaritegian paratu
zuela, amultsuki, isiltasuna ez hausteko.
“A!” oihukatu zuen. “Badaukat! Bai, uste dut
badaukadala!”
Azken aldiz egin zion hurrupa ardoari. Gero,
edalontzia artean ahotik hurbil, Mikengana biratu eta irribarrea erakutsi zion,
irribarre motel eta gozoa. Eta esan zion: “Badakizu zer den hau? Château
Branaire-Ducru bat.”
Mikek eserita jarraitu zuen, zirkinik egin gabe.
“Eta urtea, 1934.”
Guztiok Mikeri begiratu genion, saskiko botila noiz
biratuko zuen esperoan, etiketa ikusi ahal izateko.
“Behin betiko erantzuna da?” esan zuen Mikek.
“Bai, uste dut baietz.”
“Bada edo ez da?”
“Bai, bada.”
“Esan izena beste behin.”
“Château Branaire-Ducru. Mahasti txiki polit bat.
Antzinako château maitagarri bat.
Nahiko ongi ezagutzen dut. Ez dakit nola ez dudan lehenago ezagutu.”
“Tira, aitatxo,” esan zuen neskak. “Bira ezazu
botila ikus dezagun. Bi etxe horiek nahi ditut.”
“Minutu bat,” esan zuen Mikek. “Egon minutu batez.” Geldi-geldi
zegoen, txunditu itxurarekin, eta aurpegia zurbiltzen eta hanpatzen hasi
zitzaion, kemenak emeki ihes egingo balio bezala.
“Michael!” deitu zion emazteak zorrotz mahaiaz
bestaldetik. “Zer gertatzen da?”
“Ez zaitez honetan sartu, Margaret, inporta ez
bazaizu.”
Richard Prattek Mikeri begiratzen zion, irribarrea
ahoan eta distira begi txikietan. Mikek ez zion inori begiratzen.
“Aita!” oihukatu zuen alabak, hilzorian. “Aitatxo,
ez duzu esan nahi asmatu duela?”
“Lasai, maitea,” esan zuen Mikek. “Ez dago zertan
kezkatu.”
Batez ere familiatik aparte egoteko, iruditzen zait,
Mikek Richard Pratten aldera biratu eta esan zion: “Gauza bat esanen dizut,
Richard. Uste dut hoberena dela gu biok ondoko gelara joatea solasaldi txiki
bat izan dezagun.”
“Ez dut solasaldi txiki bat nahi,” esan zuen
Prattek. “Botila horren etiketa ikusi, besterik ez dut nahi.” Bazekien irabazi
zuela; irabazleen portaera burgoia zuen. Ohartu nintzen prest zegoela zakar jokatzeko
eragozpenik izanez gero. “Zeren zain zaude?” esan zion Mikeri. “Segi eta bira
ezazu.”
Orduan zera gertatu zen: neskamea, neskamearen irudi
tente eta txikia, uniforme zuri-beltz hartan, Richard Pratten ondoan zegoen
zutik, eskuan zerbaiti eusten ziola. “Uste dut hau zurea dela, jauna,” esan
zuen.
Prattek begiratu zion eta ikusi zituen emakumeak luzatu
zizkion moldura lodiko betaurrekoak; une batez, duda-mudatan ibili zen. “O,
bai? Baliteke, ez dakit.”
“Bai, jauna, zureak dira.” Neskamea emakume zaharra
zen, hirurogeita hamarretik hurbilago hirurogeitik baino; etxeko mirabe leiala,
urte askotan egona zen bertan. Betaurrekoak mahaian utzi zituen, Pratten
ondoan.
Eskerrak eman gabe, Prattek hartu eta paparreko
patrikan sartu zituen, zapi zuriaren atzean.
Baina neskameak ez zuen alde egin. Richard Pratten
ondoan jarraitu zuen, pixka bat atzerago, eta ohartu nintzen hari begira
nengoela, ikusminez, zerbait ezohikoa baitzen haren maneran eta hor jarraitzeko
modu hartan, txiki, mugitu gabe eta tente. Aurpegi gris zahar hark begirada
izozkorra eta adoretsua zuen, ezpainak estutuak zituen eta kokots txikia irtena,
eta eskuak tinko elkarri helduta zeuden kolkoan. Buru gaineko kapela xelebrea
eta uniformearen aurrealdeko zuria izanik, bular zuriko txori txiki eta zimurtu
bat zirudien.
“Schofield jaunaren bulegoan utzi dituzu,” esan
zuen. Ahotsa gizabidetsuegia zen propio, naturaltasunik gabekoa. “Bulegoko
artxibategi berdearen gainean, hain zuzen ere jauna, bertara joan zarenean
afaldu baino lehen.”
Une batzuk pasa behar izan ziren hitz horien esanahi
osoa geureganatzeko, eta ondoko isilaldian abertitu nuen Mike aulkitik
altxatzen ari zela, poliki; kolorea bueltatu zitzaion aurpegira, begiak
zabal-zabalik zituen, ahoa makoturik, eta orban txiki zuri arriskutsua hasi
zitzaion hedatzen sudurzuloetan.
“Kasu, Michael!” esan zion emazteak. “Eutsi zeure
buruari, Michael, laztana! Eutsi zeure buruari!”.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina