Osteguna
[1927ko azaroaren 3a]
|
Melmoth maitea:
Lan eta lan ibili zara
Varius Avitus Bassianus asiar gazte jasanezin horren iragan illunean zer edo
zer aurkitu nahian, ezta? Buf! Gutxi dira Siriako astakirten hori baino
gehiago gorrotatzen ditudanak!
Ni neu ere
erromatarren garaietara eraman nau James Rhoades-en Eneida irakurtzeak. Ez
nuen lehenago ezagutzen eta iruditzen zait fidelagoa dela P. Maro-rekiko
ikusi ditudan bertsozko beste bertsioak baino, nire osaba Clark doktore
zenarena barne, zein ez baitzen argitara eman. Virgilioren libertimendu
horrek, Santu Guztien bezperak berezko dituen pentsamendu espektralekin
batera, non akelarreko sorginak mendietan barna agertzen baitira, erromatar
amets bat eragin zidan joan den astelehen gauean, horren argia eta bizia izan
zena, ezkututako ikararen halako irudi titanikoak zituena, ezen zinez
pentsatzen baitut liburu batean erabiliko dudala. Erromatar ametsak ez ziren
ezohikoak gaztea nintzelarik –Julio jainkotarraren atzetik ibiltzen nintzen
Galia guztian zehar tribuno militar gisa– baina horren aspaldian desagertu
zirenez, oraingo honek jota uzti nau indar ikaragarriz.
Ilunsenti sugartsua
edo arratsalde amaiera zen Pompaelo izeneko hiri probintzial txikian,
Pirinioetako oinetan, Hispania Citerior probintzian. Garaia errepublika
berantiarra izanen zen, probintziako burua artean Senatuko prokontsul bat
baitzen, eta ez Augustoren legatu pretoriar bat. Eguna, azaroko Kalenden
bezpera. Mendiak, hirixkatik iparraldera, eskarlata eta urrezko agertzen
ziren, eta mendebaldean sartzen ari zen eguzkiak gorri mistikoz eta
distiratsuz izarniatzen zuen hautsez estalitako foroan zeutzan harri berriko
eta igeltsuzko eraikinen gainean eta, hortik ekialdera, zirkuko egurrezko
pareten gainean. Herritar batzuk –bekoki zabaleko erromatar kolonoak eta ile
latzeko natibo erromatartuak, begi-bistan bi leinuen nahasketa zirenekin
batera, denak artilezko toga merketan jantzita, eta, han-hemenka
sakabanaturik, legionario kaskodunak eta inguru horietako baskoiak, kapa zakarrekoak
eta bizar beltzekoak–, elkarturik zeuden zola zuten karrika eskasetan eta
foroan, ezinegon lauso eta zehaztu gabe batek hartuak.
Ni andetatik jaitsi
nintzen, zeinetan Iliriako eramaileek presaka ekarri baininduten handik hego-mendebaldera,
Iberus ibaiaz bestaldean, dagoen Calagurristik. Irudi zuenez, probintzietako
questorea nintzen ni, L. Cælius Rufus izenekoa, eta dei bat jasoa nuen, P.
Scribonius Libo prokontsularena, zein Tarracotik etorri baitzen zenbait egun
lehenago. Soldaduak XII. Legioko bosgarren kohortekoak ziren, Sex. Asellius
tribuno militarraren agindupean; Cn. Balbutius eskualde osoko legatua ere
etorria zen Calagurristik, non base iraunkorra baitzegoen.
Elkartzearen arrazoia
mendietan sortutako laztura zen. Hiriko guztiak beldurrak hartuta zeuden, eta
erregutu zuten kohorte bat bidaltzeko Calagurristik. Udazkenaren garai
beldurgarria zen, eta mendialdeko jende basatia izuaren zeremoniak ari ziren
prestatzen, hirietara xuxurla gisa iristen zirenak. Herri zahar-zaharra zen,
mendietan bizi zena eta baskoiek ulertzen ez zuten hizkuntza batean egiten zuena.
Oso bakanetan agertzen ziren, baina urtean zenbait alditan, eszitak ziruditen
mandatari ezkel horixkak igortzen zituzten hirietara, sal-erosketan aritzeko
keinuka merkatariekin, eta udaberriro eta udazkenero, haien errito zitalei
jarraituz, su egiten zuten aldareetan, uluka, eta hirietan izua zabaltzen
zen. Aldiro gauza bera, maiatzeko Kalenden bezperako gauean edo azaroko
Kalenden bezperakoan. Justu lehentxeago, hirietako batzuk desagertzen ziren,
eta sekula ez zen berriz horien berririk izaten. Eta zurrumurru batzuek
ziotenez, artzain eta nekazari natiboek ez zuten inolako jarrera txarrik
herri zaharrarekiko, eta lastoz estalitako etxola bat baino gehiago hutsik gelditzen
ziren gauerdia baino lehenago bi akelarre beldurgarri haietan.
Urte hartan izua
handia zen oso, jendeak bazekielako herri zahar-zaharra ernegatuta zegeola
Pompaelorekin. Hiru hilabete lehenago, mandatari ezkel haietako bost jaitsi
ziren mendietatik eta, merkatuko liskar batean, hiru hil zituzten. Beste biak
mendietara itzuli ziren hitz erdirik esan gabe, eta udazken hartan inor ez
zen desagertu hirian. Immunitate horrek mehatxua zekarren. Herri zahar-zaharrak
ez zuen oso berezko biktimak libre uztea bere akelarretan. Sobera ona zen normala
izateko, eta hirian beldurra zuten.
Gau askotan, burrunba
zakar bat etortzen zen mendietatik, eta, azkenean, Tib. Annæus Stilpo edilak,
zein odolez erdi natiboa baitzen, Calagurrisen zegoen Balbutiusi eskatu zion
kohorte bat bidal zezala akelarrea ezerezteko gau beldugarri horretan.
Balbutiusek uko egin zuen axolarik eman gabe, argudiatuz nekazarien beldurrek
funtsik ez zutela eta mendietako jendearen errito arbuiagarriak ez zirela
erromatarren ardura, erromatar herritarrak berak ez baziren mehatxupekoak.
Ni, nolanahi ere, antza zenez Balbutiusen lagun mina, ez nengoen harekin ados,
eta adierazi nuen debekatutako jakituria beltzean jantzita nengoela eta, nire
ustez, herri zaharra oso kapaza zela klase guztietako hondamendi izengabeak
ezartzeko hiriaren gainera, non, azken batean, erromatar kolonia izanik, gure
herritar asko bizi baitziren. Eskaera egin zuen edilaren ama, Helvia,
erromatar purua zen, M. Helvius Cinna-ren alaba, zein etorria baitzen
Eszipioren armadan. Horrenbestez, esklabu bat bidali nuen, greko azkar txiki
bat, Antipater izenekoa, zenbait gutunekin prokontsularengana; Scriboniusek
kasu egin zidan eta Balbutiusi agindu zion bosgarren kohortea igortzeko, Aselliusen
agindupean, Pompaelora, mendietara joateko azaroko Kalenden bezperako
ilunsentian eta ezerezteko topatzen zuen mota guztietako orgia izengabe oro,
eta egin zitzakeen preso guztiak Tarracora eramateko, hurrengo propretorren aurrean
azal zitezen. Balbutiusek, hala ere, protesta egin zuen, eta horren ondotik
gutunen joan-etorriak jarraitu zuen. Horrenbeste idatzi nion prokontsulari,
ezen, haren interesa piztuta, deliberatu zuen berak hartuko zuela beldurra
ikertzeko ardura.
Azkenean, Pompaelora
abiatu zen bere liktore eta laguntzaileekin; hor, behar adina zurrumurru
aditu zituen zausk eginda eta kezkatuta gelditzeko, eta hortaz, irmotasunez
manatu zuen akelarrea garbitzeko. Gogoa zuenez gero gaia ikasia zuen batekin
mintzatzeko, agindu zidan Aselliusen kohortearekin joan nendin; Balbutius ere
etorri zen bere iritzia defendatzera, zeren zintzotasunez uste baitzuen
ekintza militar gogor horrek nahigabea piztuko zuela baskoien artean, hala
tribuetan, nola hirietan.
Bada, hor elkartu
ginen guztiak, udazkeneko mendietako ilusenti mistiko hartan: Scribonius Libo
zaharra, bere toga praetextan, urrezko argiak ñir-nir egiten ziola buru
soilduan eta belatz itxurako aurpegi zimurtuan; Balbutius, bere kasko eta
bularreko dirdaitsuekin, ezpainak estuturik zituela, beren-beregiko
aurkaritza irmoarekin; Asellius gaztea, bere zango-babes leunduekin eta
nagusi-nahiaren mesprezuarekin; eta begiluze andana: hiriko jendea,
legionarioak, tribuetakoak, nekazariak, liktoreak, esklaboak eta
laguntzaileak. Nik toga arrunta neraman, antza, inolako bereizgarririk gabe. Izua
nonahi zetzan. Hirikoak eta herrietakoak apenas ausartzen ziren ozenki hitz
egitera, eta Liboren segiziokoek, hor ia astebete eman ondoren, izenik ez
zuen beldurrak hartuak bide zeuden hein batean. Scribonius zaharrak oso
kezkaturik zirudien, eta ailegatu berrion asots zoliek desegokitasun puntu
bitxi bat zuten, hileta batean edo jainko mistiko baten tenpluan bageunde
bezala.
Hiriko jauregian sartu
eta goibeltasunez solastu ginen. Balbutiusek bere erreparoak agertu zituen, eta
Aselliusek haren alde egin zuen, zeren, nahiz eta natiboak arbuiatzen zituen,
uste baitzuen ez zela komeni haiek asaldatzea. Bi militarrok defendatzen
zuten hobe zela kontra izatea kolonoen eta natibo zibilizatuen gutxiengoa,
deus ez egiteagatik, tribuetako eta herrietako jendearen gehiengoa baino,
erritu beldurgarria suntsitzeagatik.
Nik, ordea, beste
behin eskatu nuen esku sartzeko, eta nire burua eskaini nuen kohortearekin
joateko espedizioan. Adierazi nuen, orobat, baskoi barbaro haiek, gutxienez, istilutsuak
eta igarriezinak zirela, eta, beraz, haiekin iskanbilak izatekoak ginela
halabeharrez lehenago edo beranduago, egiten genuena egiten genuela;
aurrekoetan ez zirela oso arriskutsuak izan gure legioentzat eta ez zegokiela
erromatarren ordezkariei barbaroen eragozpenak pairatzea Errepublikaren izen
onak eta justiziak eskatzen zuten jokabidean. Probintzia bat arrakastaz
administratzeko, bestalde, funtsezkoa zela elementu zibilizatuek segurtasuna
izatea eta borondate ona erakustea, haien esku baitzegoen tokian tokiko
merkataritzaren eta ongizatearen giltza eta haien zainetan korritzen baitzen
gurea ere bazen Italiako odola. Horiek, kopuru hutsez gutxiengoa baziren ere,
elementu egonkorrena osatzen zuten; izan ere, haien fideltasunaz fidatzen
ahal ginen eta haien lankidetzak lotuko zuen probintzia Senatuaren eta
Erromatar Herriaren inperiora. Eginbeharra eta abantaila zen guretazat
erromatar herritarrei zor zitzaien babesa ematea, horren trukean pagatu behar
bagenituen ere (eta orduan sarkasmoz begiratu nien Balbutiusi eta Aselliusi) istilu
eta ekintza txiki batzuk eta etenaldi labur bat damen partidetan eta oilar
borroketan Calagurrisko kanpamenduan. Ez nuela zalantza izpirik ere, nire
ikasketengatik, Pompaeloko hiriaren eta biztanleen gaineko arriskua benetakoa
zela. Siriako eta Egiptoko papiro ugariak irakurria nintzen, baita Etruriako
hiri kriptikoetako beste asko ere, eta mintzatua nintzen Diana Aricinaren
apaiz odolgosearekin haren tenpluan, Nemorensis intzirako ertzetako basoan.
Zorigaitz izugarriei hel egiten zitzaien mendietako akelarreetan eta
zorigaitz horiek ez ziren gertatzekoak Erromatar Herriaren menpeko
lurraldeetan. Eta mendietako akelarreetan egiten ziren orgiak onartzeak ez
zuen oso ongi bat egiten gure arbasoen usadioekin; azken finean, A. Postomius
kontsula zelarik, Erromako herritar andana exekutatu zituzten bakanaletan
ibiltzeagatik, eta afera hori denon oroimenean finkatu zen bakanalei buruzko
senatukontsultuarekin, zein brontzean irarrita ikusgai jarri baitzuten.
Garaiz helduz gero, hots, erritoek dei egin baino lehen Erromako ezpatekin
konpondu ezin den zerbaiti, akelarreak ezin izanen zion eutsi kohorte bakar
baten ahalari. Parte-hartzaileak baino ez genituen atzituko, eta ikusle hutsak
direnak aske utzita, landetako biztanleek haiekiko senti lezaketen
elkartasuna apalduko litzateke neurri handian. Labur esanda, bai printzipioek
bai estrategiak eskatzen zuten irmo ekiteko. Nik ez nuen dudarik Publius
Scriboniusek, Erromako Herriaren duintasuna eta betebeharrak aintzat hartuta,
gauzatuko zuela kohortea (eta ni harekin) bidaltzeko plana, Balbutiusek eta
Aselliusek horren kontra adierazitakoa eta errepikatutakoa gorabehera,
probintzialen moduan hitz egiten baitzuten, erromatarren moduan baino gehiago.
Makurtutako eguzkia
oso behean zegoen orain, eta irudi zuen glamur irreala eta gaizto batek
biltzen zuela hiri isil osoa. Orduan, P. Scribonius prokontsulak, nire hitzei
oniritzia emanik, kohortean sartu ninduen, centurio primipilus behin-behineko
tituluarekin; Balbutiusek eta Aselliusek baiezkoa eman zuten, lehenengoak
pozago bigarrenak baino. Arrastiria zabaltzen zela udazkeneko malda
basatietan, danbor arrotzen jotze akonpasatu eta zatarra jaitsi zen erritmo
izugarrian urrutitik. Legionarioetako batzuk kikildu ziren pixka bat, baina
agindu zorrotz batzuekin arrastoan sartu zituzten berriz; kohorte osoa berehala
ailegatu zen zirkutik ekialdera zegoen zabaldira. Libok berak eta Balbatiusek
eskatu zuten kohortearekin joateko. Baina ahaleginak eta bi kostatu zen gida
natibo bat lortzea mendira igotzen ziren bideak erakuts ziezazkigun. Azkenean,
Vercelluis izeneko gazte batek, zeinen gurasoak erromatar puruak baitziren,
onartu zuen muinoetako oinez haratago eramatea. Ilundutakoan abiatu ginen,
ilargi gaztearen igitaia dardarka ari zela baso gainean, gure ezkerraldean. Gehien
urduritzen gintuena zen jakitea akelarrea berdin-berdin egin behar zela. Esan
nahi baita, ailegatuko zen mendietara kohorte bat bazetorrelako berria, noski,
eta ez zen txikiagoa izanen halako zurrumurruek sortutako laborria behin
betiko erabakia hartuta ez egoteagatik, baina, hala ere, hor segitzen zuen
danbor-jotzeak, aurrekoetan bezala, zelebratzaileei axolako ez balitzaie
bezala Erromako Herriaren indarrak haien kontra zihoazela. Harrabotsa gero
eta ozenagoa zen muinoetako tarteetatik gora egiten genuen heinean; aldamen
bakoitzean zuhaitzez estaliriko ezponda pikoek estu inguratzen gintuzten eta zuhaitz-enborrek
itxura fantastikoak hartzen zituzten gure zuzien argitan. Denak oinez zihoazen,
salbu eta Libo, Balbutius, Asellius, bizpahiru zenturoi eta ni neu; azkenean,
aldapa horren maldatsua zen, zaldiz gindoazenok jaitsi behar izan genuen.
Hamar gizon gelditu ziren zaldiak zaintzeko, nahiz eta ziur aski lapur
askorik ez zen ibiliko halako gau ikaragarri batean. Aldizka, iruditzen
zitzaigun formaren bat sumatzen genuela zuhaitz artean zelatan. Ordu erdi
batez gora eta gora ibili ondoren, bidea horren malkarra eta itxia izanik, izugarri
nekagarri eta zail suertatu zitzaion aurrera segitzea gizon andanari (ia 300
denetara). Orduan, ustekabe lazgarri batean, beldurrezko soinu bat aditu
genuen behealdean. Lotutako zaldiengandik zetorren: garrasika ari ziren, ez
irrintzika, garrasika… baina hor ez zen argirik ikusten, ez gizakiek
sortutako hotsik entzuten jakiteko zergatik. Une horretan berean, suak piztu
ziren gure aurreko mendi-gailurretan, eta, hortaz, irudi zuen izua hala
behean nola goian genuela ezkutaturik. Vercellius gidaren bila hasi ginen, baina
odolustutako piltzar itxuragabe bat baino ez genuen aurkitu. Eskuan ezpata
txiki bat zeraman, D. Vibalanus azpizenturoiaren gerrikotik hartua, eta
halako aurpegi izutua zuen ezen beteranoetan zailduenak ere zurbildu
baitziren. Bere buruaz beste egin zuen zaldiak garrasika hasi zirenean…, nork
eta bizitza osoa han emanda jendeak mendiez zioenaren berri zuen hark. Zuzi
guztiak argia galtzen hasi ziren eta beldurtutako legionarien oihuak lotutako
zaldien garrasiekin nahasi ziren. Eguratsa hotzagotu zen, azaroan ohi dena
baino azkarrago, eta ondulazio ikaragarriak nabaritu ziren airean, nik
halabeharrez hegal erraldoiekin lotu nituenak. Kohorte osoa zegoen geldirik
eta, zuzietako argia histen zen bitartean, iruditu zitzaidan itzal
fantastikoak ikusten nituela Pertseo, Kasiopea, Zefeo eta Zisnea
konstelazioak zeharkatzen zituen Esne Bidearen argitasun espektralaren
kontra. Gero, tupustean, izar guztiak desagertu ziren zerutik, baita
argitsuenak ere, Deneb eta Vega gure aurrean eta Altair eta Fomalhaut gure
atzean. Zuziak erabat iraungi zirenean, mendietako aldare izugarri eta likitsetako
suek baino ez zirauen pizturik, infernuko gorria zeriela, beldurrak eta
bihozminak hartutako kohortearen gainean, eta ikusgai uzten zituzten Frigiako
ezein apaizek edo Campaniako ezein nekazarik ipuin basatienetan ere sekula
aditu ez dituen basapizti batzuen eite zoro, saltari eta kolosalen siluetak.
Eta demoniozko danbor-jotze hark tonu ozenagoa hartu zuen, gizonen eta
zaldien gaueko garrasien gainetik, eta, aldi berean, kontzientzia eta
borondate ezin latzago batek gobernatutako haize izoztuak tontor debekatuetatik
behera jo eta banan-banan inguratu zituen gizon guztiak, kohorte osoa
ilunpetan utzi arte, borrokan eta garrasika, Laokoontearen eta haren semeen
patuaren jokatze berri batean bezala. Scribonius Libo zaharrak etsita
zirudien. Garrasien artetik esan zuenaren oihartzuna nirekin daramat oraindik
ere: “Malitia vetus; malitia vetus est . . .
venit . . . tandem venit . . .”
Orduan, esnatu egin
nintzen. Urtetan izan dudan ametsik egiantzezkoena izan zen, subkontzientean
aspalditik ahaztuta zeuden putzuetatik edan zuena. Kohorte haren patutik ez
da erregistrorik gelditzen, baina hiria behintzat salbatu zen, entziklopediek
kontatzen baitute Pompaelok gaurdaino iraun duela, gaztelaniaz Pamplona eta
euskaraz Iruñea izena hartuta.
Nagusitasun gotikoaren
alde, jaso ezazu nire agurrik beroena
C · IVLIVS · VERVS ·
MAXIMINVS
|
Lovecraften narraziori segika iritsi naiz zure blog honetara. Eta lan miresgarria egiten ari zarela iruditu zait. Lerrotxo bat, besterik ez bada ere, zorionak emateko.
ErantzunEzabatuEskertzen dira hitz horiek
ErantzunEzabatu