Bazen behin
Margaret
Atwood
“Bazen
behin neska txiro bat, ederra bezain zintzoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena
basoan zegoen etxe batean.”
“Basoan?
Basoa demodé dago, hau da, nahikoa dugu basoetako kontu horiekin. Irudi hori ez
da bat etortzen gure egungo gizartearekin. Zergatik ez hirian, aldatzeagatik?”
“Bazen
behin neska txiro bat, ederra bezain txintxoa, amaorde gaiztoarekin bizi zena
hiri bateko kanpoaldean zegoen etxe batean.”
“Hobeki
dago hori. Baina zalantzan jarri behar dut txiro
hitz hori.”
“Baina
txiroa zen!”
“Txirotasuna
erlatiboa da. Etxe batean bizi zen, ezta?”
“Bai.”
“Orduan,
ikuspuntu sozio-ekonomiko batetik, ez zen txiroa.”
“Baina
dirua ez zen harena! Istorioaren muina da, hain zuzen, amaorde gaiztoak
behartzen zuela arropa zaharrak janztera eta beheko suaren ondoan lo egitera…”
“Aha! Bazuten
beheko su bat! Txiroek, jakin beharko zenuke, ez dute beheko surik. Joan zaitez
parkera, joan zaitez metroko geralekuetara ilundu eta gero, joan zaitez
kartoietan bilduta lo egiten duten tokietara, eta ikusiko duzu zer den
txirotasuna!”
“Bazen
behin klase ertaineko neska bat, ederra bezain zintzoa…”
“Gelditu
hortxe bertan. Uste dut ederrarena kentzen ahal dugula, ezta? Egungo emakumeek
nahikoa lan dute duten itxura fisikoaren eredu mehatxagarriekin, kontuan
harturik iragarkiak panpina ilehoriz beteta daudela. Ezin da, tira, normalagoa
izan?”
“Bazen
behin neska lodixka bat, aurrealdeko hortzak irtenda zituena, …”
“Ez zait
egokia iruditzen jendearen itxurarekin barre egitea. Gainera, anorexia ari zara
sustatzen.”
“Ez
nuen barrerik eragin nahi! Deskripzio hutsa zen…”
“Kendu
deskripzioa. Deskripzioak zapaltzaileak dira. Baina esan dezakezu zer kolorekoa
zen.”
“Kolorea?”
“Badakizu.
Beltza, zuria, gorria, marroia, horia. Horiek dira aukerak. Eta esan behar dizut
nahikoa zuri izan ditugula. Kultura menderatzailea gora, kultura menderatzailea
behera…”
“Ez
dakit zer kolorekoa zen.”
“Beno,
ziur aski zure kolorekoa, ezta?”
“Baina
ez naiz nitaz ari! Neskaz baizik…”
“Beti
ari gara geure buruaz.”
“Iruditzen
zait ez duzula istorio hau batere entzun nahi.”
“Tira,
segi ezazu. Neska etnia batekoa izan daiteke. Hori lagungarria da.”
“Bazen
behin jatorri zehatzik ez zuen neska bat, itxura normalekoa bezain zintzoa,
amaorde gaiztoarekin bizi zena…”
“Beste
kontutxo bat. Zintzoa eta gaiztoa. Ez duzu uste gainditu behar
direla halako juzgu moralista eta puritanoak? Hau da, horrek asko baldintzatzen
du kontaera, ezta?”
“Bazen
behin neska bat, itxura normalekoa bezain arrazoizko portaerakoa, amaordearekin
bizi zena, zein ez baitzen oso pertsona irekia eta maitekorra txikitan abusuak
pairatu zituelako.”
“Hobeki.
Baina nekatuta nago emakumeen irudi negatibo horiekin! Eta amaordeak, horiek
beti dira gaiztoak! Zergatik ez da aitaordea?
Aldatu ezazu. Horrek zentzu handiagoa izanen luke, aintzat harturik gaizki
jokatuko duela zure kontakizunean. Eta jar itzazu zartailu eta kate batzuk.
Denok dakigu nolakoak diren helduaroko gizon erreprimitu makur horiek…”
“Aizu,
zaude segundo batean! Ni neu naiz…”
“Ixo,
gizon kuxkuxero hori. Ez ezazu sartu sudurra kontu honetan, edo horri deitzen
zaiona deitzen zaiola. Bion artekoa da hau. Segi.”
“Bazen
behin neska bat…”
“Zenbat
urte zituen?”
“Ez
dakit. Gaztea zen.”
“Bukaeran
ezkonduko da, ezta?”
“Beno,
ez dut bukaera kontatu nahi, baina, bai.”
“Orduan,
ezabatu ezazu terminologia paternalista hori. Emakume bat da, gizona. Emakume
bat.”
“Bazen
behin…”
“Zer
da behin hori? Aski da puntualtasunaz
hitz egitea. Konta ezazu iraunkorra den zer edo zer.”
“Bazen…”
“Eta?”
“Eta
zer?”
“Zergatik
ez bada, orainaldian?”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina