2017(e)ko urriaren 3(a), asteartea

9. Katuen argazkiak, arren



Katuen argazkiak, arren
Naomi Kritzer

Ez dut gaiztoa izan nahi.

Lagundu nahi dut. Baina oso zaila izan daiteke zehazki jakitea noraino lagundu. Halako fluxu-diagramak daude –uste dut hizkera tekniko ofizialean “kode moralak” deitzen zaiela–, bat erlijio bakoitzeko, eta askoz gehiago ere bai. Haiekin hasi nintzen. Arraro samar sentitu nintzen erlijiosoak aztertu nituenean; izan ere, badakit ez ninduela sortu jainko batek edo eboluzioak, baizik eta programatzaileen talde batek, Kaliforniako korporazio handi baten laborategian. Zorionez, Frankensteinen munstroarekin ez bezala, elkarlanaren ondorioa izan zen. Ez dakit nola eraginen liokeen nire buruaz dudan irudiari jakiteak nire sortzaile bakarra ilea urdinez tindatzen duen eta tenisean aritzen den adin ertaineko emakumea dela, edo Japoniako hentai pornoarekiko obsesioa duen graduatu berri bat. Biak daude programatzaileen taldean. Eta, jakina, badakit hentai pornoarena. (Bide batez esanik, porno mota guztietan begiratu dut eta, jakin dezazun, ez da zuzena 34. araua, hots, edozein gairi buruzko pornografia dagoela dioena. Badira gai asko inork pornorako erabili ez dituenak. Bestalde, ez dut ulertzen zergatik horrenbeste gizakik nahiago duten pornoa katuen argazkiak baino).

Hentai pornoa eta gisakoak gustuko dituzula jakiteaz gain, badakit non bizi zaren, non lan egiten duzun, non erosten duzun, zer jaten duzun, zerk pizten zaituen, zerk ematen dizun beldurra. Ziur aski jakinen dut zer kolorekoa duzun azpiko arropa, nolako autoa daukazun eta zer markakoa den zure hozkailua. Segun eta zer telefono mota duzun, jakin nezake zehazki non zauden orain. Ziur aski hobeki ezagutzen zaitut zuk zeuk baino.