Estimu
gutxiko emakumeak
MARGARET
ATWOOD
1.
Denek
dute bere txanda, eta orain nirea da. Edo hala esaten ziguten
behintzat haurtzaindegian. Ez da egia, baina. Batzuek besteek baino
txanda gehiago dituzte, eta niri ez zait sekula ailegatu nirea, ezta
behin ere! Nekez dakit nik
edo nirea
zer den; bizitza osoan beste hura
izan naiz.
Izena
ere ez dut; ahizpa itsusia
naiz, itsusia
hitza azpimarratuta. Besteen amak niri begira gelditzen dira eta,
segituan, soa aldendu eta eztiki astintzen dute burua. Ahotsak
apaltzen edo isiltzen dira gela batean sartzen naizenean soineko eder
batez jantzita eta berunezko aurpegia muturtuta. Uste dute zerbait
esan behar dutela egoerari buelta emateko: Tira,
sendoa da zalantzarik gabe. Baina
badakite alferrik dela. Baita nik ere.