Gurutzea eta dragoia
George RR Martin
“Heresia,” esan zidan. Igerilekuko ur gaziak
eztiki mugitu ziren.
“Beste bat?” esan nuen nik akiduraz. “Ugariak
dira egunotan.”
Ene komandante jaunak ez zuen iruzkin hori gogoko izan. Astunki,
jarrera aldatu zuen, uhinak sortuz igerilekuan barna. Bat ertz baten
kontra hautsi zen, eta ur xafla bat irristatu zen harrera ganberako
lauzen gainean. Botak busti zitzaizkidan beste behin. Filosofiaz
onartu nuen. Botarik txarrenak neramatzan, jakinda oinak bustitzea
saihestu ezinezko ondorioa zela Torgathon Bederatzi-Klariis Tûn
ikustera joatean, zeina ka-Thane herriaren nagusia eta Vessko
artzapezpikua baitzen, bai eta Lau Zinetako apaiz txit gorena,
Jesukristoren Zaldunen Ordena Militarreko inkisidore nagusia eta
Erroma Berriko Daryn XXI.a aita santuaren kontseilaria ere.