Eramaten zutena
Tim
O’Brien
Jimmy Cross lehen
lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren
urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren
maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean
bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun
osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren,
gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen
eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New
Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen
zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren
gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez
aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru
zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta
zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez,
Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu
poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko,
Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez,
Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori
sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena.
Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso,
arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen,
perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina
ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.