Eramaten zutena
Tim
O’Brien
Jimmy Cross lehen
lotinantak Martha izeneko neska baten gutunak eramaten zituen, zein hirugarren
urtean baitzegoen New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean. Ez ziren
maitasun gutunak, baina Cross lotinantak itxaropena zuenez, plastiko batean
bilduta zeuzkan, bizkar-zorroaren hondoan. Arratsaldeko azken partean, egun
osoan martxan ibili, lubakia egin eta eskuak urontziko urez garbitu ondoren,
gutunak destolestu, hatz-puntekin heldu eta irudipenak egiten ematen zituen
eguneko azken argi orduak. Txango erromantikoak imajinatzen zituen New
Hampshireko Mendi Zurietan. Gutun-azaletako hegalak zupatzen zituen
zenbaitetan, neskaren mingaina handik pasatua baitzen. Beste edozein gauzaren
gainetik, nahi zuen berak maite zuen adina maita zezan hark, baina hutsalkeriez
aritzen ziren gutunetan, maitasunaren gaiari heldu gabe. Lotinanta seguru
zegoen birjina zela. Marthak ingelesa ikasten zuen unibertsitatean, eta
zoragarri idazten zion irakasleez, ikaskideez eta azterketa partzialez,
Chaucer-ekiko zuen errespetuaz, eta Virginia Woolf-eganako txeraz. Aipu
poetikoak egiten zituen maiz; gerra ez zuen sekula aipatzen, ez bazen esateko,
Jimmy, kontuz ibili. Gutunen pisua 280 gramokoa zen. Sinatzean, “Maitasunez,
Martha” jartzen zuen, baina Cross lotinantak ulertzen zuen maitasun hori
sinatzeko modu bat baino ez zela, eta ez zuela esan nahi berak nahi zuena.
Iluntzean, tentuz gordetzen zituen gutunak berriz bizkar-zorroan. Mantso,
arreta pixka bat galduta, altxatu eta bere gizonen artean mugitzen zen,
perimetroa egiaztatuz, eta gero, gau betean, lubakira itzulita, Martha birjina
ote zen pentsatzeari ematen zion, gauari so.
Premiak markatzen zuen
hein handi batean eramaten zutena. Honako hauek jotzen zituzten premiazkotzat
edo ia premiazkotzat: lata-irekitzailea, sakelako labanak, su-pastillak,
eskumuturreko erlojuak, identifikazio xaflak, eltxoak uxatzekoa, txikleak,
gozokiak, zigarroak, gatzen pilulak, Kool-Aid zuku-paketeak, txiskeroak,
pospoloak, zerrak, ordainagiriak, anoen latak eta bizpahiru urontzi. Denetara,
horren guztiaren pisua 7 kilotik 9 kilora bitartekoa zen, norberaren ohiturak
edo metabolismoa zein ziren. Henry Dobbins-ek, gizon handia baitzen, anoa
gehiago eramaten zituen; almibarretako muxikako pastela maite zuen bereziki.
Dave Jensen-ek, higienezalea baitzen, hortz-eskuila, hortz-haria eta Sydneyn
librantzan zegoela lapurtu zituen zenbait xaboi eramaten zituen. Ted
Lavender-ek, beldurra baitzuen, lasaigarriak eramaten zituen buruan tiro bat jo
zioten arte Than Khe herritik kanpo apirilaren erdialdean. Premiarengatik eta
jarduteko prozedura arrunta zelako, denek altzairuzko kaskoak eramaten
zituzten, 2 kilokoak, azpikoa eta kamuflajerako estalgarria barne. Uniformearen
jaka eta galtza arruntak eramaten zituzten. Inor gutxik azpiko arropa eramaten
zuen. Oinetan botak eramaten zituzten –kilo 1– eta Dave Jensenek hiru galtzerdi
pare eta oinetarako hautsen lata bat eramaten zituen, lubakietako oinari aurrea
hartzeko. Tiroa jo zioten arte, Ted Lavenderrek 180-200 gramo marihuana
eramaten zituen, kalitate apartakoa, premiazkoa baitzen berarentzat. Mitchell
Sanders-ek, irrati-telefonoaren arduraduna bera, kondoiak eramaten zituen.
Norman Bowker-ek eguneroko bat eramaten zuen. Rat Kiley-ek komikiak eramaten
zituen. Kiowa-k, baptista zorrotza bera, Testamentu Berri ilustrazioduna
eramaten zuen, Oklahoma Cityn igandeko eskoletan jarduten zuen aitaren oparia.
Garai txarretatik babesteko, hala ere, bere amonaren gizon zuriarekiko mesfidantza
eta aitonaren ehiza-aizkora ere eramaten zituen Kiowak. Premiak agintzen zuen.
Nola minak eta bonba ezkutuak zeuden, gizon guztiek jarduteko prozedura zuten
nylonez estalitako altzairudun jaka bat eramatea, 3 kilo pisatzen zuena, baina
egun beroetan askoz pisutsuagoa zirudiena. Nola oso azkar hil zitezkeen, gizon
bakoitzak benda handi bat eramaten zuen gutxienez, normalean kasko barnean,
erraz hartzeko. Nola gauak hotzak eta montzoiak hezeak ziren, bakoitzak
plastikozko pontxo bat eramaten zuen, zira gisa, lur gaineko gisa edo
behin-behineko denda gisa erabiltzeko. Jositako zorro eta guzti, pontxoak ia
kilo bat pisatzen zuen, baina gramo bakoitza zen merezizkoa. Apirilean, esate
baterako, Ted Lavenderri tiroa jo ziotenean, haren pontxoa erabili zuten gorpua
arroz-soroan barna eramateko eta helikopteroan sartzeko.
Kintoak deitzen zieten
infanteriakoei.
Eramatea kargatzea zen;
izan ere, Jimmy Cross lotinantak Martharenganako maitasuna kargatzen zuen
aldapetan gora eta zingiretan barna. Modu iragangaitzean ere erabiltzen zen
kargatu aditza, munizioz betetzea adierazteko, baina, betiere, aditz horrek
berarekin zekartzan ardurak iragangaiztasunaz haratago iristen ziren.
Ia denek argazkiak
kargatzen zituzten. Cross lotinantak Martharen bi argazki eramaten zituen
diru-zorroan. Bata Kodacolor bat zen, “maitasunez” zioena, nahiz eta mutilak
sinetsi ez. Neska adreiluzko pareta baten kontra zegoen. Begi gris eta hitsak
zituen, kamerari zuzenean so, eta ezpainak pixka bat zabalik zeuden.
Zenbaitetan, gauez, Cross lotinantak, maitasun handia ziolako eta argazkia egin
zuenaren itzala adreiluzko paretaren kontra ikusten zuelako, bere buruari
galdetzen zion argazkia nork atera ote zion, bazekielako mutil batzuekin
adiskidetua zela. Bigarren argazkia institutuko urtekaritik hartua zen. Neska
batzuk boleibolean ari ziren, eta Martha makurturik agertzen zen, horizontalki
zoruarekiko, baloira iritsi nahian, esku ahurrak luzatuak, mingaina atezuan,
aurpegiera tolesgabe eta lehiakor. Izerdirik ez agerian. Kirol egiteko praka
motzak zeramatzan. Hankak birjin batenak ziren, bederen hala uste zuen
lotinantak: lehorrak eta ilerik gabeak, ezker belauna tolestua, 45 kilo horiei
eusten. Cross lotinantak gogoratzen zuen ezker belaun hura ukitu izana.
Zinematoki ilun batean, oroitzen zuen, Bonnie
and Clyde filmean, eta Marthak tweed gona zeukan, eta azken eszenan,
belauna ukitu zionean, neskak biratu eta halako tristuraz eta seriotasunez
begiratu zion, non eskua kenarazi baitzion, baina lotinantak beti gogoratuko
zituen tweed gonaren eta horren azpiko belaunaren ukiera eta Bonnie eta Clyde
hil zituzten balen asotsa, bai eta hura zer lotsa-emangarria izan zen ere, zer
motela eta itogarria. Oroitzen zen musu bat eman ziola agur moduan ikasleen
egoitzako atarian. Orduko hartan, pentsatzen zuen, ausardiaz jokatu beharko
zuen. Eskaileretan gora eraman beharko zuen, haren logelaraino, oheari lotu eta
belauna ukitu gau osoan. Arriskua hartu beharko zuen. Argazkiei begiratzen zien
aldiro, egin beharko zituen guztiak etortzen zitzaizkion gogora.
Eramaten zutena, hein
batean, mailaren araberakoa zen, eta beste hein batean, espezialitatearen
araberakoa.
Lehen lotinanta eta
pelotoiko burua izanik, Jimmy Crossek ipar-orratza, mapak, liburuen kodeak eta
prismatikoak garraiatzen zituen, eta 45 kalibreko pistola bat, 1,3 kilo
pisatzen zuena kargatuta zegoenean. Argi estroboskopiko bat eramaten zuen,
baita bere gizonen bizitzaren gaineko ardura ere.
Irrati-telefonoaren
arduraduna izanik, Mitchell Sandersek PRC-25 irrati gogaikarria eramaten zuen,
bateria eta guzti 12 kilo pisatzen zuena.
Sendagilea izanik, Rat
Kileyk honako hau eramaten zuen zakutoan: morfina, plasma, malariaren kontrako
tabletak, kirurgiarako zinta, komikiak eta sendagile batek eraman beharreko
guztiak, M&Mak barne zauri gaiztoentzat. Pisua, guztira, 9 kilo zen.
Gizon handia izanik, eta,
hortaz, metrailadorearen arduraduna, Henry Dobbinsek M-60a eramaten zuen, 10
kilo eta erdi pisatzen zuena kargatuta ez zegoenean, baina ia beti kargatuta
zegoen. Horretaz gain, Dobbinsek munizioa eramaten zuen, 4 kilotik 8 kilora
bitartekoa, zintatan bildua bularrean eta sorbaldetan.
Soldadu edo espezialista
xeheak izanik, gehienak kinto arruntak ziren eta M-16 erriflea eramaten zuten.
Armak 3,4 kg pisatzen zuen deskargaturik, eta 3,7 kg, berriz, 20 balako
kargagailuarekin. Zenbait faktoreren arabera, esaterako zein zen kasuan kasuko
topografia eta psikologia, 12 kargagailutik 20ra bitarte eramaten zituzten
bala-uhaletan, eta horrek beste 3,8 kg eransten zuen gutxienez, eta beste 6,3
kg gehienez. Eskura egonez gero, erriflearen mantentze-lanak egitekoak ere
eramaten zituzten: zotzak, txarrantxak, trapuak eta LSA olioa, eta, horrek
denak kilo erdia egiten zuen. Kintoetako batzuek M-79 granada-jaurtitzailea
eramaten zuten, 2,7 kg pisatzen zuena kargatu gabe; nahiko arma arina, ez bazen
munizio astunagatik. Jaurtigai bakar bat 300 gramo zen. Ohiko karga 25
jaurtigaikoa zen. Baina Ted Lavenderrek, beldurra zuenez gero, 34 jaurtigai
zeramatzan tiro batez hil zutenean Than Khetik kanpo, eta ohiz kanpoko zama
zeramala erori zen: 9 kilo munizio baino gehiago, balen kontrako txalekoa,
kaskoa, anoak, ura, komuneko papera, lasaigarriak eta gainerako guztia, baita
pisurik ez duen beldurra ere. Lavender pisu hila zen. Ez zen zirkinik edo
zanbulurik izan. Kiowak, nola gertatzen zen ikusi baitzuen, esan zuen harri bat
balitz bezala erori zela, edo areaz betetako zaku bat, pum eta seko, ez
filmetan bezala; han, hiltzekoa denak astia du arrastaka eta giraka mugitzeko
xelebreki eta kalaka emateko; ez zen hala izan, esan zuen Kiowak, gaixoa ziplo
erori zen. Pum eta behera. Besterik ez. Goiz argitsua zen, apirilaren erdian.
Cross lotinantak mina sentitu zuen. Bere buruari egozten zion errua. Lavenderri
urontziak eta munizioa kendu zizkioten, gauza pisutsu guztiak, eta Rat Kileyk
begi-bistakoa adierazi zuen: hilda zegok; Mitchell Sandersek baja jakinarazi
zuen irratiz, eta helikoptero bat eskatu. Gero, bere pontxoan bildu zuten
Lavender. Gorpua soro lehor batera eramanda eta segurtasuna jarrita,
hildakoaren marihuana erre zuten helikopteroa ailegatzen zen bitartean. Cross
lotinanta aparte gelditu zen. Martharen aurpegi leun eta gaztea irudikatu zuen,
pentsatuz zernahi baino gehiago maite zuela, bere gizonak baino gehiago, eta
horrenbeste maitatzea zela orain Ted Lavender hilik egotearen arrazoia, baina
ez zuen modurik izan neskarengan ez pentsatzeko. Helikopteroa ailegatu zenean,
Lavender barnean sartu zuten. Ondoren, su eman zioten Than Kheri. Ilunsentira
arte jarraitu zuten martxan, eta orduan lubakiak egin zituzten; gau hartan,
Kiowak azaldu zien hor egon behar zela, dena oso azkar izan zela eta gaixoa
porlanaren modura erori zela. Pum eta seko, esan zuen. Porlanaren modura.
Ohiko hiru armak ez ezik
(M-60, M-16 eta M-79), topatzen zuten guztia ere eramaten zuten, edo hiltzeko
eta bizirik jarraitzeko baliagarria zirudien edozer gauza. Eskura zutena.
Zenbaitetan eta zenbait egoeratan, M-14ak, CAR-15ak, Suediako K-ak eta
subfusilak eramaten zituzten, baita atzemandako AK-47ak, Chi-Com-ak, RPGak,
Simonov karabinak, merkatu beltzeko Uzi-ak, 38 kalibreko Smith & Wesson
pistolak, 66 mm-ko LAWak, eskopetak, isilgailuak, borrak, baionetak eta C-4
lehergailu plastikoak ere. Lee Strunk-ek habaila bat eramaten zuen; besterik
ezean erabiltzekoa, esaten zuen. Mitchell Sandersek altzairuzko ukabilak
eramaten zituen. Kiowak, aitonaren aizkora lumaduna. Hirutik edo lautik batek,
pertsonen kontrako Claymore mina bat (kilo eta erdi espoleta barne). Denek
esku-granadak eramaten zituzten (400 gramo bakoitza). Denek, halaber, ke
koloreztatuko M-18 pote bat (680 gramo). Batzuek gas negar-eragilearen granadak
eramaten zituzten. Batzuek, fosforo zuriaren granadak. Guztiek jaso zezaketen
adina eramaten zuten, eta pixka bat gehiago ere bai, eramaten zutenaren ahalmen
ikaragarriarekiko laborri isila barne.
Apirileko lehenbiziko
astean, Lavender hil baino lehenago, Jimmy Cross lotinantak Martharen kutun bat
jaso zuen. Harri-koskor bat zen, 30 gramokoa gehienez. Ukiera leunekoa, esnea
bezain zuria zen, baina fits laranja eta bioletekin, eta forma borobila zuen,
arrautza txiki baten moduan. Gutunean, Marthak azaltzen zion harria Jerseyko
kostaldean aurkitu zuela, itsasgoran urak lurra ukitzen duen tokian, hain zuzen
gauzak batera elkarrekin baina bereiz dauden tokian. Elkarrekin eta bereiz
egote horrek, idatzi zuen, eman zion harria hartzeko ideia, gero zenbait
egunetan bularreko patrikan eramateko, non irudi baitzuen ez zuela pisatzen,
eta posta bidez bidaltzeko, harenganako zituen sentimendu egiazkoen froga gisa.
Cross Lotinantari erromantikoa iruditu zitzaion. Baina ez zekien zein ziren
zehazki neskaren sentimendu egiazko haiek, ez eta zer esan nahi zuen ere
elkarrekin eta bereiz egote horrekin. Lotinantak imajinatu zuen nola sartu
zuten esku mareek eta olatuek arratsalde hartan Jerseyko itsasertzean, Marthak,
geologiatik erreskatatzeko, harria ikusi eta hartu zuen tokian. Oinutsik
irudikatzen zuen. Martha poeta bat zen, poeta baten sentikortasuna zuen, eta
haren oin beltzaranak agerian egonen ziren, azkazalak margotu gabe, begiak hotz
eta ilun zituela, martxoko itsasoaren gisa, eta mingarria bazen ere, gizonak
bere buruari galdetzen zion norekin egonen zen neska arratsalde hartan. Bi itzal imajinatzen zituen hondartza hartan
mugitzen, gauzak elkarrekin baina bereiz dauden tokian. Mamu batekiko
jeloskeria zen, bazekien, baina ezin zuen saihestu. Asko maite zuen. Martxetan,
apirileko lehenbiziko egunetan, ahoan eramaten zuen harria, mingainarekin
bueltak ematen zizkiola, itsasoko gatza eta hezetasuna sentituz. Gogoa
noraezean zebilkion. Kostatzen zitzaion arreta gerran jartzea. Zenbaitetan
oihuka hasten zitzaien gizonei, zutabea zabaltzeko eta begiak irekitzeko, baina
gero lotinantak ametsei ekiten zien, eta oinutsik ibiltzen zen Jerseyko
hondartzan Martharekin, deus eramaten ez zuela. Sumatzen zuen goraka zihoala,
dena maitasuna eta arintasuna zela, eguzkia, olatuak eta haize gozoak.
Eramaten zutena misioaren
arabera aldatzen zen.
Mendietako misioetan,
eltxoentzako sareak, matxeteak eta olanak eramaten zituzten, baita ahalik eta
pozoi gehien ere zomorroen kontra.
Misio batek bereziki
gogorra bazirudien, edo haiek baldin bazekiten leku makur batera joatekoak
zirela, ahal zuten adina eramaten zuten. Mina ugariko tokietarako, nonahi
suerta baitzitekeen halako batek leher egitea, txandaka kargatzen zuten 13
kiloko mina-detektagailu bat. Entzungailuak eta sentsore-plaka handia edukita,
ekipamenduak sorbaldak eta bizkarra minberatzen zituen; maneiatzen zaila, oso
maiz alferrikakoa zen, lurzoruan zegoen metraila zela eta, baina haiek
berdin-berdin eramaten zuten, segurtasunagatik, alde batetik, eta segurtasun
sentipenagatik, bestetik.
Zelatetan edo gaueko
beste misio batzuetan, xelebrekeriak eramaten zituzten. Kiowak bere Testamentu
Berria hartzen zuen, baita mokasin pare bat ere, isil asko ibiltzeko. Dave
Jensenek karoteno ugariko bitaminak eramaten zituen, gauean ikusteko. Lee Strunkek,
habaila; munizioa, esaten zuen, ez zen inoiz faltako. Rat Kileyk, brandia eta
M&Mak. Tiro bat jo zioten arte, Ted Lavenderrek izarrak ikusteko teleskopio
bat eramaten zuen, 2.9 kilo pisatzen zuena aluminiozko kaxa eta guzti. Henry
Dobbinsek neskalagunaren pantyak eramaten zituen lepo inguruan, aringarri gisa.
Denek mamuak eramaten zituzten. Iluntasuna etorritakoan, errenkada batean
mugitzen ziren larre eta soroetan barna; han, isilka jartzen zituzten Claymore
minak eta, etzanda, zain ematen zuten gaua.
Beste misio batzuk
konplexuagoak izanik, ekipamendu berezia behar zen. Apirilaren erdialdean
egokitu zitzaien misioan, tunel sare bat aurkitu eta suntsitu behar zuten Than
Khe aldean, Chu Lai-tik hegoaldera. Tunelak lehertzeko, pentrita eramaten
zuten, lehergailu ahaltsu bat, ia kilo erdiko paketetan (gizon bakoitzak, 4
pakete, eta denetara, 30 kilo). Kableak, detonagailuak eta bateriaz hornitutako
pizgailuak eramaten zituzten. David Jensenek tapoiak eramaten zituen
belarrietarako. Gehienetan, tunelak lehertu baino lehen, goi aginteak manatzen
zien miaketa egiteko; hori kontu txarra zen, baina eskuarki sorbaldak altxatu
eta aginduak betetzen zituzten. Gizon handia zenez, Henry Dobbins salbuetsita
zegoen tunelak miatzeko lanetatik. Besteek zozketa egiten zuten. Lavender hil
baino lehen, 17 lagun zeuden pelotoian, eta 17 zenbakia ateratzen zuenak ekipoa
erantzi eta sartu behar zuen, arrastaka eta burua lehenik, linterna bat eta
Cross lotinantaren 45 kalibreko pistola zituela eskuetan. Gainerakoak inguruan
kokatzen ziren, segurtasunagatik.
Eserita edo belauniko jartzen ziren, zulora begiratu gabe, haien azpiko
lurrera adi, imajinatuz nolako amaraunak eta mamuak zeuden, zer egon zitekeen
hor behean, nola estutzen ziren tuneleko paretak, zenbateraino zen astuna
linterna, nolako ikuspegi estua zegoen –zentzu zehatzean–, dimentsio guztietan
konprimituta, denbora barne, nola egin behar zen aurrera ipurdiaz eta ukondoez
lagunduta, eta nola etortzen ziren gogora kezkarik bitxienak: itzaliko da
linterna? Arratoiek amorrua kutsatzen dute? Oihu eginez gero, noraino
ailegatuko da soinua? Adiskideek adituko
dute? Ausartuko dira sartzera? Zenbait kontutan, baina ez askotan, itxoitea
tunela bera baino makurragoa zen. Imajinazioa hilgarria zen.
Apirilaren 16an, 17a
atera zuenean, Lee Strunk barrez eta marmarka hasi eta agudo sartu zen barnera.
Goiza beroa eta geldoa zen. Ez duk ona, esan zuen Kiowak. Tuneleko zulora
begiratu zuen, eta gero soro batera, Than Khe herriaren aldera. Ezer ez zen
mugitzen. Ez hodeirik, ez txoririk, ez jenderik. Zain zeudela, gizonek erre eta
Kool-Aid edaten zuten, asko hitz egin gabe, Lee Strunkekin errukituta baina
pozik zozketarekin. Zenbaitetan irabazi, zenbaitetan galdu, esan zuen Mitchell
Sandersek, eta euria egiten badu, atzeratu. Grazia zaharra zen, eta inork ez
zuen barrerik egin.
Henry Dobbinsek txokolate
barra bat jan zuen. Ted Lavender lasaigarri bat hartu eta altxatu zen pixa
egitera.
Bost minutu iragandakoan,
Jimmy Cross lotinanta tunelera hurbildu, makurtu eta ilunpeak aztertu zituen.
Gaizki, pentsatu zuen, agian sabaiak behera egin du nonbait. Eta bat-batean,
nahi gabe, Martharengan pentsatzeari ekin zion. Estresak eta hausturak, jaistea,
biak bizirik lurperatuta gelditzea pisu horren azpian. Maitasun trinkoa eta
itogarria. Belauniko, zulora begira, Lee Strunkengan eta gerran pentsatzen
saiatu zen, arrisku haietan guztietan, baina maitasuna gehiegizkoa zen
berarentzat, paralizaturik sentitu zen, neskaren biriketan egin nahi zuen lo,
eta haren odola edan, baretasunak hartuta. Nahi zuen neska birjina izatea eta
ez izatea, biak batera. Ezagutu nahi zuen. Sekretu guztiak: zergatik poesia?
Zergatik halako tristura? Zergatik begi hits haiek? Zergatik horren bakarrik?
Ez bakartia, bakarrik, txirrindula gainean campusean edo kafetegian eserita,
baita dantzan ari zela ere, bakarrik dantzatzen baitzen, eta bakarrik egote
hark betetzen zuen maitasunez. Lotinantak gogoan zuen hala esan ziola
arratsalde batean. Nola neskak baiezkoa egin zion buruaz eta nola apartatu zuen
begirada. Eta nola, gero, musu eman zionean, neskak musua jaso bai, baina ez
zion itzuli, begiak zabal-zabalik zituela, beldurrik gabe, ez birjina baten
moduan, baizik eta begirada sor eta axolagabearekin.
Cross lotinantak tunelera
begiratu zuen. Baina ez zegoen han. Martharekin zegoen lurperatuta Jerseyko
itsasertzeko area zuriaren azpian. Biak elkarren kontra zeuden, estu-estu, eta
aho barneko harria neskaren mingaina zen. Gizona irribarrez zegoen. Nolabait
jabetzen zen egunaren baretasunaz, soroen iluntasunaz, baina ez zen gauza izan
segurtasun kontuei kasu egiteko. Horretaz haratago zegoen. Mutiko bat baino ez
zen, gerraren erdian maitemindurik. Hogeita lau urte zituen. Ezin zuen
saihestu.
Handik gutxira, Lee
Strunk tuneletik atera zen. Irribarrez zetorren, zerri-zerri eginda baina
bizirik. Cross lotinantak baiezkoa egin zion buruaz eta begiak itxi zituen;
besteak, aldiz, zaplaka aritu zitzaizkion bizkarrean eta txantxak egin zituzten
hilobitik bizirik ateratzearen kontura.
Harrak, esan zuen Rat
Kileyk. Hilobitik kanpo. Zonbi puta hori.
Gizonak barrez hasi
ziren. Aringarri ederra sumatzen zuten.
Mamuen hiritik aterata,
esan zuen Mitchell Sandersek.
Lee Strunkek mamuen
moduko asots barregarria egin zuen, auhen baten gisara, baina alaiki, eta
orduantxe, Strunkek auhen alai hura egin zuen unean bertan, Ahuuuuu esan
zuenean, orduan egin zioten tiro Ted Lavenderri buruan, pixa egitetik
zetorrenean. Ahoa irekita gelditu zen lur gainean. Hortzak hautsita. Ubeldura
hanpatu eta beltz bat, begi ezkerraren azpian. Masailik gabe. Ostia, esan zuen
Rat Kileyk, hilda zegok. Hilda zegok, jarraitu zuen, sakontasun antzean. Hilda
zegok. Benetan hilda.
Superstizioak markatzen
zuen, hein batean, eramaten zutena. Cross lotinantak bere harri kutuna eramaten
zuen. Dave Jensenek, untxi-hanka bat. Norman Bowkerrek, gainerakoetan oso lagun
gozoa bazen ere, hatz bat eramaten zuen, Mitchell Sandersek opari emana. Hatz
lodia zen, beltzarana eta goma moduko ukiera zuena, gehienez ere 100 gramoko
pisukoa. Vietcong-eko hamabost edo hamasei urteko mutiko baten gorpuari moztu
zioten. Ureztatzeko erreten batean zetzala aurkitu zuten, erdi erreta, euliak
ahoan eta begietan. Mutikoak sandalia eta praka motz beltzak zeramatzan. Hil
zenean arroz katilu bat, errifle bat eta hiru kargagailu bete bala zituen
berarekin.
Nire iritziz, esan zuen
Mitchell Sandersek, ikasbide garbi bat zegok hemen.
Eskua mutiko hilaren
eskumuturrean paratu zuen. Geldirik egon zen tarte batez, pultsua kontatzen
ariko balitzaio bezala, eta, gero, sabelean kolpetxo batzuk ia-ia txeraz eman
ondoren, erpurua kendu zion Kiowaren aizkoraz.
Henry Dobbinsek galdetu
zion zer ikasbide zen hura.
Ikasbidea?
Badakik. Ikasbidea.
Sandersek erpurua bildu
zuen komuneko paperaz eta Norman Bowkerri eman zion. Ez zerion odolik.
Irribarrez, ostiko bat eman zion mutikoaren buruari eta, euliek nola egiten
zuten alde ikusten zuela, esan zuen: telebistako programa hartan zioten bezala,
arma eskuan, ibili munduan.
Henry Dobbins pentsakor
gelditu zen.
Ba, tira, esan zuen
azkenean. Ez diat inongo ikasbiderik ikusten nik.
Ba, bazegok gizona.
Hoa pikutara.
Gizonek armadaren
paperak, arkatzak eta boligrafoak eramaten zituzten. Baita etanol-latak,
kateorratzak, bengalak, seinale suziriak, alanbre bilkariak, bizar-orriak,
tabakoa, etsaiei kendutako intsentsu zotzak eta Buda irribarretsuaren estatua
txikiak, kandelak, ezko-arkatzak, AEBko bandera, azazkal-moztekoak, operazio
psikologikoen gaineko esku-orriak, kapelak, aihotzak eta askoz gehiago ere.
Astean bitan, horniduraren helikopteroak etortzen zirenean, jaten beroa
eramaten zuten lata berdeetan, bai eta garagardo eta soda hotzak ere, zakuto
handietan. Plastikozko edontziak eramaten zituzten, bakoitza 9 litrokoa.
Mitchell Sandersek kamuflajeko beste uniforme bat eramaten zuen, une
berezietarako. Henry Dobbinsek, intsektizida. Dave Jensenek, zakuak, gauez
areaz beteta babestuago egoteko. Lee Strunkek, eguzkitako krema. Zenbait gauza
denen artean eramaten zituzten. Txandaka PRC-77 irrati handia eramaten zuten,
bateria eta guzti 15 kilo pisatzen zuena. Memoriaren zama partekatzen zuten.
Besteek jasan ezin zutena hartzen zuten. Maiz, elkar eramaten zuten
(zauritutakoa edo ahula). Infekzioak eramaten zituzten. Xakeak eramaten
zituzten, saskibaloiko baloiak, vietnameraren hiztegiak, mailaren ikurrak,
dominak, jokamoldearen kodea irarrita zuten plastikozko txartelak. Eritasunak
eramaten zituzten, malaria eta disenteria besteak beste. Zorriak eta ezkabia
eramaten zituzten, eta arroz-soroetako izainak eta algak, eta mota askotako
usteldurak eta lizunak. Lurra bera eramaten zuten –Vietnam, tokia, lurzorua–,
botak, uniformeak eta aurpegiak estaltzen zituen hautsa gorrixka xehea. Zerua
eramaten zuten. Atmosfera osoa, hezetasuna, montzoiak, onddo eta ustelkeria
kiratsa, dena, grabitatea eramaten zuten. Mandoen modura mugitzen ziren. Egun
argitan, frankotiratzaileen sua jasotzen zuten, gauez, morteroena, baina hura
ez zen borroka bat, ezpada bukaerarik gabeko martxa bat, herriz herri,
helbururik ez zuena, deus irabazi edo galdu gabe. Martxan ibiltzeagatik
jarraitzen zuten martxan. Geldo eta mantso egiten zuten aurrera, burtzoraturik,
makurturik beroagatik, pentsatu gabe, hezur-odol huts, soldadu xehe, hankak
nagusi, muinoetan gora eta arroz-soroetan behera, ibaietan barna eta berriz
gora eta berriz behera, martxan beti, urrats bat eta gero beste bat, eta gero
beste bat, baina borondaterik ez, nahimenik ez, dena automatikoa zelako; izan
ere, anatomia zen, jarrera eta garraio kontua zen gerra, besterik ez, martxa
zen guztia, inertzia moduko bat, hutsaltasun moduko bat, nahiaren sorgortasuna,
baita adimenarena, kontzientziarena, itxaropenarena eta giza sentikortasunarena
ere. Printzipioak oinetan zituzten. Beren kalkuluak biologikoak ziren.
Estrategiaren edo misioaren zentzuaz jabetzen ziren. Baina herrixkak arakatzen
zituztenean, ez zekiten zeren bila zebiltzan eta axola gabe jarduten zuten,
arroz poteei ostikoka, umeak eta agureak miatzen, tunelak lehertzen, herri
zenbaiti su ematen eta beste zenbaiti ez, eta gero, formazioa egin eta hurrengo
herrira joaten ziren, eta handik beste batera, gauza bera egitera. Nork bere
bizitza eramaten zuen. Presioa izugarria zen. Arratsalde hasierako beroan,
kaskoak eta balen kontrako txalekoak eranzten zituzten, eta oinutsik ibiltzen
ziren; hori arriskutsua zen, baina laguntzen zuen estresa arintzen. Maiz, gauzak
botatzen zituzten martxan ari zirela. Erosotasun hutsagatik, anoak botatzen
zituzten, eta granadak eta minak lehertzen, kezkarik gabe, jakinda gauean
helikopteroek gehiago ekarriko zituztela, eta gehiago egun bat edo bi geroago,
baita angurri freskoak, kaxak, munizioak, eguzkitarako betaurrekoak eta
artilezko jertseak ere. Harrigarriak ziren baliabideak: su artifizialak
ekainaren 4an, arrautza margotuak Pazkoan; gerrarako kutxa erraldoia zen:
zientziaren fruituak, fabriketako tximiniak, kontserben industriak,
Hartford-eko armategiak, Minnesotako basoak, makinen lantegiak, arto eta gari
alor zabal-zabalak… Salgai-trenen modura kargatzen zuten; bizkar eta sorbalda
gainean eramaten zuten dena, eta Vietnamgo ziurgabetasun guztiak gorabehera, ziurra
zen ez zitzaiela faltako zer eraman.
Helikopteroak Lavender
hartu ondoren, Jimmy Cross lotinantak Than Khe herrira eraman zituen gizonak.
Dena erre zuten. Oiloak eta zakurrak hil zituzten, herriko putzua buxatu zuten;
artilleria eskatu eta hondamendira begira gelditu ziren; gero, hainbat ordutan
martxan ibili ziren arratsalde bero hartan, eta, iluntzean, Kiowak azaltzen
ziela nola hil zen Lavender, Cross lotinanta ohartu zen dardarka ari zela.
Saiatu zen negarrik ez
egiten. Bi kilo eta laurden pisatzen zuen pala hartu eta zulo bat egiten hasi
zen lurrean.
Lotsa sentitu zuen. Bere
buruari gorroto zion. Martha bere gizonak baino gehiago maite izan zuen, eta,
horren ondorioz, Lavender hilda zegoen, eta hori harri baten gisara eraman
beharko zuen sabel barnean gerra bukatu arte.
Ezin zuen ezer egin,
zuloa baino. Pala aizkoraren modura erabili zuen, sastadaka, gorrotoz eta
maitasunez, eta, gero, ilundutakoan, lubakian eseri eta negarrari eman zion.
Luze segitu zuen. Alde batetik, Ted Lavenderrengarik egiten zuen negar, baina,
batez ere, Martharengatik eta bere buruarengatik, Martha horren erreala ez zen
beste mundu batekoa zelako eta ikasle bat zelako New Jerseyko Mount Sebastian unibertsitatean,
poeta eta birjina, gerrak ukitu gabea, eta lotinanta ohartzen zelako neskak ez
zuela maite eta ez zuela inoiz maite izanen.
Porlanaren modura,
xuxurlatu zuen Kiowak iluntasunean. Benetan, bum eta seko. Hitz erdirik ere ez.
Entzun diagu, esan zuen
Norman Bowkerrek.
A zer zorte alua! Zirrituko
kremailera igotzen ari zela jo zitean. Igotzeko astirik ere ez dik izan.
Ados. Nahikoa duk.
Bai, baina ikusgarria
izan zuan, tipoak…
Ulertu diagu, gizona.
Porlanaren modura. Isildu hadi behingoz!
Kiowak burua eragin zuen
tristuraz, eta Jimmy Cross lotinantaren aldera begiratu zuen: zulo batean
zegoen eserita, gauari so. Airea astuna eta hezea zen. Laino trinko eta beroa
zetzan soroetan, euriaren aurreko baretasunarekin.
Tarte bat pasa ondoren,
Kiowak hasperen egin zuen.
Dena dela, esan zuen,
segurua duk lotinanta minduta dagoela serio. Hau duk, halako negarra eta halako
jarrera, ez dituk faltsuak batere, zauri hori egiazkoa duk. Tipoari axola
zaiok.
Seguru, esan zuen Norman
Bowkerrek.
Esan ezak nahi duana,
axola zaiok.
Denok ditiagu arazoak.
Lavenderrek ez.
Ez, horrek igual ez, esan
zuen Bowkerrek. Baina egidak mesede bat.
Isiltzeko?
Indio azkarra haiz.
Isildu hadi, bai.
Sorbaldak goratu eta
botak erantzi zituen Kiowak. Gehiago esan nahi zuen, lo arinagoa izateko,
baina, horren ordez, bere Testamentu Berria zabaldu eta buru azpian jarri zuen,
burukoaren modura. Lainoaren eraginez, gauza hutsalak eta loturarik gabeak
ikusten ziren. Saiatu zen Ted Lavenderrengan ez pentsatzen, baina pentsatzeari
ekin zion zer azkar izan zen, dramarik gabe, behera eta seko, eta zer zaila zen
berarentzat ustekabe horretaz gain beste ezer sentitzea. Irudi zuen hori ez
zela kristaua. Gustatuko zitzaion tristura handia sumatzea, edo haserrea
sikiera, baina emozio horiek ez zeuden hor, eta ezin zituen sortu. Batez ere,
pozik sentitzen zen bizirik jarraitzegatik. Gustuko zuen Testamentu Berria
usaintzea masailaren azpian, haren larrua, tinta, papera eta lekeda, produktu
kimikoak edozein zirela ere. Gustuko zuen gauaren asotsak aditzea. Nekea bera
ere gustuko zuen: muskulu zurrunduak egotea eta gorputzaz ohartzea erresuminez,
hegan egitearen sentipena. Hilda ez egotea pozgarria zen. Hor zetzala, Kiowak mira
egiten zion Jimmy Cross lotinantak bihozmina sentitzeko zuen gaitasunari. Haren
mina konpartitu nahi zuen, Jimmy Cross adina arduratu nahi zuen. Alabaina, begiak
ixtean, pum eta behera egite hura baino ez zitzaion burura etortzen, eta bere
sentipen bakarra zen botak eranstearen atsegintasuna, bere inguruan
kiribildutako lainoa, lurraren hezea, Bibliaren usaina eta gauaren erosotasun
biguna.
Une bat igarota, Norman
Bowker agondu zen iluntasunean.
Zer arraio, esan zuen.
Hitz egin nahi baduk, hitz egizak. Esadak niri.
Utz ezak.
Ez, gizona, mintza hadi.
Indio isil bat baino gauza gorrotagarriagorik ez zegok.
Gehienetan, neurritasunez
eramaten zuten dena, duintasun moduko batez. Noiz edo noiz, hala ere, panikoak
jota jokatzen zuten, eta halakoetan garrasika hasten ziren, edo hasi nahi bai,
baina ezin izaten zuten; bihurritzen ziren eta intziri soinuak egiten zituzten,
buruak estaltzen zituzten eta aieneka ibiltzen ziren, lurrean arrastatzen
ziren, itsu-itsuan egiten zuten tiro, kikilduta negar zotinka aritzen ziren,
erreguka zarata gelditzeko, burua galtzen zuten eta agindu ergelak egiten
zizkioten beren buruari edo Jainkoari, edo aita-amei, ez hiltzeko esperantzan.
Era batean edo bestean, denei gertatu izan zitzaien. Gero, tiroak bukatzen
zirenean, begiak kliskatu eta gora begiratzen zuten. Beren gorputza ukitzen
zuten lotsaren lotsaz, baina segituan lotsa ukatzen zuten. Beren burua
zutitzera behartzen zuten. Kamara geldian bezala, fotogramaz fotograma, munduaren
logika zaharrari heltzen zioten: erabateko isiltasuna, gero haizea, eguzkia,
ahotsak. Bizirik jarraitzearen zama zen. Trakets, gizonak biltzen ziren berriz,
lehenik pribatuan, gero taldeka, soldaduak izaten berriz. Begietako isuriak
konpontzen zituzten. Bajarik ote zen begiratzen zuten, helikopteroei deitzen
zieten, zigarroak pizten zituzten, irribarre egiten saiatzen ziren, eztarriak
garbitu eta tu egiten zuten, eta armak garbitzeari ekiten zioten. Tarte bat
pasa ondoren, baten batek esaten zuen buruari eraginez, egiatan ia-ia kakaztu
nauk, eta beste batek barrez hasten zen, esan nahiko balu bezala: txarra izan
duk, bai, baina ez haiz kakaztu, ez baita horren txarra izan; eta, dena dela,
inork ez likek horretaz hitz eginen benetan kaka eginda balego. Begiak ixten
zitzaizkien eguzkiaren argi lodi zapaltzailearekin. Une batzuetan, akaso,
isilik gelditzen ziren, porru bat piztu eta elkarri pasatzen ziotela, kearekin
batera umilazioa barnean gordez. A ze beldurra, esaten zuen batek. Baina gero,
beste batek irri egiten zuen, eta, bekainak altxatuta, esaten zuen: “Ostia!
Ia-ia ipurtzulo berri bat egin zidatek. Ia-ia.”
Halako itxurakeriak
ohikoak ziren. Batzuek etsipen malenkoniatsuz jokatzen zuten, beste batzuek,
berriz, harrotasunez, diziplina hertsiz, umore onez edo matxoen grinaz.
Hiltzeko beldur ziren, baina hori agertzeko beldurrago.
Txisteak egiten zituzten.
Hitz zakarrak erabiltzen
zituzten biguntasun ikaragarriari atxikitzeko. Josita, esaten zuten. Seko,
txispa, bum eta behera. Ez zen ankerkeria, antzerkirako sena baizik.
Aktoreak ziren. Norbait hiltzen zenean, heriotza ez zen nonbait benetakoa, irudi
zuelako nola edo hala gidoi bati jarraitzen zitzaiola, buruz ikasita zutelako ironia
eta tragedia nahasten zituen testua, eta heriotzari beste izen batzuekin
deitzen ziotelako, horrela haren errealitatea estali eta deseginen zelakoan.
Ostikoka ibiltzen ziren gorpuekin. Erpuruak mozten zizkieten. Kintoen modura
mintzatzen ziren. Istorioak kontatzen zituzten Ted Lavenderren lasaigarriei
buruz, eta fitsik ere sentitu gabe hil zela gaixoa, harritzekoa zela zer bare
zegoen.
Hemen ikasbide bat zegok,
esan zuen Mitchell Sandersek.
Lavenderren
helikopteroaren zain zeuden, haren marihuana erretzen.
Ikasbidea aski begi-bistakoa
duk, esan eta begi-keinua egin zuen Sandersek. Urrundu hadi drogetatik. Ez duk
txantxa, aldiro izorratzen haute.
Primeran, esan zuen Henry
Dobbinsek.
Burua izorratzen diate,
bai? Mintzamenak zentzua galtzen dik. Ez duk ezer gelditzen, odola eta kaskoa,
besterik ez.
Barre egiten saiatu
ziren.
Hori duk, esaten zuten.
Behin eta berriz, hori duk, gizona, hori duk, errepikatzeak berak neurritasuna
erakutsiko balu bezala, eroa eta ia eroa izatearen arteko oreka, jakitea jakin
gabe, hori duk, esan nahi baita, lasai hadi, aurrera begira ezak, zeren ez
daukak aldatzerik aldatu ezin dena, hori duk, hori duk izan daitekeen ostia
guztia.
Gogorrak ziren.
Hil litezkeen gizonen
bagaje emozional guztia eramaten zuten. Atsekabea, izua, maitasuna, irrikak;
horiek ukiezinak ziren, baina ukiezinek berezko masa eta grabitatea zuten, pisu
ukigarria. Oroitzapen lotsagarriak eramaten zituzten. Koldarkeriari doi-doi eustearen
sekretu amankomuna eramaten zuten, baita alde egiteko, izoztuta gelditzeko edo
ezkutatzeko sena ere, eta, alde askotatik, horixe zen denetan zamarik astunena,
ez baitzegoen hori kanporatzeko modurik eta oreka nahiz neurritasun perfektuak eskatzen
baitzituen. Beren izen onak eramaten zituzten. Soldaduen beldurrik handiena
eramaten zuten, lotsagorritzearena alegia. Hiltzen zuten eta hiltzen ziren,
kontrakoak lotsa ematen zielako. Horixe zen gerrara eraman zituen arrazoi
bakarra: baliozko deus ez, loria edo ohorea lortzeko ametsik ez, ezpada
desohorearen lotsa saihestea, besterik ez. Lotsaz ez hiltzeagatik hiltzen
ziren. Tuneletan sartu, formazioari eutsi eta su azpian aurrera egiten zuten.
Goizero-goizero, nahiz eta ez jakin zer topatuko zuten, hankak mugiarazten
ahalegintzen ziren. Aguantatzen zuten. Kargatzen segitzen zuten. Uko egiten
zioten kontrako aukera agerikoari, begiak itxi eta erortzeari alegia. Oso
erraza zen, egiazki. Segi herrenka eta lurrean etzan, giharrak nasai, hitz egin
eta higitu gabe harik eta adiskideek hartu eta helikopteroan sartzen zaituzten
arte eta horrek handik atera eta mundura eramaten zaituen arte. Erortzea,
besterik ez; baina, hala ere, inor ez zen erortzen. Ez zen ausardia zehazki;
kontua ez zen kemena. Aitzitik, ikaratuegi zeuden koldartzeko.
Jeneralean barnean
eramaten zuten hori dena, neurritasunaren maskarei eutsita. Osasun azterketei erdeinu
egiten zieten. Garraztasunez mintzatzen ziren hatzei edo behatzei tiro eginda
libratzen zirenei buruz. Maritxuak, esaten zuten. Kakatiak. Solas latza zen,
gutxiespenezkoa, bekaizkeria edo errespetu izpi bat baino ez zuena, baina, hala
ere, irudi hura olgetan ibiltzen zitzaien begi atzeetan.
Armaren ahoa haragiaren
kontra imajinatzen zuten. Erraza zen: katua sakatu eta behatz bat galtzea.
Imajinatu egiten zuten. Bat-bateko oinaze gozoa imajinatzen zuten, eta gero
nola eramanen zituzten Japoniara, ohe epelak eta geisha erizainak zituen
ospitale batera.
Eta askatasunaren txoriak
zeritzaten hegazkinekin egiten zuten amets.
Gauean, guardian zeudela,
iluntasunari so, jumbo hegazkinek eramaten zituzten etxera. Aireratzearen tiraldia
sumatzen zuten. Aio! zioten oihuka. Eta
gero abiadura –hegalak eta motorrak–, hegazkineko laguntzaile irribarretsu bat,
baina hegazkina baino gehiago zen, benetako txori bat, zilarrezko txori handi
eta leun bat, lumak, ezproiak eta txilo mintxoa zituena. Hegan ari ziren. Pisuak
desagertzen ziren; ez zegoen zamarik. Barrez, arnasari eusten zioten, haizearen
eta altueraren masaileko hotzak sentituz, gora eta gora, pentsatuz Bukatu duk, banoak! Biluzik zeuden, arin
eta libre: dena arina zen, distiratsua, azkarra eta alaia, argia bezain arina,
helioaren burrunba bat buru barnean, biriketan burbuilaka ari zen zorabio bat,
hodeietan gora zihoazela gerra gainetik, betebeharraz harago, grabitateaz,
hilduraz eta talka globalaz harago: Sin
loi! Zioten oihuka. Sentitzen diat, putakumeak, baina ni banoak, mundiala duk, espazio-ontzi
batean nagok, aio! Sentsazio lasaigarria eta kezkarik gabea zen, argi uhinetan
trostan, askatasunaren txori zilarrezko handi horretan, mendi eta ozeanoen
gainean, Amerikaren gainean, etxaldeen, loak hartutako hiri handien, hilerrien,
autopisten eta McDonald's-en urrezko arkuen gainean; hegaldi bat zen, ihesaldi
moduko bat, eroriko moduko bat, gero eta gorago eroriz, jiraka Lurraren
ertzetik eta Eguzkiz haratagotik, huts isilean barna, non ez baitago kargarik
eta deusek ez baitu pisurik. Bukatu duk!
zioten garrasika. Sentitzen diat baina ni
banoak. Eta gauez, zehazki ametsetan egon gabe, arintasunari lotzen
zitzaizkion eta eramanak sentitzen ziren, garraiatuak.
Ted Lavenderren
heriotzaren ondoko goizean, Jimmy Cross lehen lotinantak lubakian makurtu eta
su eman zien Martharen gutunei. Gero, bi argazkiak erre zituen. Euria ari zuen
etenik gabe, eta zaila izan zen. Baina parafina-pastillez baliatuta su txiki
bat egin zuen, eta, bere gorputzarekin babestuz, gar urdintxoaren gainean heldu
zien argazkiei hatz puntekin.
Bazekien keinu bat baino
ez zela. Ergela, pentsatu zuen. Sentimentala ere bai, baina batez ere ergela.
Lavender hilda zegoen.
Ezin da errua erre.
Gainera, gogoan zituen
gutunak. Eta, orduan ere, argazkirik gabe, Cross lotinanta gauza zen Martha
boleibolean jokatzen ikusteko, praka motz zuriak eta kamiseta horia
zeramatzala. Euripean ikusten ahal zuen.
Sua itzali zenean, Cross
lotinantak pontxoa jantzi eta gosaria jan zuen lata batetik.
Horrenbesterako ez zen,
erabaki zuen.
Erretako gutun haietan,
Marthak ez zuen gerra sekula aipatzen, ez bazen esateko, Jimmy, kontuz ibili.
Aparte zegoen. “Maitasunez” esanez sinatzen zituen gutunak, baina ez zen
maitasuna, eta esaldi ederrak eta baliabide literarioak ez ziren
garrantzitsuak. Eta birjinitatea bost axola zitzaion orain. Gorroto zion. Bai,
gorrotoa. Gorrotatzen zuen. Maitatu ere maiatzen zuen, baina gorrotozko maitasun
moduko bat zen.
Goiza hezea eta lausoa
izan zen. Irudi zuen dena bat zela, lainoa, Martha eta gero eta fuerteago
zerauntsen euria.
Soldadu bat zen, azken
batean.
Irribarre erdiz, Jimmy
Cross lotinantak mapak atera zituen. Indarrez astindu zuen burua, argitzeko
asmoz-edo, eta, makurtuta, eguneko martxa taxutzeari ekin zion. Handik hamar
minutura, edo, agian, hogei minutura, gizonak altxarazi, bildu eta
mendebalderantz eramanen zituen, mapek erakusten baitzuten hori berdea eta
erakargarria zela. Beti egiten zutena eginen zuten. Euriarekin pisua
handixeagoa izan zitekeen, baina, gainerakoan, beste egun bat izanen zen, aurreko
guztien tankerakoa.
Errealista zen.
Gogortasun berri bat zuen sabelean. Martha maitatu eta gorrotatzen zuen batera.
Ameskeriarik ez, agindu
zion bere buruari.
Aurrerantzean,
Martharengan pentsatuz gero, pentsatuko zuen hura ez zegokiola toki horri.
Egunez ametsetan ibiltzeari utziko zion. Hori ez zen Mount Sebastian, beste
mundu bat baizik, poema ederrik edo seihilekoko azterketarik ez zuena; mundu
hartan gizonak hiltzen ziren kontuz ibili ezean edo ergelkeriak eginez gero.
Kiowak arrazoi zuen. Bum eta behera, eta hilda zeunden, ez hein batean hilda.
Une batez, euripean,
Cross lotinantak Martharen begi grisak ikusi zituen, hari begira.
Ulertu zuen.
Tristea zen, pentsatu
zuen. Tristeak ziren barnean eramaten ziren gauzak. Egiten ziren gauzak edo
ustez egin behar zirenak.
Buruz keinu bat
egitekotan egon zen, baina bere buruari eutsi zion.
Horren ordez, mapetara
itzuli zen. Deliberaturik zegoen betebeharrak irmotasunez konplitu behar
zituela, zabarkeriarik gabe. Alferrik izanen zen Lavenderrentzat, bazekien,
baina hortik aurrera ofizial baten gisara jokatuko zuen. Zorte oneko harria
botako zuen. Igual irentsi edo Lee Strunken habaila erabiliko zuen, edo,
besterik gabe, bidean utziko. Martxan, diziplina zorroztuko zuen. Bermatuko zen
alboetan segurtasun-taldeak jartzen zituela, ez zela inor atzeratzen edo
aurreratzen, tropa erritmo egokian mugitzen zela eta etenaldi egokiak egiten
zituela. Azpimarratuko zuen armak garbitu behar zirela. Lavenderren drogatik
gelditzen zena konfiskatuko zuen. Geroago, beharbada, gizonak bildu eta garbi
mintzatuko zitzaien. Ted Lavenderri gertatutakoaren errua onartuko zuen. Gizon
baten moduan jokatuko zuen. Begietara begiratuko zien, burua makurtu gabe, eta
agindu berriak jakinaraziko zizkien, ahots lasai eta inpertsonalean, lotinant
baten ahotsean, eztabaidarik edo polemikarik baimendu gabe. Hemendik aurrera,
esanen zien, ez zuten ekipamendurik abandonatuko martxan. Behar den moduan
jokatuko zuten. Nork berea bildu eta gordeko zuen, txukun eta erabiltzeko
moduan gorde ere.
Ez zuen laxokeria
toleratuko. Indarra agertuko zuen, tarte bat utziz gizonengandik.
Gizonek marmar eginen
zuten, jakina, edo zerbait okerrago agian, egunak luzeagoak eta kargak
astunagoak irudituko zitzaizkielako, baina Jimmy Cross lotinantak gogorarazi
zion bere buruari buru izatea zela bere betebeharra, ez maitasuna jasotzea.
Albo batean utziko zuen maitasuna; ez zuen kontuan hartuko. Eta norbait
liskarretan edo kexaka hasten bazen, lotinantak ezpainak itxi eta sorbaldak
tentetuko zituen, agintzeko jarrera zuzenarekin. Keinu bat eginen zien buruaz
akaso. Edo akaso ez. Edo sorbaldak goratuta esanen zien: segi aurrera; eta
haiek gauzak hartu eta zutabe bat eratuta aurrera eginen zuten Than Khetik
mendebaldeko herrietarantz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina