HILTEGIRAKO BILDOTSA
ROALD DAHL
Gela epel eta garbi
zegoen, gortinak zabalduak, eta bi lanparak piztuak, berea eta pareko aulki
hutsaren ondoan zegoena. Haren atzeko edaritegian, bi edalontzi garai, gaseosa
eta whiskia. Ontzi termikoan, izotz-koskor atera berriak.
Mary Maloney
senarraren zain zegoen, lanetik noiz etorriko.
Tarteka erlojuari
begiratzen zion, baina larritu gabe, horretaz gozatzeko, besterik ez, joandako
minutu bakoitzarekin gutxiago falta zelako hura etortzeko. Giro atsegin eta
bare batek biltzen zuen emakumea, baita hark egiten zuen guztia ere. Burua
espero zitekeen baino lasaiago makurtzen zen josketaren gainean. Haren azalak,
haurdun zegoela seigarren hilabetea baitzen, gardentasun puntu zoragarria
erdietsi zuen; ahoa leuna zen, eta begiek, begirada patxadatsu harekin, lehen
baino handiagoak ziruditen, ilunagoak.
Erlojuak bostak
hamar gutxi markatu zituenean, entzuteari ekin zion, eta handik pixka batera,
ohi bezala puntuan, gurpilen azantza aditu zuen kanpoko legarraren gainean, eta
gero, autoko atearen danbatekoa, oin-hotsak leiho ondoan, eta giltza
sarrailaren barnean biraka. Josketa alde batean utzi zuen, jaiki eta, senarra
hurbiltzean, harengana joan zen musu bat ematera.
“Kaixo, maitea”,
esan zuen emakumeak.
“Kaixo”, erantzun
zion gizonak.
Haren berokia hartu
eta armairuan zintzilikatu zuen. Ondoren, itzuli eta edariak prestatu zituen,
senarrarena zertxobait azkarra, berea suabea; berehala aulkiaren gainean zegoen
berriz, josketa esku artean, eta senarra, aldiz, parekoan, edalontzi garaiari
bi eskuekin helduz eta pixka bat eraginez, izotz-koskorrak ontzien kontra
tintinka.
Emaztearentzat, zorionekoa
zen egunaren tarte hura. Bazekien gizonezkoak ez zuela hitz egiteko gogo
handirik lehenengo edaria amaitu arte. Emakumea, bere aldetik, pozik zegoen
isilik eserita, senarra ondoan zuela, etxean bakarrik horrenbeste ordu pasa
ondoren. Maite zuen, biak elkarrekin zeudela, senarraren aurrean atseginaren
atseginez gozatzea, baita hari zerion arren epeltasun gozo hura sentitzea ere,
eguzkia hartzen duenak eguzkiarekin gozatzen duen bezala. Senarra maite zuen
aulkian zabarki esertzeko moduagatik, ate batetik sartzeko moduagatik, edo
urrats zabalak emanez gela bat poliki zeharkatzeko moduagatik. Maite zuen,
halaber, urruneko begirada sendo hura, begiak bere gainean pausatzen zirenean,
baita ahoaren itxura xelebrea ere, eta, bereziki, nekeari buruz ez hitz egiteko
modu hura, eserita eta bere baitan bildurik, whiskiak nekearen zati bat
aienatzen zuen arte.
“Nekatuta,
laztana?”
“Bai,” esan zuen gizonak.
“Nekatuta nagon.” Eta mintzatzen ari zela, ohiz kanpoko gauza bat egin zuen.
Edalontzia altxatu eta trago batean hustu zuen, oraindik erdia geratzen bazen
ere, erdia gutxienez. Emaztea ez zegoen hari begira espresuki, baina ohartu zen
gertatutakoaz, senarrak besoa jaitsi zuenean izotz-koskorrak entzun zituelako
edalontziaren ipurdi hutsaren kontra joka. Une batez geldirik, gizonezkoa
aurrerantz makurtu zen aulkian eta, altxatutakoan, abiatu zen bere buruari
beste bat jartzera.
“Nik eginen diat!” esan
zuen emakumeak, salto batean jaikita.
“Eser hadi,” esan
zion senarrak.
Senarra itzuli
zenean, emakumeak sumatu zuen edari berria anbar ilunaren kolorekoa zela,
hainbeste whiski zeukan.
“Maitea, espartinak
ekarriko dizkiat?”
“Ez”.
Emazteak begiratu
zion edari hori iluna hurrupaka edaten hasi zenean, eta hain kargatuta zegoenez
barruan zurrunbilo txikiak hauteman zituen, oliozko itxurakoak.
“Uste diat
lotsagarria dela” esan zuen emakumeak, “lotsagarria hi bezalako polizia
beterano bat edukitzea egun osoan kalean gora eta kalean behera.”
Besteak ez zion
erantzun. Emakumeak, orduan, burua makurtu eta josten jarraitu zuen; baina
izotz-koskorrak aditzen zituen edalontziaren alboaren kontra tintinka, gizonak
edaria ezpainetara hurbiltzen zuen aldiro.
“Maitea”, esan zuen
emazteak. “Nahik duk gazta puska bat ekartzea? Osteguna izanda, ez diat afaria
prestatu.”
“Ez,” esan zuen
gizonak.
“Kanpoan afaltzeko
nekatuegi bahago,” jarraitu zuen emazteak, “oraindik ez duk berandu.
Izozkailuan makina bat haragi zegok, baita beste gauza asko ere, eta hemen
bertan har dezakek, aulkitik mugitu gabe.”
Haren begiak
erantzun baten zain geratu ziren, edo irribarre edo baiezko tipi baten zain,
baina gizonak ez zuen zirkinik ere egin.
“Tira bada”,
jarraitu zuen, “gazta eta gailetak ekarriko dizkiat.”
“Ez dinat ezer
nahi,” esan zuen gizonak.
Emakumea deseroso
mugitu zen aulkian, haren begi handi horiekin artean senarraren aurpegiari so.
“Baina afaldu behar duk. Ez zaidak ezer kostatzen. Gustura eginen diat. Bildots
saiheskiak izan zitzakeagu. Edo txerrikia. Nahi duana. Denetarik diat
izozkailuan.”
“Utz ezan hori”,
esan zuen gizonak.
“Baina maitea, jan
behar duk! Zer edo zer prestatuko diat badaezpada ere, eta hartzen ahal duk ala
ez, nahi duan modura.”
Jaiki eta josketa
mahaian utzi zuen, lanpararen ondoan.
“Egon hadi,” esan
zuen gizonak. “Egon hadi minutu batean bederen.”
Ordura arte ez zuen
beldurrik sentitu.
“Segi,” esan zuen
gizonak. “Eser hadi.”
Emeki, emakumeak
bere burua aulkiraino eraman zuen berriz, une oro senarrari so begi handi eta
nahasi haiekin. Gizonak bigarrena bukatu zuen, eta edalontzira begira zegoen,
kopetilun.
“Entzun,” esan
zuen, “zerbait esan behar dinat.”
“Zer gertatzen da,
laztana? Zer duk?”
Geldi-geldirik
zegoen gizona. Burua beherantz makurtuta jarraitzen zuenez, ondoko lanpararen
argiak aurpegiaren goiko aldean jotzen zuen, kokotsa eta ahoa itzalpean utziz.
Emaztea ohartu zen gihar txiki bat mugitzen ari zitzaiola ezkerreko begiaren
ertzean.
“Beldur naun honek
ustekabean harrapatuko hauela,” esan zuen gizonak. “Baina buelta eta buelta ibili
ondoren, erabaki dinat esan behar dinadala itzulingururik gabe. Espero dinat
erantzuki askorik egin ez diezadanan.”
Eta esan egin zion.
Ez zuen luze iraun, askoz jota bost edo sei minutu. Emakumeak eserita jarraitu
zuen denbora osoan, zurrun eta senarrari tinko so, ikara durduzatu batek
hartuta balego bezala, hitz bakoitzarekin harengandik gero eta gehiago
urruntzen baitzen.
“Hori dun dena,”
erantsi zuen. “Eta bazakinat ez dela unerik egokiena esateko, baina beste
irtenbiderik ez zegonan. Dirua emanen dinat eta ziurtatuko naun zaintzen hautela,
jakina. Baina ez zagon istilurik sortu beharrik. Hala espero dinat nik,
behintzat. Ez luken oso ona nire lanerako.”
Emakumearen
lehenengo erantzuna izan zen deus ez sinestea, den-dena arbuiatzea. Bururatu
zitzaion senarrak agian ez zuela hitz egin, kontu osoa bere irudimenezkoa zela.
Beharbada, bere kontuekin jarraitzen bazuen eta entzun izan ez balu bezala jokatzen
bazuen, geroago, berriz esnatzen zenean edo, ikusiko zuen ez zela ezer gertatu.
“Afaria ekarriko
diat,” lortu zuen xuxurlatzea, eta oraingoan gizonak ez zion galarazi.
Gelan zehar
zebilela ezin zituen oinak zoruaren gainean sentitu. Ezin zuen deus sentitu,
zorabioa eta goragalea izan ezik. Dena automatikoa zen une hartan: eskaileretan
behera sotoraino jaistea, argia piztea, hotz gorria sentitzea, eskua
izozkailuaren barnean sartzea eta topatu zuen lehenengo gauzari heltzea.
Ateratakoan begiratu zuen zer zen. Paperean bilduta zegoenez, papera erantzi eta
berriz begiratu zion.
Bildots hanka bat.
Ongi, bada bildotsa
izanen zuten afaltzeko. Eskaileretan gora eraman zuen bi eskuekin muturreko
hezurrari atxikita. Egongelan sartu zen berriz eta senarra leihoaren ondoan
ikusi zuen, bizkarra hari emanez. Gelditu egin zen.
“Jainkoarren,” esan
zuen gizonak sartzen entzun zionean, nahiz eta biratu ez. “Ez iezadan afaria prestatu,
mesedez. Alde eginen dinat hemendik.”
Istant horretan,
Mary Maloney haren atzeraino mugitu zen, eta, jarraituan, bildots hanka izoztua
airean gora eramanda, gizonaren buruaren kontra jaitsi zuen ahal zuen
bortitzen.
Burdinazko barra
batekin jo izan balu bezala.
Emakumeak urrats
bat eman zuen atzerantz, esperoan, eta bitxiena izan zen gizonak bere horretan
jarraitu zuela lauzpabost segundotan, mantsoki kulunka. Bat-batean, zerraldo
erori zen alfonbraren gainean.
Danbatekoaren
bortitzak, zalapartak eta mahai txikia behera joateak asalduratik aterarazi
zuten. Emeki, bere onera itzuli zen, hotza eta harridura sentituz, eta tarte
batean gorpuari begira geratu zen, begiak kliski-klaska, haragi puska ziztrin
hura oraindik esku artean tinko zuela.
“Oso ongi”, esan zion
bere buruari. “Hil egin dun.”
Izugarria izan zen,
orduan, nola zolitu zitzaion burua sastakoan. Azkar pentsatzen hasi zen. Detektibe
baten emaztea izanik, ongi baino hobeki zekien zein izanen zen zigorra.
Horretan ez zegoen arazorik. Ez zitzaion axola. Aitzitik, horrek lasaitu egiten
zuen. Baina, bestalde, zer gertatuko zitzaion umeari? Zer zioten legeek ume
jaiogabeak zituzten hiltzaileei buruz? Biak ala biak hiltzen zituzten, ama eta
umea? Edo hamargarren hilabetera arte itxoiten zuten? Zer egiten zuten?
Mary Maloneyk ez
zekien. Eta ez zegoen prest arriskurik hartzeko.
Haragia sukaldera
eraman eta erretilu batean paratu zuen. Labea ahalik eta indartsuen jarri eta
barruan sartu zuen. Orduan, eskuak garbitu zituen eta logelara igo zen.
Ispiluaren aurrean eserita, aurpegia txukuntzeari ekin zion, ezpainak eta
begitartea apainduz. Irribarrea erakusten saiatu zen. Bitxi samar atera
zitzaion. Berriz saiatu zen.
“Kaixo, Sam,” esan
zuen ozenki eta garbiki.
Ahotsa ere bitxia
zen.
“Patata batzuk nahi
ditut, Sam, mesedez. Bai eta lata bat ilar ere.”
Hobeki. Bai
irribarrea bai ahotsa hobeki ateratzen hasi zitzaizkion. Zenbait aldiz entseatu
zuen. Orduan, eskaileretan behera abiatu zen korrika, berokia hartu eta atzeko
atetik atera zen kalera, lorategitik.
Artean seiak ez
ziren, baina barazki dendan argiak piztuta zeuden jadanik.
“Kaixo, Sam”, esan
zuen garbiki, mostradoreaz bestaldean zegoen gizonari irribarrea erakutsiz.
“Arratsalde on,
Maloney andrea. Zer moduz zaude?”
“Patata batzuk nahi
ditut, Sam, mesedez. Bai eta lata bat ilar ere.”
Gizonak biratu eta eskua
luzatu zuen atzeko apalean zeuden ilarrak hartzeko.
“Patrickek erabaki
du ez garela aterako kanpoan afaltzera gaur, nekatuta dago eta,” esan zion.
“Ostegunetan atera ohi gara, badakizu, eta barazkirik gabe harrapatu nau.”
“Orduan, haragia
ere nahi duzu, Maloney andrea?”
“Ez, mila esker.
Badaukat haragia. Bildots hanka bat atera dut izozkailutik.”
“Ongi.”
“Ez zait sobera
gustatzen zuzenean prestatzea izoztuta dagoenean, Sam, baina oraingo honetan
saiatuko naiz. Uste duzu ongi ateratzen dela horrela?”
“Nire iritziz,”
esan zuen dendariak, “ez da batere nabaritzen. Idahoko patata hauek nahi
dituzu?”
“Bai, ongi, ongi
daude horiek. Emazkidazu bi.”
“Zerbait gehiago?”
Dendariak albo batera kulunkatu zuen burua, emakumeari adeitasunez begira.
“Zerbait postrerako? Zer emanen diozu postrerako?”
“Beno, zer aholkatzen
didazu, Sam?”
Gizonak denda miatu
zuen begiekin. “Zer iruditzen zaizu gazta tartaren puska handi eta gozo bat?
Badakit Patricki gustatzen zaiola.”
“Zoragarri,” esan
zuen emakumeak. “Maite egiten du.”
Eta dena bilduta
eta ordainduta zegoenean, emakumeari irribarre distiratsuena atera zitzaion eta
esan zuen: “Mila esker, Sam. Segi ongi.”
“Baita zuk ere,
Maloney andrea. Eta mila esker zuri.”
Eta orain, esan
zion bere buruari bueltan lasterka zihoala, besterik gabe etxera itzultzen ari
zen, senarrarengana, afariaren zain zegoen eta, horixe ari zen egiten; eta ongi
prestatu beharra zeukan, eta ahalik eta goxoen atera behar zitzaion, gizagaixoa
nekatuta zegoelako; eta, etxean sartutakoan, zerbait ohiz kanpokoa, edo
tragikoa, edo izugarria topatzen bazuen, ustekabea izanen zen eta minaren minez
eta izuaren izuaz aztoratuko zen. Barka, ez zeukan deus topatzeko. Barazkiak
etxera eramaten ari zen, ez beste ezer. Patrick Maloneyren andrea barazkiak
etxera eramaten ari zen ostegun arratsalde batean, senarrari afaria prestatzeko.
“Horrelaxe”, esan
zion bere buruari. “Egin ezan dena zuzen eta natural. Dena naturala izan dadila
eta ez dun antzeztu beharrik izanen”.
Hortaz, atzeko
atetik sukaldean sartu zenean ahozpez ari zen kantatzen bere buruarentzat,
irribarretsu.
“Patrick!” deitu
zion. “Zer moduz hago, laztana?”
Fardela mahaiaren
gainean utzi eta egongelan sartu zen; eta zoruaren gainean ikusi zuenean,
hankak tolestuta eta beso bat gorpuaren azpian, ustekabe galanta izan zen
benetan. Harekiko maitasun eta grina guztia metatu zitzaizkion barnean eta
korrika joan zen harengana. Ondoan belaunikatu eta bihotza urraturik hasi zen
negarrez. Erraza zen. Ez zen antzeztu beharrik.
Minutu batzuk
geroago jaiki eta telefonoa hartu zuen. Polizia-etxearen zenbakia buruz zekien,
eta bestaldeko gizonak erantzun zionean, esan zion negar artean: “Azkar! Etor
zaitezte! Patrick hilda dago!”
“Nor da?”
“Maloney andrea.
Patrick Maloneyen emaztea.”
“Patrick Maloney
hilda dagoela esan nahi duzu?”
“Hala uste dut,”
esan zion zotinka. “Zoruaren gainean dago eta iruditzen zait hilda dagoela.”
“Oraintxe goaz,”
esan zion gizonezkoak.
Autoa ziztu bizian
iritsi zen, eta emakumeak aurreko atea ireki zuenean, bi polizia sartu ziren
etxean. Biak ezagutzen zituen, barrutiko gizon guztiak ezagutzen zituen ia-ia,
eta Jack Noonan-i besoen gainera etorri zitzaion, malkoei eutsi ezinik. Horrek aulki
batean eserarazi zuen amultsuki, eta O'Malley izeneko bestearekin bildu zen,
zein belauniko baitzegoen gorpuaren ondoan.
“Hilda dago?”
oihukatu zuen emakumeak.
“Beldur naiz hala
dela. Zer gertatu da?”
Laburki, kontatu
zien barazki dendara joan zela eta itzulitakoan zoruaren gainean aurkitu zuela.
Emakumea hitz egiten ari zela, Noonanek odol lehortuaren orban bat topatu zuen
hildakoaren buruan. O'Malleyi erakutsi zion, eta hura hitzetik hortzera altxatu
zen telefonoa hartzera.
Gizon gehiago
iritsi ziren segituan etxera. Lehendabizi mediku bat, gero bi detektibe
(haietako bat izenez ezagutzen zuen). Ondoren, poliziaren argazkilaria ailegatu
zen eta argazkiak egin zituen, eta geroago, hatz-aztarnetan aditua zen bat.
Gorpuaren ondoan xuxurlaka eta marmarka ari ziren etengabe, eta detektibeek
galderak egiten zizkioten behin eta berriz. Baina adeitsu tratatu zuten une
oro. Istorioa kontatu zien berriro, oraingoan hasiera-hasieratik, Patrick
etorri zenetik; bera josten ari zela eta senarra nekatuta zegoela, hain
nekatuta ezen ez baitzuen atera nahi izan kanpoan afaltzera. Kontatu zien
haragia labean sartu zuela, “bertan dago oraindik, berotzen”, eta barazki
dendara joan zela di-da batean, eta itzuli zenean zoruaren gainean aurkitu
zuela.
“Zer barazki
dendatara?” galdetu zuen detektibeetako batek.
Esan zion. Gizona
biratu zen eta beste detektibearen belarrira zer edo zer xuxurlatu zuen, eta
bigarren hori kalera atera zen jarraituan.
Handik hamabost
minutura itzuli zen, orri bat oharrez beteta. Xuxurlatzeari ekin zioten berriz baina
emakumeak, zotinka ibiliagatik ere, xuxurlatutako zerbait entzun ahal izan
zuen: “... normal jokatu dik ... poz-pozik ... afari ederra eman nahi zioan ...
ilarrak ... gazta tarta ... ezinezkoa bera bezalako...”.
Tarte baten
ondoren, argazkilariak eta medikuak alde egin zuten eta beste bi gizon etorri
ziren gorpua ateratzera esku-ohe batean. Gero hatz-aztarnen gizonak egin zuen
alde. Bi detektibeak geratu ziren, bi poliziarekin batera. Atsegin-atseginak
izan ziren emakumearekin, eta Jack Noonanek galdetu zion nahiago ez ote zuen
beste norabait joan, ahizparen etxera agian, edo bere emazteak berak hartuko
zuela gaua pasatzeko.
Ez, esan zien. Ez
zegoen metro bat ere mugitzeko moduan une horretan. Inporta zitzaien bertan
jarraitzen bazuen hobeki sentitu arte? Ez zen sobera ongi sentitzen, benetan
ezetz.
“Baina, ez duzu
nahi ohean pixka bat sartu?” galdetu zion Jack Noonanek.
Ez, erantzun zion,
zegoen bezalaxe zegoen tokian nahiago zuen jarraitu, etxean bertan. Zertxobait
geroxeago, agian, hobeki sentitzen zenean, mugituko zen.
Beraz, bertan utzi
zuten haien kontuekin segitzen zuten bitartean, etxea miatzen eta. Noizean
behin, detektibeetako batek beste galdera bat egiten zion. Tarteka, Jack Noonan
adeitsu mintzatzen zitzaion, ondotik pasatzen zenean. Senarra, kontatu zion,
buruaren atzealdean jasotako kolpe baten ondorioz hil zen; izan ere, objektu
astun eta kamuts batekin jo zuten, ziurrenik metalezko barra batekin. Armaren
bila zebiltzan. Hiltzaileak berarekin eraman zezakeen, baina, bestalde,
bazitekeen bota edo etxeko beste nonbait ezkutatu izana.
“Betiko istorioa
da,” esan zuen poliziak. “Arma atzemanda, hiltzailea ere atzematen da.”
Geroago,
detektibeetako bat hurbildu eta emakumearen ondoan eseri zen. Bazekien, galdetu
zion, ba ote zegoen etxean hiltzaileak arma moduan erabil zezakeen zerbait?
Axola zitzaion pixka bat begiratzea, ikusteko zer edo zer falta zuen, giltza
ingeles handi bat, edo metalezko pitxer astun bat?
Metalezko pitxer
astunik ez zeukaten, esan zion emakumeak.
“Eta giltza ingeles
handi bat?”
Emakumeak ez zuen
uste giltza ingeles handi bat zeukatenik. Baina garajean gisa horretako gauzak zeuden.
Miatzen jarraitu
zuten. Emakumeak bazekien polizia gehiago egonen zirela kanpoko lorategian,
etxea inguratzen. Oin-hotsak kanpoko legarrean entzuten zituen, eta zenbaitetan
linterna baten argia ikusi izan zuen gortinen zirrikituen artean. Berandutzen
hasi zen, ia bederatziak zirela ikusi zuen tximiniako erlojuan. Bazirudien
gelak miatzen zituzten lau gizonezkoak gero eta nekatuago zeudela, zertxobait
etsita.
“Jack,” esan zuen
emakumeak Noonan sarjentua bere ondoan pasa zen hurrengoan. “Prestatuko didazu edari
bat?”
“Horixe ekarriko
dizudala. Whiski hau nahi duzu?”
“Bai, mesedez.
Baina txikitxo bat. Agian nire onera etortzen lagunduko dit.”
Edalontzia luzatu
zion.
“Zergatik ez duzu
zuk beste bat hartzen?” galdetu zion. Pot eginda egon behar duzu. Hartu bat,
mesedez. Oso ongi portatu zara nirekin.”
“Beno,” erantzun
zion. “Ez da erabat onartua, baina tanta batzuk ongi etorriko zaizkit jarraitu
ahal izateko.”
Banan-banan,
besteak ere sartu ziren eta whiski pitin bat hartzeko gonbitea onartu zuten.
Edariak eskuan zeuzkatela deseroso sentitzen ziren, pixka bat kikilduta, hor,
emakumearen aurrean, eta zerbait lardaskatuz kontsolamendua eman nahi izan
zioten. Noonan sarjentuak sukaldean sar-atera egin eta esan zuen: “Aizu,
Maloney andrea. Labea oraindik martxan daukazu, eta haragia barruan dago.”
“Oi, Jainko
maitea!” esan zuen. “Egia da!”
“Hobe itzaltzen
badizut, ezta?”
“Mesedez, Jack,
itzal ezazu, bai. Mila esker.”
Sarjentua bigarren
aldiz itzuli zenean, emakumea hari begira geratu zen, begi handi, ilun eta
negarti haiekin. “Jack Noonan,” esan zion.
“Bai?”
“Mesede bat eginen
didazue, zuk eta besteek?”
“Saiatuko gara,
Maloney andrea”.
“Tira,” esan zuen.
“Hementxe zaudete denak, denak Patrick maitearen lagun onak, hil zuena harrapatu
nahian. Goseak amorratzen egonen zarete honezkero, afaltzeko ordua pasata
duzuelako, eta badakit Patrickek, goian bego, ez lidakeela inoiz barkatuko,
etxe honetan jarraituko bazenute nik behar bezalako abegi onarekin tratatu
gabe. Zergatik ez zarete esertzen eta labeko bildotsa jaten duzue? Prest egonen
da dagoeneko.”
“Ezta pentsatu
ere,” esan zuen Noonan sarjentuak.
“Mesedez,” erregutu
zien. “Jan ezazue, mesedez. Nik ukitu ere ezin dut, ezta etxe honetan orain dagoen
beste ezer ere. Baina zuek bai. Mesede bat eginen zenidakete dena janen
bazenute. Bukatutakoan, lanarekin segitzen ahal duzue.”
Lau poliziak
duda-mudan egon ziren, baina goseak zeuden zalantzarik gabe, eta azkenean
emakumeak konbentzitu zituen sukaldera joateko eta nahi adina jateko. Maloney
andreak bere tokian jarraitu zuen, eta ate irekitik entzuten zien, haien artean
solasean ari zirela, hitz jario eten eta itxi harekin, ahoak haragiz beterik
baitzituzten.
“Har ezak pixka bat
gehiago, Charlie.”
“Ez, hobe duk ez
bukatzea.”
“Baina buka dezagun
nahi dik. Hala esan dik. Mesede bat duk.”
“Tira, orduan.
Emadak bete puska bat.”
“Tipoak
ikaragarrizko makila erabili behar izan dik Patrick gaixoa jotzeko”, esan zuen
haietako batek. “Medikuak esan dik burua txikitua zuela, hargin-mailu batekin
jo izan balute bezala.”
“Horregatik, hain
zuzen, errazagoa izan beharko likek topatzeak.”
“Gauza bera zioat
nik.”
“Egin duena ez duk
luze ibiliko horrelako tramankulu bat gainean duela; ahalik eta lasterren
botako zian.”
Korrok egin zuen
haietako batek.
“Nire ustez,
hementxe zegok, etxean bertan.”
“Agian sudur azpian
zaukaagu. Zer uste dik, Jack?”
Ondoko gelan, Mary
Maloneyk irri egin zuen, ahopeka.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina