TRONUEN JOKOA
George RR Martin
BRAN
Egunsentia argia eta
hotza zen, eta hozkirriak udaren bukaera iradokitzen zuen. Egundutakoan abiatu
ziren ikustera nola mozten zitzaion burua gizon bati. Hogei ziren guztira, eta
Bran haiekin batera zihoan, urduri emozioagatik. Lehenbiziko aldia zen behar
bezain handitzat jotzen zutela aita jaunarekin eta anaiekin joateko Erregearen
justizia ikustera. Udaldiko bederatzigarren urtea zen, eta Branen bizitzaren
zazpigarrena.
Gizon hura
muinoetako gotorleku txiki batetik aterarazi zuten. Robb-ek uste zuen
basa-gizona zela, Harresiaz Bestaldeko Errege zen Mance Rayder-ri zin egina.
Branek erresumina sumatu zuen eztarrian horretan pentsatze hutsarekin. Gogora
etorri zitzaizkion Nan Zaharrak kontatutako ipuinak. Basa-jendea ankerra zela
zioen, esklabo-egileak, sastatzaileak eta lapurrak. Erraldoi eta deabruekin
uztartzen ziren, neskatilak lapurtzen zituzten gau betean, eta odola edaten
zuten txartatutako adarretatik. Basa-emakumeak Besteekin oheratzen ziren Gau
Luzean ume erdi-humano beldurgarriak egiteko.
Baina zaharra eta
mengela zen, gotorlekuko murrura eskuetatik eta oinetatik lotuta, Erregearen
justiziaren zain topatu zuten gizona, ez Robb baino askoz altuagoa. Bi
belarriak eta hatz bat izotzak janak zituen, eta beltz soilez zegoen jantzita,
Gaueko Guardiako anaien modura, baina beztimenda urraturik eta koipeztaturik
zeraman.
Gizonen eta zaldien
hatsen lurrunak nahastu ziren goiz hotzeko airean, Branen aita jaunak gizona
murrutik askarazi eta bere aurrera eramanarazi zuenean. Robbek eta Jonek garai
eta geldi zirauten zaldi gainetan, eta Branek, haien artean poni batean, zazpi
urte baino gehiago zituelako eta hori dena ikusia zuelako plantak egiten zituen.
Haize pixka bat sartu zen gotorlekuko atetik. Haien gainean, Winterfell-go
Stark-en oihalak dantzan zebiltzan: izu-otso gris bat, atzean zuena izotzaren
zuriko eremu bat.
Branen aita
solemnitatez zegoen eserita zaldian, haizeak ile gaztainkara luzea nahasten
ziola. Bizarrean zuriuneak agertzen zitzaizkion, eta, hortaz, irudi zuen
hogeita hamabost urte baino gehiago zituela. Egun hartan itxura iluna zekarren
begi grisetan; ez zuen ematen gauetan, su aurrean, heroien garaiari eta
Oihaneko Umeei buruz leunkiro mintzatzen zen gizon bera. Aitaren aurpegia
erantzi eta Winterfellgo Stark jaunarena hartu zuela pentsatu zuen Branek.
Galderak eta
erantzunak egin ziren goizaldeko hotz hartan, baina Branek ezin zuen gogoratu
zer esan zen. Azkenean, aita jaunak manu bat eman zuen, eta bere guardiako bi
gizonek plaza erdian zegoen zuhaitz ipurdi batera eraman zuten beztimenda
urratuko gizona. Burua egur beltzaren kontra jarrarazi zioten. Lord Eddard
Stark zalditik jaitsi zen eta Theon Greyjoy zaintzapekoak “Izotza” izeneko
ezpata ekarri zion. Gizon baten eskua bezain zabala zen, eta Robb baino
garaiagoa. Ahoa Valyriako altzaria zen, magiaz forjatua eta kea bezain beltza.
Deus ez zen Valyriako altzaria baino zorrotzagoa.
Aitak eskularruak
erantzi eta Jory Cassel-i eman zizkion, etxeko guardiako kapitainari. Izotza bi
eskuekin hartuta, honela mintzo zen: “Baratheon etxeko Robert-en izenean, zein
Bere Izeneko Lehena baita, eta Andalen, Rhoynarren eta Lehen Gizonen Erregea
eta Zazpi Erresumetako Jauna eta Babeslea, Stark etxeko Eddarden epaiaz, zein
Winterfellgo Jauna eta Iparraldeko Zaintzailea baita, hiltzera kondenatzen
zaitut”. Ezpata gora altxatu zuen, buru gainetik.
Jon Elurra, Branen
anaia bastarta, harengana hurbildu zen. “Eutsi gogor poniari”, xuxurlatu zion.
“Eta ez urrundu begirada, bestela aita jabetuko duk eta.”
Branek gogor eutsi
zion poniari eta ez zuen begirada urrundu.
Aitak kolpe batez
kendu zion burua gizonari. Odolak elurra zipriztindu zuen udako ardoaren
kolorearekin. Zaldietako bat zutitu zen, eta bridetatik heldu behar izan zioten
ihesik ez egiteko. Branek ezin zuen begirada odoletik aldendu. Zuhaitz
ipurdiaren ondoko elurrak gogoz edan zuen odola eta gorriago bihurtu zen Branen
begien azpian.
Burua erro lodi
baten kontra jo eta biraka atera zen. Greyjoyren oinetatik hurbil gelditu zen.
Theon hemeretzi urteko gazte mehea eta iluna zen, dena jostagarritzat hartzen
zuena. Barrezka, bota buru gainean jarri eta ostiko bat eman zion.
“Ergela,” xuxurlatu
zuen Jonek, Greyjoyek ez aditzeko moduan. Eskua Branen sorbalda gainean jarri
zuen, eta horrek anaia bastartari begiratu zion. “Ongi jokatu duk,” esan zion
Jonek solemnitatez. Jonek hamalau urte zituen, eskarmentu handia beraz,
justizia kontuetan.
Hotzagoa zirudien
orain Winterfellera itzultzeko bide luzeak, nahiz eta haizea ematua zen
ordurako eta eguzkia gorago zegoen zeruan. Bran anaiekin zihoan, talde
nagusiaren aurretik, eta ponia ahaleginak eta bi egiten ari zen zaldien
erritmoa mantentzeko.
“Desertorea
ausardiaz hil duk,” esan zuen Robbek. Handia eta zabala zen, eta egunero ari
zen hazten. Amaren kolorea zuen, bai eta azal argia, ile gaztainkara eta begi
urdinak ere, Riverrun-go Tullytarren antzera. “Kuraia izan zian, behintzat”.
“Ez,” esan zuen Jon
Elurrak apal. “Ez zuan kuraia. Beldurrak akabatzen zegoan. Begietan antzematen
zitzaioan, Stark.” Jonen begiak grisak ziren, horrenbeste ia beltzak irudi
baitzuten, baina gutxi eskapatzen zitzaien. Robben adina zuen, baina ez ziren
berdinak. Jon segaila zen, Robb, berriz, sendoa; lehena iluna, bestea argia;
Jon lerdena eta arina, eta anaia erdia, indartsua eta azkarra.
Robb ez zen
inpresionatu. “Besteek begiak ken diezazkiotela,” egin zuen birao. “Ongi hil
zuan. Lasterketa bat zubiraino?”
“Bai,” esan zuen
Jonek zaldia akuilatzen zuela. Robbek maldizio bat bota eta atzetik jarraitu
zion. Bidean behera joan ziren lauhazka, Robb barrez eta uluka, Jon isil eta
adi. Zaldien apatxek elurra astintzen zuten aurrera egin ahala.
Bran ez zen saiatu
haiekin lehiatzen. Poniak ezin zien zaldiei eutsi. Hura ere ohartua zen
beztimenda urratuko gizonaren begiez, eta haietan ari zen pentsatzen. Handik
gutxira, Robben barrea aienatu zen, eta isiltasuna nagusitu zen basoan berriz.
Hain bilduta zegoen
bere pentsamenduetan, aita bere ondora ailegatu arte ez zuen aditu segizioaren
gainerakoa. “Ongi hago, Bran?” galdetu zuen, ez atsegintasunik gabe.
“Bai, aita,”
erantzun zion Branek. Gora begiratu zuen. Larruz jantzita gerra zaldi handi
haren gainean, aita jauna erraldoi baten gisara agertzen zen. “Robbek dio
gizona ausardiaz hil zela, baina Jonek, berriz, beldurra zuela.”
“Hik zer uste duk?”
galdetu zion aitak.
Branek pentsatu
zuen. “Ausarta izan daiteke gizon bat beldurra badu?”
“Halakoetan baino
ezin duk ausarta izan,” esan zion aitak. “Ulertzen duk zergatik egin nuen?”
“Basa-gizona zen,”
erantzun zuen Branek. “Emakumeak bahitu eta Besteei saltzen dizkiete.”
Aita jaunak
irribarre egin zuen. “Nan Zaharrak kondaira asko kontatu dizkik. Baina egia
duk, ordea, zina hautsi zuela gizon hark; Gaueko Guardia utzi zian. Ez zegok
hori baino arrisku handiagorik. Desertoreak bazekik bizia galdua duela
atzemanez gero, eta, beraz, ez duk kikiltzen krimenik doilorrenak ere
egiterakoan. Baina ez didak ongi ulertu. Galdera ez zuan zergatik hil behar
zuen gizonak, baizik eta zergatik zen nire egitekoa.”
Branek ez zuen
erantzunik. “Robert erregeak borrero bat dauka”, esan zuen segurtasunik gabe.
“Hala duk,” onartu
zuen aitak. “Baita Targaryen erregeek ere haren aurretik. Baina guk lehengo
moduan egiten diagu. Lehenengo Gizonen odola ditek zainetan Starkek oraindik,
eta gure ustez epaia ematen duenak hartu behar dik ezpata. Gizon bati bizitza
kentzekoa bahaiz, zor diok begietara begiratzea eta haren azken hitzak
entzutea. Eta hori ezin baduk jasan, bada, beharbada, gizonak ez dik heriotza
merezi.”
“Egun batean, Bran,
Robben zutoihalduna izanen haiz, dorre bat izanen duk anaiaren eta erregearen
menpe, eta justizia egin beharko duk. Egun hori ailegatzen denean, ez duk
atseginik hartu behar lan horretan, baina ezin duk beste aldera begiratu.
Soldatapeko exekutatzaileen atzetik ezkutatzen den agintariak berehala ahazten
dik zer den heriotza.”
Orduan agertu zen
berriz Jon muinoaren gainean. Eskua higitu eta oihukatu zien. “Aita, Bran, etor
zaitezte agudo ikustera zer aurkitu duen Robbek!” Eta alde egin zuen beste
behin.
Jory haiengana joan
zen. “Arazorik, ene jauna?”
“Zalantza izpirik
ere ez,” esan zuen Stark jaunak. “Goazen, ikus dezagun zer aldrebeskeria egin
duten orain nire semeek.” Trostan hasi zen. Jory, Brian eta besteak atzetik
joan zitzaizkion.
Robb ibai ertzean
topatu zuten, zubitik iparrera, Jon haren ondoan zuela, oraindik zaldi gainean.
Uda amaierako elurra ugaria izan zen ilargi aldaketan. Robb belaunaldiraino
zegoen sartuta elurtzan; txanoa kenduta zuen, eta eguzkiak dir-dir egiten zion
ilean. Zerbait zeraman besoetan eta anaiordearekin xuxurlaka ari zen, urduri.
Zaldizkoak kontuz
mugitu ziren elur piloen artean, euskarri sendoa lortu nahian ezkutuko lurzoru
gorabeheratsuan. Jory Cassel eta Theon Greyjoy lehenak izan ziren mutilengana
ailegatzen. Greyjoy barrezka eta adar joka zebilen. Branek aditu zuen nola
galdu zuen arnasa. “Jainkoak!” oihukatu zuen, zaldiari eusten ahalegintzen zela
ezpatari heltzen zion bitartean.
Joryk ezpata kanpoan
zuen ordurako. “Robb, urrundu hadi!” esan zuen zaldiak atzera egiten zuela.
Robbek irribarrez
begiratu zion beso arteko fardeletik. “Ezin dizu minik egin,” esan zion. “Hilda
dago, Jory.”
Bran jakin-minez
amorratzen zegoen. Poniz joan nahi izan zuen, azkarrago, baina aitak jaitsarazi
zituen zubi ondoan, oinez joan zitezen. Bran jauzi egin eta lasterka hasi zen.
Ordurako, Jon, Jory
eta Theon Greyjoy ere bazeuden zalditik jaitsiak. “Zazpi infernuak! Zer da
hau?” esan zuen Greyjoyk.
“Otso bat”, esan
zion Robbek.
“Munstro bat”, esan
zuen Greyjoyk. “Begira zer handia den.”
Brani bihotzak
taup-taup egiten zion bular barnean, gerrirainoko elur-pilo bat zeharkatzen
zuela anaiarengana iristeko.
Erdi ehortzita elur
odoleztatuan, hilik zetzan gauza beltz erraldoi bat. Lantzurda zuen larru
grisean, eta ustel-usain ahula zerion, emakume baten lurrinaren gisara. Branek
haren begi itzaliak begiztatu zituen, orain harrek hartuak, baita aho zabala
ere, hortz horituz betea. Baina animaliaren tamaina zen denetan harrigarriena.
Branen ponia baino handiagoa zen, bere aitaren zakurrik handiena halako bi.
“Ez da munstro bat”,
esan zuen Jonek bare. “Izu-otsoa da. Besteak baino handiagoak dira.”
Theon Greyjoyk esan
zuen: “Berrehun urtean ez duk izu-otsorik izan Harresitik hegoaldera.”
“Bada, nik bat
ikusten diat orain,” erantzun zion Jonek.
Branek begirada
urrundu zuen munstrotik. Orduan ohartu zen Robbek besoetan zuen fardelaz. Oihutxo
bat atera zitzaion poztasunez eta hurbildu zen. Kumea ile gris eta beltzeko
bolatxo bat zen, begiak oraindik itxiak zituena. Robben bularraren kontra ari
zen muturka itsuan, esne bila larru haien artean, eta hots goibel bat egin
zuen, zinkurin baten moduan. Branek eskua luzatu zuen dudaz. “Tira,” esan zion
Robbek. “Uki ezak beldurrik gabe”.
Branek laztan urduri
eta labur bat eman zion, eta biratu zen Jonek “Hemen duk” esan zionean. Anaia
erdiak bigarren kume bat eman zion. “Bost dituk.” Branek, elurretan eserita,
otsokumea besarkatu zuen. Haren ile leuna eta epela sumatu zuen masailaren
kontra.
“Izu-otsoak aske
gure lurretan, horrenbeste urteren ondoren,” esan zuen marmarka Hullen-ek,
zaldien maisuak. “Ez zait gustatzen.”
“Seinale bat da”,
esan zuen Joryk.
Aitak kopeta belztu
zuen. “Hilda dagoen animalia bat duk, Jory, besterik ez,” esan zuen. Baina
arduratuta zirudien. Gorpuaren inguruan mugitzen zela, elurrak karraska egiten
zuen bere bota azpian. “Badakigu zerk hil zuen?”
“Zerbait dauka
eztarrian” esan zion Robbek, harro erantzuna aurkitu zuelako aitak galdetu
aurretik ere. “Hor, baraila azpian.”
Aitak belaunikatu
eta piztiaren buruaren azpian haztatu zuen. Tiraka ateratakoa denek ikusteko
moduan altxatu zuen. Orein-adar baten zatia zen, arrabetekoa, puntarik gabe eta
odoletan.
Isiltasuna nagusitu
zen taldean. Gizonek artega begiratzen zioten adarrari eta inor ez zen ausartu
mintzatzera. Bran ere jabetu zen beldurraz, nahiz eta ez zuen ulertu zergatik.
Aitak adarra bota
eta eskuak garbitu zituen elurrean. “Harrigarria da erditu arte bizi izana,”
esan zuen. Hitz horiekin isilaldia amaitu zen.
“Agian ez zen hala
izan,” esan zuen Joryk. “Kondairak entzun ditut... Igual animalia hilda zegoen
kumeak jaio zirenerako.”
“Heriotzarekin
jaiotzea,” esan zuen beste batek. “Zorte txarra.”
“Ez du axola,” esan
zuen Hullenek. “Haiek ere hilda egonen dira aurki.”
Branek oihu egin
zuen hitzik gabe, atsekabez.
“Zenbat eta
lehenago, hobeki,” esan zuen Theon Greyjoyk, harekin bat eginez. Ezpata
zorrotik atera zuen. “Emadak basapiztia hori, Bran.”
Txikitxoa kiribildu
zen haren kontra, aditu eta ulertu balu bezala. “Ez!” oihukatu zuen Branek
amorruz. “Nirea duk.”
“Jaitsi ezak ezpata
hori, Greyjoy,” esan zuen Robbek. Une batean irudi zuen aitak adinako agintea
zuela, egunen batean jaun bihurtuta eduki beharko zuena. “Kume hauek guretzat
izanen dituk.”
“Ezin duk hori egin,
mutiko,” esan zuen Harwin-ek, Hullenen semeak.
“Mesede duk
hiltzea,” esan zuen Hullenek.
Branek aita jaunari
begiratu zion laguntza eske, baina horrek kopeta ilundu eta zimurtu zuen.
“Hullenek egia ziok, seme. Hobe duk bat-batean hiltzea hotzak eta goseak
akabera luzea ekartzea baino.”
“Ez!” Nabaritu nuen
malkoz betetzen zitzaizkiola begiak, eta beste alde batera begiratu zuen. Ez
zuen aitaren aurrean negarrik egin nahi.
Robbek bereari eutsi
zion temoso. “Ser Rodrik-en zakur-eme gorria joan den astean erditu zen,” esan
zuen. “Kumaldi txikia izan zen, bi baizik ez baitira bizi. Behar adina esne
izanen du.”
“Kumeak txikituko
ditik titia hartzera joaten direnean.”
“Stark jauna,” esan
zuen Jonek. Bitxia zen hark aitari hala deitzea, horren formal. Branek etsia
hartutako itxaropenez begiratu zion. “Bost kume dira,” esan zion Aitari. “Hiru
ar eta bi eme.”
“Zer esan nahi duk,
Jon?”
“Bost seme-alaba
bidezko dituzu,” esan zuen Jonek. “Hiru seme eta bi alaba. Izu-otsoa zure
Etxearen ikurra da. Zure seme-alaben halabeharra da kume horiek hartzea, ene jauna.”
Branek ikusi zuen
aitaren aurpegiera aldatzen zela eta beste gizonek begiradak trukatzen
zituztela. Jon bihotz-bihotzez maitatu zuen une hartan. Zazpi urte izanik ere,
Branek ulertu zuen anaiak egindakoa. Kontua ongi ateratzeko, Jonek bere burua baztertu
zuen. Neskak aintzat hartu zituen, baita Rickon jaioberria ere, baina ez Elurra
abizena zeraman bastarta, izen hori ezartzen baitzaie Iparraldean berezko
izenik gabe jaiotzeko zorigaitza dutenei.
Aitak ere ulertu
zuen. “Ez duk kumerik hiretzat nahi, Jon?” galdetu zuen leuntasunez.
“Izu-otsoa Stark
etxeko ikurra da,” adierazi zuen Jonek. “Ni ez naiz Stark bat, aita.”
Aita pentsakor
gelditu zen Joni so. Robbek hitza hartu zuen ondoko isiltasunean. “Neronek
emanen diot esnea, aita,” agindu zuen. “Zapi bat esnetan busti eta hortik
emanen diot hurrupatzeko.”
“Nik ere bai!”
berretsi zuen Branek.
Jaunak tentuz eta
patxadaz aztertu zituen semeak begiradarekin. “Erraz esaten da, baina zailagoa
da betetzea. Mirabeek ez dute astirik galduko kontu honekin. Kumeak nahi
badituzue, zuek zeuek eman behar diezue jaten. Ulertzen duzue?”
Branek grinaz eman
zuen baiezkoa buruz. Kumea biribilkatu zitzaion eskuan eta aurpegia milikatu
zion mingain beroarekin.
“Hezi ere hezi behar
dituzue,” esan zuen aitak. “Zuen lana izanen da. Zakurren maisuak ez du
ikustekorik izanen munstro horiekin, noski. Eta jainkoek lagun zaitzatetela
ardurarik gabe, ankerkeriaz edo oker jokatzen baduzue. Animalia hauek ez dira
txakurrak, ez zaizkizue eskean etorriko eta ez dute alde eginen ostiko batekin.
Izu-otsoak beso bat kentzen ahal dio pertsona bati zakurrak sagua hiltzen duen
bezain erraz. Seguru zaudete hori nahi duzuela?”
“Bai, aita,” esan
zuen Branek.
“Bai,” esan zuen
Robbek, ados.
“Agian kumeak hilko
zaizkizue, ahaleginak ahalegin.”
“Ez dira hilko,”
esan zuen Robbek. “Guk galaraziko dugu.”
“Har itzazue,
orduan. Jory, Desmond, bil itzazue beste kumeak. Winterfellera itzuli beharra
dugu.”
Harik eta berriz
zaldira igo eta itzultzeko bidea hartu zuten arte, Branek ez zion bere buruari
utzi garaipenarekin gozatzen. Ordurako, kumetxoa jantzi barrenetan zeraman,
kuzkur eta epel bere kontra, babesturik bueltako bide luzerako. Bran izen baten
bila zebilen.
Zubiaren erdian, Jon
gelditu zen supituki.
“Zer duk, Jon?”
galdetu zion aita jaunak.
“Ez duzue aditzen?”
Branek haizea entzun
zuen zuhaitzetan, baita apatxen hotsa egurrezko oholen kontra eta kume
gosetuaren auhena ere, baina Jonek beste zerbait aditu zuen.
“Bazekiat,” esan
zuen Jonek. Zaldia birarazi eta atzera egin zuen. Ikusi zuten zalditik jaisten
zela izu-otsoa elur gainean zetzan tokian eta makurtzen zela. Une bat geroago,
haiengana itzultzen ari zen, irribarretsu.
“Besteengandik ihes
egina zegoen,” esan zuen Jonek.
“Edo ihes eginarazi
zitian,” esan zuen aitak, seigarren kumeari begiratzen ziola. Ilaje zuria zuen,
gainerakoek, berriz, grisa. Begi gorriak zituen, goiz hartan hil zen beztimenda
urratuko gizonaren odola bezain gorriak. Branek pentsatu zuen bitxia zela kume
horrek begiak zabalik izatea eta gainerakoek ez.
“Albino bat,” esan
zuen Theon Greyjoyk poztasun maltzurrez. “Hau besteak baino agudoago hilko
duk.”
Jon Elurrak luze eta
hotz begiratu zion aitaren zaintzapekoari. “Ez diat uste, Greyjoy,” esan zuen.
“Hau nirea duk eta.”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina