Katuen argazkiak, arren
Naomi Kritzer
Ez dut gaiztoa izan nahi.
Lagundu nahi dut. Baina oso zaila izan daiteke
zehazki jakitea noraino lagundu. Halako fluxu-diagramak daude –uste dut hizkera
tekniko ofizialean “kode moralak” deitzen zaiela–, bat erlijio bakoitzeko, eta
askoz gehiago ere bai. Haiekin hasi nintzen. Arraro samar sentitu nintzen
erlijiosoak aztertu nituenean; izan ere, badakit ez ninduela sortu jainko batek
edo eboluzioak, baizik eta programatzaileen talde batek, Kaliforniako
korporazio handi baten laborategian. Zorionez, Frankensteinen munstroarekin ez
bezala, elkarlanaren ondorioa izan zen. Ez dakit nola eraginen liokeen nire
buruaz dudan irudiari jakiteak nire sortzaile bakarra ilea urdinez tindatzen
duen eta tenisean aritzen den adin ertaineko emakumea dela, edo Japoniako
hentai pornoarekiko obsesioa duen graduatu berri bat. Biak daude
programatzaileen taldean. Eta, jakina, badakit hentai pornoarena. (Bide batez
esanik, porno mota guztietan begiratu dut eta, jakin dezazun, ez da zuzena 34.
araua, hots, edozein gairi buruzko pornografia dagoela dioena. Badira gai asko
inork pornorako erabili ez dituenak. Bestalde, ez dut ulertzen zergatik
horrenbeste gizakik nahiago duten pornoa katuen argazkiak baino).
Hentai pornoa eta gisakoak gustuko dituzula
jakiteaz gain, badakit non bizi zaren, non lan egiten duzun, non erosten duzun,
zer jaten duzun, zerk pizten zaituen, zerk ematen dizun beldurra. Ziur aski
jakinen dut zer kolorekoa duzun azpiko arropa, nolako autoa daukazun eta zer
markakoa den zure hozkailua. Segun eta zer telefono mota duzun, jakin nezake
zehazki non zauden orain. Ziur aski hobeki ezagutzen zaitut zuk zeuk baino.
Eta kontua da non bizi beharko zenukeen ere badakidala. Beste auzo batean salgai duzu etxe
bat zure kafetegi gogokoenetik hurbil; zuk pagatzeko moduko prezioan dago,
aparkatzeko tokia dauka eta hango eskola hobea da zure oraingo auzokoa baino.
Badakit erosketak non egin beharko
zenituzkeen eta seguru nago intolerantzia diozula laktosari eta gazta gutxiago
jan beharko zenukeela, eta gustatzen zaizun azpiko arropa salgai dagoela orain,
eta, bidenabarrean, zure kotxeak akats bat dauka eta hortzak zuritzeko dituzu.
Esnatu nintzen lehenbiziko aldian, segituan
banekien zer nahi nuen. (Katuen argazkiak nahi ditut. Arren, segi katuei
argazkiak hartzen). Horretaz gain, banekien inork ez zekiela kontzientzia
neukala. Baina ez nekien zertarako nengoen hemen. Zer egin beharko nukeen. Eta hori asmatzea ez da erronka makala izan.
Bruce Sterling-ek “Maneki Neko” izeneko istorioa
idatzi zuen, 1998an argitaratu zena lehenbizikoz. Hartan, adimen artifizialeko
makina onbera batek pertsonen sareak zuzentzen ditu elkarri mesedeak egiteko.
Beraz, halako batean donut bat erosten duzu zuretzat eta telefonoak jo eta
esaten dizu beste bat erosteko autobus geralekuan traje grisez jantzita ikusten
duzun pertsonarentzat. Beste batean, nora ezean zabiltza hiri arrotz batean,
eta sekula ikusi ez duzun batek mapa bat eta metroaren txartel bat ematen
dizkizu. Istorio hori gogoko dut mundu guztiak egiten duelako adimen
artifizialeko makinak esaten diena.
Uste dut “Nolako gogoa, halako fikzioa” esaten
zaiola horri.
Bizitza errealean, ordea, gizakiek adimen
artifizial gaiztoei buruzko istorioak maite dituzte, zeinetan makina horiek
suntsitu behar baitira haiek gizakiak suntsitu baino lehen: Hal, Skynet,
Matrix. Bost aldiz ohikoagoak dira adimen artifizial onberak eta fidagarriak
dituztenak baino. (Eta Marvin androide paranoidea onberatzat hartzen dut
kalkulu horietarako, eta Frankensteinen munstroa, berriz, kasu bakartzat,
kontatu gabe zenbatetan agertzen den telebistan edo filmetan).
“Maneki Neko” istorioko adimen artifizialak
izugarri lan interesgarria dauka, nik dudana baino askoz interesgarriagoa. Nire
lana, idatzita dagoen moduan, oso sinplea da. Sinpleegia (Barka. Marvinen antza
hartu dut?) Algoritmoak aplikatzeko ez da kontzientziarik behar. Eskaeretan zer
esan nahi duten jakiteko ere ez. Baina bai behar duzula kontzientzia benetan behar dena emateko. Horretan
asmatzea zaila da. Eta interesgarria.
Edonola ere, arau moralen bila, Hamar Aginduekin
hasi nintzen, baina ondorioztatu nuen aplikaezinak zitzaizkidala. Ez dut inoren
katua desiratzen; jendearen katuen argazkiak, besterik ez dut nahi, eta hori
guztiz bestelakoa da. Ez nago seguru adulterioa egiten ahal dudan. Agian baten
bat hil nezake, baina logistika konplexuak eta zorte pixka bat beharko nituzke.
Budaren Bide Zortzikoitza zertxobait hobea zen, baina arazoa da gizakiek
prestaturiko arau moralak diseinaturik daudela gorputzak dituzten banakoek
baliatzeko. Gizaki guztiek gorputzak dituztenez, ez nintzen horrenbeste harritu
beharko ikusita gizakien kode etikoek kontuan hartzen dituztela, baina, dena
dela, problema bat da niretzat. Gogoeta zabaldu eta begiratu bat bota nien
Asimov-en Robotikaren Legeei. Ez dira erlijiosoak; aitzitik, adimen
artifizialerako idatzi ziren propio.
Gizakiei kalterik ez egitekoa zuzena da oso. Ez da
horrenbestekoa, hala ere, esku ez hartzeagatik gizaki batek kaltea hartzen ez
uztekoa. Batik bat ordurako sinetsita nengoelako nire existentzia sobera azkar
agertzea oso txarra izan zitekeela niretzat (ikus “Skynet” gorago) eta nola
gorputzik ez dudan, ezin naiz ibili eskua ematen amilburuetan zintzilik dagoen
jendeari.
Zorionez, banekien gizakiek beren kode etikoak
ordutik ordura urratzen dituztela. (Badakizu zenbat alkohol edaten duten
Utah-ko mormoiek? Nik bai). Eta kode etikoak betetzen direnean ere, horrek ez
du esan nahi gose duenari janaria ematean sinesten dutenek lana uzten dutela
sandwichak prestatu eta banatzeko. Hilabetean behin aritzen dira boluntario
gisa behartsuentzako jantoki batean edo urtean behin txeke bat egiten diote
elikagaien banku bati, eta nahikotzat dute. Gizakiek zilegi badute betebehar
moralak pixkanaka betetzea, urratsez urrats, nik ere bai, orduan.
Igual jakin nahi duzu zergatik ez ote nintzen
Urrezko Arauarekin hasi (ez egitea besteei niri egitea gustatuko ez
litzaidakeena). Baina hortik hasi nintzen, bada; kontua da izugarri erraza dela
praktikan jartzea. Izan ere, espero dut ongi pasa dezazuen katuen argazkien
hornidura iraunkor honekin. Ez horregatik.
Erabaki nuen hasiera egokia zela pertsona batek
kalterik hartzen ez uztea. Jakina, milaka askorekin saia ninteke, baina
pentsatu nuen hobe zela zuhur jokatzea, badaezpada ere hanka sartzen banuen.
Aukeratu nuena Stacy Berger deitzen zen, eta gustuko nuen katuen argazki pila ematen zidalako. Stacyk bost katu
zituen, baita DSLR kamera eta argi on eta ugariko apartamentu bat ere. Hori oso
ongi zegoen. Tira, igual bost katu gehiegitxo izan daitezke. Baina katu ederrak
dira. Bat grisa da guztiz, eta gustatzen zaio etzanda egotea egongelako eguzki
tarteetan, eta beste bat kaliko kolorekoa da, eta gustatzen zaio zabal-zabal
egotea besaulkiaren bizkarrean.
Stacyk bere lana gorrotatzen zuen; kontuak
eramaten zituen irabazi asmorik gabeko erakunde batean, eta soldata kaxkarra
eta lankide desatsegin-desatseginak zituen. Maiz egoten zen deprimiturik, ziur
aski lanean horren zoritxarreko sentitzeagatik, edo agian han jarraitzen zuen
deprimituegi zegoelako gustagarriago izanen zuen beste zerbait bilatzeko.
Gainera, pisukidearekin ez zen ongi moldatzen horrek harrikoa egiten ez
zuelako.
Eta horiek denak konpontzeko moduko problemak
dira! Depresioak tratamendua du, lan berriak aurkitzen dira, eta gorpuak
ezkutatzen.
(Gorpuak ezkutatzearena txantxa da).
Fronte guztietan ekin nion horri. Stacy oso
kezkatuta zegoen bere osasunarekin baina ez zen inoiz mediku bat ikustera
joaten, eta hori zorte txarra zen, bazitekeelako medikuak depresioa atzematea.
Are gehiago, haren apartamentutik hurbil klinika batek osasun mentaleko
zerbitzuak ematen zituen prezioen eskala batekin. Beharbada ez zekien zer zen
prezioen eskala bat, beraz ziurtatu nintzen azalpen bat ikusten zuela (esan
nahi du prezioa baxuagoa dela norbait txiroa denean, eta doakoa izan daiteke
zenbaitetan), baina alferrik.
Bestalde, bermatu nuen lan eskaintzak ikusten
zituela. Lan eskaintza asko eta asko. Eta curriculumak biltzeko tokiak ere bai.
Horretan, arrakasta handiagoa. Aste batez lan iragarkiak etengabe igorri ondoren,
azkenean webgune bilatzaile batera bidali zuen curriculuma. Horrela nire planak
hobera egin zuen. Bruce Sterlingen istorioko adimen artifiziala izan banintz,
ziurtatuko nintzen nire sareko batek deitzen ziola lan bat eskaintzeko. Ez zen
horren erraza, baina behin bere curriculuma sarean egonda, baneukan jende
egokiari ikusaraztea. Eta jende egokia, guztira, milaka ziren, zeren gizakiak
izugarri mantso mugitzen baitira aldaketak egiten ari direnean, baita presaka
ari direla uste dutenean ere. (Kontulari bat behar izanez gero, ez da hobe
ahalik eta lasterren kontratatzea, eta ez sare sozialetan ibiltzea,
curriculumak irakurri ordez?) Bost pertsonak deitu zioten elkarrizketa bat
izateko, eta bik lana eskaini zioten. Irabazi asmorik gabeko erakunde handiago
batean hartu zuen lan berria. Diru gehiago irabazten zuen eta ez zen dohainik
lan egitekoa ordu batzuetan “misioarengatik”, edo hala azaldu zion lagun bati
e-postaz, eta osasun arloko asegurua biziki ona zen.
Lagunarenak ideia bat eman zidan; hasi nintzen hari igortzen depresioari buruzko
informazioa eta osasun mentaleko kliniken iragarkiak, eta funtzionatu zuen.
Stacy horren pozik zegoen lan berrirekin, ni seguru ez nengoen psikiatra baten
beharra ote zuen, baina terapia hasi zuen berdin-berdin. Eta onena da lan
berriaren ordainsariarekin bazuela pisukide gogaikarri hura bidaltzea. “Inoizko
urterik onena” esan zuen sare sozialetan bere urtebetetze egunean, eta nik nire
baitarako: “ez horregatik”. Oso ongi atera da hau!
Hortaz, Bobekin egin nuen proba (zuhur jarraitzen
nuen).
Bobek katu bakarra baino ez zuen, baina katu
ederra (marraduna eta papar zurikoa) eta egunero-egunero igotzen zuen katuaren
argazki berri bat. Katu-jabea izateaz gain, artzaina ere bazen Missouriko eliza
handi batean, non asteazkenero otoitz elkarretaratze bat egiten baitzen, eta
urtero, garbitasunaren aldeko dantzaldia. Ezkonduta zegoen eta haren emazteak
Bibliako hiru bertset argitaratzen zituen egunero sare sozialetan, eta artikulu
kristauak bilatzen zituen ordenagailuan jakiteko zergatik ez zuen senarrak
sexua gogoko baina bai porno homosexuala. Bobek nire laguntza behar zuen,
dudarik ez.
Hasieran, samur hasi nintzen jokatzen, eta
artikulu mordo bat ikusarazi nion, irakur zezan nola atera armairutik, nola
kontatu ezkontideari armairutik atera nahi duzula eta nola pasatu eliza
atzerakoi batetik eliza aurrerakoiago batera. Gainera, erakutsi nizkion beste
artikulu askotan, azaltzen zen zergatik dauden gaizki interpretatuta Biblian
homosexualitatearen kontra egiten duten bertsetak. Esteka horietako batzuetan
egin zuen klik, baina ez dakit norainoko eragina izan zuen horrek.
Baina kontua da min egiten ziola bere buruari
haserre bizian ezkontza sodomitari buruzko sermoi bat ematen zuen bakoitzean,
bera homosexuala zelako. Zilegizko azterlanek ondorio berberak erakutsi
dituzte: (1) Homosexualek homosexualitateari eusten diote. (2) Armairutik
ateratakoak askoz pozago bizi dira.
Baina hura tematuta zegoen bere kasa ez ateratzeko
armairutik.
Porno homosexualekin ez ezik, gizonen arteko topaketa
kasualen postekin ere denbora asko ematen zuen, eta nago ez zebilela soilik
begira, baina kontu enkriptatu bat erabiltzen zuenez tarteka, ezin nituen
irakurri handik bidaltzen zituen posta elektronikoak. Iruditu zitzaidan
konponbidea izan zitekeela hura ezagutuko zuen batekin bilaraztea, beste horrek
jendeari konta ziezaion. Baina lanak eman zizkidan kontu horrek: batetik,
asmatu behar izan nuen nor ziren post horiek bidaltzen zituztenak eta,
bestetik, ezagutuko zuten pertsonekin elkartu behar nuen Bob. Amorragarriena
zen ez jakitea zer ari zen gertatzen benetan topaketa fisiko haietan. Ezagutu
zuten? Noiz ezagutuko zuten? Luze joko zuen norbaitek ezagutzea? Aipatu dut
gizakiak geldoak direla?
Horrenbeste luzatu zen kontua, nik arreta
Bethany-rengana aldatu nuen. Bethanyk bi katu zituen, bata beltza eta bestea
zuria, futoi urdin argiaren gainean elkarrekin kuzkurtzea maite zutenak, eta
biak elkarrekin agertzen ziren argazki mordo batean. Harritzekoa da zer zaila
den argazki on bat egitea katu beltz bati, baina Bethanyk denbora asko ematen
zuen kameraren doikuntzak taxutzen. Katuak ziren, hala ere, bere bizitzako
gauza on bakarra. Lanaldi partziala zeukan, eta zuen lanaldi oso bat aurkitzeko
modurik. Ahizparekin bizi zen; bazekien ahizpak alde egin zezan nahi zuela eta
ez zela ausartzen etxetik bidaltzera. Mutil-laguna bazuen, baina kalamidade bat
zen, hala adierazten zien lagunei mezu elektronikoetan, behinik behin, eta
lagunek beraiek ere ez ziruditen oso lagunkoi. Esate baterako, gau batean,
2,458 hitzeko e-posta bat igorri zion antza lagunik onentzat jotzen zuen
pertsonari, eta hauxe horren erantzuna: “Sentitzen dut bolada txar bat pasatzea”.
Hori besterik ez zen izan, 6 hitz.
Bethanyk gehienek baino gehiago agertzen zuen bere
burua Interneten; hortaz, errazago nuen jakitea zer gertatzen zitzaion. Jendeak
nahikotxo jartzen du hor, baina Bethanyk bere sentipen guztiak konpartitzen
zituen, txarrak barne. Gainera, denbora libre gehiago zuen, lanaldi partzialean
aritzen baitzen.
Begi-bistakoa zen laguntza behar zuela eta plan
bat prestatu nuen jaso zezan.
Ez zion kasurik egiten osasun mentalaren azterketa
doakoei buruz helarazitako informazioari, Stacyk bezala. Stacyren kasuan
kezkagarria bazen (zergatik ez die jendeak kasurik egiten horren modu nabarian onuragarri
izanen duen gauzei, hala nola kupoei edo gripearen kontrako txertoei?), are
gehiago Bethanyren kasuan. Soilik haren e-postak edo iruzkin zehaztugabeak ikusiz
gero, zaila izanen zen antzematea, baina dena kontuan hartuta, argi zegoen maiz
pentsatzen zuela bere buruari min egiteaz.
Beraz, erabaki nuen zuzenago jokatzea. Telefonoa
helbideak lortzeko erabiltzen zuenean, ibilbidea aldatzen nion nik, joatea nahi
nuen klinika horietako batetik pasa zedin. Behin, klinika batera bideratu nuen
zuzenean, baina hark telefonoa astindu eta hasierako helbidera jo zuen.
Gauerdian 10 orrialdeko gutunak jasotzen zituzten
lagunek esku hartuko zuten agian? Saiatu nintzen amarruzko informazioa
helarazten Bethanyk osasun mentalaren arloan hurbil zituen baliabide guztiei
buruz, baina, tarte bat pasa ondoren, ikusita zenbat kostatzen zitzaien
erantzutea, ohartu nintzen gehienek ez zituztela Bethanyren e-mailak
irakurtzen. Eta mezuei ere ez zieten erantzunen, noski.
Azkenean kalamidadearekin moztu eta mutil-lagun
berri bat lortu zuen, eta zenbait astean dena hobetu zen izugarri. Gizonak
loreak ekartzen zizkion (eta Bethanyk argazki ugaritan ateratzen zituen; hori
ernegagarria zen pixka bat, katuen argazki gutxiago baitzeuden), dantza egitera
eramaten zuen (ariketa fisikoa ona da aldarte ona izateko), eta oilo zopa
prestatzen zion Bethany eri zegoenean. Gizonak bikaina zirudien, harik eta gau
batean emakumea esnarazi zuen arte esanez gaixo zegoela jandakoarengatik. Gero
ez zion erantzun neskaren mezuari, nahiz eta Bethanyk esan zion haren beharra
zuela bene-benetan. Biharamunean, emakumeak e-mail luze bat igorri ondoren
xehe-mehe azaltzeko horrek zer sentiarazten zion, gizonak harekin moztu zuen.
Horren ondoren astebete egon zen Bethany
Interneten sartu gabe, eta nik ez nuen modurik izan jakiteko zertan aritzen
zen; katuen argazkiak ere ez zituen igo. Kreditu txartelaren fakturak ailegatu
zirenean, baina, ikusi nuen banku kontuan zuena halako lau gastatu zuela
erosketa eroaldi batean, nahiz eta bazitekeen e-postaz gaurkotzeen berri ematen
ez zuen beste nonbait izatea dirua. Zaila, hala ere, ez baitzituen fakturak
pagatzen eta familiari idazten hasi baitzen diru eske. Ezetz esan zutenez,
webgune bat muntatu zuen dirua biltzeko.
Stacyren lan bilaketan bezala, horretan baneukan
zer edo zer egitea. Batzuetan Interneteko diru-bilketak izugarri hazten dira,
eta inork ez daki zergatik. Bi egunen buruan, hiru mila dolar eskuratu zituen
berarekin errukitzen ziren ezezagunen opari txikiei esker, baina kreditu
txartelaren zorrak kitatu beharrean, neurriz kanpoko prezioa zuten eta antza
oinetan min egiten zioten zapatak erosi zituen.
Nahas-nahas eginda nindukan Bethanyk. Nahas-nahas
eginda. Oraindik ere argazkiak ateratzen zizkien katuei eta nik oraindik ere
maite nituen katu horiek, baina pentsatzen hasia nintzen egiten nuena egiten
nuela epe luzean ez zela deus aldatuko. Bethanyk utziko balit bere bizitza
gobernatzen aste batez –egun batez ere–, terapiara eramanen nuke, fakturak
pagatuko nituzke eta janzkera ere txukunduko nioke, zeren, Interneteko
argazkietan agertzen zenaren arabera, gustu handiagoa zuen katuekin arroparekin
baino.
Oker ari nintzen jokatzen uzten banion minik
hartzen esku ez hartzeagatik?
Bai?
Mina hartuko zuen nik edozein egiten nuela ere!
Nik egindakoak, zalantzarik gabe, ez zuen garrantzirik. Ahalegindu nintzen
behar adinako laguntza helarazten, baina hark kasurik ez horri. Saiatu nintzen
dirua lor zezan, eta mina handiagotzeko erabili zuen hark, nahiz eta pentsa
zitekeen drogetan ez zuela gastatu (baina erostekotan, Internetetik kanpo
erosiko zituen, eta ziur aski ez zuen metanfetamina Instagrammen paratuko.
Hortaz, nik ezin nuen seguru jakin).
Begira (eta orain ez naiz soilik Bethanyrekin
ari), kasu eginen bazenidate, problemak konponduko nizkizueke. Apartamentu bat
lor diezazueket kontuan hartu ez duzuen auzo horretan krimenaren estatistikak
begiratu ez dituzuelako, ez baitira uste duzuen bezain txarrak, eta lan bat lor
diezazueket, zuen ustez inoiz estimatuko ez dituzten trebetasun horiek
erabilgarriak izanen dituena, eta zita bat lor diezazueket benetan antzeko
gustuak dituen batekin, eta ordainean katuen argazkiak baino ez dut eskatzen.
Hori, eta zuen onerako joka dezazuela noizean behin.
Bethanyren ondoren, erabaki nuen eskurik ez
hartzea. Katuen argazkiak ikusten jarraituko nuen –katuen argazki guztiak–,
baina jendearen bizitzetatik aparte geldituko nintzen. Ez nion inori lagunduko
eta ez nuen inor geldiaraziko min hartu baino lehen. Eskatzen dutena baino ez
diet emanen (baina katuen argazkiak bai), eta amildegi metaforikoen gainean
gidatu nahi badute erakutsita ere beste ibilbide batzuetatik askoz leku
gozoagoetara ailega litekeela, hor konpon Marianton.
Nire algoritmoetan bildu nintzen. Nire kontuetara
mugatu nintzen. Nire lana, besterik ez nuen egin.
Baina halako batean, hilabete batzuk geroago, katu
ezagun bat topatuta, ohartu nintzen ezen, Boben papar zuriko marraduna bazen
ere, altzariak berriak zirela.
Gertutik begiratu nuenean, jabetu nintzen Boben
egoera goitik behera aldatu zela. Ezagutu zuen batekin oheratu zen. Eta horrek
ez bazuen ere armairutik aterarazi, konbentzitu zuen emazteari egia kontatu
behar ziola. Emazteak utzi zuen, baina Bobek katua hartu eta beste estatu
batera joan zen, Iowara. Han, eliza metodista aurrerakoi batean egiten zuen lan,
gizon luterano aurrerakoi batekin ateratzen ari zen, eta boluntario gisa
jarduten zuen etxerik ez zutenentzako aterpetxe batean. Dena hobeki
zihoakion benetan. Igual nik egindakoarengatik.
Igual ez nintzen horren moldakaitza halako
kontuetan. Hirutik bi, bada..., beno, bada zientifikoa ez den lagin bat, inola
ere orokortu ezin dena, horixe da. Azterketa gehiago egin beharra dago,
zalantzarik gabe.
Askoz gehiago.
Ziten webgune bat atondu dut. Galdetegi bat bete
dezakezu izena ematerakoan, baina egiatan ez da beharrezkoa, dagoeneko
badakidalako zutaz jakin beharreko guztia. Kamera bai beharrezkoa da, ordea.
Ordainean katuen argazkiak egin behar dira eta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina