2017(e)ko otsailaren 15(a), asteazkena

6. Sorrera eta hondamendia





Sorrera eta hondamendia
Roald Dahl

“Dena normala da,” zioen medikuak. “Orain etzan zaitez eta lasaitu.” Haren ahotsa urrun zegoen, milia askotara, eta irudi zuen emakumeari oihuka ari zitzaiola.

“Seme bat daukazu.”

“Zer?”

“Seme eder bat daukazula. Ulertzen didazu, ezta? Seme eder bat. Entzuten duzu nola ari den negarrez?”

“Ongi dago, jauna?”

“Jakina ongi dagoela.”

“Mesedez, utzidazu ikusten.”

“Segundo batean ikusiko duzu.”

“Seguru zaude ongi dagoela?”

“Oso seguru.”

“Oraindik ari da negarrez?”

2017(e)ko otsailaren 9(a), osteguna

5. Martin-jakintsu




Martin-jakintsu

W. Somerset Maugham


Max Kelada ezagutu aurretik ere prest nengoen hura atsegin ez izateko. Gerra bukatu berria zen eta pasaiari ugari zeuden itsasontzietan ozeanoak zeharkatzeko. Zaila zen oso haietan sartzea eta agentziek zer eskaintzen zizuten, horixerekin moldatu behar zenuen. Ez zegoen kabina bat zuretzat espero izaterik eta esker ona erakutsi beharrekoa nintzen bi oheko bat eman zidatelako. Baina gelakidearen izena aditu nuenean bihotza uzkurtu zitzaidan. Idi-begi itxiak eta gaueko egurats geldo-geldoa ekartzen zizkidan gogora. Aski txarra zen kabina bat hamalau egunean edozeinekin partekatu behar izatea (San Frantziskotik Yokohamara nindoan), baina atsekabea ez zen horrenbestekoa izanen nire bidelagunaren izena Smith edo Brown izan balitz.

Kabinan sartu nintzenean Kelada jaunaren bagajea dagoeneko barrenean zegoen. Horren itxura ez zitzaidan gustatu: txartel sobera maletetan eta arroparen kutxa handiegia. Bainuko gauzak aterata zituenez, ikusi nuen Monsieur Coty apartaren bezeroa zela, konketan haren perfumea, ile-xaboia eta brillantina baitzeuden. Kelada jaunaren ebanozko eskuilak, bere monograma urretan egina zekartenak, hobe zeudekeen zertxobait igurtziago. Kelada jauna ez zitzaidan batere gustagarria iruditu. Ni erretzeko gelara abiatu nintzen. Karta multzo bat eskatu nuen eta bakar-jokoari ekin nion. Apenas hasia, gizon bat hurbildu zitzaidan eta galdetu zidan ea zuzena zen pentsatzea ni halakoa nintzen.