Dragoia
Ray Bradbury
Gaua puzka ari zen mortuko
belar motzaren gainean; beste ezer ez zen higitzen. Urteak ziren txoririk ez
zebilela hegan zeruaren oskol itsu handian. Aspaldian, harri txiki batzuek
bizitzaren plantak egin zituzten hauts bihurtu zirenean. Orain, gaua baino ez
zen mugitzen eremu hartan piztutako su bakarti aldera makurturik zeuden bi
gizonen arimetan; ilunpeak emeki sartzen ari zitzaizkien zainetatik eta kilimak
egiten zizkien isilik loki eta eskumuturretan.
Suaren argiak gora eta
behera egiten zien aurpegi basatietan eta piltzar laranjez bete zizkien begiak.
Gizonek elkarri entzuten zizkioten arnas hotzaren azantza adigaitzak eta
betazalek muskerren gisara egiten zituzten itxi-irekiak. Azkenean, haietako
batek suari eragin zion ezpataz.
“Ez, tentela; salatuko
gaituk!”
“Ez dik axola,” esan
zuen besteak. “Dragoiak milietatik usaintzen dik sua. A zer hotza, Jainkoarren.
Gustatuko litzaidakek gazteluan egotea.”
“Heriotza diagu parean,
ez loa.”
“Zergatik, bada?
Dragoiak ez dik oinik sartzen hirian!”
“Ixo, kirtena! Gure
hiritik ondokora bakarrik joaten direnak jaten ditik!”
“Jan ditzala, bada, eta
joan gaitezen etxera!”
“Hago, adi ezak!”
Bi gizonek ez zuten
zirkinik egin.
Luze itxoin zuten, baina
zaldien larru urduriaren dardara besterik ez zuten sumatu, belus beltzezko
danbolinen moduan txin-txin eginaraziz, leunki-leunki, estriboetako zilarrezko
belarriei.
“A.” Bigarren gizonak
hasperen egin zuen. “Hau bai dela amesgaiztoen lurraldea. Dena gertatzen duk
hemen. Norbaitek eguzkia itzali dik; gaua duk. Eta orduan, eta orduan, o
Jainkoa, entzun! Dragoi hori, ziotek sua duela begietan. Arnasa, gas zuria; alderrai
ikus daitekek lurralde beltzetan barna. Sufrea eta tximistak darizkiola
ibiltzen duk lasterrez, belardiei su emanez. Ardiak hiltzen dituk, beldurrak
jota. Emakumeak munstroez erditzen dituk. Hain duk handia dragoiaren sumina,
dorretako paretak dardaran hasi eta behera etortzen baitira. Biktimak,
egunsentian, han-hemenka agertzen dituk barreiaturik muinoetan. Zenbat zaldunek
egin dute porrot munstro horren atzetik atera ondoren, guk ere eginen dugun
moduan?”
“Nahikoa!”
“Nahikoa eta sobera! Mortu
honetan ez zakiat zer urte den ere!”
“Bederatziehun urte
Jaunaren Jaiotzatik.”
“Ez, ez,” esan zuen
bigarren gizonak xuxurlaka, begiak itxita. “Ez zegok denborarik eremu honetan,
dena duk betiko. Iruditzen zaidak orain bueltatuz gero, herria desagertuta
egonen litzatekeela, jendea jaio gabe, gauzak aldatuak, gazteluak harkaitzetan
eraiki gabe, zuhaitzak zutik basoetan; ez ezak galdetu nola dakidan, mortuak
bazekik eta kontatzen zidak. Eta orain bakarrik gaudek, su-dragoiaren lurretan
eserita. Jainkoak salba gaitzala!”
“Beldurra baduk, har
ezak armadura!”
“Zertarako? Dragoia
ezerezetik ateratzen duk; ez zakiagu non bizi den. Lainoan aienatzen duk eta
auskalo nora doan. Bai, jantz dezagun armadura, apain-apain hilko gaituk.”
Erdi sartuta zegoela
zilarrezko korazan, bigarren gizonak gelditu eta burua biratu zuen.
Landa ilunean zehar,
gauez eta ezerezez beterik mortuko bihotzetik beretik, haizeak hautsa altxatu
zuen, zeina atera baitzen denboraren joana markatzeko hautsa erabiltzen zuten
erlojuetatik. Eguzki beltzak sutan zeuden haize berri horren bihotzean, eta
erreta milioi bat hosto, zeruertzaz haratagoko udazkeneko zuhaitz batetik eroriak.
Haizeak paisaiak urtzen zituen, eta hezurrak biguntzen argizariaren modura;
odola uhertu eta loditzen zuen, lohi bihurtu arte buru barnean. Hildako milaka
arima zen haizea, bai eta nahasturik eta bidean zegoen denbora guztia ere. Gandua
zen, lainoak estalia eta iluntasunak estalia; eta toki hura ez zen inorena, eta
ez zuen urterik edo ordurik, gizon horiek besterik ez, aurpegi gabeko hutsarte
batean: bat-bateko izotza, ekaitza eta trumoi zuria, kristal berde izugarriaren
atzean mugitzen zena, zeina tximista baitzen. Euri erauntsi batek belarra
txipatu zuen; dena desagertu zen arnasarik gabeko isilaldi batean; eta bi
gizonak zain gelditu ziren, bakarrik, beren epeltasuna baino ez zutela egurats
hotz hartan.
“Hortxe,” xuxurlatu zuen
lehenengo gizonak. “Hortxe bertan…”
Hortik milia batzuetara,
lasterrean kantuka eta orroka, dragoia.
Isilik, gizonak armadura
jantzi eta zaldi gainera igo ziren. Gauerdiko lurralde basa erdibitu zen
purrusta izugarri batekin dragoiaren orroa hurbildu ahala; haren argi hori itsugarria
agertu zen muino baten gainean eta, orduan, gorputz iluna tolestuta, urrun eta,
beraz, zehaztasunik gabe, muinoaren gainetik pasa eta haranean desagertu zen.
“Azkar!”
Zaldiak aurrera
eginarazi zituzten ezproiez, sakan txiki baten aldera.
“Hemendik pasako duk!”
Lantzei heldu zieten metalezko
eskularruekin eta zaldiak itsutu zituzten estalkiak begi gainetan jarriz.
“Jauna!”
“Bai, hel egin dezagun
Harengana.”
Istantean, dragoia muino
baten atzetik azaldu zen. Haren anbarezko begi izugarriak haiengan iltzatu eta
distira gorriz argitu zizkien armadurak. Alarau-oihu izugarri batez eta arrapalada
xehagarrian, basapiztiak aurrera segi zuen.
“Erruki, jauna!”
Lantzak azalik gabeko
begi horia jo zuen eta airetan atera zen gizona. Dragoiak, bere erasoan,
lurrera bota eta bere azpian birrindu zuen. Aurrera jarraitu eta, sorbalda
beltzaren kolpe batez, beste zaldia eta zaldizkoa ehun oinetara jaurti zituen
arroka baten kontra. Auriaka eta auriaka, dragoiak garrasi egin zuen, dena
sutan, behealdean eguzki arrosa, horia eta laranja bat zuela, ke itsugarriaren
luma bigun handiekin.
“Ikusi duk?” esan zuen
ahots batek. “Esan nian bezala!”
“Beti berdin! Berdin!
Zaldun bat, jainkoarren, Harry! Jo egin diagu.”
“Geldituko haiz?”
“Behin gelditu ninduan
eta ez nian deus ere aurkitu. Ez nauk mortu honetan berriz geldituko.
Hotzikarak ematen zizkiat.”
“Baina zerbaiten kontra
jo diagu.”
“Behar adina txistu egin
diagu eta tipoa mugitu ez.”
Ke bolada batek lainoa
erdibitu zuen.
“Garaiz ailegatuko
gaituk Stokely-ra. Bota ezak ikatz gehiago, Fred.”
Beste txistu batek
ihintza astindu zuen zeru mortuan. Gaueko trena, dena su eta sumin, sakan
batean sartu zen, eta gero igo eta desagertu zen lur hotzaren gainean,
iparralderantz, ke beltza eta lurruna atzean utziz, hozmindutako airean desegin
zitezen hura pasa eta betiko joan ondoren.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina