Lagunak
Lucia Berlin
Sami bizia salbatu zion egunean
ezagutu zituen Lorettak Anna eta Sam.
Anna eta Sam zaharrak ziren.
Annak 80 urte zituen, eta Samek, 89. Lorettak tarteka ikusten zuen Anna, Elaine
lagunaren igerilekura joaten zenean. Behin, hara joan eta bi emakumeak gizona
bainu bat hartzeko konbentzitu nahian zebiltzan. Gizona, azkenean, sartu eta
zakurren moduan aritu zen igerian, aurpegian irribarre handi bat zuela, eta
orduan izan zuen bihotzekoa. Beste bi emakumeak ur meheko aldean zeuden eta ez
ziren ohartu. Loretta oinetako eta guzti sartu zen salto batez eta eskailerara
eramanda igerilekutik atera zuen. Ez zuten berpiztu beharrik izan, baina gizona
nahasturik eta ikaraturik zegoen. Medizina hartzeko ordua zuen, epilepsiarako,
eta lehortzen eta janzten lagundu zioten. Denek hor jarraitu zuten ziurtatu
ziren arte Sam ongi zegoela, etxe hurbilera joateko moduan. Annak eta Samek
etengabe eskertzen zuten Loretta Samen bizitza salbatzeagatik eta behin eta
berriz esan zioten biharamunean joateko haien etxera bazkaltzera.
Suertatu zen hurrengo egunetan
Lorettak ez zuela lanik egin behar. Hiru egun hartu zituen soldatarik gabe,
egiteko asko zituelako. Haiekin bazkaltzeak ekarriko zuen hiritik haraino
joatea eta dena ez bukatzea egun bakar batean, nahi zuen bezala.
Zer egin ez zekiela gelditzen zen
halakoetan. Izan ere, pentsatzen duzu: tira, ez zait ezer kostatzen, oso
jatorrak dira eta. Baina egiten ez baduzu errudun sentitzen zara, eta egiten
baduzu, txoropito bat bezala.
Bikotearen apartamentuan sartu
bezain laster joan zitzaion umore txarra. Apartamentua argitsua eta irekia zen,
Mexikoko etxe zahar bat bezalakoa, non bizitzako parterik handiena emana
baitzuten senar-emazteek. Anna arkeologoa izan zen, eta Sam ingeniaria.
Elkarrekin lan egin zuten egunero-egunero Teotihuacanen eta beste toki
batzuetan. Apartamentua zeramikaz eta argazkiez betea zuten, eta haien
liburutegia aparta zen. Atzealdean, baratze handia zuten, fruta eta baia
askorekin. Loretta harrituta gelditu zen entzundakoan bi zahar mokodun hauskor
horiek lan guztia egiten zutela. Biek bastoi bana zuten eta kostata mugitzen
ziren.
Bazkaltzeko, gazta sandwich-ak,
txaiote zopa eta baratzeko entsalada izan zuten. Annak eta Samek elkarrekin
prestatu zuten bazkaria, jarri zuten mahaia eta zerbitzatu zuten janaria.
Azken 50 urtean elkarrekin egiten
zuten dena. Bikien gisara, elkarren oihartzuna ziren edo bestearen esaldia
bukatzen zuten. Bazkaria atsegin izan zen, estereoan kontatu baitzizkioten
Mexikoko piramideetan lanean ari zirela izandako esperientzia batzuk eta haiek egindako
beste indusketa lan batzuk. Loretta zurtuta zegoen bi zahar haiekin, batak
besteak adina maitatzeagatik musika eta baratzezaintza eta bata bestearekin
horrenbeste gozatzeagatik. Loretta mira eginda gelditu zen ikusita zeinen engaiatuta
zeuden tokiko eta nazioko politikarekin, manifestazio eta protestetara joaten
baitziren, kongresuari eta egunkariei idazten eta deitzen baitzieten.
Lauzpabost egunkari irakurtzen zituzten egunero, eta eleberriak edo historia
irakurtzen zioten elkarri gauero.
Sam mahaia jasotzen ari zela bere
esku dardartiekin, Lorettak Annari esan zion bekaitza ematen ziola halako
bidaide bat izateak bizitza osorako. Bai, esan zuen Annak, baina gutako bat
joanen da hemendik gutxira…
Lorettak adierazpen hori gogoratuko
zuen geroago, eta bere buruari galdetuko zion ea Anna ibili zen bere laguna
izan nahian denboraren kontrako aseguru gisa, haietako bat hiltzen zenerako.
Baina, ez, pentsatu zuen, hori baino errazagoa zen kontua. Biek nahikoa izan
zuten elkarrekin bizitza osoan, baina orain, Sam, oso maiz, ametsetan ibiltzen zen
eta koherentzia galtzen zuen.
Istorio berak kontatzen zituen
behin eta berriz, eta, nahiz Annak pazientzia zuen beti, Lorettak uste zuen
beste norbaitekin hitz egiteko gogoa zuela.
Arrazoia edozein zela ere, Samen
eta Anaren bizitzan gero eta sartuago aurkitu zen Loretta. Haiek gidatzeari
utzi zioten. Usu, Annak lantokira deitzen zion Lorettari zohikatza hartzeko baratzerako
lanetik atera ondoren, edo Sam okulistarengana eramateko. Zenbaitetan, ez bata
ez bestea ez ziren dendara joateko moduan sentitzen, eta, hortaz, Lorettak
egiten zien erosketa. Biak maite eta miresten zituen. Halako gogoa zutenez gero
beste norbait lagun izateko, Lorettak astean behin afaltzen zuen haiekin, bi
astean behin gehienez ere. Bakan batzuetan, bere etxean afaltzeko eskatu zien,
baina horrenbeste maila egonda eskaileretan, bi adinekoak ahituta ailegatzen
ziren, eta Lorettak utzi zion galdetzeari. Beraz, hortik aurrera, arraina,
oilaskoa edo pasta eramaten zuen haien etxera. Haiek entsalada bat prestatzen
zuten, eta baratzeko baiak ateratzen zituzten postrerako.
Afaldu ondoren, menda edo
Jamaikako tea edaten ari zirela mahaian eserita, Samek bere istorioak kontatzen
zituen. Nola hartu zuen Annak polioa indusketa batean Yucantago oihanaren
erdian, nola eraman zuten ospitalera, zeinen jatorrak ziren denak. Istorio asko
Xalapan zuten etxeari buruzkoak ziren. Komandantearen emaztea, hanka hautsi
zitzaionekoa leiho batetik atera zenean bisitari bati iskin egiteko. Samen
istorioak modu berean hasten ziren beti: “Horrek gogora ekartzen dit…”
Gutxika-gutxika, Lorettak haien
bizitzaren xehetasunak ikasi zituen. Gorte egitea Tam mendian. Maitasunaren
hasiera New Yorken, komunistak zirenean. Bekatuan bizitzea. Ez ziren inoiz
ezkondu eta oraindik atsegin hartzen zuten ezohikotasun horrekin. Bi ume
zituzten eta biak hiri urrunetan bizi ziren. Istorio batzuk Big Sur-eko
rantxoari buruzkoak ziren, umeak txikiak zirenekoak. Istorio bat bukatzen ari
zela, Lorettak zioen: “Pena da baina alde egin behar dut. Bihar oso goiz joan
behar dut lanera.” Batzuetan, orduan egiten zuen alde. Baina askotan, aldiz, Samek
esaten zuen: “Utzidazu kontatzen zer gertatu zen fonografo harekin.” Ordu
batzuk geroago, neka-neka eginda, etxera zihoala kotxez, bere baitarako esaten
zuen ezin zuela horrela jarraitu. Edo, jarraituz gero, muga bat jarri beharko
zuela.
Kontua ez zen aspergarriak edo
jasangaitzak zirela. Aitzitik, biek bizitza oparoa eta asea izan zuten eta
engaiatuak eta argitsuak ziren. Interes handia zuten bai munduaz bai beren
iraganaldiaz. Horren ongi pasatzen zuten pasadizoak elkarri zuzentzen edo
eztabaidatzen daten edo xehetasunen inguruan, non Lorettak ez baitzuen behar
adinako bihotzik izaten haiek eten eta alde egiteko. Eta poz ematen zion hara joateak,
bikotea horrenbeste alaitzen baitzen harekin. Baina batzuetan ez zuen batere
gogorik joateko, nekatuegi zegoenean edo egiteko bat zuenean. Azkenean, esan
zien ezin zela horren berandura arte gelditu, gogorra zela biharamunean
altxatzea. Etorri hamarretakoa hartzera igandean, esan zion Annak.
Eguraldi onarekin, atariko
mahaian esertzen ziren bazkaltzeko, loreez eta landareez inguratuta. Txoriak
samaldaka hurbiltzen zitzaizkien jatera. Hotzarekin, ordea, barnera pasatzen
ziren, burdinazko berogailuaren ondora. Samek egurra botatzen zion, lehenago
berak moztutakoa. Gofreak edo Samen tortilla berezia hartzen zuten, eta Lorettak
zenbaitetan bagelak eta izokin-zerrak eramaten zituen. Orduak, egunak joaten
ziren Samek bere istorioak kontatzen eta Annak zuzenketak eta iruzkinak egiten
zituen bitartean. Batzuetan, atariko eguzkitan edo suaren berotan, gogorra zen
esna jarraitzea.
Mexikoko etxea hormigoiz egin
zuten, baina habeak eta armairuak zedrozkoak ziren. Lehenbizi gela handia egin
zuten, sukalde-egongela. Zuhaitzak landatu zituzten, noski, eraikitzen hasi
baino lehen ere. Bananondoak eta aranondoan, jakarandak. Hurrengo urtean logela
bat erantsi zioten, urte batzuk geroago beste logela bat eta ikasgela bat
Annarentzat. Oheak, aulkiak eta mahaiak zedroz eginak ziren. Etxera itzultzen
ziren kanpoan lan egin ondoren, Mexikoko beste estatu batean. Eta etxea beti
fresko zegoen, zedro usaina zeriola, zedrozko kutxatzar baten moduan.
Anna pneumoniak jo zuen eta
ospitalean sartu behar izan zuten. Gaixorik egonda ere, Sam baino ez zuen
gogoan, nola moldatuko zen hura ez bazegoen. Lorettak agindu zion ikustera
joanen zela laneratu baino lehen, begiratuko zuela medizina eta gosaria hartzen
zituela, afaria prestatuko ziola lanetik atera ondoren, eta ospitalera ekarriko
zuela.
Makurrena zen Samek ez zuela
hitzik egiten. Ohe ertzean esertzen zen, dar-dar, Lorettak janzten laguntzen
ziola. Mekanikoki hartzen zituen pilulak eta anana zukua eta garbitzen zuen
kokotsa gosaldutakoan. Arratsaldeetan, Loretta ailegatzen zenean, Sam haren
zain zegoen, atarian zutik. Lehenengo Anna ikustera joan nahi zuen, eta gero
afaldu. Ospitalean, Anna zurbil zetzan, txirikorda luze eta zuriak dilindan
zituela, neskatxa baten gisara. Zain barnekoa, kateterra eta oxigenoa zituen.
Ez zuen hitz egiten, baina bai irribarre, eta Sami eskutik heltzen zion horrek
kontatzen zionean den-dena garbitu zuela, tomateak ureztatu zituela, leketan
lastoa jarri zuela, platerak garbitu zituela eta limonada egin zuela. Etengabe
mintzatzen zitzaion, ordu bakoitzean egindakoa kontatuz. Alde egindakoan,
Lorettak eutsi behar izaten zion, behaztopaka eta dardarka ibiltzen baitzen.
Etxerakoan, negar egiten zuen, hain zegoen kezkatuta. Baina Anna onik itzuli
zen etxera, baratzeko lan handiak ardura bakarra zituela. Hurrengo igandean,
hamarretakoa hartu ondoren, Lorettak eskua eman zuen baratzea jorratzen eta
laharrak mozten. Loretta kezkaturik zegoen, eta Anna benetan gaixo bazegoen?
Zer espero zezakeen adiskidetasun horretatik? Annak eta Samek elkarren premia
izateak eta haien hauskortasunak tristatu eta hunkitzen zuen. Halako
pentsamenduak etortzen zitzaizkion gogora lanean ari zela, baina gustura
zegoen, hala ere, lur beltzean, eguzkia bizkar gainean. Sam bere istorioak
kontatzen ari zen belar txarrak kentzen zituen bitartean ondoko errenkatik.
Loretta berandu joan zen haien
etxera hurrengo igandean. Goiz altxatu zen, baina egiteko asko izan zituen.
Etxean gelditzeko gogoa izan arren, ez zuen bihotzik izan deitzeko esateko ez
zela joanen.
Aurrealdeko atea ez zegoen irekita,
ohi bezala, eta, hortaz, baratzetik sartu zen, atzealdeko eskailera aldera.
Baratzean miatu zuen begiradaz; tomate, kalabaza eta ilar ugari zituen. Erleak
lo. Anna eta Sam atarian zeuden. Lorettak deitzeko imintzioa egin zuen, baina
sutsuki ari ziren mintzatzen.
“Ez duk sekula ailegatu berandu.
Agian ez duk etorriko.”
“Etorriko dun, bai… goiz pasa
hauek oso inportanteak ditun harentzat.”
“Gaixoa. Bakarrik zagok zinez.
Behar gaituk. Haren familia bakarra gaituk.”
“Nire istorioak maite ditin.
Kaka. Gaur ez zaidan bat ere bururatzen.”
“Zer edo zer etorriko zaik…”
“Kaixo!” esan zuen Lorettak. “Nor
dago etxean?”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina