Azken eraztun-eramailea
Kiril Eskov
4. KAPITULUA
Kiril Eskov
4. KAPITULUA
Arnor, Amon Súl dorrea
Hirugarren Aroko 3010, azaroa
Hitzok gizon zahar, garai eta bizar zuri batek
esan zituen, zeina soineko zilarrezko eta grisez jantzita baitzegoen, txanoa
sorbalden gainean eroririk; hatz puntak mahai beltz obaleko azalaren gainean
zituen pausaturik eta bizkar luzeko aulkietan eseritako beste lau pertsonek
inguratuta zegoen, erdi itzaletan. Zeinu batzuen
arabera, arrakasta izan zuen esandakoarekin eta Batzarra bere alde jartzea
lortu zuen; beraz, orain, zutikako gizonaren begi urdin zulagarriek, zeinak
kontraste argian baitzeuden aurpegiko pergamino itxurako azal horiztatuarekin,
lau horietako bakarra zuten jomugan, orain azpikotu beharko zuena. Gizon hura, soineko zurian uzkurtua, tarte batera zegoen eserita, gainerako
batzarkideengandik bereiz balego bezala; iduri zuen sukar handia zuela. Altxatu zen aulkiko besoei oratzen ziela, eta haren ahots sakon eta leunak
durunditu zuen sabai ilunaren azpian:
“Ez zara haietaz errukitzen?”
“Nortaz?”
“Jendeaz, Gandalf, jendeaz! Ongi ulertu badut, Mordorko zibilizazioa heriotzara kondenatu duzu, onura
handiago baten izenean. Baina jendeak osatzen du zibilizazio oro, eta
den-denak garbitu nahi dituzu, salbuespenik gabe. Ez da hala?”