2018(e)ko maiatzaren 18(a), ostirala

15. Herri zahar-zaharra


Herri zahar-zaharra
H. P. Lovecraft


Osteguna
[1927ko azaroaren 3a]

Melmoth maitea:

Lan eta lan ibili zara Varius Avitus Bassianus asiar gazte jasanezin horren iragan illunean zer edo zer aurkitu nahian, ezta? Buf! Gutxi dira Siriako astakirten hori baino gehiago gorrotatzen ditudanak!

Ni neu ere erromatarren garaietara eraman nau James Rhoades-en Eneida irakurtzeak. Ez nuen lehenago ezagutzen eta iruditzen zait fidelagoa dela P. Maro-rekiko ikusi ditudan bertsozko beste bertsioak baino, nire osaba Clark doktore zenarena barne, zein ez baitzen argitara eman. Virgilioren libertimendu horrek, Santu Guztien bezperak berezko dituen pentsamendu espektralekin batera, non akelarreko sorginak mendietan barna agertzen baitira, erromatar amets bat eragin zidan joan den astelehen gauean, horren argia eta bizia izan zena, ezkututako ikararen halako irudi titanikoak zituena, ezen zinez pentsatzen baitut liburu batean erabiliko dudala. Erromatar ametsak ez ziren ezohikoak gaztea nintzelarik –Julio jainkotarraren atzetik ibiltzen nintzen Galia guztian zehar tribuno militar gisa– baina horren aspaldian desagertu zirenez, oraingo honek jota uzti nau indar ikaragarriz.


Ilunsenti sugartsua edo arratsalde amaiera zen Pompaelo izeneko hiri probintzial txikian, Pirinioetako oinetan, Hispania Citerior probintzian. Garaia errepublika berantiarra izanen zen, probintziako burua artean Senatuko prokontsul bat baitzen, eta ez Augustoren legatu pretoriar bat. Eguna, azaroko Kalenden bezpera. Mendiak, hirixkatik iparraldera, eskarlata eta urrezko agertzen ziren, eta mendebaldean sartzen ari zen eguzkiak gorri mistikoz eta distiratsuz izarniatzen zuen hautsez estalitako foroan zeutzan harri berriko eta igeltsuzko eraikinen gainean eta, hortik ekialdera, zirkuko egurrezko pareten gainean. Herritar batzuk –bekoki zabaleko erromatar kolonoak eta ile latzeko natibo erromatartuak, begi-bistan bi leinuen nahasketa zirenekin batera, denak artilezko toga merketan jantzita, eta, han-hemenka sakabanaturik, legionario kaskodunak eta inguru horietako baskoiak, kapa zakarrekoak eta bizar beltzekoak–, elkarturik zeuden zola zuten karrika eskasetan eta foroan, ezinegon lauso eta zehaztu gabe batek hartuak.

Ni andetatik jaitsi nintzen, zeinetan Iliriako eramaileek presaka ekarri baininduten handik hego-mendebaldera, Iberus ibaiaz bestaldean, dagoen Calagurristik. Irudi zuenez, probintzietako questorea nintzen ni, L. Cælius Rufus izenekoa, eta dei bat jasoa nuen, P. Scribonius Libo prokontsularena, zein Tarracotik etorri baitzen zenbait egun lehenago. Soldaduak XII. Legioko bosgarren kohortekoak ziren, Sex. Asellius tribuno militarraren agindupean; Cn. Balbutius eskualde osoko legatua ere etorria zen Calagurristik, non base iraunkorra baitzegoen.

Elkartzearen arrazoia mendietan sortutako laztura zen. Hiriko guztiak beldurrak hartuta zeuden, eta erregutu zuten kohorte bat bidaltzeko Calagurristik. Udazkenaren garai beldurgarria zen, eta mendialdeko jende basatia izuaren zeremoniak ari ziren prestatzen, hirietara xuxurla gisa iristen zirenak. Herri zahar-zaharra zen, mendietan bizi zena eta baskoiek ulertzen ez zuten hizkuntza batean egiten zuena. Oso bakanetan agertzen ziren, baina urtean zenbait alditan, eszitak ziruditen mandatari ezkel horixkak igortzen zituzten hirietara, sal-erosketan aritzeko keinuka merkatariekin, eta udaberriro eta udazkenero, haien errito zitalei jarraituz, su egiten zuten aldareetan, uluka, eta hirietan izua zabaltzen zen. Aldiro gauza bera, maiatzeko Kalenden bezperako gauean edo azaroko Kalenden bezperakoan. Justu lehentxeago, hirietako batzuk desagertzen ziren, eta sekula ez zen berriz horien berririk izaten. Eta zurrumurru batzuek ziotenez, artzain eta nekazari natiboek ez zuten inolako jarrera txarrik herri zaharrarekiko, eta lastoz estalitako etxola bat baino gehiago hutsik gelditzen ziren gauerdia baino lehenago bi akelarre beldurgarri haietan.

Urte hartan izua handia zen oso, jendeak bazekielako herri zahar-zaharra ernegatuta zegeola Pompaelorekin. Hiru hilabete lehenago, mandatari ezkel haietako bost jaitsi ziren mendietatik eta, merkatuko liskar batean, hiru hil zituzten. Beste biak mendietara itzuli ziren hitz erdirik esan gabe, eta udazken hartan inor ez zen desagertu hirian. Immunitate horrek mehatxua zekarren. Herri zahar-zaharrak ez zuen oso berezko biktimak libre uztea bere akelarretan. Sobera ona zen normala izateko, eta hirian beldurra zuten.

Gau askotan, burrunba zakar bat etortzen zen mendietatik, eta, azkenean, Tib. Annæus Stilpo edilak, zein odolez erdi natiboa baitzen, Calagurrisen zegoen Balbutiusi eskatu zion kohorte bat bidal zezala akelarrea ezerezteko gau beldugarri horretan. Balbutiusek uko egin zuen axolarik eman gabe, argudiatuz nekazarien beldurrek funtsik ez zutela eta mendietako jendearen errito arbuiagarriak ez zirela erromatarren ardura, erromatar herritarrak berak ez baziren mehatxupekoak. Ni, nolanahi ere, antza zenez Balbutiusen lagun mina, ez nengoen harekin ados, eta adierazi nuen debekatutako jakituria beltzean jantzita nengoela eta, nire ustez, herri zaharra oso kapaza zela klase guztietako hondamendi izengabeak ezartzeko hiriaren gainera, non, azken batean, erromatar kolonia izanik, gure herritar asko bizi baitziren. Eskaera egin zuen edilaren ama, Helvia, erromatar purua zen, M. Helvius Cinna-ren alaba, zein etorria baitzen Eszipioren armadan. Horrenbestez, esklabu bat bidali nuen, greko azkar txiki bat, Antipater izenekoa, zenbait gutunekin prokontsularengana; Scriboniusek kasu egin zidan eta Balbutiusi agindu zion bosgarren kohortea igortzeko, Aselliusen agindupean, Pompaelora, mendietara joateko azaroko Kalenden bezperako ilunsentian eta ezerezteko topatzen zuen mota guztietako orgia izengabe oro, eta egin zitzakeen preso guztiak Tarracora eramateko, hurrengo propretorren aurrean azal zitezen. Balbutiusek, hala ere, protesta egin zuen, eta horren ondotik gutunen joan-etorriak jarraitu zuen. Horrenbeste idatzi nion prokontsulari, ezen, haren interesa piztuta, deliberatu zuen berak hartuko zuela beldurra ikertzeko ardura.

Azkenean, Pompaelora abiatu zen bere liktore eta laguntzaileekin; hor, behar adina zurrumurru aditu zituen zausk eginda eta kezkatuta gelditzeko, eta hortaz, irmotasunez manatu zuen akelarrea garbitzeko. Gogoa zuenez gero gaia ikasia zuen batekin mintzatzeko, agindu zidan Aselliusen kohortearekin joan nendin; Balbutius ere etorri zen bere iritzia defendatzera, zeren zintzotasunez uste baitzuen ekintza militar gogor horrek nahigabea piztuko zuela baskoien artean, hala tribuetan, nola hirietan.

Bada, hor elkartu ginen guztiak, udazkeneko mendietako ilusenti mistiko hartan: Scribonius Libo zaharra, bere toga praetextan, urrezko argiak ñir-nir egiten ziola buru soilduan eta belatz itxurako aurpegi zimurtuan; Balbutius, bere kasko eta bularreko dirdaitsuekin, ezpainak estuturik zituela, beren-beregiko aurkaritza irmoarekin; Asellius gaztea, bere zango-babes leunduekin eta nagusi-nahiaren mesprezuarekin; eta begiluze andana: hiriko jendea, legionarioak, tribuetakoak, nekazariak, liktoreak, esklaboak eta laguntzaileak. Nik toga arrunta neraman, antza, inolako bereizgarririk gabe. Izua nonahi zetzan. Hirikoak eta herrietakoak apenas ausartzen ziren ozenki hitz egitera, eta Liboren segiziokoek, hor ia astebete eman ondoren, izenik ez zuen beldurrak hartuak bide zeuden hein batean. Scribonius zaharrak oso kezkaturik zirudien, eta ailegatu berrion asots zoliek desegokitasun puntu bitxi bat zuten, hileta batean edo jainko mistiko baten tenpluan bageunde bezala.

Hiriko jauregian sartu eta goibeltasunez solastu ginen. Balbutiusek bere erreparoak agertu zituen, eta Aselliusek haren alde egin zuen, zeren, nahiz eta natiboak arbuiatzen zituen, uste baitzuen ez zela komeni haiek asaldatzea. Bi militarrok defendatzen zuten hobe zela kontra izatea kolonoen eta natibo zibilizatuen gutxiengoa, deus ez egiteagatik, tribuetako eta herrietako jendearen gehiengoa baino, erritu beldurgarria suntsitzeagatik.

Nik, ordea, beste behin eskatu nuen esku sartzeko, eta nire burua eskaini nuen kohortearekin joateko espedizioan. Adierazi nuen, orobat, baskoi barbaro haiek, gutxienez, istilutsuak eta igarriezinak zirela, eta, beraz, haiekin iskanbilak izatekoak ginela halabeharrez lehenago edo beranduago, egiten genuena egiten genuela; aurrekoetan ez zirela oso arriskutsuak izan gure legioentzat eta ez zegokiela erromatarren ordezkariei barbaroen eragozpenak pairatzea Errepublikaren izen onak eta justiziak eskatzen zuten jokabidean. Probintzia bat arrakastaz administratzeko, bestalde, funtsezkoa zela elementu zibilizatuek segurtasuna izatea eta borondate ona erakustea, haien esku baitzegoen tokian tokiko merkataritzaren eta ongizatearen giltza eta haien zainetan korritzen baitzen gurea ere bazen Italiako odola. Horiek, kopuru hutsez gutxiengoa baziren ere, elementu egonkorrena osatzen zuten; izan ere, haien fideltasunaz fidatzen ahal ginen eta haien lankidetzak lotuko zuen probintzia Senatuaren eta Erromatar Herriaren inperiora. Eginbeharra eta abantaila zen guretazat erromatar herritarrei zor zitzaien babesa ematea, horren trukean pagatu behar bagenituen ere (eta orduan sarkasmoz begiratu nien Balbutiusi eta Aselliusi) istilu eta ekintza txiki batzuk eta etenaldi labur bat damen partidetan eta oilar borroketan Calagurrisko kanpamenduan. Ez nuela zalantza izpirik ere, nire ikasketengatik, Pompaeloko hiriaren eta biztanleen gaineko arriskua benetakoa zela. Siriako eta Egiptoko papiro ugariak irakurria nintzen, baita Etruriako hiri kriptikoetako beste asko ere, eta mintzatua nintzen Diana Aricinaren apaiz odolgosearekin haren tenpluan, Nemorensis intzirako ertzetako basoan. Zorigaitz izugarriei hel egiten zitzaien mendietako akelarreetan eta zorigaitz horiek ez ziren gertatzekoak Erromatar Herriaren menpeko lurraldeetan. Eta mendietako akelarreetan egiten ziren orgiak onartzeak ez zuen oso ongi bat egiten gure arbasoen usadioekin; azken finean, A. Postomius kontsula zelarik, Erromako herritar andana exekutatu zituzten bakanaletan ibiltzeagatik, eta afera hori denon oroimenean finkatu zen bakanalei buruzko senatukontsultuarekin, zein brontzean irarrita ikusgai jarri baitzuten. Garaiz helduz gero, hots, erritoek dei egin baino lehen Erromako ezpatekin konpondu ezin den zerbaiti, akelarreak ezin izanen zion eutsi kohorte bakar baten ahalari. Parte-hartzaileak baino ez genituen atzituko, eta ikusle hutsak direnak aske utzita, landetako biztanleek haiekiko senti lezaketen elkartasuna apalduko litzateke neurri handian. Labur esanda, bai printzipioek bai estrategiak eskatzen zuten irmo ekiteko. Nik ez nuen dudarik Publius Scriboniusek, Erromako Herriaren duintasuna eta betebeharrak aintzat hartuta, gauzatuko zuela kohortea (eta ni harekin) bidaltzeko plana, Balbutiusek eta Aselliusek horren kontra adierazitakoa eta errepikatutakoa gorabehera, probintzialen moduan hitz egiten baitzuten, erromatarren moduan baino gehiago.

Makurtutako eguzkia oso behean zegoen orain, eta irudi zuen glamur irreala eta gaizto batek biltzen zuela hiri isil osoa. Orduan, P. Scribonius prokontsulak, nire hitzei oniritzia emanik, kohortean sartu ninduen, centurio primipilus behin-behineko tituluarekin; Balbutiusek eta Aselliusek baiezkoa eman zuten, lehenengoak pozago bigarrenak baino. Arrastiria zabaltzen zela udazkeneko malda basatietan, danbor arrotzen jotze akonpasatu eta zatarra jaitsi zen erritmo izugarrian urrutitik. Legionarioetako batzuk kikildu ziren pixka bat, baina agindu zorrotz batzuekin arrastoan sartu zituzten berriz; kohorte osoa berehala ailegatu zen zirkutik ekialdera zegoen zabaldira. Libok berak eta Balbatiusek eskatu zuten kohortearekin joateko. Baina ahaleginak eta bi kostatu zen gida natibo bat lortzea mendira igotzen ziren bideak erakuts ziezazkigun. Azkenean, Vercelluis izeneko gazte batek, zeinen gurasoak erromatar puruak baitziren, onartu zuen muinoetako oinez haratago eramatea. Ilundutakoan abiatu ginen, ilargi gaztearen igitaia dardarka ari zela baso gainean, gure ezkerraldean. Gehien urduritzen gintuena zen jakitea akelarrea berdin-berdin egin behar zela. Esan nahi baita, ailegatuko zen mendietara kohorte bat bazetorrelako berria, noski, eta ez zen txikiagoa izanen halako zurrumurruek sortutako laborria behin betiko erabakia hartuta ez egoteagatik, baina, hala ere, hor segitzen zuen danbor-jotzeak, aurrekoetan bezala, zelebratzaileei axolako ez balitzaie bezala Erromako Herriaren indarrak haien kontra zihoazela. Harrabotsa gero eta ozenagoa zen muinoetako tarteetatik gora egiten genuen heinean; aldamen bakoitzean zuhaitzez estaliriko ezponda pikoek estu inguratzen gintuzten eta zuhaitz-enborrek itxura fantastikoak hartzen zituzten gure zuzien argitan. Denak oinez zihoazen, salbu eta Libo, Balbutius, Asellius, bizpahiru zenturoi eta ni neu; azkenean, aldapa horren maldatsua zen, zaldiz gindoazenok jaitsi behar izan genuen. Hamar gizon gelditu ziren zaldiak zaintzeko, nahiz eta ziur aski lapur askorik ez zen ibiliko halako gau ikaragarri batean. Aldizka, iruditzen zitzaigun formaren bat sumatzen genuela zuhaitz artean zelatan. Ordu erdi batez gora eta gora ibili ondoren, bidea horren malkarra eta itxia izanik, izugarri nekagarri eta zail suertatu zitzaion aurrera segitzea gizon andanari (ia 300 denetara). Orduan, ustekabe lazgarri batean, beldurrezko soinu bat aditu genuen behealdean. Lotutako zaldiengandik zetorren: garrasika ari ziren, ez irrintzika, garrasika… baina hor ez zen argirik ikusten, ez gizakiek sortutako hotsik entzuten jakiteko zergatik. Une horretan berean, suak piztu ziren gure aurreko mendi-gailurretan, eta, hortaz, irudi zuen izua hala behean nola goian genuela ezkutaturik. Vercellius gidaren bila hasi ginen, baina odolustutako piltzar itxuragabe bat baino ez genuen aurkitu. Eskuan ezpata txiki bat zeraman, D. Vibalanus azpizenturoiaren gerrikotik hartua, eta halako aurpegi izutua zuen ezen beteranoetan zailduenak ere zurbildu baitziren. Bere buruaz beste egin zuen zaldiak garrasika hasi zirenean…, nork eta bizitza osoa han emanda jendeak mendiez zioenaren berri zuen hark. Zuzi guztiak argia galtzen hasi ziren eta beldurtutako legionarien oihuak lotutako zaldien garrasiekin nahasi ziren. Eguratsa hotzagotu zen, azaroan ohi dena baino azkarrago, eta ondulazio ikaragarriak nabaritu ziren airean, nik halabeharrez hegal erraldoiekin lotu nituenak. Kohorte osoa zegoen geldirik eta, zuzietako argia histen zen bitartean, iruditu zitzaidan itzal fantastikoak ikusten nituela Pertseo, Kasiopea, Zefeo eta Zisnea konstelazioak zeharkatzen zituen Esne Bidearen argitasun espektralaren kontra. Gero, tupustean, izar guztiak desagertu ziren zerutik, baita argitsuenak ere, Deneb eta Vega gure aurrean eta Altair eta Fomalhaut gure atzean. Zuziak erabat iraungi zirenean, mendietako aldare izugarri eta likitsetako suek baino ez zirauen pizturik, infernuko gorria zeriela, beldurrak eta bihozminak hartutako kohortearen gainean, eta ikusgai uzten zituzten Frigiako ezein apaizek edo Campaniako ezein nekazarik ipuin basatienetan ere sekula aditu ez dituen basapizti batzuen eite zoro, saltari eta kolosalen siluetak. Eta demoniozko danbor-jotze hark tonu ozenagoa hartu zuen, gizonen eta zaldien gaueko garrasien gainetik, eta, aldi berean, kontzientzia eta borondate ezin latzago batek gobernatutako haize izoztuak tontor debekatuetatik behera jo eta banan-banan inguratu zituen gizon guztiak, kohorte osoa ilunpetan utzi arte, borrokan eta garrasika, Laokoontearen eta haren semeen patuaren jokatze berri batean bezala. Scribonius Libo zaharrak etsita zirudien. Garrasien artetik esan zuenaren oihartzuna nirekin daramat oraindik ere: “Malitia vetus; malitia vetus est . . . venit . . . tandem venit . . .”

Orduan, esnatu egin nintzen. Urtetan izan dudan ametsik egiantzezkoena izan zen, subkontzientean aspalditik ahaztuta zeuden putzuetatik edan zuena. Kohorte haren patutik ez da erregistrorik gelditzen, baina hiria behintzat salbatu zen, entziklopediek kontatzen baitute Pompaelok gaurdaino iraun duela, gaztelaniaz Pamplona eta euskaraz Iruñea izena hartuta.

Nagusitasun gotikoaren alde, jaso ezazu nire agurrik beroena
     C · IVLIVS · VERVS · MAXIMINVS

.


2 iruzkin:

  1. Lovecraften narraziori segika iritsi naiz zure blog honetara. Eta lan miresgarria egiten ari zarela iruditu zait. Lerrotxo bat, besterik ez bada ere, zorionak emateko.

    ErantzunEzabatu